Agur eta ohore adierazpen askatasuna

  • Adierazpen askatasunaren mugei buruzko eztabaida gosea baino zaharragoa da. Ezin konta ahala iritzi daude, gaia filosofiaren mailaraino eramanez. Espainiako erregimenean, ordea, ez dago zalantzarako tarterik. PPren eskutik, arauz –Mozal Legeak– eta epaiz josten ari da autozentsura ideologikoa. Gurpil errepresiboaren azken itzuliak Andeka Jurado harrapatu du: Twitterren bertxiotzeagatik lehen zigortua da.

Axier Lopez @axierL
2017ko azaroaren 28a
Andeka Juradoren sarekada berean atxilotu zituzten kartzelan hilabete bete duen Alfredo Ramirez, lehen txiolari presoa, eta hiru epaiketa aurretik dituen La Haineko kazetari Jorge Correa “Boro”, besteak beste.

2014ko apiriletik 2016ko apirilera egindako lau atxiloketa saiok osatzen dute Armiarma operazioa; orotara, 77 lagun Twitter eta Facebooken terrorismoa goratzea leporatuta. Denak ezkertiarrak eta asko euskal herritarrak dira. 33 urteko Andeka Jurado barakaldarra sarekada horretan atxilotu zuten 2015eko maiatzean. 2016an Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zion 18 hilabeteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa berretsi du orain Auzitegi Gorenak. Eta beraz, norberak sortu ez duen mezu bat zabaltzeagatik espetxera joan daitekeen lehen pertsona da. PPren gehiengo absolutuaren osteko garaiotan, aurrekari juridikorik ez duen kasu honek ederki erakusten du adierazpen askatasunaren mugak non dauden: zigor epaitegietan.

Bi bertxio, txio bat eta bideo bat

Kartel hau txiokatzeagatik zigortu dute Jurado.

“Zigortu naute lau txio zabaltzeagatik eta horietan nik idatzitako bakarra ‘Agur eta ohore Iosu’ izan da. Lau hitz horiengatik urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri didate”. Andeka Juradok aipatzen dituen txio horiek 2015eko urtarrilean zabaldu zituen, Iosu Uribetxebarria preso gaixoaren heriotzaren testuinguruan. ETAko kide ohiari Arrasaten egin zioten omenaldia publikoa eta legezkoa izan zen eta arazorik gabe burutu zuten lagun eta senideek. Halere, omenaldi horren irudi batekin, Uribetxebarriaren aurpegiarekin eta “agur eta ohore” leloarekin osatutako kartel bat partekatzea –Amnistia ta Askatasuna taldeak egindakoa– izan da Jurado zigortzeko arrazoia.

“Terrorismoa goratu ez zuen ekitaldi baten kartela bertxiotzea terrorismoa goratzea bilakatu dute”, dio haserre Juradok. Twitterren aritzen den edonork badaki bertxiotzeak ez duela, berez, mezu horrekiko aldekotasun edo kontrakotasunik adierazten, zabaldu egiten duzula esan nahi du bakarrik, zernahi dela helburua. Halere, Juradok, argi eta garbi adierazi zion epaileari, baietz, nahita zabaldu zuela kartel hori. “Iosu agurtu nuen Twitterrez nire kidea izan zelako; biok kartzelan ginela, biok ginelako Euskal Preso Politikoen Kolektiboan. Joaten diren pertsonei agur eta ohore esatea erabat normala da Euskal Herrian, baina Madrilen hori perbertitu egin dute”.

Txioekin batera, Youtuben 2007tik ikusgai dagoen “Euskal Herria Resistance” bideoa zabaltzeagatik ere zigortu dute Jurado. Euskal Herriko eta Irlandako gatazka armatuen eta kale borroken irudien bilduma da. “Gure herriko historiaren gertakizunak dira horiek denak, nik ez ditut igo eta eskubide osoa daukat horiek zabaltzeko, Twitterren beste erabiltzaile askok egin duten gisan”, kexu da Jurado. Beldurra eta autozentsura hedatzea dutela helburu azpimarratu du, eta epaiketan agerian geratu zela: “Umeen pornografiari buruzko bideo bat sareratuz gero, bideogilea epaitzearekin batera, zer da epaileak eskatzen duen lehen gauza? Delitua, bideoa, saretik ezabatzea. Bada, nire kasuan, delitutzat jo dituzten bideoak eta hiru txioak ezabatzeko agindurik ez dago, egun edozeinek ikus eta bertxio ditzake. Argi utzi dute bilatzen dutena”.

