Baiona: erresistentzia eta eraikuntzarako deia Alternatibatik

  • Aldaketa klimatikoaren saihesteko bideak marrazteko eta justizia klimatikoaren alde lan egiteko gunea izan da Baiona Ttipia, asteburu guztian zehar. 15.000 herritar batu dira, hausnartzeko, alternatibak deskubritzeko zein garatzeko, eta nola ez, benetako aldaketak exijitzeko agintariei.


2018ko urriaren 08an - 09:58

Txalo eta irri artean eman zaio bukaera Baiona Ttipian, lau hilabete iraun duen Alternatiba itzuliari. Orotara, 5.800 kilometro eginik, lau hilabetez aritu dira bizikletaz hamarnaka herritar, justizia klimatikoaren alde eta sistema kapitalistari begira gauzatu alternatiben sarea sendotzeko. Ehundaka jenderen artetik pasaz, Klima baino beroago gara!  izan dute goiburu orokorra txirrindulari militanteek, hori dutelako helburu. Berehala bete beharreko helburua, klima aldaketaren aurkako borroka galdua ez bada ere, irabazia ez delako.

Alternatiben saretzeaz eta biderkatzeaz gain, lobby eta haien mesedera hartu politiken aurkako erresistentzia sendotzeko deia luzatu dute oholtza gainetik: “Jardun behar dugu masiboki, maila guztietan, gure jendartea berrantolatzeko!” .

Erresistentzia eta eraikuntza

Alternatibaren antolaketan buru-belarri egondakoek egin beharrekoa argi dute: “Erresistentzian egon eta eraiki, blokeatu eta asmatu, desikasi eta berrikasi, beti ondokoa zainduz”. Hala dio ekimenaren bukaeran irakurritako deiak. Bizi!, Attac, Giza Eskubideen Liga, 350.org sarea eta beste egitura andana baten artean adosturikoa dute Oraindik badugu aukera, berriz hartu dezagun geroa gure eskutan izeneko deia. Erresistentzia ez-bortitzaren bidetik ikusten dute borroka eta behin eta berriz errepikatu egin dute asteburuan zehar, izan kantu zein hitzartzeetan. Baina oroz gainetik,  denbora kontatu bat dugu: “Ezin dugu itxoin beste batek gure ordez egitea!”. Klimaren emendio ttipienak ondorio gaitzak dituelako milaka herritarrengan. Eta ezer egin ezean, berantegi izanen delako guztientzat.

Hego Koreatik zuzenean hitz egin du ere Valérie Masson-Delmotte klimatologoak itxaropen puntu batekin: Nazio Batuen Erakundeko Estatu guztiek onartu dute Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostena. 6.000 ikerketa zientifikoetan oinarriturik, 1,5 graduko beroketa baten ondorioak plazaratzeaz gain, beroketa maila hau saihesteko opzioak zerrendatzen ditu dokumentuak. Bat egitea ez denez aski, benetako aldaketak ondorioztatu beharko ditu onarpenak. Abenduaren 2tik 14ra burutuko dute COP 24 gailurra Polonian eta orduan ageriko da benetako nahikeria politikoa.

Besta eta gogoeta.

Alternatibez ikasteko eta sistema aldatzeko bideei buruz gogoetatzeko unea izan da Baiona Ttipia asteburu guztian zehar. Hamarnaka hitzaldi eskainirik, aditu eta arituen ezagutzeko aukera eta hortik gogoeta berriak deskubritzeko gunea eskaini dute: Ekofeminismoaz, etorkinen aldeko borrokaz, laborantza herrikoiaz, desafio klimatikoaz, edota energia berriztagarriez.

Hemen eguneko bideoa eta argazkiak:

 

 

Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin
Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin
Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin.
Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alternatiba Itzulia
2018-10-04 | ARGIA
Alternatiba Tourra Donostian: Baiona helmuga, klimaren alde bizkortzea helburu

Urriaren 5ean, ostiralarekin, Donostiatik igaroko da Alternatiba Tourra. Ekainaren 9an Parisen hasi eta 5.800 kilometro egin ondoren Baionan asteburuan amaituko den bizikleta itzuliak klimaren aldeko bizkortzea du helburu, eta horretarako ekonomia eraldatzailea ezinbesteko dela... [+]


2015-11-22 | Iñaki Barcena
Alternatiben urriak

Baionatik Bilbora: inor gutxik espero zezakeen Baionan 2013ko urriaren 6an ikusitakoa bi urte geroago Bilbon, 2015eko urriaren 24an errepika zitekeenik. Nik neuk ARGIAn hauxe idatzi nuen: “Ziur nago, Alternatiba eguna hemendik aurrera erreferentzia politiko nabarmena... [+]


Alternatiba Tourra arrakasta handiz amaitu da Parisen, lau hilabeteko ibilaldia burutuz

60.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte Parisen Alternatiba Itzuliak larunbat eta igandean antolatutako ekitaldietan.


2015-09-17 | Garazi Zabaleta
Alternatiben Herria finantzatzeko crowdfundinga abian

Urriaren 24an egingo dute Alternatiben Herria ekimena Bilbon. Finantzaketarako crowdfunding kanpaina jarri dute abian antolatzaileek: 21.050 euro lortzea dute helburu, baina lortu beharreko gutxieneko kantitatea 12.180 euroan jarri dute.


2015-08-04 | ARGIA
Luxemburgo eta Belgikatik pasa ostean, Bretainiarako bidean da Alternatiba Itzulia

Asteartean Flandriago Gantetik pasa ondoren, asteazkenean Frantziako Estatuko Lille hirira iritsi behar du ekainaren 5ean Baiona eta Donostian abiatu zen Alternatiba Itzuliak. Normandian barrena gero Bretainiarantz jarraituko du kostaz kosta Bordeleraino jaitsita Paris alderako... [+]


Eguneraketa berriak daude