Aio eta ez aio Iñaki

  • Iñaki Segurolaren heriotzaren harira, Garbiñe Larreak maiatzaren 15ean Uztarria hedabidean idatzitako gutuna da honako hau.


2022ko maiatzaren 17an - 06:00
Irudia: Olatz Aguado.

Ai Iñaki! Gaur hilabete hil hintzela eta hemen niagok, udaberri betean, elur arantzaren edo intsusaren loreei buruz idazten aritu beharrean hire heriotzaren belztasuna gainera etorrita; bizitzen nola asmatu behar ote dudan pentsatzen.

Hire lagunak ere hor aritu dituk, hiri buruz idazten. Hire heriotza ulertzeko saiakerak izan dituk, nahiz ez diagun baleko esplikazio bat aurkitzen. Hik fikzioarekin hauzkaken arazoak eta orain guk errealitatearekin zeuzkeagu. Hori bai, denok gure gorringotik eta alde erantzira aritu gaituk, uste diat hori estimatuko duala.

Hire telefonora ahots mezuak ailegatzen dituk oraindik eta posta elektronikora ere makina bat aitorpen bai. Onartzen lanak baitizkik hirekin ez dugula berriz hitz egingo. Jendeak bazakik hil egin haizela eta hala ere bakarrizketan ari zaik fuerte, hire heriotza eta hil ondorena nola bizi dituzten hiri kontatuz.

Hau dena olgetan benetan hartu beharra ziagok, Iñaki, hik ondo erakutsi bezala. Suizidioa ez duk olgetan aritzeko gaia, bene-benetan hartuta beltzegia duk baina olgetan benetan hartu beharra zeukeagu. Askotan esana huen hi ez hintzela bat, barruko anabasa horretan ahots asko zeudela. Ba orain, uste diat, ahots horietako batzuk barrez lehertzen ariko direla; hire heriotzaren inguruko hainbat kontu katxondeo hutsa izan direlako. Umore beltzak salbatuko gatxik, mattia.

Esan behar diat hil eta gero ere ez haizela bat. Hire izen eta izan asko ari direla agertzen. Barka, izenak baino izanak gehiago, ez zioagu Barandiri arrazoirik emango.

Hi hil baino bi egun lehenago bukatu nian hire librua zena, Sed quia sua, eta sentipentsatzen jarria niagok hau dena liburu horren jarraipena dela. Oteizaren hutsunea beste gairik ez huela pasa hituen hilabeteak eta hilabeteak (hoi dek lataputie!) eta orduan ulertzen nekeza zena orain bizitzea ari zaidak tokatzen. Hustasun latza utzi diguk, baina beteegia den hustasun klasea duk.

Arantza askorekin joan haiz eta hire arantzetako bat Sed quia sua liburu zailegia zela huen. Jendeak beldurra ziola irakurtzeari, erdiko trontzoa ezin zela ulertu, ondoena ulertzen zenean bukatu egiten zela… Liburuari begira jarri eta konturatzen nauk hi heu gelditu haizela bere pare: makina bat jenderentzat zailegia duk hire heriotza ulertzea eta gelditu dituk barruan arantza (eta zornea) dutela. Hire bizitzan ulertzen nekezak diren trontzo mingarriak esplikatzen jarri dituk lagun minak eta andrelagun hau. Bitxia duk, denetan lotsatienak, diskretuenak eta esponitzea gorrotatzen dugunok gaituk idaztera jarri garenak. Gaia eman diguk Iñaki, ez gutxi gainera. Ea gauza garen azaltzeko.

Hau idaztera ausartzeko pixka bat hitu, ogrotu, beharra ziagok baina ez diguk samurra jarri isilik egotea. Batzuk gehiegi ikusi baikenian hire hilaurreko herioa eta beste batzuk gutxiegi. Oinaze ikaragarri hura tapatzea erabaki huen, nahiz maskara sozial horri eusteak sufrimendu are ikaragarriagoa ekartzen zian. Gehiegi ikusi genuenon barruak arindu beharra ziagok, Iñaki, eta hori barrua hustuta egiten duk.

Etxe isil honetan ezin diat barruko zaratarik eduki eta bazeuzkat, hik esan ezin hituen gaiak zabiltzak nire barru mindu hauetan. Hemen hiri buruz hitz egiteko nezesidade haundia zeukeagu familiakook, lagunek, lankideek, irakurle eta entzuleek eta baita txakurrek ere.

Errua

Zarata horrek izen bat zeukak: errua. Damua, ezina eta mina ere bai nahasian baina gehienbat errua duk. Heuk ere erru galantak sentitzen hituen, niri kanpotik ulertzen zailak egiten zitzaizkidanak askotan.

Eta ba al dakik nork lagundu didan gehien egunotan erruari neurria hartzen? 112ra hots egin nuenean gure etxera aurrena ailegatu zen emakumezko ertzain batek. Lanak dizkik sinixtatzen. Aurreneko momentutik azkeneraino niri begira egon huen. Azkena izan huen atetik ateratzen baina lehenago jira eta eskutik gogor helduz esan zidaken: "Garbiñe, nik psikologia estudiatu nuen, psikologoa naiz. Zuk ez daukazu errurik. Berak ere ez dauka errurik. Hau gaixotasun bat da. Hemengo edozeini edozein momentutan etortzea dagoena gainera. Guk horrelako gauzak astero ikusten ditugu. Errurik gabe bizi zaitez, mesedez".

Haizeak jotako Kixote hura Sanchok munduko gauzetara ekarrarazten zuen bezala, emakume hark bajagarri eder askoa eman zidaken. Nahasmendutik atera, gertatzen ari ziren gauza espantagarrietan nire burua kokatu eta kokatutako tokian egon behar nuela erakutsi zidaken (hau irakurtzen baduzu jar zaitez nirekin kontaktuan, arren, nik ez dakit zu nor zaren baina zuk bai ni nor naizen).

Hire enzefalograma lautua gelditu huen ostiral santu egunean eta geroztik gure bihotzgramak zebiltzak eten beharrean. Beno, zenbaiten enzefalogramak ere eten beharrean utzi dituk. Hire heriotza ulertzen ez dutenak, hirekin haserre daudenak, hi kritikatzen hautenak, berekoikeriaz aritu haizela diotenak eta horrelako giza aleak zeudek. Ixilduko dituk den-denak, noizbait etortzen bazaie Deprax, Trankimazin, Noctamid edo Psicotric hartu beharra. Horren frogarik ez zeukeat, hala duk, baina zalantzarik ere ez.

Hi gorpu hintzela gure etxera aurrena ailegatu huen laguna Bentatxo izan huen. Maitasunetik eta barkamenetik hitz egin eta bizi behar genuela erakutsi ziguken laguna. Akordatzen haiz, berak ehizatu eta prestatutako oilagorra jaten genuen bitartean ze lezio ederra eman zigun. Geroztik, hainbati errieta ere maitasunetik eta barkamenetik hasi hintzen egiten. Bere lezioa orain inoiz baino beharrezkoagoa diagunez, nik ere maitasunetik eta barkamenetik idatziko diat.

Maitasunetik gehiago barkamenetik baino hala ere. Hilaurreko herio egun latz haietan maitasunak ematen duen anparoak bakarrik ematen baitzian arnas pixka bat. Asko behar huen, gu denona, eta denak zirudiken gutxiegi. Stig Dagermanek bere liburuari izen oso egokia jartzen asmatu zuela esaten hidan (Nuestra necesidad de consuelo es insaciable) baina hi ez hintzen literaturaz ari, bizitzea beste upel bateko sagardoa huen.

Barkamenaz gauza bakar bat utzi didak esateko: ez ziagok zer barkaturik. Hire gaixotasunaren testigu izan garenok, ulertzeko ahalegina egin dugunok eta hiri maitasuna ematen saiatu garenok ikusi diagu egin duana egin behar huela. Bai, bai, hau ulertzeko gai ez izatea izango da normalena, badakit, baina "alegiñ egiñ-faltan ez daukagu kontzientziyan zorrikan".

Tanatorioan

Tanatorioan bahuen ordea negarra, garrasia eta ezin kabitua. Kontzientziko zorrak, erruak, damuak, autoflagelazioa, min deskribaezin bat, harrimen mugagabekoa eta zergatik galdera.

Lehertzen ez den tristura egosirik ez Iñaki, lehertzen den tristura bakarrik ziagoken han. Urteetan negarrik egin ez zuela aitortzen zuen jendeak utzi zizkian malkoak, mukiak eta lerdea kristalari itsatsita. Esajeratua hintzen, bai, eta esan behar diat hura esajeratua izan zela; hire proportzioko zerbait.

Hik badakik batzuk hirekin haserre bizi zirela, beste batzuk ezin konponduta eta hirugarren kategoria, hiretzat misteriotsuena, hirekin haserre ez zegoena baina hitz egiten ez ziana. Horiek ere barruko korapiloak izango dizkitek orain. HHD (hau holaxe dek) ikusten nian hire aurpegian. Ez nitxakan erantzun hobeagorik.

Gaitzerdi hik hainbeste maite hituen atso xaharrak ere ageri zirela. Izeba Josefinak esan zidaken bera hildako asko ikusitakoa dela baina sekula ez zuela hainbeste gizon ikusi negarrez: "Emakumiak ez din ondo ematen, baña halako gizon gazte kantidadia marruka, ez den gauza politta". Hik hainbeste estimatzen huen Ezamaungo Anttonik ere ale ederra bota zian. Bai, bai, hiri, Ezamaungo Luxiaren semeari: "Zerun goza dailla". "Ze egoki esana Anttoni, poz eman diyozu" pentsatu nian barrurako.

Eta tanatorioko hire etzanaldia borobiltzeko Aimar Uribesalgo agertu huen. Bazeukeagu mutil honen premia. Bere surrealismo oñatiar eta umore beltz premia, esan nahi diat. Tanatorioko egonaldiei buruz behin egin huen jardun bat gogoan hartuta, hor agertu huen tanga jantzita. Heuk ezingo huelako edo, berak jantzi zian hire partez. Ez nitxoan esan hi Kotoin erositako pijama politt hura jantzita hengoela hilkutxan (Froitz, "Permanent tourist" jartzen dik paparrean pijamak, ikusten duk, aze gola sartu digun). Umore beltzak salbatuko gatxik berriro ere.

Hire despedidie

Apaizarena hain ondo egiten zuen baten hileta ezin zian apaiz batek gidatu, ez genioken utzi bere lana egiten, baina lanak izan genizkian gauzak ondo egiten.

Gizonek hartu ziaten iniziatiba eta andreek jarri fundamentua, oreka polita izan huen. Hori bai, plazagizonek hartu ziaten mikrofonoa, plazandreak zirenak ez zituan ausartu denen aurrera agertzera. Ahala handia duk baina mina gailentzen denean ezina ere bai.

Ekitaldiaren entsegua egiten ari ginela bat izan huen kolpetik kezkatu zena: "Ostras, ekitaldi musikal bat egitera goazela! Musikari eta bertsolari gehitxo dago hemen, Iñaki haserretuko zaigu!". Eta gero berak letu zian jendeari bizarrak laztu eta arnasa moztu zioan testu bat, han izan ginenoi bertsoak eta kantuak ahazterainoko testua. Bizi osorako nire esker ona eta miresmena hiri Kurku. Iñakirekin bizi izan huena bizitzeagatik, idazteagatik eta, hori gutxi ez, eta denon aurrean halako tenplearekin irakurtzeagatik.

You are always on my mind jarri genian bukaeran, Pet Shop Boys-en bertsioa. Abesti popero eta diskotekero bat nolatan, hori galdetu diate Beranduegin. Hik HL-n (Hankak Lurrin) erantzun ezin diekenez nik esango zieat zergatik: Euskadi Irratian aitari agurra egin hionean erabili huen zuen aitarentzat "fanfain" zen kantua. Hire anai Joxemariri eta bioi burura aurrena etorri zitzaigukena, agurra baino omenaldi keinua zelako guretzat.

Handik egun batzutara jarri gaituk letrari erreparatuz eta, sorpresa, halako gauzak esaten dituela ikusi diagu: "Akaso ez zintudan behar bezain ondo tratatu, akaso ez zintudan behar bezain sarri maitatu, egin eta esan behar nituen gauza txikiak baina sekula ez nuen betarik hartu. Beti zaude nire gogoan. Akaso ez zintudan besarkatu momentu bakartietan".

Biziak aurrera darrai, edo

Esaldi maiztu hori esaten zaidak jendeak, nire bizia kolpetik gelditu dela sentitzen dudan honetan. Biziak aurrera darrai esaten zidatek baina ez zekitek maila praktikoan horrek zer esan nahi duen. Hona hemen datu bat hori ulertzeko: hi larunbatean nitxoan sartu eta astelehenean hik medikuarekin haukaken hitzordura joan egin ninduan. Bai, bai, ez nian bertan behera utzi hitzordua. Ainhoa Egibarren arrazoiak aditzeko modukoak izan hituan. Baita Bilbotik idatzi zidan Eva Rodriguez hire mediku maitearenak ere.

Eta Argentinako puntatik medikurik anti-medikuenak idatzi zidaken penatuta, Eneko Landaburuk. Esplikazioak eman baino galderak eginez Iñaki, badakik, bere estiloan. "¿Qué podemos aprender de la muerte de Iñaki, los que aún todavía estamos vivos?" egin zian galdera eta nik erantzun: "Mucho Eneko, podemos aprender una barbaridad. Por ejemplo que el suicidio es algo bárbaro para familiares y amigos pero mucho más para el que se ve abocado a ello. Que juzgar es fácil pero comprenderles difícil. Que hay que amarles incondicionalmente aunque a ratos parece que no se lo merezcan, justo porque es cuando más lo necesitan (…)".

Medikuez ari garela orain jendeak medikazioa hartzea gomendatzen zaidak Iñaki, hobe beharrez, badakik, min hauek haundiegiak omen dituk norberak kudeatzeko. Pazientzi ipilakoa hartu beharra ziagok lagun hurkoarekin eta zer esanik ez eskatu gabeko aholkuekin. Fakultatean ikasi nian hobe beharrez egin zituela gizakiak historiako ankerkeri basatienak ere; oso gauza sospetxosoa izan duk niretzat beti hobe beharrez aritze hori. Bai Iñaki, bai, gizakia sospetxosoa duk (hori errepikatzen aditzen haut).

Idatzi honetan denak eta ez direnak esatera jarri beharra daukadanez hiretzat gogoangarri eta zirraragarri izan zen elkarrizketa bat ekarriko diat hona, jendeak uler nazan. Euskadi Irratirako 2013an Maite Artolak Feli Artanori, Joxi Zabalaren amari, egindakoa. Hik buruz hekian pasarte hau (14´):

Galdetzen dio Maitek: "Laguntza behar izan duzu biziari eusteko?" eta Feliren erantzuna:

"Medikamentu aldetik ez behintzat, neroni ukatzen nintzen medikazioa hartzera. Orduan oso mediku onak, kabezerakoak eta, nituen. Ondorenean, joaten banintzen, gauza konkretuengatik joango nintzen ni, eh! Ezer gabe ez nintzen joaten. Eta orduan esaten bazidan niri, bai, zerbait behar duzu, antidepresiboa edo, neroni ukatzen nintzen hartzera. Esaten nuen, nik gauean esna egon behar badut, esna egongo naiz baina nik botikarik ez dut hartuko lo egiteko (…).

Maite Artolak: Mina kentzeko, sufrimendu hori kentzeko edo.

Feli Artanok: Bai, barruko hori. Horrekin zer hartu zenezake? Hura kenduko duzu?".

Maite zaituztegu(t)

Eta orain, astoa langan bezala, ez aurrera eta ez atzera utzi gaituken honetan ezin leizken gauzak (ELG) pentsatzen dizkiagu gutako askok. Hirekin planak egiten jarraituko dugula adibidez. Izan ere, zenbat plan utzi dituken Iñaki egiteke! Zenbat gonbidapen handik eta hemendik! Ai ama, nola burutu horiek denak!

Ba eginez, aditzen haut esaten, eta onena hori duk, plan horiek denak egin egingo ditugula. Beti baitasunaren alde egin. Hiri asko gustatuko zitzaiken, hire heriotza olgetan benetan hartu dugun seinale delako. Hik utzitako hari eta litsekin egingo diagu kakorratzez lepoko goxoa. Hire apuntadorea izan nauk urte hauetan eta oraingoan ere zerrenda egitea niri tokatzen zaidak.

Beraz, gai edo gauza izango gaituk honako hauek egiteko:

Bazkari bat Angunen eskela ganberro eta politena jarri ziaten hire lagun gazteekin. Hire gose-beldurra dela medio armairuak utzi baitituk anakardoz, Fakundo suprema paketez eta txokolatez beteak. Hire lagun gazteekin batera jango dizkiat enpatxu eztia egin arte, nahiz orain hire jan poza edukitzea zaila den. Eta sugar bluesean laketuko gaituk Iñaki, hik utzitako hutsuneak sortzen digun tristura urdindu hori gozagarriekin goxatuz bezala.

Esanda geneukan bezala Granada errekara joango gaituk Azkonobietako familiarekin. Xabatek hiretzako bakarrik arrantzatu nahi zizkian amuarrainak denon artean jango dizkiagu.

Jon Artanorekin geldituko nauk Olazko ermitan, bailaralogiaz aritzeko, eta Danel Agirrerekin Gabonetan, baklava batzuk janez, euskal kulturgintzaren panorama negargarriaz aritzeko. Hi falta haizekenetik are negargarriagoa, berak dixit.

Ur hotzismoa praktikatzen jarraituko diagu. Miel, Aimar, Isuo eta orain Izarorekin ere bai Zuolako putzuan, Zurrunbilloan. Dorletarekin Potorrosinen, Oihanarekin Kilimon errekan eta Helenarekin Gilluen. Burua sartuko diagu ur korronte azpian, hik egiten huen bezala, ideiak ondo zentrifugatzeko, eta neguko gurma-egunetan joango gaituk Mutrikuko tanborrera olagarroari bisita egitera, ea Mister Albert sartzen zaigun oraingoan.

Atraskura joango nauk asteazkenetan, hire bigarren familiarekin txipiroiak jatera. Ze egingo diat, gaixki?

Jungo na Baleneaz eta Inestxuaz Ondarrure, matxi, ze han zeure zain daz, espezaimenan zain. Han zazelakun hamen za! Eta alrebeseta be bai, famauoi (hori ezta wishful thinking). Matxe zatxue mogolloi, baakixu. Agirreoan antxoa fileti jangou Zamoranin, jateko eder gexa be bai eta kafi hartukou, neskafeinau baine ona, ze Ondarruko onena Iñaki Deunan da, Zamoranin. Gero Jai Braianea jungoaz, eta danon artin eingotsue OGA (Ondarrutar Gaitasun Agiria) azterketi baine atzekoz aurrea, ahozkutik hasitte. Nik barai aprobakozule. Etxeruzkun, Saturranea beire esangostazu "bixitxi marabilli re", eta Kemen Lertxundin kantan bat kantakostazu.

Nerea, Oier, Ioritz eta Aiorarekin egingo diat bazkaria, oraingoan Hernanin tokatzen zaiguk. Nerearekin hitz egiteko gai asko utzi dizkidak, dedio. Kasualidade esanguratsuegien zerrendan apuntatzeko gai gehiago atera genizkian aurrekoan biok eta jarraituko diagu zeregin horretan. Paul Austerren Experimentos con la verdad utzi zioat, hire azpimarrak letzetik hasi dela uste diat.

Hire konfidente gorriya bazkaltzera gonbidatuko diat, berriz ere lantxoak pilatzen ari zaizkiguk-eta. Beasaingo omenaldian oparitutako koadroak zintzilikatuko dizkik eta gero nik xaxatu beharko diat, ea komunismoaren sukarraldia pixka bat bajatzen ote zaien. Odolkia, garbantzua eta gazta-menbrilloak, ondo gobernatuko diagu barrua hire omenez.

Kanposantura joango nauk hire anaiarekin, kabezerako fisikariarekin, goiko Begoñitarekin, Lorea, Nagore eta Aitziberrekin. Erabaki diagu hiri begira, hirekin hizketan, pipitak jango ditugula; ea hiri gertatzen zitzaian moduan, guri ere ideia eder batzuk etortzen zaizkigun pipa janean ari garela. Han ondo hago, nik esan behar banu. Lurraren mailan hagoelako, Abitainen, 576. nitxoan, hik defendatzen huen umildade jator batean. Arauntz ederki ikusten duk hi hagoen tokitik eta zulogilea ere bertan ziagok. Hik HL-rako elkarrizketatzerik ez huen lortu, orain guk aterako zizkioagu kontuak. Egin dizkiaten bisitatan atso xaharrak eta nerabe koadrillak ikusi dizkiat litxarkeriak jaten, zapatu arratsaldeetan. Hire saltsan hago beraz. Eta onena, Iñaki, guaiak ez direla kanposantura joaten. Bizitzan jasan ezin hituen guaiak aldendu egin dizkiagu hi nitxoan sartuta, badaukak eskertzen lana.

Ah, eta ohar bat. Kanposantuan bi lorontzi izango dituk. Batean nik ipiniko dizkiat loreak eta bestea hutsik utziko diat, nahi duenak nahi duena jartzeko. Ipiniko dizkiat garoa, betibiziak, elur arantza, intsusa lorea eta arantzadun larrosa gorriak baina baita uztaoa, mihura, astalikardoa, lipu-belarrak eta asunak ere. Beti eduki diagu besteak ez bezala ibili beharra eta hi hil haizela-eta ez gaituk orain hori aldatzen hasiko. Hire lagun Artuek esaten ziguan bezala, rarezan oso aurrera joanak gatxaudek.

HLko 150 saio daudela esan zaidak Mamok ("horrek estatistikok apurtzeko dauz, Mamo"). Euskadi Irratikoak ez zakiagu zenbat. Gutako asko berriro aditzen ari gaituk, beste batzuk aurrenekoz. Peruzzioren atze-sintonia kantatzen segiko diagu, Asteasuko Iturriondon edo Eki Timorreko hiriburuan. Portzierto, ba omen zeudek entzule batzuk Eki Timorrerako hegaldiak nola dauden begira aritu direnak. Etzakiagu joango garen, turismoa egitea hi traizionatzea izango baituk. Cheeto batzuk janez argituko diagu gaia.

Kukua adituko diat Otzabian edo bi kuku Garinen, txandaka kantuan. Hire atte Antoninoren eta Jose Inazio Lasaren esanak gogo-bihotzetan ditugula.

Transportes Segurola jartzen duen kamioren bat aterako zaidak parera Irunera abiatzen naizenean, bazakiat. Jorgeri eta Beñati egin behar baitziet bixita. Hik beti izate huen zereginen bat han eta oraingoan ere utzi dizkidak egin beharreko lanak.

Total, subtotal

Hau luzeegia idatzi diat Iñaki, bazekiat, honezkero sufritzen egongo haiz baina sujeta hadi, ez dik axola. Denboran eta ez denboran sinesten badiagu, erloju kontuak besterik ez dituk.

Ez hadi kezkatu niregatik, saiatuko nauk AAG (argi, arin eta gozo) bizitzen, hik heuk bizi nahi huen bezala. Heu ere egon hadi AAG hagoen ez leku horretan. Saiatu esan diat, ea lortzen dudan; saiatzea ez baita lortzea, bereizten jakin behar litzateke.

Lasaituko haiz ikusten duanean nola ari naizen ogrotzen. Hasi nauk baten bat haizea hartzera bidaltzen. Hik erakutsitako eskola duk, Oteizarena, zertarako mantenduko dizkiagu ba horrelako adiskidetasun bigunak, antzutasunera besterik ez garamatzatenak. Ah, bai, zergatik ez diat esan. Orain aditzea tokatzen ez den gauzak esaten hasi ez zaizkidak ba, hau duk, hi hemen hagoela gurekin, bizirik edo hilda ez dagoela alde haundirik, lasai egoteko, ni indartsua naizela eta horrelako paolak. Ez ditek besteren minik ikusten, akaso eskuak garbitzeagatik. Leihotik begiratzen genian Izarraitz azpiko paraje eder horietara eta lasaitu egiten gintuan. Orain han hago, paraje eder hartan, Azpeitiko kanposantuan. Bi hankak Abitainen, Xegu.

Hiru izeba eta ama bat alargunak zeuzkeat eta horiek izango dituk gaur, orain eta hemen eskolarik onena. Batek esan zaidak ijitana batek bezala egiten dudala negar eta hori ona dudala, berari ez ziotela utzi. Ez zegok horren pareko coach-ik. Beste batek gogorarazi zaidak gure aita zenak esaten zidan kopla hau: "Ze uste ziñun zala enamoratzia? Sillan eseri eta gitarra jotzia?".

Bukaera hau hire idiolektoan ari nauk egiten. Hetxotik, bi haizek alde banatatik jota batu gintuan. Udaberriko aurreneko ilargiak eraman hau (ai ilargiaren betetasuna! Nora zoaz ilargiak jotako jendearekin!). Orain, seguru asko, hik gehien maite huen ama uraren altzoan izango haiz, ur osinen batetan burua sartuta. Urbesteratua. Hire pozerako.

Inorekin ez hintzen ezkontzen eta niri hire andrelaguna izatea tokatu, marka duk. Orain "alargun" hitz gez, lehor eta triste horretan errenditu ezinik bezala utzi nauk eta hire faltan niagok, beste hitz bat asmatu behar baitidak izenik gabeko izan berri honi ekiteko.

Nahi nikek bidea samurra izatea, baina bizi hau ulertzen ez zegok erreza. Lasaitzen natxik hirekin ikasitakoak: ulertzea gainbaloratua dagoela, poesia ere ez dela dena ulertzen, badela eremu lauso bat, gauza gai deskribasmatuen, ez definituen eremua. Ba nire biziak ere izango dik eremu lauso horretatik dexente.

Eta bai, egingo zeoat kasu Aitziber Amasi. Orain jarri baitidak hi asko ponitzen hituken ezkontza klase bat egin beharra: parra eta negarra ezkondu beharra.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila... [+]


2023-12-21 | ARGIA
Eskatzen dutenen erdiak lortzen du Eutanasia Legearekin hiltzea Espainiako Estatuan

2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.


Eguneraketa berriak daude