'Barrunbeko lurretan' filma grabatuko du Iñigo Perezek Lurburu artista kolektiboarekin batera

  • Cinema in process kontzeptuan oinarrituta, Araban grabatu eta ekoiztuko da euskaraz, abenduaren 1etik aurrera eta laguntzaileen artean Javier Rebollo zinema zuzendari madrildarra dago.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko azaroaren 30an - 10:49

Zinema hedatuaren kontzeptua jorratzeko proiektua da Iñigo Perez errealizadore gasteiztarrak sortutako Barrunbeko lurretan. Lurburu artista kolektiboarekin batera ari da horretan: “Obra indibidual ezberdinetatik abiatuz, eta zazpigarren arteari esker, hau da, zinemari esker, film luze bat sortuko dugu”, azaldu du. Baina, “pelikula hau pantailatik haratago joango da, haren mugak zeharkatuz, iraganean erabilitako zeluloideen antzera, ukitzeko aukera egongo da, materikoa izango da”. Picazo eta Lurburuko kideen proiektua hiru zatitan bereizten da. “Hala ere osotasunean hartzen du zentzua”, azaldu dute.

Lehenengoa fasean, Lurburuko kideek hamar egunez haien obra pertsonala sortuko dute Arabako GaraiOn Sormen Espazioan, “berriz ere, naturarekin kontaktuan gaudelarik”. Perezek, sortze prozesu horretako egunerokotasuna grabatuko du.

Bigarrena, eta denboran zehar gehien iraungo duena, film luze bat da. “Filmak, artisten prozesuaren testigantza jasotzeaz gain, prozesu artiskoari buruz hitz egingo du, tradizioa eta postmodernismoaren kontrastea agerian utziz”. Euskara erroa delarik Euskal Herriko arte eta bizimodua agerian utziko du arabarrak.

Hirugarrena, prozesuaren erakusketa izango da. Zinema hedatuaren kontzeptua jorratuz, artisten obrak –diziplina ezberdinetakoak– filmaren proiekzioa eta zuzeneko performacea erakusketa mugikor batean aurkeztuko dira, prozesua haratago eramateko xedez, obraren mugak zeharkatuz. Barrunbeko lurretan proiektuak artearen sormen prozesuan jarriko du begia, artistaren barruan mugitzen dena erakusten, bizitzen saiatuz. “Arte bizia izan nahi du eta ez produktu bat”, azpimarratu dute.

Sortze fasean igaroko dituzten hamar egun horietan “bakoitzak bere artelana burutzeko aukera izango du”. Pintura, marrazkilaritza, argazkilaritza, eskultura eta arte eszenikoak dira jorratuko diren diziplinak. “Nahiz eta asmoa norberak bere pieza sortzea izan, elkarbizitzan suertatzen diren kolaborazioak emango dira. Prozesu artistikoa eta artea berari buruz hausnartzeko aukera izango dugu ere”.

Filmean, prozesu kreatibo hutsa islatuko da eta filma bera prozesu hutsa izango da, “obraren eraketa obra bera delarik”. Artista batek edukitako ideia eta piezaren sorkuntzaren bitarteko sentimenduen, pentsamenduen eta emandako pausoen irakurketa bermatuko da pelikula honen bitartez. Cinema in Process edo Work in Progress esperientzia izango da horregatik.

Alor bisuala

“Julio Medemen Behiak pelikulan inspiratutako irudi pisutsuak, Jonas Mekas eta bere bizitasunaz beteriko frameak etortzen zaizkit burura… euskal giro magikoa edo Lacasinegra edo Los Hijos kolektiboetan ere inspiratzen naiz, atzoko eta gaurko kontraste eta sinbiosi horretan barneraturik”, azaldu du Perezek filmak izango duen alor bisuala azaltzeko.

Jon Ruiz de Infante Lurburuko kideak eta Barrunbeko lurretan proiektuko argazki zuzendariak azaldu duenez, irudi formatu ezberdinak erabiltzea erabaki dute. Izan ere, irudi peziosista eta pisutsuak filmatzeaz gain, Handicam edo eskuko kamera bat erabiliko dute, “dogma 95 zinema-mugimendu abanguardistetan inspiratuz”. “Hau, artisten egunerokotasuna eta urgentziako momentuak erregistratzeko eta jolasteko erabiliko dira, izan ere zinema umeen jolasa da. Formatu ezberdinekin esperimentatzen jarraituko dut, beti sentsazio ezberdin bezain politak eta interesgarriak sortzen dizkidatelako”, azaldu du.

Zinema hedatua

GaraiOnen egindako egonaldiaren ostean, filma muntaketa fasean sartuko da. Esan bezala, “zinema hedatuaren” kontzeptua jorratu nahi dute eta “horretarako ez dute filma ohiko era batean aurkeztu nahi, baizik eta erakusketa zabalago bat egin”. Erakusketa horretan, arte lanak eta filma erakutsiko dituzte, “baina ez horiek soilik”. Zuzeneko musika, naturako soinuak, artisten “performance” bizia edo filmetik kanpo geratutako prozesu proiekzio ezberdinekin erakusketa osatuko dutelako “ikusi eta sentitu ahal izateko”. Prozesu bizia izango da “mugikorra eta eguneratua”.

Barrunbeko lurretan abenduaren 1etik aurrera grabatuko da Araban. Besteak beste, Jon Ruiz de Infante, Natalia Suarez Ortiz de Zárate, Patxi Suinaga Turrillas, Ruben Becares, Kauldi Iriondo, Lander Pérez Picazo, Maite Mugerza, Zuriñe Cancho Guerrero eta Marina Suarez Ortiz de Zárate artistek hartuko dute parte.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude