Belartza 2: Udalak du azken hitza

  • 90 bat añorgatar ingururen aurrean Belartza 2 proiektuari buruzko azalpenak eman ditu Enrique Ramos Hirigintza Zinegotziak, Donostiako Udaleko beste bi ordezkarirekin batera. Auzia esparru teknikora mugatzen saiatu den arren, añorgatarrek garbi utzi diote: “Auzia politikoa da, eta borondaterik baduzue, gelditu daiteke”.


2016ko ekainaren 30an - 13:08

“Aukera guztiak berrikusteko prest gaude: Belartza 2 bertan behera uztetik, proiektua bere horretan gauzatzeraino”. Ideia hori defendatu du Enrique Ramos Donostiako Udaleko Hirigintza zinegotziak Añorgako Antxon Ayestaran Kultur etxean, 90 bat añorgatarren aurrean. Bere burua babesteko posizio aski erosoa iruditu zaie auzotar gehienei, ordea.

Galderak bata bestearen atzetik sortzen dira: zer da dena birpentsatzea? Berriz ere Belartza 2-ko lurrak landa lur gisara kalifikatzeko aukera benetan sartzen al da hor? Edo kontrara, proiektuaren sustatzaileei egun dituztenak baino are baldintza errazagoak jartzeko estrategia bat da? Izan ere, Ramosek berak azaldu zuenez, 2009an plan partziala onartu zenez geroztik proiektuari dagokion paper bakar bat ere ez dute ukitu Udalean. Plan hartan, Belartza 2ko lurrak industria jardunerako kalifikatu ziren. Baina, zer diren gauzak, sei urtean industriak ez du zonalde horretan deus egiteko interesik agertu. Zergatik? “Krisia heldu zelako”, dio Udalaren bertsioak, eta, noski, eztabaidaezina da hori.

Baina bada uste duenik, horrez gain, arrazoi gehiago ere badirela, Belartzako zonaldea ez dela industria sektorearentzat oso aproposa, eta egungo bultzatzaileek komertzioak erakarri nahi dituztela bertara. Egun onartua dagoen planak ez die horretarako baimenik ematen. Beraz, Udala dena berraztertzeaz ari denean, egungo industria lurrak komertzio lur bilakatzeko aukera ere aztertzen ari al da?

Eskuak garbitzea

Horrelakoak dira erantzun gabe gelditutako galderak. Denbora faltak eta bileraren formatuak hala baldintzatuta, Ramosek ez ditu auzotarren kezkak banan-bana erantzun, eta detaile garrantzitsu ugari gelditu dira airean. Esaterako, ea ze enpresak duen Belartza 2ra etortzeko interesa. Izen batzuk entzuten baitira –Mercadona edota Mc Donalds, adibidez–. “Nik abokatu batekin bakarrik dut harremana. Ez digute informazio garbirik ematen. Ez zaie interesatzen, markekin ari direlako lanean”.

Baina ez al da Udalaren betebeharra lanen atzean nor dagoen aztertzea? Ramosek bereari tinko eutsi dio: “Atzo egin genuen bilera, dena berrikusteko prest gaude, eta aukera desberdinak aztertzerakoan garbi izango dugu auzoa aurka dagoela”. “Esku garbitzea da hori”, diote auzotarrek, eta are gehiago kostatzen zaie sinestea, ikusirik zer gertatu den harrobiko zatiaren lanekin. Artean lanak esleitu gabe zirelarik hondeamakinak martxan ziren. Auzotarren kexak gorabehera, Udalak lanak gelditzea ederki kosta zitzaion. Gero 5.000 euroko isuna jarri zien promotoreei. “Txiste galanta”.

“Dena berrikusteko prest gaude”, ostera Ramosek. “Hala ere, jakin proiektua geldituz gero Udalak 5 milioi euro galdu ditzakeela”. Belartza 2-n zergetatik jasotzea aurreikusten dituzten 5 milioi euro ez lituzkete jasoko. Baina argudio horrek ere ez ditu auzotarrak konbentzitzen: “aurrekontuak aurreikuspen batzuk bakarrik ez dira. Atotxa Errekako partzelak eta Ilunbeko lokalak salduz dirua eskuratuko duzuela diozue urtero, ez dituzue saltzen eta Donostiak aurrera segitzen du”.

