Azaroaren 5ean hasiko da 30. Bertsoaroa Iruñean

  • Azken 29 urteetan bezala, aurten ere antolatu dute zikloa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, elkarlanean. Bertsoa hiriburuan sustatzeko asmoz, zazpi emanaldi izango dira, bertsolaritzaren aniztasunaren erakusgarri. Pandemiaren eraginez, aforo mugatuetan egingo dira saioak, eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteta.


2020ko urriaren 23an - 16:02
Argazkia: Pamplona Actual

Azaroaren 5ean hasi eta azaroaren 26ra bitarte egingo dira saioak (egitarau osoa, hemen). Egungo osasun egoeraren ondorioz, aforoak mugatuta egingo dira saio guztiak, eta pandemiaren zabalpena saihesteko neurri guztiak bermatuko dira.

Efemeridea gogoraraziko duen jaialdi berezi batek abiatuko du zikloa. Oholtza gainean izango dira 1991ko lehen Bertsoaroa hartan kantuan aritutako bi bertsolari, gaur egungo bi nafar bertsolari gazterekin batera, ordukoaz eta oraingoaz elkarrizketan. Gaiak jartzen, bestalde, lehen jaialdi hartan aritu zen Mikel Taberna eta azken urteetako Bertsoaroan hainbatetan ibilitako Alaitz Rekondo ariko dira. Lau eskutara diseinatu dute saioa.

Azaroaren 10ean, Koplariak koplari  izeneko hitzaldi musikatua eskainiko dute Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. Amurizak azken hamarkadetan bildu eta sortutako koplak hartuko ditu oinarri, entzulegoari koplek herri musikan izan duten eragina azaltzeko. Agus Barandiaranek (Korrontzi taldea) trikiarekin lagunduko du kontakizuna, eta biek kantuan entzuteko aukera ere izanen da.

Biharamunean, azaroaren 11n, gazteen bertso saioa izanen da. Bertsoaroan ohiko zita da gazteena, eta aurten ere, bertsolaritzaren belaunaldi berriak bultzatzeko apustuari eutsiko dio zikloak. Ildo horretan, Katakrak-en lehorreratuko da lehenengo aldiz Bertsoaroa, bertsolari zein entzule gazteei espazio atsegin eta gertukoa eskaini asmoz.

Bertso saio berezia izanen da ere Orainmenean. Bertsolaritzaren genealogia feministak izenekoa, azaroaren 17an eginen dena. Iazko Lanku Beka eskuratu zuen proiektuak, eta bertsolaritzaren historia berridazteko eta berrirakurtzeko asmoa du. Hain zuzen ere, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekarriko du emanaldiak.

Haur programazioak ere izango du bere tokia aurtengo Bertsoaroan. Azaroaren 21ean, hain zuzen ere, Bertso jasa, bat-bateko jolasa izeneko haurrentzako tailerra izango da Mendillorriko Civivoxean. Haurrak, jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta horiei erantzunez saioa eskainiko diete bi bertsolarik. 

Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan emanaldiak dantza ekarriko du aurtengo Bertsoaroara, azaroaren 24an. Konpainiak bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu du, eta atzoko eta gaurko hainbat bertsolariren errimak baliatuz, ikuskizuna eskainiko dute bost dantzarik.

Azaroaren 26an emango zaio bukaera aurtengo Bertsoaroari, eta ohiko gisan, beste bertso jaialdi batek itxiko du zikloa.

Hemen egitarau osoaren kartela:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude