AHTren aurkako bizikleta martxa antolatu dute Iruñetik Atxondora

  • Nafarroako AHT Gelditu plataformak antolatu du eta uztailaren 28tik 30era arte iraungo du. Atxondora heltzean, hiru eguneko akanpada egingo dute.


2021eko uztailaren 06an - 10:55
Azken eguneraketa: 13:00
Argazkia: AHT Gelditu

Bizikletaz etapaz etapako ibilbidea antolatu du AHT Gelditu plataformak. Uztailaren 28an, asteazkenean, hasiko da Iruñetik eta Atxondon bukatuko da uztailaren 30ean. Bertan, hiru eguneko akanpada egingo da, abuztuaren 1era arte. Ekimenaren helburua Abiadura Handiko Trenaren obrak gelditzeko eskatzea da.

Antolatzaileek salatu dute 15 urteko lanaren ondoren, EAEn AHTrako behar den inbertsioaren %58 falta dela egiteko. Nafarroan, hamar urte eta gero, inbertsio osoaren %96 falta baita trenbidea martxan jarri ahal izateko. Plataformak salatu du finantzaketa hori lortzeko funts publikoak erabiliko dituela Nafarroako Gobernuak, pandemiaren osteko egoerari aurre egiteko Europatik jasotzen dituen laguntzak, hain zuzen.

Biztanleriaren sektore handien pobretzea gertatzen ari den bitartean, gizarte-gaietan murrizketak egin direla esan dute elkartetik, eta egoera horrelakoa izanik, dirua obretarako erabiltzea onartezina dela. AHT dagoeneko eraikita dagoen azpiegitura dela eta atzera egiterik ez dagoela “inposatzen” ari direla salatu dute, baina, errealitatea bestelakoa dela diote haiek: eraikuntza gelditu egin daiteke, eta horretarako jarri dute abian ekimena.

Bizikleta martxa

Uztailaren 28an, goizeko 9:30ean abiatuko da martxa Iruñeko Diputaziotik. Hasiera ekitaldia bukatu eta gero, Irurtzun zeharkatu eta Etxarri Aranatzera helduko dira parte-hartzaileak.

Bigarren egunean, Altsasu eta Agurain igaroko dituzte eta Eturan bukatuko dute bidea.

Hirugarren egunean, Arrasate eta Elorrio zeharkatu eta Atxondora helduko dira. Ongi-etorri ekitaldiaren ondoren, hiru eguneko akanpada hasiko dute.

Gauetan ekitaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Bazkaria eta afariak ere bertan egingo dira, eta horretarako txartelak hartu beharko dira. Bizikleta eta kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da, joateko ibilbidea osatzeko; bueltan, ibilgailuetan itzuliko dira Iruñera.

Izena-ematea

AHTrik ez akanpadaren webgunean eman daiteke izena. Informazio gehiago lortzeko, plataformaren gunea kontsultatu daiteke.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AHT gelditu! elkarlana
2023-08-28 | Ilargi Manzanares
Herriz herri salatu dituzte AHTrako zundaketa asmoak bizikletan

Sakana, Goierri eta Lautadatik igaro da martxa abuztuaren 25etik 27ra, ekimen, kontzertu eta kontzentrazioekin.


2023-08-25 | Ilargi Manzanares
AHTrako zundaketak gelditzeko bizikleta martxak bidean dira

Abiadura Handiko Trena eraikitzeko zundaketa geologikoen baimen-eskaeren aurka, hainbat taldek bizikleta martxa antolatu dute Sakanan eta Goierrin. Zundaketek kaltetutako lurraldeak zeharkatuko ditu abuztuaren 25etik 27ra.


Eguneraketa berriak daude