Bestalde, Ramosek diokalte ordainak ordaindu beharko dizkietela enpresa bultzatzaileei. Ezetz, auzotarrek. Proiektua onartzen denetik lau urteko epea dagoela kalte ordainak jasotzeko, enpresa bultzatzaileek ez dituztela epeak bete, eta, hortaz, Udalak ez diela deus zor.

Eztabaida politikoa, ez teknikoa

Eztabaida arlo teknikoan katramilatu nahi izan dute Udal ordezkariek, baina auzotarrek gogorarazi diete auzia sakonagoa dela, Belartza 2-ren aurka egiteko arrazoiak asko direla.

Ikuspuntu ekologistatik: natur ondare aberatsa suntsituko du. Ikuspuntu praktikotik: ez da beharrezkoa. 2002koa da proiektuaren hazia, eta orduko egoera sozioekonomikoak ez du zerikusirik egungoarekin. Inguruan badaude poligono hutsak, Eskuaitzeta edo 27 poligonoa, esaterako. Auzoaren ikuspuntutik: Añorga “jaten” ari dira, eta auzotarrei horren aurrean ezer ezin dutela egin iruditzen zaie. Belartzako baserritarren ikuspuntutik: bertako baserritar batek baino gehiagok ez ditu lurrak saldu nahi, baina hala egiten ez badute, desjabetzen dizkiete askoz merkeago, edo okerragoa dena, konpentsazio-batzorde batean sartzera behartu -eta kasu horretan, zonalde horretako gastuen zati bat ordaintzera behartuta leudeke-.

Industria lurra landa lur bihurtzea nahi dute añorgatarrek, plan orokorrean aldaketa bat eginda. Aldaketa hori egin izan du Udalak lehenago ere: Altzako kiroldegian, San Bartolomen, Tabakaleran, Aldatsetan... Auzotarrek argi dute: “Belartza 2-rena ez da auzi tekniko bat, politikoa baizik. Eta zuek hala nahi baduzue, gelditu daiteke”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Belartza
2020-07-24 | Mikel Eizagirre
AHTaren obretarako zabortegi bat ezartzea aurreikusten dute Donostialdeko Belartzan

120.000 metro kubikoko betelana eginda dago bertan 2016tik. Talde ekologistek ez zela legezkoa salatu zuten eta gaia auzitegietara eraman zuten. Auzitegiek arrazoia eman zieten talde ekologistei, baina legez kanpoko ekimena egin zuten enpresek ez dute kasurik egin.


2020-03-10 | ARGIA
Belartzan legez kanpo egin zuten betelana zabortegi bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du Eguzkik

Diruak dirua nola, honakinek hondakinak hala erakartzen omen dituzte. Hori ari da gertatzen Belartza Goikoan. Izan ere, bertan legez kanpoko betelana egin zuten, Mercadona eta McDonald’s eraiki zituztenean, eta orain betelan horretan bestelako zaborrak ere botatzen hasi... [+]


2019-01-17 | ARGIA
Donostia Defendatuz koordinakundea aurkeztu dute
"Bizitzeko baino, negoziorako ari dira eraikitzen Donostia, herritarren kaltetan"

"Donostia Defendatuz izenarekin, hiriaren defentsan kezka bertsuak partekatzen ditugun zenbait talde eta herri-mugimenduk hirigintza garbi, partehartzaile eta jasangarri baten aldeko koordinadora ez-alderdikoi bat sortzea erabaki dugu". Hala aurkeztu dute beren burua... [+]


Añorgako Belartza eremuan egiten ari diren obren aurkako mobilizaziora deitu dute

Belartza Harrobian egiten ari diren irregulartasunak salatzeko mobilizazioa antolatu dute Añorgan azaroaren 27rako. Añorgatik Donostiako udaletxerako bidea egingo dute.


Eguneraketa berriak daude