Durangoko Azokan jendarteaz, politikaz eta beste

  • Ekologia krisia, osasun mentala, klase zapalkuntza eta bestelako kezka dituzte hizpide, besteak beste, Durangoko Azokaren 58. edizioan aurkeztuko diren nobedadeek.
Landako gunea iazko Durangoko Azokaren lehen egunean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nobedadez eta ekitaldiz goraino, Durangoko Azokak beste urte batez ateak irekiko ditu hurrengo abenduaren 6tik 10era bitarte. Liburu, diska eta ekitaldi kulturalek tokia hartuko dute herriko txoko askotan, eta askotariko hausnarketei tartea zabaltzea asmoa duten parentesiak irekiko dituzte hainbat eragilek idatzi, espazio zein hitzaldiekin. Besteak beste, jendartea astintzen duten problematikak eta arazoak landu dituzten lanak topa ditzakegu, egoera soziopolitikoa aztertu eta konpartitutako kezkak mahaigaineratzeko asmoa duten lanak alegia.

Azpimarratzekoak dira, beraz, azken hilabeteetan Euskal Herriko eztabaiden erdialdean kokatu izan diren gaiak: zaintza, hezkuntza, etxebizitza eta arrazismoa batik bat. Alde batetik, Miren Ibarguren, Monika Mendiberri eta Ainara Santamariak Ez dadin bizitza eten saiakera (Txalaparta) kaleratu dute, eta hain zuzen, azken egunotan pil-pilean dagoen zaintzaren auziaz mintzo dira. Egungo zaintza ereduak dituen mugak aztertu dituzte eta “bizitza erdigunean” kokatuko duen gizarte antolaketa bat osatzeko bidean euren alea jartzea dute helburu. Bestetik, Amaia Apalauzak Bell Hooksen Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika gisa liburua (Katakrak) itzuli du euskarara. Gaur, “hezkuntzaren gaiarekin eztabaida ikaragarri hau dagoen honetan, eztabaida zentratu eta ildo garrantzitsu bilakatzeko balio izan dezake liburu horrek” Katakrakeko kide den Nerea Fillaten esanetan.

"'La Ertzaintza que viene' liburuan giza eskubide eta askatasunak zeharo bortxatzen dituen kontrolaren industriak seinalatzen ditu Ahoztar Zelaietak"

Katakraken eskutik, bestalde, Friedrich Engelsen Etxebizitzaren auzia testu klasiko marxista Euskaraz lehen aldiz argitaratu dute. 1872ko testu bat bada ere, Engelsen saiakera derrigorrezkoa dugu egungo gizarte kapitalistaren baitan etxebizitzaren problematika eta horren inguruko jarrera eta apustu politikoak aztertzeko. Etxe berdinaren izenpean, Andrea Garcia Gonzalezek euskal gatazkan isildutako bortizkerien inguruko testigantzak jaso ditu eta marko horretan aurrerapausoak emateko proposamen feministak batu ditu Calla y Olvida; violencias, conflicto vasco y escucha vulnerable como propuesta feminista liburuan (Katakrak).

Itzulpenen harira, eta mugimendu antiarrazista eta dekolonialaren baitan, Txalapartak Louisa Yousfiren Barbaro iraun liburua itzuli du. Frantziako banlieuetan kokatutako liburuxkak begirada gordin bat eskaintzen du integrazio-politiken ondorio bortitzen inguruan. Antirrazismo biktimista baten anbiguotasun arriskutsuei buruz dihardu Yousfik, arrazaren glamourizazioaren arriskuak modu argian plazaratzen dituela. Askok esan lezake begirada antirrazista dekolonial hori guztiz beharrezkoa dugula gaurko Europan arrazaren auzia kokatzeko, arraza-hierarkiaren aurkako zeharkako “aliantza” baten posibilitatea mahaigaineratzeko, baina baita aliantza horren zailtasunak eta anbiguotasunak irudikatzeko.

"Katakrak bere 10. urteurrenaren ospakizunarekin helduko da Durangoko Azokara, besteak beste, 'Hau Dena' izeneko LP bikoitzarekin"

Bestalde, gizartearen baitan aztarna uzten ari diren bestelako krisiek ere badute tokia orrialde eta tinta artean. Jokin Bergarak, adibidez, krisi ekologikoaren analisi sakon bat egin du Adaxka Lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak liburuan (Txalaparta) eta lur kolektiboetan loratzen den itxaropena islatu nahi izan du. Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal autoreek, berriz, egunerokotasuna astintzen duen osasun mentala dute aztergai Nerabeen Garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian (Alberdania) saiakeran. Telefono mugikorrek eta sare sozialek gazteengan duten eragina aztertzen dute hor.

