20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.
"Ez nekien nor neukan zain; nora nindoan, ez eta zertara nindoan ere", gogoratu du Albertok Mutrikutik, bere arrebaren etxetik. Bisita laburra izango da, etxera bueltatuko da aurki. "Etxea", diosku 75 urteko gizonak, hemendik 8.000 kilometrora du, Amerikako Estatu Batuetako Idaho estatuan.
Duela 55 urte, 1969an, Albertok bi urteko soldaduska amaitu berria zuen Cadizen (Espainia). Etxean bueltan, herriko kontserba-etxe batean lortu zuen lana. Alberto, baina, ez zen erraz asetzen den horietakoa. "Koinatu bat neukan, Pete. Idahon bizi zen, artzain lanetan. Ameriketara joan behar nuela esaten zidan beti, han zeudela aukerak", gogoratu du. "Berak lortu bazuen, zergatik ez nuen nik lortuko?".
Hiru hilabetetara, lan eskaera bat bideratu ostean, AEBetako Bilboko kontsulatuan zegoen Alberto. "Hasiera batean, helmuga Kalifornia izango zela esan ziguten; gero Utah, eta nola edo hala, Idahoko estatu hotzean amaitu genuen, gure izenak kartoi zati batean idatzita, lepotik zintzilik. Gogorra izango zela, besterik ez nekien".
Frankismotik ihesi AEBetara egin zuten milaka euskaldunetako bat zen Alberto. Gehienak Idaho, Oregon, Nevada, Utah, Washington, Montana, Wyoming eta Colorado estatuetan kokatu ziren.
"Hasieran, euskaldunez betetako etxe batera eraman ninduten. Batzuek 50 urte zeramatzaten bertan, eta bazirudien bizitzak eraman zituela aurretik. Kezkagarria eta beldurgarria iruditu zitzaidan: nire antzeko arrazoiez etorritako horiek hala ikustea, gauza bera egiten behin eta berriz…", dio Albertok, kopeta zimurtuz.
Neguko egun pare bat igaro zituen etxe hartan, norbaitek hirira arropa erostera eraman zuen arte. Hasiera batean, Kaliforniako estatu berora bidaiatzea zuen helburu. Idahora iristean, kamiseta-motz pare bat eta jertse fin bat besterik ez zuen.
Taldea oinez abiatu zen handik, zaldi, txakur eta gurdiekin batera. Albertori pistola bat eta zaldi bat eman zizkioten: "Bederatzi hilabete barru ikusiko zaitugu, esan zidaten irribarretsu. Une hartan ez nekien ez tiro egiten, ez eta zaldi gainean ibiltzen…".
Hainbat lekutan lan egin ondoren, familia estatubatuar batentzat egitea egokitu zitzaion Gooding herrian, Idahon. Neguan, ardiak eta artzainak errantxoan geratzen ziren, baina udaberria heltzearekin bat, bidaia hasten zuten. Artzain talde txikiak batetik bestera mugitzen ziren. Hiru aste eman zitzaketen larre batean, hurrengora mugitu aurretik. Horrela berriz ere negua iritsi arte.
Sarritan, Albertok 2.000 ardi inguruko artaldeak gobernatu behar zituen, mendian gora eta bailaran behera, hurrengo kokalekuan lankide batekin topo egiten zuen arte. Hamar egun baino gehiagoko bidaia izan ohi zen hura, bakardadean, bere zakur eta zaldiarekin.
"Kanpin-dendetan egiten nuen lo, lurrean beti. Kriskitin-sugeak ohikoak ziren, eta ez dira maskota oso jatorrak egia esan... Koioteak ziren beste arazo handia. Ardiei eraso egiten zieten; galdutako ardi bakoitzaren kostua nire soldatatik kentzen zidaten hilabete amaieran", gogoratu du Albertok.
Hartzekin ere egiten zuten topo artzainek. Behin, dio Albertok, jada hurbil zutela ohartu ziren haren presentziaz bera eta lankidea. "Hartz bat dagoela ez al dek ikusten?", bota zion Albertok bere lagunari. Baina izoztuta geratu zen hura, arnasa hartu ezinik. Ikarak jota, animaliak eraso egin zuen, eta orduantxe eman zion tiroa Albertok. Zorionez kopetan jo zuen, eta segituan hil zen. "Mirari hutsa izan zen hura", dio mutrikuarrak, eskuak buruan dituela.
Egun bakoitzak erronka berriak zekartzan. Janaria, arropa, gutunak eta bestelakoak, esaterako, bi astean behin helarazten zizkioten: kamioiez, batzuetan, edo gurdiz, bai eta helikopteroz ere.
Noizean behin, egunkari bat iristen zen. Hura bilakatu zen, hain zuzen, ingelesa ikasteko Albertoren tresna bakarra. Hizkuntza ikastea funtsezkoa zelakoan zegoen. Dioenez, artzain gehienak elkarri euskaraz bakarrik hitz egiten zioten. "Ezin nuen ulertu zergatik ez zioten ingelesari eusten. Nik argi neukan ez nintzela inoiz handik aterako ikasi ezean".
Nolanahi, bakardadea zen etsairik handiena. "Sei lagun galdu nituen, sei!", gogoratu du Albertok, hitzez nahiz atzamarrez. "Beren buruaz beste egin zuten. Batek bala zauri bat zuen buruan; beste batek ibai batera bota zuen bere burua...".
Lagun bati dibortzioa eskatu zion emazteak. Alberto bera lasaitzen saiatu arren, gizonak bere buruaz beste egin zuen hurrengo egunean, tiro batez. "Inoiz ezagutu nuen gizonik zoriontsuena zen hura, hain irribarretsu beti…". Sei hamarkada igaro arren, emozioak gaindi egiten dio oraindik.
Herrimina ere aipatu du. Nekez egiten omen zion aurre. "Etxea ere urruti neukan, ez nekien zer gertatzen zen han. Gutun gutxi iristen ziren, hilean behin asko jota. Gertuko norbait galduz gero, hainbat aste pasa behar ziren jakin ahal izateko", gogoratu du.
Urte batzuk geroago, Albertok artzaintza utzi zuen, eta Gooding-eko posta-bulegoan hasi zen lanean. Ondoren, aseguru agente gisa lan egin zuen. Azkenean, aurrezkiak bilduta, bere inbertsio-enpresa propioa sortu zuen. Horretaz ere harro dago oso.
Estatu Batuetan korrespontsala izandako Urtzi Urrutikoetxeak euskal diasporaren berri ere eman du. Telefonoz dioskunez, euskal komunitatea ez da ezaguna herrialdeko ekialdean; bai, ordea, erdialde eta mendebaldeko estatuetan, Idahon batez ere. "Euskaldunen lanerako prestutasunak eta erresistentziak arrasto iraunkorra utzi du bertan", dio kazetariak.
"Handik atera dira, besteak beste, David Bieter, Boiseko alkate euskal-amerikarra, edota Pete Cenarrusa, Idahoko legebiltzarrean bost hamarkadatan aritu zena", gogoratu du Urrutikoetxeak.
38 euskal etxe baino gehiago daude Estatu Batuetan, gehienak mendebaldeko eskualdeetan. Boiseko Euskal Museoa eta Euskal Etxeak bezalako kultur ekimenek ondarea zaintzea dute helburu. Laugarren belaunaldiko Euskal amerikarra dugu Annie Gavica. Museoko zuzendari exekutiboa eta hezkuntza programetan aditua ere bada Boiseko Basque Cultural Center-ren.
"Gaur egun euskaldunak ondo integratuta daude komunitatean, lanetik erretiratuta, eta euren ondorenak eremu askotan lanean dihardutela", diosku Gavicak. "Hona migratu zutenek lan handia egin zuten beren seme-alabek, bilobek eta harantzagokoek nahi zuten guztia lortzeko aukera izan zezaten", gaineratu du.
