Aroztegiari buruz herri galdeketa egiteko prozesua abian jarri dute

  • Horretarako Baztango erroldaren %10ak sinatu behar luke eta apirilaren 1ean hasiko da sinadurak biltzen Aroztegia eta gero zer? plataforma.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko martxoaren 31n - 08:21
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ados zaude Lekarozko Aroztegia eremuan,  228 etxebizitza, hotela, eta golf zelaia biltzen dituen egitasmo urbanistikoarekin, Bai ala Ez? Horixe izanen litzateke Aroztegia eta gero zer? Plataformak bultzatu nahi duen herri galdeketaren galdera zehatza. Martxoaren 30ean Arizkunenean egindako aurkezpenean hainbat herritarrek azaldu dutenez, «Herri galdeketa martxan paratzeko prozedura abiatu dute eta horretarako, Baztango zentsoaren %10ak sinatu beharko luke». 

Sinadurak Balleko Etxeko bulegoetan bilduko dira, astean zehar ohiko ordutegian 09:00etatik 14:00 arte, eta 10:00etatik 13:00 arte larunbatetan, kopuru hau lortu arte. Herritar bakoitzak bi sinadura eman beharko ditu, bat Baztango Udalari egindako eskaera betetzeko eta bertzea Baztango Batzar Nagusiari eskatzeko. Sinaduren bilketekin, ortzirale honetan, apirilaren 1ean hasiko dira. Sinatzaileek Baztanen erroldatutako herritarrak izan behar dute.

Herri Galdeketako prozedura abiaturik, «Aroztegiarekin gertatzen ari den bidegabekeria salatzeko, UGPS/PSISa gelditzeko eta herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko», Plataformak datorren apirilaren 23an Elizondon arratsaldeko 5etan eginen den manifestazioan parte hartzerat ere deitu ditu herritar guztiak.

www.aroztegiaetagerozer.eus web orrialdean manifestaziorako atxikimendua ematen ahal da.

«Erabaki politikoan gibelerat egitea»

Aroztegia...eta gero zer? Plataformak, bere sorreratik, hiru helburu nagusi izan dituela aipatu du aurkezpenean, «proiektu urbanistiko-espekulatzailea gelditzea, gaiari buruz herri eztabaida abiatzea eta erabaki kolektiboak errespetatzea».

Horretaz gain, proiektu honek, Lekarozi, Baztani eta landa eremuari orokorrean ekarriko lizkiokeen kalteak ere nabarmendu ditu behin eta berriz. «Inongo justifikazio sozialik eta Baztango udal planetik kanpo eraiki nahi diren 228 etxebizitzek (342 biztanle dituen herri batean), Lekarozi zein Baztani lurraldearen desegituraketa nabarmena ekarriko liokete» dio Plataformak. «Proiektu hau aitzin ateratzeko, enpresa pribatu bati baztandar guztien herri lurrak, zein herriko nekazarien lur pribatuak bereganatzeko eskubidea eman nahi zaio. Espekulazioan eta bezerokerian oinarritutako eredua delakoz, eta agortuta dagoen ustelkeriaz kutsatutako eredua izanik, aurka agertu gara».

Erabakiak non, nork eta nola hartzen diren, bulkatzen den garapen eredu honekin ere bat heldu dela uste du Aroztegia eta Gero zer Plataformak. Lekarozko herria, Nafarroako Gobernuko zenbait teknikari, epaitegiak, herri eragile, Baztango Batzar Nagusia, eta bertze hainbat ahots, proiektu honen aurka agertu direla gogoratu ondotik, «hala ere, UPN eta Geroa Baik elkar eskutik hartuta, proiektu honen alde egin dute. Argi utzi nahi dugu UGPS/PSIS hau onartzea erabaki politikoa izan dela eta posible zein ezinbertzekoa dela erabaki honetan gibelerat egitea».

 

Albiste hau Erran.eus atariak eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
2025eko maiatzaren 23
Aroztegiko epaiketaren kronika (bosgarren eguna)
Frogarik gabe, zigor eskaera gogorra auzipetuen gainean

2025eko maiatzaren 22
Aroztegiko epaiketaren kronika (laugarren eguna)
Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek

2025eko maiatzaren 22
Aroztegiako epaiketaren kronika (hirugarren eguna)
Desobedientzia zibila kriminalizatzeko irudien bila

2025eko maiatzaren 21
Aroztegia III

2025eko maiatzaren 20
Aroztegiako epaiketaren kronika (bigarren eguna)
Guardia zibilek diote ez zela bortizkeriarik egon protestetan zirenen aldetik

2025eko maiatzaren 19
Aroztegiako epaiketaren kronika (lehenbiziko eguna)
Akusazioek izen bat nabarmendu dute lehen saioan: Garbiñe Elizegi

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!