"Herri hau da guk onartzen dugun epaile bakarra"

Zuzeneko jarraipena
  • Kalean da dagoeneko Arnaldo Otegi, sei urte eta erdiko espetxe zigorra oso-osorik bete ostean. 200 lagun inguru izan ditu zain Logroñoko espetxearen aurrean. 18:30ean egin diote ongietorria Elgoibarren.

Otegiren agerraldia Elgoibarko omenaldian

"Badakigu gauza asko ez direla atera nahi genuen bezala, baina guk abantaila bat daukagu: zintzotasunez eta herriarekin jokatu behar dugu", esan du Arnaldo Otegik Elgoibarren egin dioten omenaldian. Presoen senideen alde hitz egin du, eta ezker abertzaleak autokritika egin behar duela adierazi du, baina ez inork horretara behartzen duelako. "Autokritika ez da ahuldade sintoma; guk autokritika egiten dugu herri honetatik jaio ginelako eta herri hau delako onartzen dugun epaile bakarra".

 

Esker bideoa

Elgoibarko etxetik, bideo bat igo du kartzelan izan den urteetan sare sozialen bidez babesa adierazi diotenei eskerrak emateko.

 

Lluis Llach: "Estatu arrazoiei erantzun dio Otegiren atxiloketak"

Lluis Llach musikaria eta JxSíko diputatuarekin mintzatu da Radio Euskadin Logroñoko kartzelaren atarian. Bere ustez Otegi pertsona garrantzitsua izango da. "Estatu arrazoiei erantzun dio bere atxiloketak, iluntasun demokratikoa izan da". Bere hitzetan, batzuei gustatu ala ez, entzun beharko den ahotsetako bat izango da Otegirena.

Egiguren: "Lider politiko batek ezin du dena egun batetik bestera konpondu"

Otegiren askatasunaz mintzatu da PSEko presidente ohi Jesus Egiguren Radio Euskadin. "Kartzelan zazpi urte izan arren, Otegi bikain informatua egon da politikaz. Ezker abertzalearentzat estrategiarik onena zein den gogoeta egiteko denbora izan du. Hala ere, Euskadiko egoera kartzelan sartu aurretik eta orain oso ezberdinak dira. Podemos alderdiak konpetentzia egiten die, nahasmendua dago Bilduren nortasunaz... hori definitu beharko dute eta agian gehiegi espero dugu pertsona bakarraz. Hain arazo handiekin, lider politiko batek ezin du dena egun batetik bestera konpondu. Denbora beharko du ideiak dosifikatzen joateko".

Mundu mailako TT da #FreeOtegi Twitterren

Mundu mailako 10 joera erabilienen artean sartu da #FreeOtegi.

Espainiako Estatu mailan lehena.

 

Pablo Iglesias eta Albert Riveraren arteko eztabaida

Podemoseko buru Pablo Iglesias eta Ciudadanoseko Albert Riverak Twitterren hainbat txio gurutzatu dituzte Otegiren harira. Iglesiasek adierazi du Otegiren kaleratzea "berri ona dela demokrata guztiontzat". Riverak erantzun dio Otegi erakunde armatuko kide izateagatik atxilotu zutela, eta preso politikoak Venezuelan daudela.

 

Sare: "Otegiren askatasunak agerian uzten du gatazka politiko bat badagoela"

Joseba Azkarraga, Sare plataformako eledunak nabarmendu du Otegi libre geratzea "urrats garrantzitsua" dela Espainiako eta Frantziako espetxeetan dauden gainerako presoen askatasunean "aurrerapausoak" ematen joateko. (Iturria: Berria)

Argazki galeriak hedabideetan

Otegiren kaleratze uneko argazki galeriak egin dituzte hainbat hedabidek.

(Jagoba Manterola / Argazki Press)
(Jon Urbe / Argazki Press)

Berria.eus: Otegiren kartzela irteera.

Argazki galeria Naiz.eus-en: Caluroso recibimiento a Arnaldo Otegi tras más de seis años de prisión

EiTBren webgunean argazki galeria egin dute.

Otegi: 'Bakearen aldeko konpromisoa berresten dugu'

"Batzuek esaten dute Espainiako Estatuan ez dagoela preso politikorik, hau da froga egon badaudela", adierazi du Otegik Logroñoko espetxe kanpoan: "Honelakorik ez da ikusten preso sozial bat askatzen dutenean, immigrante bat atzerriratzen dutenean, desjabetze bat egiten dutenean. Badira preso politikoak Espainiako Estatuan". "Bakearen aldeko apustua egiteagatik kartzeleratu gintuzten; bakearen aldeko konpromisoa berresten dugu", gehitu du. "Lehendakari onena herria da", Otegiren hitzetan.

"Euskaldun gisa sartu gintuzten espetxean eta euskaldun gisa atera gara espetxetik", adierazi du oholtza gainetik: "Independentista gisa sartu gintuzten espetxean eta are eta independentistago atera gara. Sozialista gisa sartu gintuzten espetxean eta are eta sozialistago atera gara".

Argazkia: @sortuEH

 

 

 

Arnaldo Otegi, aske

Espetxetik atera da Arnaldo Otegi. 200 lagun inguru ditu zain Logroñoko espetxearen aurrean.

EAEko lehendakarigai izan nahi duela adierazi dio Otegik 'New York Times' egunkariari

Arnaldo Otegi Logroñoko espetxetik irteteko bezperan Elgoibarkoari buruzko artikulua kaleratu du New York Times berripaper estatubatuarrak. Otegik idatziz igorritako adierazpen batzuk aipatzen ditu bertan; horietan, EAEko lehendakarigai izateko EH Bilduren barne prozesuan bere burua aurkezteko asmoa agertu du Bateragune auziagatik espetxeratutako ezker abertzaleko liderrak. Prozesu hori martxoan egingo dela aurreikusita dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arnaldo Otegi
2023-05-29 | ARGIA
"Gaur ziklo aldaketa baten lehen urratsa eman da Hego Euskal Herrian"

Donostian festa giroan egin dituzte adierazpenak EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegik. Joseba Asiron ere pozik agertu da Iruñean.


2021-12-23 | ARGIA
Arnaldo Otegi: "Neurri eraginkorrak hartu behar dira, ez kosmetikoak"

EH Bilduko idazkari nagusiak pandemiaren seigarren olatuak sorturiko egoera "larria" dela nabarmendu du eta koalizio abertzaleak proposaturiko hainbat neurri azpimarratu ditu, besteak beste txertaketa anbulategietatik ateratzea edo aztarnari gehiago kontratatzea.


2021-11-22 | Leire Artola Arin
EH Bilduk “erresistentziatik askatasunera” igarotzeko beharra aldarrikatu du Bilboko manifestazio jendetsuan

Euskal Herri osotik heldutako milaka pertsonak kaleak hartu dituzte, eta Arnaldo Otegik dei egin du “estatus berria” eraikitzeko “bloke historikoa” osatzera.


2019-05-27 | ARGIA
Arnaldo Otegi
"EH Bilduk sekula ateratako emaitzarik onenak lortu ditu"

Arnaldo Otegi EH Bilduko buruak eskerrak eman ditu lehenik EH Bilduren aldeko kanpaina egin dutenei, “bereziki espetxeetan horretan aritu diren presoei”. 140.000 boto gehiago lortu dituztela eta zinegotzi kopuruan Hego Euskal Herrian lehenengo indarra izan direla... [+]


2019-02-20 | ARGIA
Otegiren inhabilitazioa bertan behera gera liteke, Bateragune auziko epai europarra baieztatu ondoren

Espainiako Estatuak ez dio helegiterik jarri Bateragune auziko epai europarrari eta honenbestez, behin betikoa da sententzia. Horrenbestez, Arnaldo Otegi eta harekin batera atxilotu zituzten ezker abertzaleko kideei ezarritako zigorrak bidegabeak direla baieztatu da. Kondenak... [+]


Eguneraketa berriak daude