Albertok Euskal Etxe horietako batean ezagutu zuen bere bigarren emaztea. Bikoteak bi seme-alaba izan zituen, Sole eta Sebi. Artzain ohiak berebiziko garrantzia izan zuen irabazi asmorik gabeko "The Trailing of the Sheep" jaialdiaren sorreran. Udazkenero ospatzen da, Idahon, eta euskal artzainen tradizioak ekartzen ditu gogora. Gaur egun, 30 urte dituen Solek bere aitaren ondareari eusten dio, Idahoko Ardi Zaintzaileen Elkarteko zuzendari gisa, eta jaialdietan parte hartuz.
Sei hamarkada igaro dira Albertok Amerikara jo zuenetik. "Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe. Ahal nuen hobekien egin nuen, eta hori da bizitzan egin daitekeen guztia. Ez dut inoiz atzera begiratu", berretsi du "amerikar-euskaldun harro"-ak. Hala dio berak.
"Amerikak aukerak eman zizkidan; Amerikak asko eman dit, baina nik ere asko eman diot Amerikari".
Bestea”-k gogaituta du gizateria, duena kenduko dio, duena eraldatuko du, kutsatuko du... “Bestea”-k definitzen gaitu... baina “bestea” denok izan gaitezke.
Egun, nor da “bestea”? Nork seinalatzen du izan behar ez dena?
Zapalduen... [+]
Emaitza positiboa eman zuen iragan abuztuan egindako testak, baina Polizia Zientifikoaren laborategira bidali baino lehen Ondarroako komisariatik desagertu zen frogen poltsa.
Oraindik joan den astea asimilatzen nabil. Boterean daudenen eta botere ereduetan eragin nahi dutenen aldarriak ozen entzun ditugu nonahi. Sareetan zein kalean.
Izan diren manifestazio ezberdinetan, herrietako giza eskubideen garapen maila agerian geratu da. Amerikako Estatu... [+]
"Atzerriko terroristengandik" babestea arrazoi bezala jarrita, Donald Trumpek dekretu bidez agindu du zazpi herrialdetako pertsona guztiei debekatzea AEBetara sarrera, eta beste bost herrialdetako herritarrei mugak jartzea.
Boubacar Dioufek, Mbolo Moye Doole Bizkaiko manteroen eta kalez kaleko saltzaileen elkarteko kideak, Bilboko kaleetan arrazakeria eta abusu poliziala areagotu direla adierazi du.
Ainararen aurkako epaiketa dela eta, Bilboko Epaitegiarekin aurrean elkartu dira Manteroekin bat! plataforma eta bertaratutakoak poliziaren gehiegikerien eta egiturazko arrazakeriaren aurrean, elkartasunez antolatuko direla aldarrikatzeko.
Kanaria Uharteetako El Hierro irlan gertatu da ezbeharra: itsasertzetik bost metrora zeudela eman du buelta ontziak. 160 pertsona inguru zihoazen ontzian.
Europako Batzordeak beste urrats bat eman nahi du migrazioaren kontrako politikak gogortzeko bidean: deportaturiko migratzaileek ez lukete zertan harreman zuzenik izan behar hirugarren herrialde "seguruak" deiturikoekin, hara kanporatuak izateko.
Politikan, gizartean eragiteko nahiaren eta identitate zeinuetan sakontzearen arteko tentsioa ekidinezina da. Zabaltzearen eta norberaren ezaugarriak indartzearen arteko hartu-emana politikaren adierazle baita. Bi arloak lortu nahi izaten dira, eta elkarren artean elikatzen... [+]
Maiatzaren 20an indarrean sartuko da Espainiako Atzerritarren Legearen erreforma berria. Loueila Sid Ahmed Ndiaye sahararrak (Tinduf, Aljeria, 1990) egunero ikusten du lege horrek pertsona migratzaileen bizitzetan duen eragina. 1999an iritsi zen Kanaria uharteetara Saharatik,... [+]
Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]
108 pertsona erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan. Italiako Gobernuak ez die utzi gertuko portu batean lehorreratzen, eta Salernora bideratu dute Aita Mari ontzia. Litekeena da Europako Batasunak migrazio politikaren araudia gogortu aurreko azken misioa izatea. Aita... [+]
Elkarteko Andoni Burguetek nabarmendu du espetxean dauden presoek egindako delitu gehienek behar sozioekonomikoekin lotura dutela.
350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]