"Agintaldi demokratikoak betetzeko oinarrizko tresnak Googleren zerbitzari batean izateak kirrinka egiten dit"

  • Estrategia komunikatibotik 'data center' batera hitzaldia eskainiko du Eñaut Graciak Euskarabilduaren aurtengo jardunaldietan, Datuen garrantzia blokearen barruan. Errenteriako Udalean estrategia komunikatibo eraginkorra izateko zenbait gako aurkeztuko du, eta horretarako, “tresna komunikatiboen jabe izatearen garrantzia” azpimarratuko du.


2022ko urriaren 21an - 12:01

Zein komunikazio estrategiari heldu diozue Oreretako Udalean?

Guk ez dugu ezer asmatu, baina udalak edo beste edozein instituziok komunikatzen duenean jada ez du lehengo estiloan egiten; edo ez luke egin behar, gutxienez. Hartu dituen erabakien izen-zerrenda amaigabe horiek... Balio batzuk lotzen saiatzen gara gu, pertsonak marka edo alderdi batetik haratago joan daitezen, errelato edo storytelling politikoa egiten. Horretarako, tresnak oinarrizkoak dira, tresna propioak. Guk beti diogu politika bitartekatuta dagoela, hau da, politikak edo sistema politikoak medioak behar ditu herritarrekin harremana izan dezan, interakzioa ez baita zuzena. Herri txiki zein handiagoetan komunikazio zuzen eta presentziala egon daiteke, baina oso mugatuta dago. Publiko masiboarengana iristeko medioak behar ditu. Komunikazio-ardurak baldin badituzu, problematizatu daitekeen zerbait daukazu: mezuaren kontrol falta. Hausnarketa horretatik abiatuta, apustu oso sendoa egin genuen gure kanal propioak garatzeko.

Tresnarik sortu duzue helburuok betetzeko?

Herribizia, nagusiki. