Badabil odolaren mintzoa, betor euskararen irriaren gakoa!

  • 2013ko otsailean, Baionako suprefeta Patrick Dallennesek Seaskako ikastola laguntzea debekatu zion Hendaiako Herriko Etxeari. Suprefetak Falloux Legea baliatu zuen horretarako. Hendaian lehenik eta Baionan gero, manifestazioak izan ziren: “Karrikara eta borrokara”, lelopean.

Hendaitz-eko gazteak 612 kilometroan

2015eko martxoaren 22an - 06:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Antzina, 1790. urtean, Frantziako Iraultzaren ondorioz, Urdazubi eta Bidasoaren arteko paisaia administratibo aldatzen hasi zen. Urruña zen herri nagusia ordura arte. Hendaia eta Biriatu barneratzen zituen kantonamenduaren burua. Anartean, Urruña Uztaritzeko barrutiaren menekoa izaki.

Gaur gauean, 2015eko martxoan, Korrika joan da Uztaritzetik Baionarat –Piarres Lafitte kalonjea ibiliaren mantsoa oroit, 3. Korrikan–. Baionatik Miarritzera, gauaren altzoan. Arbonatik Donibane Lohizunera. Urdazubin gaindi joan da, Ziburu eta Zokoan. Urruñatik Pausura, ibili da Bidasoan. Hendaiara heldu da, haur sortu berrien sehaskaren kulunkaren loan, Seaska ikastoletan ikasi zutenek ibili dute lekukoa, eskutik eskura, gaueko euriaren alboan.

Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko deiadarrak aditu ditugu goiz-alban Hendaian. Korrikalari nonbre eta multzo handian: emazteak, gizonak, gazteak eta zahar lerdenak, mutil eta neskatilak.“Euria da, euria da. Geuria da euskara!”, lelopean.    

Piarres Lafitte joan zen. Fernando Aire lehenago, eta bien artean, haien lagun Mattin Treku joan ere. Piarres Lafittek gramatika landu zuen, beste biek euskara biziaren kalamatrika ontsa ezagutarazi zuten. Xalbadorrek odolaren mintzoa utzi zuen, irriaren giltza Ahetzeko Mattinek. 

Odolaren mintzoa utzi zuen, Ezin bertzean eta Herria gogoan utzi ere. Joan zen ere haren emazte Leoni. Joan zen Mattin, Ahal dena eta Etxe xokotik kantari liburuak izkiriaturik. Joan zen ere honen emazte Maddi: Mattin nire gizona, Mattin bertsolari lekukoak utziz.

Joan zen ere Antonio Zavala, Auspoa bilduma sendoa laga ondoren. Sendoa argitaletxea gabe ere, ezbairik ez, euskarak hauspo ahulagoa lezake.

Euskarak Korrika behar du, korrikalariek hauspoa behar duten legez. Haatik, arrainak ura nola, odolaren mintzoa euskarak ere.

Jin eta joan, badoa odolaren mintzoa. Badator Korrika, eta harekin korrikalari irribarretsuak joan eta etorri ere.

Odolaren mintzoa ezagun dugu euskaldunok. Euskararen irriaren gakoa kausituko ahal dugu!

Ba ote? Bai, omen! Badabil odolaren mintzoa, betor euskararen irriaren gakoa!

 

 


Irakurri gehiago: Korrika Euskara Euskalgintza
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...