Macriren "eraso neoliberala" salatu eta argentinarrei elkartasuna adierazi diete sindikatu ugarik

  • Argentinan gertatzen ari denak “biziki larritzen” dituelako, ohar bateratua atera dute LAB, ESK, STEILAS eta Espainiako Estatuko hainbat sindikatuk. Macriren gobernua “eraso neoliberala” egiten ari dela uste dute, eta ondorengoa bilatzen duela: lan baldintzen prekarizazioa, gastu publikoaren murrizketa, sektore publikoaren pribatizazioa, eta honekin batera, askatasunen eta oinarrizko eskubide zibilen deuseztapena. Argentinako herriaren erantzuna azpimarratu nahi dute.


2018ko urtarrilaren 10an - 16:28
Protesta handiak izan dira neurriaren aurka.

17 orduko debatearen ondoren eta 8 botoko aldearekin, Argentinako Diputatuen Ganberak pentsio erreforma onartu du: alegia, pentsioak %13 murriztuko dituzte gutxienez, eta ezgaitasunengatiko laguntzak ere txikituko dituzte. Eskuinaren enbatari indartsu erantzun diote kalean: protesta handiak, lapiko-jotzeak eta  greba orokorra. Herrialdeko demokraziaren 34 urteetan izan den gatazkarik biolentoenak bizi izan omen dituzte, gas negar-eragileak, gomazko balak eta harriak tarteko.

Ondorengo sindikatu hauek dira ohar bateratua atera duenak: LAB, ESK, STEILAS, CUT Galiza, Intersindical Valenciana, Intersindical Alternativa de Catalunya (IAC), FSOC Canarias, CUT Aragon, Sindicat COS Països Catalans, Intersindical CSC de Catalunya, SAT Andalucia, Confederación Intersindical Galega (CIG), CSI Asturies eta Intersindical Canaria.

Jarraian oharra osorik irakurgai:

Estatuko nazio ezberdinetako sindikatuek iritzi publikoari Argentinan azken hilabetetan gertatzen ari denaren inguruko gure iritzia plazaratu nahi diogu, gertatzen ari den guztiak biziki larritzen gaitu eta.

Argentinako langile klasea, borrokaren bitartez lorturiko eskubide sozial eta laboralen aurkako eraso bortitza jasaten ari da. Egia bada ere, oraingo honetan, Macrik ordezkatzen duen eskuina boterera hauteskunde batzuk irabazi ondoren iritsi dela, gobernu honen politika ekonomiko eta sozialak eta hauek babesteko herriaren kontra erabilitako errepresio politiko eta militarrak, dikatadura batenekin antz handiagoa daukate.

Macri eta bere gobernua korporazio ekonomiko handien oligarkia finantzieroaren eta Estatu Batuak buru dituen potentzia handien inperialismoaren interesen menpe dago, eta ez du inolako zalantzarik izanen langile klase eta herri sektoreen eskubide sozial eta laboralen aurka jotzerako orduan. Berdin dio, kolpe militarren, Brasilen kasuan bezala kolpe judizialen bitartez edota Hondurasen kasuan bezala hauteskunde iruzurren  bitartez, beraien helburuak lortu arte ez dira geldituko.

Aipatzen ditugun adibide guztiak gehiegi dira hain denbora gutxirako. Alde batetik Maputxe herriaren kontrako errepresioa dago Patagonian, eta orokorrean jatorrizko herri guztien aurkako errepresioa. Errepresio honen ondorioz, azken hilabeteetan Santiago Maldonado eta Rafael Nahuel hil dira, eta erailketa hauen inguruko kudeaketa ikusirik, eta ikusita nola kudeaketa hau familiari eta iritzi publikoari informazioa izkutatuz egin den, gure buruetara iraganeko erregimenetako errepresio bortitza etortzen da, non botere politikoak etsai politikoak desagertarazi egiten baitzituen. Bertze alde batetik, Macriren gobernua egiten ari den erreforma ekonomiko eta sozial guztiak daude, aipatu bezala, langile klasearen eta herri sektoreen eskubide guztiak desagertarazi nahi dituztenak.

Ez dira errezeta berriak Macriren gobernuak aplikatu nahi dituenak. Egia erran neoliberalismo klasikoaren errezeta berdin-berdinak dira; Estatu Batuetan eta Ingalaterran 80ko hamarkadan, Argentinan 90eko hamarkadan, Europan 2008ko krisiaren ondotik eta orain, berriz ere Argentinan aplikatzen dituztenak, hain zuzen ere. Azken finean neoliberalismoak beti bilatu izan duenaren atzetik doaz: lan baldintzen prekarizazioa, gastu publikoaren murrizketa, sektore publikoaren pribatizazioa, eta honekin batera, askatasunen eta oinarrizko eskubide zibilen deuseztapena.

Eraso neoliberal honen aurrean Argentinako herriaren erantzuna azpimarratu nahi dugu eta noski, erantzun honen gidaritza eraman duten antolakundeen egindako lana ere. Eremu sindikal ezberdinetan antolaturiko herri eta langile klaseaz ari gara solasean, Argentinan gaur egun jokoan dagoenaren oso kontziente dena gainera.

Geldialdiak, manifestazioak, borroka egunak… guzti hauek errepresio bortitzarekin erantzuna direnak, eguneroko ogia dira azken hilabeteetan, bertan bizitzen ari den egoeraren adirazle garbiak hain zuzen ere.

Horregatik guztiagatik dokumentu hau sinatzen dugun sindikatuok gure elkartasuna helarazten diogu Argentinako herriari, herrialde horretako langile klaseari, eta erantzun herritar hau antolatzeko borrokan dauden sindikatuei. Nazioetako sindikatu borrokalariak zuen ondoan gaude, eta behar duzuen guztirako zuen ondoan egonen gara. Zoritxarrez Argentinan pairatzen ari zareten politikakn aurretik Espainiako estatuan ere aplikatuak izan dira, beraz ongi dakigu zer ari zareten jasaten. Beharrezkoa den toki guztietan gure elkartasuna adierazteko eta zuen ahotsa ahal dugun toki guztietara eramateko konpromisoa hartzen dugu.

Munduko langileriak pauso bat aurrera egitea beharrezkoa dela uste dugu. Elkartasuna ekintza militante bilakatu behar dugu; militantzia borrokatu antolatu batean eta antolakuntza herrien garaipenean. Gaur Argentinako langileen eta herriaren ondoan gaude gure betebeharra delako, baina baita ere jakitun garelako biharko egunean Argentinako herria gure ondoan egonen dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude