Tolosako Asuncion klinika publifikatu eta langileak subrogatzeko eskatu du LABek

  • Inviza enpresari ematen zaion "dirutza" zerbitzua hobetzeko erabiltzea exijitu dute; diru publikoa "esku pribatuetara" bideratzeari utzi eta kalitatezko zerbitzu publikoa nahi dute.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko martxoaren 24an - 10:05

Azken aldian hauspotu den ospitale berriaren eztabaidatik harago, LAB sindikatuak zerbitzu publikoa lehenetsi nahi du: Osakidetzak Asuncion klinika bere baitan txertatu eta langileak subrogatzeko eskatu du.

Tolosaldean osasun zerbitzu publiko bat martxan jartzea beharrezkoa dela esan du Gorka Berasategi LABeko Zerbitzu Publiko Federazioen idazkariak. "Osasungintzan ematen diren pribatizazio eta kontzertazioekin amaitu behar da". Izan ere, salatu du osasun langileak babes neurririk gabe aritu direla lanean denbora luzez, eta eremu pribatuetan egoera "are eta okerragoa" izan dela.

Yoana Mendez Tolosako LAB sindikatuko kideak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak zor historikoa duela Tolosaldearekin, EAEko eskualde bakarra delako ospitale publikorik ez duena, "gainera, ospitale pribatu kontzertatu bat inposatu digute". Era berean, Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresako 350 langileekin ere zor historikoa duela gaineratu du: "Urteetan zehar, langileek beste eskualdeetako zerbitzua eskaini behar izan dute, bitarteko eta baldintza okerragoetan".

Hori horrela, LABek Invizako langileak defendatzen jarraituko duela esan du. Azaldu dutenez, Asuncion klinikako langileen %98ak kontratu finkoa du eta bi urte baino gehiago daramate lanean. Langileen eskubideez gain, Tolosaldeko herritar guztien eskubideak bermatu nahi dituzte, ospitale publiko bat izateko pausoak emanez.

Neurri berean, Inviza izaten ari den jarrera ere salatu dute: "Diru publikoarekin, herritar guztien diruarekin ospitale pribatu bat finantzatu dute; Invizak herritarrona den diru asko eraman du urte hauetan".

Berasategik azpimarratu du Tolosaldeko ESIan diru publikoa mozkin pribatua sortzeko erabili izan dela, eta diru publiko hori esku pribatuetara bideratzeari utziz, kalitatezko zerbitzu publiko bat behar dutela herritarrek. "Invizari ematen zaion dirutza osasun zerbitzua hobetzeko erabiltzea eskatzen dugu, diru publikoaren xahuketarekin amaitzeko".

"Jarrera aldaketa"

LABek gai honen inguruan EAJk eman dituen pausoak gogorarazi ditu: "2011ko hauteskundeetan, EAJk alkatetza galdu baino bi egun lehenago, Asuncion klinika handitzeko obra baimena eman zuen, eta baimen hori ilegala zela ebatzi zen".

Azken aldian alderdi jeltzaleak izan duen "jarrera aldaketarekin" kezkatuta agertu da sindikatu abertzalea. "Urteetan zehar egindako eskaerei muzin egin izan die, eta bat-batean, hauteskunde bezperetan, bere diskurtsoa eta jarrera erabat aldatu zituzten, eta ospitale publiko bat eraikitzeko beharra ikusi zuten. Gure ustez, interes politiko hutsa dago horren guztiaren atzean", esan du Mendezek.

LABen ustez, Tolosaldeak beharrezkoa duen osasun zerbitzuari buruzko hausnarketa kolektibo bat abiatu beharko luke.

Asuncion klinikak porrot egin zuen 1994an, eta Inviza SA enpresak kudeatzen du ordutik klinika. Invizak zorra bereganatu zuen eta lanean hasteko, Gipuzkoako Ogasunarekin, Gizarte Segurantzarekin eta Fogasarekin zorra ordaintzeko akordio batera iritsi ziren. Mendezek azaldu duenez, zorra ordaindu ordez, enpresa egitura "korapilatsu" bat sortu zuten, "enpresa horietara gastuak bideratuz", eta ordutik "ez du etekinik lortzen edo etekin txikiak lortzen ditu, zorra ez ordainduz".

Uxue Rodrigez LAB sindikatuko ekonomialariak zehaztu duenez, 1994tik, Invizak 4.094.320 euroko zorra du Gipuzkoako Ogasuna, Gizarte Segurantza eta Fogasarekin. "25 urte beranduago, zorraren %4.33a baino ez du ordaindu, eta horrela jarraituz gero, 530 urte edo gehiago beharko lituzke zorra ordaintzeko".

Rodrigezen arabera, porroteko hitzarmenean jasota dute seigarren urtetik aurrera irabazien %75a zorra ordaintzera bideratzea. Baina esan duenez, irabaziak murrizteko Invizak taldeko enpresa bati, Geusari, azpikontratatzen dio mediku zerbitzuen zati bat, eta, era berean, Belate eta Andoaingo bi lokalen alokairua ordaintzen dio. "Taldearen bidez dirua desbideratzen du irabazi gutxiago izan eta zorra ordaindu behar ez izateko", erantsi du.

2013an, Inviza "lan baldintzen funtsezko aldaketa batengatik" epaitu zuten, eta Rodrigezek epaian berretsi zena hitzez hitz ekarri du: "Agian enpresaren politika enpresa talde baten irizpideen barruan dago, eta horrek azal litzake izandako galerak". Urte horretan, langileei soldata jaitsiera proposatu zien Invizak, "Eusko Jaurlaritzak ematen zion dirua murriztuta ikusi zutenean", eta Mendezek argitu du gaia epaitegira eman zela eta langileen alde ebatzi zela.

Ekonomialariak azpimarratu du taldera dirurik desbideratu izan ez balitz zorra ordainduta egon zitekeela gaur egun. "Oso garesti ateratzen zaigu pribatizazioa; Eusko Jaurlaritzatik dator Invizako diru sarreren %95a, urtean 21 milioi inguru dira, eta ia ez da zorrik ez zergarik onartzen helburua galerak izatea delako", azaldu du.

Baita ere esan du Rodrigezek Inviza bezalako enpresak sustatzeko sozietateak 2012an legez kanpo geratu zirela, beraz, "iruzurrak jarraitu" egiten duela.

Horrez gain, salatu dute Invizak ez dituela "betebeharrak bete", izan ere, "ez ditu 2019ko kontu ekonomikoak merkataritza erregistroan aurkeztu; hori egin ez duen enpresa bakarra izan da".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Eguneraketa berriak daude