Ahots probokatiboagoak nahiago dituenarentzat, badaude ere orokortutako miseriaz probesten direnak seinalatzen dituzten argitalpenak. Horren adibide da Ahoztar Zelaietaren lana; Diagnóstico Tolosaldea. La Privatización de la Sanidad en el Oasis Vasco (Txalaparta) batetik, osasungintza negozio bilakatu eta poltsikoak betetzen dituztenak irudikatzen dituena, eta La Ertzaintza que viene. Tecnología de hipervigilancia y capitalismo de consultoría (Txalaparta) bestetik, Zelaietak giza eskubide eta askatasunak zeharo bortxatzen dituen kontrolaren industriak seinalatzen dituena. Gainera, ildo probokatzaileari segika, Nerea Fillaten galdera eta hausnarketa deserosoak bildu ditu Hordagok eta zutabegilearen idatzien sailkapena aurkeztuko du aurtengo azokan Adostasunik gabe. Burutazio deserosoak feminismo autonomotik izenburupean.

"Nerea Fillat zutabegilearen idatzien sailkapen liburua aurkezten du Hordagok aurtengo azokan 'Adostasunik gabe. Burutazio deserosoak feminismo autonomotik' izenburupean"

Azkenik, ohi bezala, euskal kulturan, nortasunean zein hizkuntzan espreski sakontzen duten liburuak topa ditzakegu azokan. Irulegiko Eskuak ere bere tokia izango du, noski, liburu, portada, zein solasaldietan. Baina, Euskal Herriko panorama soziopolitikoari erreparatuz gero, bada nabarmentzekoa den eragile aktibo bat eta 10. urteurrena ospatzear dagoen argitaletxea. Izan ere, nobedadeen artean, Katakrak bere ospakizunarekin helduko da Durangoko Azokara, momentuz, Hau Dena izeneko LP bikoitzarekin. Ibilbidea omentzeko hainbat lagun eta musikarirekin batera osatu dute biniloa, etxearen inguruan sortu diren harreman bertutetsu eta indarren erakusle izanik.

Durangoko Azoka Autogestionatua

Bada, bestalde, nobedadeak topatzeko beste espaziorik abenduko egun horietan zehar, Durangon bere txokoa ere baduena. Durangoko Azoka Autogestionatuan sare komertzialetan topatzen ez diren materialak daude salgai, musikaren munduko materiala, liburu edota fanzineak besteak beste. Bereziki jendearen topagune izatea dauka helburu eta Nerea Fillaten hitzetan “nolabait, osasuna ematen dio sare bati”.

"Durangoko Azoka Autogestionatua Zeharkaleko 11. zenbakian dago, DDT Banaketak kolektiboak beste eragile batzuekin batera antolatuta"

Hasiera batean Sapuetxe Gaztetxean, orain Zeharkaleko 11. zenbakian, DDT Banaketak kolektiboak beste eragile batzuekin batera, Sare Antifaxista eta Katakrak tarteko, esparrua ireki nahi die “azoka ofizialean sartzen ez diren kolektibo zein materialei”, DDTko kide baten esanetan. Kide honek adierazten duenez, badago “kultura egiteko beste modu bat sare komertzialetik kanpo” eta hori islatzea da euren asmoa: “Badago zirkuito komertzialera heltzen ez den materiala eta badaude azoka ofizialean postua jarri ezin duten kolektiboak –izan dirurik ez dutelako postu bat ordaintzeko, izan euren ildoa antolakuntzatik urrun kokatzen delako”. Hala, “material ez komertziala mugitzen duten kolektiboei espazioa ematearekin batera, salmenta logiketatik kanpo jendearenera heltzea” dute jomuga antolatzaileek Durangoko Azoka Autogestionatuan.

Aurtengo nobedadeen artean, Fito Rodriguezen Polloekoak. Laster esango da zuengatik esaten oi dana orain gugatik eleberria eta Maria Francisca eta Mas Rieraren Ingravidas narratiba zein esperientziak biltzen dituen liburua egongo dira besteak beste. Musikari dagokionez, Ezta Ilen taldearen biniloa eramango dute eta baita 1991 Bilboko talde antiespezistaren hirugarren LPa. Asteazkenetik ostiralera egongo da Azoka Autogestionatua zabalik 11 Zeharkalean, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Igandean berriz, 11:00etatik 15:00tara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2023
Durangoko Azoka. Hirugarren eguna
Zer izango da gutaz?


Durangoko Azoka. Lehen eguna
Ez gara hainbeste aldatu


2023-12-05 | ARGIA
Amillubi proiektua
Aurkezpena ikusteko eta bonolaguntza eta errifa oso bereziak eskuratzeko aukera Durangoko Azokan

Amillubi proiektua martxan jartzen ari da laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkartea, 27 eragileren laguntzarekin. Urola ibaiaren meandroan kokatuta dauden 90.000 metro koadro lur eta baserria modu kolektiboan erostea da helburua, laborari agroekologikoei baldintza onetan... [+]


2023-12-05 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz, non eta nola

Artikulu honetan ARGIAren standeko produktuak gerturatuko dizkizugu. Telematikoki, jakina. Fisikoki aurkitu nahi bagaituzu, Landako guneko informazio gunearen ondoan aurkituko gaituzu. Jantzi eta arropen bila baldin bazoaz, jo Andra Mari elizpean egongo den Inor ez da ilegala... [+]


Eguneraketa berriak daude