"Arbonako okupaziora etorri behar du jendeak, borrokan segitzeko kuraia emaiten digu horrek"

Arbonako okupazioa

2021eko uztailaren 01an - 11:13
Azken eguneraketa: 13:15

Zortzi egun okupatzen ari zaretela. Zertan zarete?

Barda bildu gara ELBko Lur taldea eta Lurzaindia, 25 bat ginen. Zortzi egun pasa ditugu bertan, inportantea da horrela aste bat okupatzen pasa izana eta bilana egin dugu. Balorapen arras baikorra dugu. Batetik, jendea ibili da, ez alimaleko jendeketa, baina beti ter-ter-ter jendea jin da. Bestetik, hautetsiei buruz ere entseatu gara lan bat eramaten, laguntza biltzeko eta hor ere erantzun ona ukan dugu. Adibidez 36 oren barne Ipar Euskal Herriko auzapezen erdiak gure ekintza sostengatu du. Horrek ere pozten gaitu, pentsatzen dut saltzaileari eta erosleari buruz nonbait presioa egiten duela.

Oroitarazten ahal dizkiguzu dituzuen aldarrikapenak?

Bata da hamabi hektarea laborantzarako salbatzea eta erostunari uztea etxea eta hiru hektarea. SAFERak [laborantza lurren kudeaketaren ardura duen egiturak] hamabi hektarea horiek laborantzako prezioan erostea nahi dugu. Eta beste aldarrikapena euskal hirigune elkargoari begira dugu, laborantza lurren antolaketari buruz lan bat abiatzea nahi dugu. Horri dagokionez, ez da deus egiten, eta aspertzen hasiak ginen. Jean-René Etxegarai [elkargoko presidentea] eta Isabelle Pargade [elkargoan laborantzaren ardura duen hautetsia] jin zaizkigu haien ikusmoldea ematera, eta haien sostengua ekartzera. Buruilean hasiko dute lurrei buruzko lan hori. Hori horrela, bi aldarrikapenetatik bat badugu. Geroari buruz inportantea da, lurraz arduratzen diren egitura guztiak bilduko dira –Lurzaindia, EPFL, Laborantza Ganbera, laborantza sindikatuak, ...–. Baikorra da, baina erran diegu hala ere ez dugula meza handirik nahi eta gero deus ez; biziki fite doaz gauzak, anitz lur galtzen ditu laborantzak. Lurrak hor dira, baina pausagailu toki bilakatzen dira guhaur ohartu gabe. Hori aztertu behar dugu eta mugak ezarri behar dituztela ohartarazi diegu hautetsiei. Gure proposamenak Frantziako Legebiltzarrera helarazteko eskaera ere bideratu diegu, lehentasunez lurrak erosteko SAFERak duen ahala hobetzeko. SAFERaren boterea ahultzen ari da, geroz eta lur gutiago salbatzen ditu eta hori ere ez da on, berez SAFERaren presentzia inportantea delako.

Arbonako kasu konkretuari buruz, bitartekaritza lanetan aritzeko proposamena luzatu dizue Etxegaraik.

Eroslearekin eta saltzailearekin harremanetan sartzea proposatu digu, gure aldarria helarazten entseatuko zela erranez. Lan horren egiteko baimena eman diogu. Uzten diogu hala ere librantza pixka bat, bere moldean egiteko eta zerbait aitzinatzen delarik guri helaraztea galdetuz. Jakin behar da hala ere beha garela, eta ez garela sobera beha egoten ahal: ez dugu dosiera usteltzen utzi behar, hortik ez bada zerbait erdiesten beste manera batzuk atzeman beharko ditugu.

Okupazioarekin segitzea erabaki duzue.

Okupazioarekin segitzea erabaki dugu, arrapostuen beha egotea, hurbiletik segitzea dosierra eta erne egotea.

Kontaktu anitz baditugu diputatuekin ere. Legebiltzarrean lurrari buruzko legea presentatu duen Jean-Bernard Sempastous Goi-Pirinioetako diputatua ere jitekoa zaigu bihar [uztailaren 2a] kasu horretaz eta orokorkiago arazoaz mintzatzeko. Hori ere inportantea da. Hau heldu denez, lekuko beste parlamentari batzuk ere jinen dira harekin. Hautetsiek badute teknika hau, haien burua erakusteko baliatzen dituzte momentuak… Hor aski urrun joan gara, presioa atxiki behar dugu, ez daitezen komunikazioan bakarrik geldi, lan serios bat abiatu behar dute bai ala bai. Legebiltzarreko hauteskundeen kari gure arrangurak eman genizkien eta ez dute deus egin. Gauzak gaizkitu dira Euskal Herrian eta gaizkituz doaz. Behar dute absolutuki zerbait egin.