Epaiak dio mota horretako edukiak zabaltzeak eragin dezakeen mina saihesteko zigortu dutela. Halere, beste zerbait pentsatzeko zenbait datu ere badaude: txio horiek zabaldu zituenean Juradok 120 jarraitzaile zituen Twitterren eta egun 2.500, Juradoren atxiloketaren harira “Agur eta ohore Iosu” mezuak errepikatu ziren eta “Euskal Herria Resistance” bideoak 25.000 ikustaldi dauzka orain. Juradoren mezuen hedatzea galarazteko asmoz agindutakoa bada zigorra, helburua ez duela lortu dirudi. Horrez gain, ezarri duen aurrekari penalak espetxeko ateak ireki dizkio sare sozialetako milaka eta milaka erabiltzeri.

Almeida abokatu talde espainiar ezagunak horrela laburbildu du Juradori ezarritako zigorra: “Txio batengatik norbait zigortzea, intentzionalitatea kontuan hartu gabe eskubide penalari iseka egitea da. Bertxio batengatik zigortzea inteligentzia iraintzea da”.

Andeka Juradok ez dio Twitterren idazteari utzi bere kontuan: @berrirohemen

Kontrola sare sozialetan?

“Nik ez ditut defendatuko faxismoa edo matxismoa, baina haien iritzi nazkagarriak esateagatik ez dut inor espetxera bidaltzea nahi, borroka ideologikoaren bitartez garaitu nahi ditut, ez epaitegietan”, dio Juradok. Muga bakarra mehatxua dela dio eta, hortik aurrera, edozer esatea libre da; “ez bazaizu gustatzen, emaiozu buelta dialektikoki”.

Euskal gatazkarekin lotutako kasuak askotan baliatu ditu Espainiako erregimenak eskubide murrizketak gizartearen aurrean justifikatzeko. Juradok argi du hori ez dela kasualitatea gaur egun ere. “Armiarma operazioan atxilotutako asko ezkerreko militanteak dira eta kalean Poliziaren jazarpena agerikoa da zenbait esparru politikoren aurka; sare sozialetako jarduna aitzakia baino ez da pertsona batzuk zigortzeko”. Horretarako, barakaldarraren ustez, “dena da ETA teoria ondo datorkie, adierazpen askatasunaren aurkako astakeria hauek justifikatzen saiatzeko”. Atxilotu aurretik Poliziaren jarraipenak izan zituela salatu du eta bere jardun militantearekin lotu du, “ez dut uste inor jarraituko dutenik 120 jarraitzaileko Twitter kontu batean idazteagatik”.

Halere, euskaldunak ez garela bakarrak azpimarratu du, Estatuko beste pertsona batzuen egoera gogoan izan du. “Adibidez, hor dugu Pablo Hasel rap kantaria, urte luzez, nola edo hala, espetxeratu nahi dutena edo hiru urteko espetxe zigorra ezarri dioten Valtonic, abesti batean Espainiako erregea iraindu duelakoan. Kristorena da egiten ari direna”.

Autozentsura

Askotan esan diote ea zergatik ez duen Twitterra ixten. “Jarraitzen ditudan txiolari asko giltzarrapoa jarri diote beren kontuei eta zenbat dira ‘bidali’ sakatu aurretik mezu bat ezabatu dugunok badaezpada ere”. Beste auzipetu batzuek ez bezala, Juradok aktibo jarraitzen du Twitterren, isilduz gero, bere iritziz, Erregimenari garaipen moduko bat ematea litzatekelako. “Askotan sare sozialek ez dute ezertarako balio, sarri eztabaida antzuetan denbora galtzea da. Baina beste alde on bat daukate: gure inguruan gertatzen dena hedatzeko oso tresna onak dira, eta, hartara, masa-hedabideei boterea kentzeko baliagarrik dira”.

Auzitegi Nazionalaren zain

Juradok aurrekaririk ez badu ere, espetxeratzeko eskatu du fiskalak. Orain Auzitegi Nazionaleko epailearen esku dago erabakia.

Kasua Epaitegi Konstituzionalera eramango dute eta hortik Estrasburgora. Halere, ez du fede handirik bide horretan. “Konstituzionala PP da eta egungo Europa, eskubideak babesten baino horiek urratzen da txapeldun”. Salaketa ekimen ororen aurrean eskertuta azaldu da Jurado, baina “biktimismoan erori gabe”, egoeraren gordina ohartaraziz amaitu du elkarrizketa. “Espetxe barruan aurkituko dudanak ez nau beldurtzen, kanpoan geratuko denak kezkatzen nau, gehien bat familiaren egoerak: lau hilabeteko eta bi urte eta erdiko gure bi semeak aita barik”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Adierazpen askatasuna  |  Twitter  |  Barakaldo  |  Epaiketak

Adierazpen askatasuna kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-17 | ARGIA
Valtonyc ez duela Espainiaratuko adierazi du Belgikak

Valtonyc atxilotu eta entregatzeko euroagindua ez du onartu Belgikak, eta bertan jarraitu ahalko du bizitzen Mallorkako (Herrialde Katalanak) gazteak.


2018-09-16 | Saioa Baleztena
Jordi Borràs
"Eskuin muturreko gaietan murgildu nintzen jakinik jo-puntutzat hartuko nindutela"

Argazki makina lepoan zintzilik, manifestazio eta protesta sozialak lantoki bilakatu ditu Jordi Borràs (Bartzelona, 1981) argazkilari eta kazetariak. Massana Eskolan ilustrazio ikasketak egitean murgildu zen “nahi gabe” argazkilaritzan eta, orduz geroztik, hainbat hedabidetan egin du lan. Eskuin muturreko mugimenduen zokorik ilunenak azaleratzeko egin duen lanarengatik, mehatxuen helburu ere bilakatu da azken urteotan. Uztailaren 16an, hain zuzen, argazkilari gisa bizitako... [+]


2018-09-14 | ARGIA
Anna Gabrielen Gasteizeko hitzaldia etetean giza eskubideak urratu zirela aitortu du Gasteizko epaitegi batek

Javier de Andres Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariaren eskakizunez moztu zuten orduko hartan Kataluniako CUP alderdiko diputatua zen Anna Gabrielen hitzaldia. Epaitegiaren arabera, debeku horrekin biltzeko eta adierazteko eskubideak urratu ziren.


2018-09-11 | ARGIA
Hondarribiko Alardearen berri ematen ari ziren kazetarien aurkako erasoak salatu ditu Hekimenek

Euskal hedabideen elkarteak “elkartasun eta babes osoa” adierazi die joan den larunbatean Hondarribian lanean ari zirela erasoak jasan zituzten kazetariei.


2018-09-10 | ARGIA
Hondarribiko Alardean kazetariek jasandako erasoak salatu ditu Kazetarien Euskal Elkargoak

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak "babes osoa" adierazi diete Antxeta Irratiari eta bertako kazetari eta kide guztiei, joan den larunbatean Hondarribiko Alardearen berri ematen ari zen kazetariak "Alarde Baztertzailearen fanatiko baten eskutik" jasandako erasoagatik.


2018-09-10 | Kalea guztiona da
Lazo horiak eta adierazpen askatasuna

Katalunian lazo horiak kentzea ala Zumaian kartel, pankarta eta aldarrikapen oro kaletik ezabatzea ez da "denon adierazpen askatasuna bermatzea".


2018-09-03 | Nahia Ibarzabal
Hilaren 17an eztabaidatuko dute Valtónycen Espainiarako estradizioa

Josep Miquel Arenas “Valtónyc” rap kantaria Espainiara ekarri edo ez erabakiko du Ganteko (Flandes) tribunalak hemendik eta bi astera. Oraingoz baldintzapeko askatasunean dago.


Elosegui epaileak eliza katolikoa babesteko erabili du bere lehen boto partikularra Estrasburgon

Maria Elosegui donostiarra Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiko epailea da eta Pussy Rioteko kideak zigortzearen alde azaldu da.


2018-08-21 | Estitxu Eizagirre
Txirritaren "delituzko" 14 bertsoek zer zioten bada?

Mikel Taberna idazleak eta Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko zuzendariak abuztuaren 20an aurkeztu zuten berria: Txirrita Iruñeko auzitegiak kondenatu zuela bertsoz Legasako alkate ohi Eusebio Babaze “iraintzea” egotzita. Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburuan aurkitu du Mikel Tabernak Txirrita kondenatu zuen epaia: 1916ko azaroaren 6ko data darama. (Auziaz gehiago jakiteko, irakurri hemen). Tamalez, jatorrizko bertsoak, euskarazkoak, ez ditu inon... [+]


Eguneraketa berriak daude