"Amama harro legoke, nahiko luke landareetan izan genuen aberastasun horretara iristea egun gure lurra"

  • Onintza Enbeita bertsolaria da, kazetaria, parlamentari ohia... eta baratzezaina ere bada. Hiru ahizpek dituzte unibertsitateko ikasketak, eta duela dozena bat urte erabaki zuten etxean beti ezagutu duten baratzeari eta azokan saltzeari berriz ekitea. Mattin Jauregik Egonarria saioan elkarrizketatu du, bizipozez mintzo da egunero egiten duten lanaz zein lan antolaketaz, eta ikuspegi kritikoz aztertzen ditu azoken errealitatea, nekazaritza eredua... Bere aitaren umearoko baserrirantz itzultzen ari dira, garai hartan landareetan zegoen aberastasuna eta emaria berreskuratu asmoz.


2024ko martxoaren 14an - 10:40
Azken eguneraketa: 12:43

Hemen osorik bere gatz eta piperraz gozatzeko:

Onintza Enbeitak baserrian hezi dela kontatu du: "Gure etxean beti egon dira baserritarrak, gure aiton-amonak baserritik bizi izan ziren. Aitak kanpoan lan egiten zuen baina beti izan dugu ganadua, txerriak, oiloak, konejuak ere bai urte luzetan… eta baratze handia landu izan dugu beti. Aita beti egon da sindikatuta EHNEn eta beti jakin dugu lan horrek daukan kostua, desberdintzen jakin dugu etxeko eta kanpoko generoaren artean...".

Hiru ahizpek unibertsitate ikasketak egin zituzten, eta duela dozena bat urte egin zuten hautua, etxeko ekoizpena bizibide izateko: "18 urterekin ez genuen pentsatzen lurra bizibide bat izan zitekeenik. Gure aiton-amonak lurretik bizi izan ziren, gure gurasoak ez bakarrik lurretik, eta guk ere neurri batean sinetsi egin genuen lurretik ezin dela bizi ez baduzu sortzen ez dakit zelako monokultibo bat edo horrelako ustiapen intentsibo bat".

Baina 32-33 urterekin, bueltak ematen hasi nintzen buruari: Ikusten nuen guk umetan erabat beteta, erabat martxan eta emaritsu ikusi genuen lurra gutxitzen gindoazela. Gero eta gutxiago lantzen, adibidez fruta-arbolak galduta (ihartu ziren eta berririk ez genuen jarri)... Orduan, pentsatu nuen, zergatik ez garai batean bezain loretsu eta emaritsu jarri, eta zergatik ez berreskuratu amonak azokan izan zuen postua. Urte batzutan ni bakarrik ibili nintzen, gero ahizpei entusiasmoa kutsatu nien eta hirurok hasi ginen honetan".

"Kooperatiba berezi hau oso ederra da"

Enbeitak bere berea duen umorez kontatu du nolakoa den hiru ahizpen artean lan egitea: "Berez ondo antolatutako zerbait izan beharko luke, baina beti kaotiko bihurtzen da, konfiantza dagoelako eta ardurak tarteka betetzen direlako. Baina gauza onak ere baditu: gu berriz ere etxeari eta lurrari emateak eta lurretik hartzeak elkartu egin gaitu. Behintzat tarteka elkartu egin behar dugu, pentsatu egin behar dugu zer jarri, nola jarri, non eta nola saldu, eta horrek gure artean taldetasun bat sortzen du. Ahizpak gara eta taldea gara. Eta talde horretan gurasoek ere ez dute alde egin nahi, orduan, lanean laguntzen dute. Niretzako polita da lurra eta baratzea aitzakia bihurtzen zaizkigulako elkartzeko eta elkarrekin gauzak antolatzeko. Gero haserretu egiten gara: etxerako txerri bat hiltzen badugu, urtero esaten dugu gehiago ez dugula txerririk hilko. Urtero esaten dugu gehiago inoiz ez dugula patatarik ereingo, urtero esaten dugu indabarik hainbeste ez dugula ereingo... Baina gero, urtero elkartzen gara berriro eta seguruenetik berriro akats berdinekin baina berriro ekiten diogu lanari. Niretzat, proiektu kolektibo moduan, kooperatiba berezi hau oso ederra da".

"Zuen amonak orain ikusi izan bazintuzte, zer pentsatuko luke?"

Galdera hori pausatu dio Mattin Jauregi Egonarria saioko aurkezleak, eta Enbeitak xamur bezain zorrotz erantzun: "Nik uste asko poztuko litzatekeela. Zeren eta berak nahiko lukeen moduan, ahizpa zaharrenak kontrolatzen du kudeaketa, eta beste biok egiten dugu lan eta arduratzen gara salmentaz, azokara joateaz. Nik uste dut oso harro egongo litzatekeela, eta nahiko lukeela garai bateko aberastasun horretara iristea gure ingurua. Ez naiz aberastasun ekonomikoaz ari, landare aldetik-eta izan genuen ugaritasun horretara iristeaz ari naiz. Ganadua falta zaigu, baina denetarako ez digu oraindik ematen, gainera gaur egun ganaduarekin beste inbertsio batzuk egin beharko genituzke, orduan, oiloak bakarrik ditugu. Amama pozik egongo litzateke, hori bai, harrituko litzateke, ze gure aita ere askotan harritzen da: gu ari gara itzultzen bere umetako baserri hartara. Botikak, herbizidak eta bestelako dinamiketan ohituta egon ziren urte batzutan, eta orain ari gara itzultzen garai bateko hartara. Baina beste alde batetik ikusiko luke arrazoia zeukatela orduan ere monokultiboetara eta granja handietara salto egin ez zutenek".

Amonak izan zuen Gernikako azokako postua berreskuratu dutela hamaika urte

Amonak astero saltzen zuen Gernikako azokan. Ondoren hamar bat urtez egon ziren tarteka joaten: "Ama joaten zen, ugari genituen gauzak saltzera: azokan bazen txoko bat produktuak zakuka erosteko, eta ama horra tarteka joaten zen intxaurrekin edo indabekin-edo". Uda honetan hamaika urte beteko dira azokara saltzera astero joatera itzuli direnetik.

Hamarkada honetan zer bilakaera sumatu duen galdetu dio Jauregik. Enbeitaren erantzuna: "Azoka beherantz doa erabat. Gernikako azokak inertziaz funtzionatu du. Denok dakigu astelehenetan azoka dagoela. Udaletxeak mahaiak jartzen ditu eta baserritarrak bakoitzak badaki bere mahaia zein den eta badoaz. Ez dago beste inolako laguntzarik, ez beste arretarik administrazioaren aldetik: inertziaz funtzionatzen du, eta inertziaz funtzionatzen duten gauza gehienak inertziaz hiltzen dira. Hiltzen ari da azoka. Ekoizleak falta dira, baina arreta ere falta da". Azoka baserritarren eremu gisa ulertzea eta zaintzea nahi luke Enbeitak: "Gure mahaiak batzutan usoek kaka eginda egoten dira, ez dago benetan zainduta eta ez da 'baserritarren eremua', eremu hori edonork erabiltzen du nahi duen moduan eta astelehenetan horra joaten jarraitzen dugu baserritarrok. Eta Gernikako azokaz ari gara, begira Gernikako azokak Euskal Herrian ze fama daukan!".

Baserria bizibide izatetik diru sarrera "estra" bat izatera pasa dela azaldu du Onintzak: "Gure aitak esaten du, umeak zirenean, esnea partitzen zutela Gernikan, untxiak-eta saltzen zituztela... Baserritik bizi zirela eta bizimodu gutxi gora behera duin bat ateratzen zutela. Gero etorri zen monokultiboaren tranpa, esnea zentraletara saltzeko engainu handi hori, eta orduan, bat batean, badirudi ezin dugula honetatik bizi. Orduan, baserritarra azokara doa diru 'estra' bat ateratzera. Oso zaila da hori apurtzea, jendeari buruan sartzea badagoela etorkizun bat ekonomia zirkularretik, berriro ere bioaniztasuna zainduta, monokultiboetatik irtenda, eredu estentsiboetan".

Azoka, interneteko azoka eta aitzakiak

Enbeitak Baserritik Gernikara proiektuaren berri eman du: "Webgune bat da eta bertan hainbat ekoizlek parte hartzen dugu. Asteazken eguerdira arte dauka bezeroak aukera asteko eskaria egiteko, eta ostegunean lokalean jasotzen du eskatutakoa, edo bestela, ostiral goizean etxera eramaten diote. Baserritarrok edo ekoizleok, azokan salduko genukeen prezioan saltzen dugu eta ez dago bitartekaririk, beraz, oso produktu justua da. Eta niri pena ematen dit, ze benetan ez dago hainbesteko eskaririk. Batzuetan jendeak esaten du: 'Azokak nola funtzionatuko du astelehen goizetan baldin bada?', baina beno, hor dago Baserritik Gernikara. Gainera azoka eskaparate bat da, gero hortik kanpo, telefonoz, whatsappez, Baserritik Gernikara bitartez, benetan hemengo gauzak erosi nahi badituzu, lurrarekiko errespetuz ekoitzitakoak, aukerak badaude".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzea/Ortua
"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2022-04-20 | Jakoba Errekondo
Jan eta bizi

Nahitaezkoa beharko luke hiri hondakinetan organikoa bereizi, luartu eta lurrari bueltatzea; hil ala bizikoa.


Eguneraketa berriak daude