ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz, non eta nola

  • Artikulu honetan ARGIAren standeko produktuak gerturatuko dizkizugu. Telematikoki, jakina. Fisikoki aurkitu nahi bagaituzu, Landako guneko informazio gunearen ondoan aurkituko gaituzu. Jantzi eta arropen bila baldin bazoaz, jo Andra Mari elizpean egongo den Inor ez da ilegala gunera, hor izango dugu bigarren postutxoa.


2023ko abenduaren 05an - 09:50
Azken eguneraketa: 2023-12-06 09:52:51
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

2023a urte oparoa izan da ARGIAren produktuen sailean. Liburuen sailean, lau dira nobedadeak: Zaldi bat ihes garrezko zelaian (Koldo Izagirre), Planeta prekarioan (Pello Zubiria), Hausnarrean (Josebe Blanco) eta Ño! komikia (Miren Artetxe, Eli Pagola eta Maitane Gartziandia). Bestalde, hiru jolas ere argitaratu dira: Otu, Hizki pizti eta Jarioka.

ARGIAren salmenta-lekuan ere aurkitu ahalko dira, jakina, datorren urteko agenda eta egutegia: efemerideen takoa, Ilargia eta Landareak agenda eta Ilargiaren egutegia.

Liburuak: aktualitatea ulertzeko gakoak

Memoria beharrezkoa da egungo gizartea konprenitzeko, eta hautu bat egitea, memoria kolektiboaren alde, garrantzitsua da. Euskal prentsak 1869 eta 2000 urteen artean ekarritako zenbait kronika gogoangarriren bilduma egin du Koldo Izagirrek Zaldi bat ihes garrezko zelaian liburuan. Banaka-banaka hartuta, "harribitxi bana sorta ederrean" direla nabarmendu zuten egileak berak eta Gorka Bereziartua editoreak aurkezpen ekitaldian, joan den apirilean, eta kazetaritzaren balio literarioa aldarrikatu zuten. Azalpen sakonagoak gura dituenak, Izagirreri egindako elkarrizketa honetan topatuko ditu.

Euskarazko kazetaritzaren barrunbeetan, ingurumenari estuki lotutako liburu bat: Pello Zubiriak ARGIA aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta erresistentziak kontatzen dituen bilduma bat da, ia 1.000 artikuluei galbahea pasatuta. Emilio Lopez Adan Beltza-k idatzi du hitzaurrea; honela dio: "Zubiriak aberats eta boteretsuen indarkeria eta zinismoa ikertzen ditu oro har. Aldi berean, garbi erakusten digu jende xeheei dien enpatia, sufritzen dutena salatzeko edo beraiek sortu iniziatibak gogoratzeko". Liburuaz gain, kazetaritzaren zimenduez mintzatu zen Zubiria elkarrizketa honetan.

Bizi Baratzea proiektuaren fruitu handia, berriz, Hausnarrean liburua da, Josebe Blanco artzainak idatzitakoa. "Harremanak" ditu hizpide Blancok, "askotariko harremanak": ardiekin, jakina, pertsonekin ere bai, klima larrialdiarekin, berdez pintatutako kapitalismoarekin, basogintzarekin... Xehetasun gehiago nahi dituenak, Estitxu Eizagirrek egindako elkarrizketa dotore honetara jo besterik ez du.

Nobela grafikoan ere trebatzen hasi nahi du ARGIAk, eta Durangoko Azoka heltzerako, euskal irakurlegoaren artean egin du ibilbide ederra Ño! komikiak. Emakume bertsolarien esperientziak erdigunean jarrita, bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar eszena jaso dituzte Miren Artetxek, Eli Pagolak eta Maitane Gartziandiak. Zergatik gurutzatu dituzte bertsolaritza eta emakumea, zer falta sumatu dute? Hona azalpenak, hiruei egindako elkarrizketan.

Jolasak: hiru karta-joko familian aritzeko

Haurrekin eta familian jolasteko ez ezik, euskara ikasteko eta ahozkotasuna trebatzeko ere balio dute bai OTU-k eta bai Jarioka-k. Karta-jokoak dira biak, baita hirugarrena ere, Hizki-pizti.

5 urtetik goragokoei zuzenduta dago OTU. Istorioak sortzeko da, irudimena lantzeko. Karta bakoitzean irudi bat azaltzen da, eta horrekin istorioak sortzea da ideia, txandaz txanda.

Jarioka, berriz, 10 urtetik gorakoentzat egina dago. Trebezia komunikatiboa lantzeko da, azkartasuna eta ezagutza. Gutxienez bi lagunez osatutako taldetan, taldekideek ahalik eta hitz ezkutu gehien asmatzea da helburua, hitz debekatuak saihestuta, emandako denbora agortu baino lehen.

Azkenik, Hizki pizti, Euskal Herriko fauna oinarri duen jolasa da. Karta handi eta txikiekin, jokoaren hainbat modalitate proposatzen dira, helburu berarekin beti: irakurtzen eta idazten trebatzeam Euskal Herriko fauna bidelagun izanda. Hemen ez dago elefanterik; kaskabeltzak bai, ordea. Jolasa modernizaturik dator gainera: kartek QR kodea dute, webgune honetara eramateko. Bideoa dute lagungarri, hizkien ahozkotasuna lantzeko; karta bakoitzari lotutako ipuin, kanta, olerki, bertso, kontakizun, aho-korapilo, esamolde eta antzerakoen ikus-entzunezkoak daude eskuragarri.

Noiz egongo dira egileak ARGIAren mahaian?

Jakoba Errekondo: egunero.

Garbiñe Larrea: egunero.

Hizki-Pizti-ren egileak: abenduak 6.

Josebe Blanco: abenduak 7 arratsaldez eta abenduak 9.

Koldo Izagirre: abenduak 9.

Pello Zubiria: abenduak 9.

Eli Pagola eta Maitane Gartziandia: abenduak 10.

 


Eguneraketa berriak daude