Ongi ulertzen badut, Arbonako salmenta ezeztatzeko presioa izateaz gain, laborantza lurrak babesteko erabaki politikoak lortzeko bidea ere duzue okupazioa.

Hori da. Errealitate itsusi baten erakusleihoa da Arbonakoa. Gisa horretako lur galtze anitz badira, beti badira prezio handitan bideratu saltzeak. Bi hektarea hor, zazpi hektarea han, hamar hektarea hemen, Senperen, Urruñan, Donibane Lohizunen… etxe batekin salgai diren laborantza lurrak badira egunero, eta ezin dugu deus egin legea ez delako egokitua. Arbonako kasuan adibidez, laborantza lurren prezioan lehentasunez erosteko eskaera pausatua du SAFERak, baina maleruski legeak hori ahalbidetzen baldin badu ere, gertakizunetan erosleak eta saltzaileak dute azken hitza: “erosi baina erosi guztia” da irekitzen den bidea. Baina hori ezin da, batetik sos anitz baita, eta gainera, espekulazioaren alde egitea litzatekeelako. Bizitegiaren arazoa ere hor dugu Euskal Herrian, eta lurrak salbatzeko etxebizitzarekin kario erosteko logikan sartzea ere ez da ona.

ELBk parean du FDSEA sindikatua, aurkako laborantza ereduaren sustatzailea. Zer dio FDSEAk Arbonakoari buruz?

FDSEAk ez du deus egiten. Ez zuelako bazterrean egon nahi, egin du alegia zerbait, erosteko lehentasun partziala galdetuz. Hor ageri da ez duela dosiera batere ezagutzen, sindikatu batek ezin duelako erosteko lehentasun partziala erabili! Horrelakoetan ELBk Lurzaindiari galdetzen dio, Lurzaindiak esku hartzen du, beso indartsua gara ELBrentzat, horrelakoetan ELBk sindikatu gisa ezin duelako bide hau erabili. Beraz, astinaldi ttipi bat egin du FDSEAk, baina ez du ondoriorik ekarriko; menturaz gaia ezagutzen ez duenak sinetsiko du, baina bestela, denok badakigu ez duela eraginik. SAFERak ere badaki, ez dio deus erranen lagunak direlako, baina honek ere badaki haizea dela, berehala itzaltzen den gar bat dela.

Beraz, bide bakarra da presioaren bidez erospena ezeztatzea.

Hori negoziatzen da bai. Okupazioaren bidez presioa egin nahi dugu, eta Etxegarai ere errazkiago ariko da presioa baldin badu gibelean. Hautetsien sostengua, sindikatuen eta herritarren presioa... erostuna lotsarazteko manera badugu. Jendea heldu da okupaziora, sostengua badugu, gurutzamen leku bilakatzen ari da, herri ttipi bat montatzen ari da eta hori ere baikorra da. Erostunak eta saltzaileak segitzen dukete mugimendua, ez ditezke urrun. Polizia ere pasatzen da, honen gibelean suprefetura eta prefektura baditezke… Begistatuak gara.

Diozu eroslea eta saltzailea ez direla urrun. Haatik beste planeta batean bizi diren dirudunak dira…

Biziki aberats dira, nahi dutena egitera usatuak, sosarekin kasik dena erosten ahal baita. Hor behar dute gure aitzinean belaunikatu... eta ez da erraza horientzat. Joan den primaderan, Donibane Lohizunen 30 hektarea saldu zituen hamabi milio eurotan! Beste mundu bat da, eta bistan da ez dute maite jende xehea oldartzen zaienean.

Azken hitza: okupaziora jendea deitzen duzuela.

Bai, Arbonako okupaziora etorri behar du jendeak, itzuli bat eginez sostengua adieraztera. Arbonara jin, hurrupa bat egitera, afaltzera… hori guretzat pozgarri da, kuraia ematen digu borrokan segitzeko. Biziki inportantea da sostengu hori erakustea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren espekulazioa
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2023-11-21 | ARGIA
Otxantegi Herri Lurrak erresistentzia gosaria deitu du ostegunerako

Bi urtez landu dituzte Berangoko lur horiek modu kolektiboan, eta epaitegiak desalojo agindua eman du azaroaren 23rako. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. Horren aurrean, "espazioa... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Aske utzi dituzte astearte goizean Lapurdin atxilotu dituzten herritarrak

Martxoaren 12an izango dute epaiketa Ostia! kolektiboko militante Jeanine Beyrie, Filipe Laskarai, Jakes Bortayrou eta Dominika Daguerre-k, kalteak eragitea leporatuta. Manifestazioa egin dute goizean Baionan atxilotuen askatasuna eskatzeko, eta hitzordua jarri dute... [+]


Eguneraketa berriak daude