'American dream' edo nola instrumentalizatu migratzaileak

  • New Yorkeko alkate demokratak laguntza eskatu du hirira heltzen ari den migratzaile oldea kudeatzeko. Bere hitzetan, jada ez dago lekurik horiei guztiei arta emateko. Gobernuari laguntza eskatu dio, soluzio erreal bat eman diezaion arazoari. Pertsona horiek hegoaldeko estatu kontserbadoreetatik heldu dira, eta askok ulertu dute gobernuari presioa eragiteko era bat dela, estatu horietatik migratzaileak nahita bidaltzen ari direla.

Migratzaileak New Yorkeko autobus estazioan, laguntza heltzeko zain. / Argazkia: Reuters.

2023ko urtarrilaren 18an - 12:58

New Yorken ez da migratzaile gehiago sartzen, horixe esan du hiriko alkate Eric Adamsek. Azken hilabeteetan hiri handira heldutako migratzaile kopuruak gora egin du nabarmen, eta beraiei arta emateko sistemak gainezka egin du: estimazioen arabera, bi milioi euroko aurrekontua du zerbitzu horrek, eta egun, defizitarioa da hiriko aurrekontua. Egoera “jasanezina” dela dio alkateak, eta ez dutela hori merezi ez migratzaileek ez hiriko biztanleek; horregatik, laguntza eskatu dio Joe Bidenen gobernuari. Ez da lehen aldia Adamsek mota horretako eskaririk egiten duena: 2022ko urrian larrialdi egoera ezarri zuen migratzaileen iritsiera masiboagatik, eta urte horretako uztailean ere laguntza eskatu zion gobernuari.

Adamsen hitzak ez dira oharkabean pasatu nazioartean; ziurrenik, horixe baitzuen helburu alkateak, hautsak harrotzea. Eta hori nabari da mezua zabaltzeko aukeratutako lekuan: El Paso hirian izan zen astelehenean, hilaren 16an, eta bertatik zuzendu zitzaion gobernuari. Hiri hori Texasen dago, AEBek Mexikorekin duten mugan, eta migratzaileak pasatzeko puntu beroenetako bat da. Ez da kasualitatea, beraz, hiri horretara joatea alarma mezua zabaltzera. Bi arrazoirengatik: bata, agerikoena, mugaz bestalde zeuden migratzaileei beraiei ere zuzendu zitzaielako; bestea, aldiz, Texas eta mugan dauden estatu kontserbadoreetako migrazio politiken aurkako protesta gisa ulertu daitekeelako.

Izan ere, New Yorken eta iparraldeko hiri demokratetan ohartarazi dute pertsona migratzailez betetako kamioiak iristen ari direla, guztiak AEBetako hegoaldeko estatuetatik; zehatzago, gobernu kontserbadorea duten estatuetatik. Mugimendu horiek gobernuari presioa eragiteko formatzat ulertu dituzte estatu demokratetan, esanez migratzaileak iparraldera bidaltzen ari direla apropos, egoerak gainezka egin eta migrazio politikak gogortzeko interpelazio gisa. “Gure hiriak ahultzen ari dira”, esan du Adamsek, eta gehitu du: “Gehiago espero dugu gure nazioko buruzagiengandik, arazo hau era erreal batean konpondu dezaten”.

Amerikar ametsaren porrota

New Yorkeko alkateak, demokrata bera, mezu anbiguoa zabaldu ez ote duen. Bere helburua egoeraz kexatzea izan zitekeen, eta laguntza eskatzea; horixe zen, ziurrenik. Baina bere hitzek sortu dute nolabaiteko ezinegona nazioartean, eta irakurri da titularrik New York migratzaileen aurka dagoela dioenik ere.

Baina Adams ez da mugatu egoera salatzera, nolabaiteko mezu sakonagorik ere zabaldu du. Salatu du migratzaileak bidaltzen dituzten herrialdeetan AEBak paradisu gisa saltzen dituztela, amerikar ametsa, alegia: “Badaude zenbait webgune iragartzen dutenak New Yorken ia-ia urrezko espaloiak daudela, automatikoki aurkitzen duzula lana, automatikoki hotel batean biziko zarela. Elkarrizketak daude asilo eskatzaileen eta migratzaileen artean, eta inpresio faltsua ematen diete New Yorkera etorriz gero dena ondo egongo dela”.

Baina azpimarratu die hori ez dela horrela, eta hirira heltzean gainezka dauden espazioetan bizi beharko dutela: “Ez dago lekurik New Yorken”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: new york
Batzorde bat osatu dute New Yorken herritar beltzek jasandako diskriminazioa erreparatzeko

Komisio berriak ikergai izango ditu etxebizitzaren eta espetxeratzearen arloko diskriminazioa eta diru-sarreren desberdinatasuna. AEBetako hirugarren estatua izango da horrelako batzorde bat sortu duena.


New Yorkek gerra deklaratu dio Airbnbri epe motzeko alokairuak mugatuz

Uztailean onartu zuten legea eta irailaren 5etik aurrera sartuko da indarrean. Etxebizitzak alokatzeko hiriko exekuzio berezien bulegoan izen emanda egotea, hilabetez azpiko egonaldiak legez kanpokoak izatea eta arau-hausteak zigortzea ekarriko du, besteak beste.


New Yorkeko gobernadoreak dimisioa aurkeztu du sexu erasoen eskandaluaren aurrean

11 emakumek salatu dute Andrew Cuomok sexu erasoak egin dizkietela. Fiskaltzak duela bost hilabete hasi zuen politikariaren aurkako ikerketa. Gobernadore ohiak bere errugabetasuna defendatu du: interpretatzen jakin ez duen “belaunaldi edo kultura aldaketa bati”... [+]


New Yorken kaleak itxiko dituzte, eskolak kanpoan eman ahal izateko

Aire zabalean eskola eman nahi duten ikastetxeen eskaerak aztertzen ari da New Yorkeko Udala, administraziotik erraztasun guztiak eman asmoz: dagoeneko 800 ikastetxeri eman die baimena, 220 eskolak baino gehiagok hiriko parkeak erabiliko dituzte eta 100 ikastetxek inguruko... [+]


New Yorkeko bi abokatu 45 urteko espetxe zigor arriskuan, polizia auto bat erretzea egotzita

Maiatzaren 30ean Brooklynen egindako protestetan polizia auto huts batera molotov koktela botatzea egotzita, bi abokatu atxilotuta dauzkate: Colinford Mattis eta Urooj Rahman. Bakoitzak 45 urteko espetxe-zigorra bete beharko dute egozten dizkieten kargu federalen errudun jotzen... [+]


Eguneraketa berriak daude