Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdiak hobekuntza pedagogikoan jarriko du arreta

  • Asteazkenean aurkeztu dute hezkuntza beka berria, eta proposamenak 2023ko abenduaren 1a bitartean igorri ahalko dira. Irabazleak 12.000 euro jasoko ditu.

Auzmendi bekaren bigarren deialdiaren aurkezpena, Hernanin (Argazkia: Hik Hasi)

2023ko urriaren 05an - 09:04
Azken eguneraketa: 12:54

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak eta Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdia aurkeztu dute asteazkenean. Lehendabiziko deialdiak ez bezala, bigarren honek hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jarriko du arreta. Hik Hasiko eragiletza arduradun den Aihoa Azpirotzek adierazi duenez, “eraldaketa prozesuan” dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei “helduleku bat ematea eta marko bat eskaintzea” dira helburu nagusienak.

Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunak ere eman ditu bigarren deialdiaren xehetasunak: “Ikastetxeen beharrei erantzungo dien ikerketa eta azterketa egin ostean, eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak proposatu nahi ditugu”. Hala, ikastetxeentzat “lagungarria” izan daitekeen bide-orri bat proposatuko da, “orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa” izango dena.

Proiektua, finean, Euskal Herrian “hezkuntza-hobekuntzan” dabiltzan ikerlariei, ikerketa-taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateei zuzentzen zaie. Proposamen oro 2023ko abenduaren 1a baino lehenago egin beharko da, eta epaimahaiak, lanen azterketa zehatza egin ostean, urtarrilaren 8an jakinaraziko du saritutako proiektua zein den. Irabazleak 12.000 euro eskuratuko ditu.

Lehendabizikoaren arrakasta

Lehendabiziko deialdiak bestelako baloreak barnebiltzen zituen. Funtsean, Joxe Mari Auzmendik bizitzan zehar landutako lau balio zehatzetan zentratzen zen: hobekuntza pedagogikoan, euskara eta euskal kulturan, herri hezitzailean eta inklusioan. Agirrezabalak jakinarazi duenez, “emaitza emankorrak” eman ditu eta herri ezberdinetako eskoletan “buru-belarri” jardun dira lanean. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
EHUko talde bat elkarlanean dabil genozidioarekin lotutako institutu israeldar batekin

Ahoztar Zelaietaren ikerketa batek argitu du EHUk lotura duela palestinarren etxeak botatzeko erabiltzen diren ‘bulldozerrak’ garatu dituen institutuarekin. Unibertsitate publikoak apirila bukaeran esan zuen harremanak etengo zituela Palestinako sarraskia espreski... [+]


Ezinari ekin ezinik

Hautsak harrotu zituen eta egunkarietako orri asko bete ere bai, luze eta luzaroan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea berritzeko prozesuak. Joan den abenduan onartu zen legeak hezkuntza komunitateko partaide askoren haserrea piztu zuen, eta erresumina eragin zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude