Ahateen auzia beti dilindan da

  • Hegazti gripea zela kausa administrazioak kabalak hil nahi zizkien hazle ttipien aldeko mobilizazioak duela hiru urte iragan ziren. Auziak iragan ziren 2018 eta 2019an, ekoizleak hobengabe utziz eta ELB sindikatua zigortuz. Azken epaiaren ondotik, prokuradoreak dei egin zuen, eta auzia ez da bukatua.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko maiatzaren 24an - 11:58

Udaberriko goiz hotz eta ederra zen. 2017ko apirilekoa. Goiz argia gabe, herritar multzoak bildu ziren Barkoxe, Domintxaine eta Gabadiko etxalde ttipien aitzinean, Cathy Xabalgoiti, Jean-Mixel Berho eta Bernadette Prebende laborarien ahate, oilo eta usoen hiltzerat ez uzteko. Zuberoan hautetsiak jarri ziren lehen lerroan. Besteetan, herritarrek zieten lehenik bidea moztu DDPP kabalen osasun administrazioari eta berekin ekarri zituen jendarmeei. Negar gasak erabilirik ere, hegazti guziak bizirik jalgi ziren. Gero etorri ziren auziak. Ekoizleak berak zuritu zituzten epaiak, eta ELB sindikatua diruz zigortu zituenak.

 

 

 

Marc Lataillade

 

 

 

 

Lataillade familiaren Bidaxuneko txitategiak ere izan zituen administrazioaren mehatxuak eta ahate umeen hiltzeko manuak. Ahate umeak adoptatzeko kanpainarekin buru egin zitzaion mehatxuari. Joan den uztailaren 23an eman zuen Baionako auzitegiak Lataillade familiaren, Jean-Mixel Berhoren eta ELB sindikatuaren kontrako epaia. Bidaxuneko ekoizleak zuriturik atera ziren; Berho 300 euroko isunarekin, eta sindikatua 2.000 eurokoarekin, baina gibelapenarekin. Laster jakin zuten, haatik, dei egin zuela prokuradoreak. Geroztik, berririk ez. Marc Lataillade: “Zurituak izan ginen, eta dei egin zuten, baina ez zaigu ofizialki deus errana izan”. ELB sindikatuko Maritxu Lopepek prokuradorearen tema hauteman du: “‘Oldartze edo administrazioaren kontrako ekintzagatik’ zurituak; sobera ontsa atera dira prokuradorearen iduriko, eta dei egin du. Ez dakigu noizko den auzia”.

Hain zuzen, Bernadette Prebendek —Gabadiko oilo eta uso hazlea— mehatxu horren dasta ukan zuen joan den abenduan, jendarmeriara deitua izan baitzen, baizik eta ez zuela administrazioa utzi bere oiloen hiltzerat. Lotua litzateke Baionako prokuradoreak egin deiari. “Horra arte ez nintzen sekula galdekatua izana. Harritzekoa da, hiru urteren buruan! Geroztik, ez dakigu deus”, dio, balditurik.

Panpi Sainte-Marie ELBko bozeramaileak ere estatuaren tema ikusi du, mobilizazioaren garaipen politikoa trebes dutelako: “Izugarria da estatuaren presioa. Anitz diru xahutu dugu afera horretan. Estatuaren erantzuna mendekua da, erranez: ‘Auzi politikoa irabazi duzue, baina gaztigatuko zaituztegu diruarekin’. Ez bagenu ukan jendartearen sostengua, ekonomikoki biziki gaizki ginateke”. Ipar Euskal Herria uharte ttipi bat baizik ez da izan hegazti gripearen istorioan, Sainte-Mariek adierazi duenez. Beste eskualdeetan kumeak masiboki eho dituztelako. “Kontzientzia hartzea izan da hemen, beharbada, baina besteetan, ez. Anitzek erraten digute: ‘Zer xantza duzuen, erresistentzia egin duzue, inguruko elkartasuna alde zenutelako’. Hemen, ELBk jakin du zubi lana egiten herritarrekin, klase politikoarekin. Ez gara bakarrik, eta horri esker dugu eraman borroka hori. Besteetan, FNSEA da jaun eta jabe”.

Berriz ere plomuan

Krisi denboran, Bidaxuneko txitategiko bezeroak deitu zituen banaka administrazioak mehatxuak eginez eta Bidaxuneko hazleen ahate umeak ez erostea gomendatuz. Larderiak izan zuen ondorio, Landetan eta Biarnon zituzten ume erosle batzuek ahate hazkuntza alde bat utzi baitute geroztik. Etxeko ahateak egiten zituzten erosle anitz uzkurtu ditu, bestalde. “Baziren berrogeita hamar bat ume hartzen zituztenak etxeko; hazteko eta galkatzeko”, esplikatu du Latailladek. “Etxeko txerria egiten den bezala. Gero, familiakoei saltzeko. Hiru urtez gutiago izan dira, baina iruditzen zaigu berriz hasiko direla orain”.

Bizkitartean, galtzeak izan ditu etxaldeak. Partikularki, administrazioak ahate umeak hil nahi zizkien urtean, 2017an. Orduan, DDPP departamenduko kabalen babesteko administrazio buru Mesplede jaunak —ahateen hiltzea agindu zuenak— hitzeman zien kalte-ordainak ukanen zituztela pairatu aktibititate baratzeagatik. Oraino beha daude: “Jasan kalteagatik ez dugu ez barkamenik ez fitsik ukan. Ez eta prefetaren aitzinean hitzeman zigun kalte-ordainik ere”. Alta, jarduera apaltzea ez du ttipia ukan txitategiak: 2017an, %70-75 inguruko apaltzea; 2018an, %40koa. Baina egoera hobetu da geroztik: “Aurten, hegazti gripe aitzineko urte baten hein bertsuko negozioa berreskuratuko dugu, ontsalaz”.

Arau beteezinak

Osasun kontrol garratzak izan dituzte kabalak bizirik mantentzea erdietsi zuten ekoizleek.

 

 

 

Bernadette Prebende

 

 

 

 

Hegazti gripeen krisien ondotik, administrazioak arau biziki zorrotzak ezarri dizkie laborariei, ezberdintasunik egin gabe hazkuntza industrial handi eta etxe ekoizle ttipien artean. Lataillade: “Ekoizle handienen arau berak ezartzen dizkigute. Alta, gurearen gisako etxalde ttipian aski da so egitea errute ona izan den, saldoa osagarri onean den. Ekonomikoki itogarria litzaiguke eskatzen duten guzia egiten bagenu”.

Prebenderi azterketak biziki kario atera zaizkio. “Analisiena menskeria izan zen! Nihaurrek bakarrik, 10.000 euro xahutu nituen. Oiloak eta usoak atxiki bainituen, hiru aldiz eginarazi zizkidaten. Ezin onartua da! Hainbeste azterketa deusendako”.

Osagarri azterketez gain, kabalen aterpeentzat, jateko askentzat, tresneriarentzat ere arau zorrotzak behartzen ditu administrazioak. Alde horretatik, Gabadiko etxaldeak abantzua bazuen. “Normetan nintzen jada, zeren eta lehen aldian izan zelarik gripea gela egin nuen. Baina, gosta da; zuhaurrek eginez kontatu behar dituzu 10.000 euro inguru”. Ez zuen, beraz, arazorik izan aterpeengatik. Haatik, arauek galdegiten dute arrautza ontziak aldi oro aldatzea. Erran nahi luke ekoizleak ez lukeela haizu ontzien berriz erabiltzea. Komunzki, hazkurri biologiko saltegietan, Amapetan, merkatuetan herritarrek egunero egiten dutena debekatua da: arrautza ontzia zikinontzirat botatzeko partez berriz erabiltzea. Prebendek dio ezinezkoa dela: “Gastu handia da, ontzi bakoitza 20 zentimo euro baita”.

Maritxu Lopepek esplikatu du estatuak nola zorroztu dituen arauak. “Sekula izurrite bat agertzen bada, goi graduan sartzen dituzte neurriak. Arau batek dio azarotik otsailera ahateak konfinatu egin behar direla. Eritasunik gabeko urteak ukanik ere laborariak behartuak dira horretarako aterpearen ukaitera”. Gehienetan hutsik egoten diren tegi handi-handiak eginarazten dizkiete, hots. Lehen, saldo bat baino gehiago egiten zituzten. Orain, galkatu eta saldu ondoan berria sarrarazten den aldi oro neurri zorrotzak segitu behar dira. Ekoizle gotorrenek nahiago izan dute saldo bakarra egin aldikal “alimaleko eraikinak” eginez. “Ondorioa da industrializatze prozesu bat izan dela”, dio Lopepek. Hortik uler daiteke zergatik hainbeste hazle ttipik amore eman duten.

 

 

 

Maritxu Lopepe

 

 

 

 

Puralleria negozioaren sistemak horretara bultzatzen ditu hazle industrialak. Anitzetan kooperatiba batentzat ari dira ahate galkatzen. Saldo bat bururaino hazia dutelarik baizik ez dute saria altxatzen. Sekulan saldoa ez bada behar den bezalakoa, saria gal dezakete. Horregatik gotorrenek nahiago dute saldo bakarra aldian, baina milaka burutakoa. Saria franko xuhurra baita egin lanaren aldean. Lopepe: “Hazle batek kontatu zigun hamabost egunez mila ahate galkatu zituela eta ez dakit 50 euro ukan zuenetz lan horrendako. Arrunt sistema bortitzak dira! Esklabotasun bat da!”. Gripearen krisiak bortitzago bilakatu duena, 20.000 ahate arteko saldoak baitira egun.

Panpi Sainte-Marieren iritzian, FNSEAk akuilatu industria horrek ez du irakaspenik atera: “Ihes egite bat da. Zuloan nola barnago sartu. Sistemak muturreraino segitzen du”. Lehen bestaburu egunetako janari bakana zelarik ahatekia, egun guzietako haragi arrunta bihurtu du industriak. Laborari batzuk horren zerbitzura ezarriz. “Laborari handiek barneratua dute bastimendu handiak egin behar direla; haietan neurri gogorrak ezarri. Sistema horren aldekoek ez dute batere beren burua dudan ezarri”. Haragi horrentzat erosleak badirela argudiatuz.

Arazoa da deusek ez duela bermatzen izurritea berriz ez gertatzea. Europa mendebaldean ez da kasu larririk agertu 2017tik, baina ekialdean gertatzen denak arrangurak piztu ditu. “Ministeriotik jakinarazi dute alerta batzuk agertu zirela Europa ekialdean”, dio Lopepek; “azken aldian ere handik etorri zen. Kristoren industriak baitira han ere!”. Neurriek zerbait gisaz eragotzi badute berriz hedatzea, momentuz, Sainte-Marie ez da fida: “Ikaragarriko xantza ukan dugu, ez baita berriz gertatu. COVID horrekin ikusten dugu kontzentrazio handiek dutela birusa hedatzen, eta oraino banda handiagoak egin dituzte ahateekin. Hamar hazle alimaleko izateko orde, behar lirateke ehun ekoizle ttipi”.

 

 

 

Panpi Sainte-Marie

 

 

 

 

Duela hiru urtekoak argiki erakutsi zuen tokiko kabala motek ihardukitzen ziotela birusari —kriaxera lekuko—. Baina industria ez da horretarik ari. “Ahate arraza genetikoki bakar batekin ari dira Frantzia guzian kasik. Dramatikoa da! Behar litzateke genetika aniztasuna landu. Eritasunen borrokatzeko berme handiena litzateke”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude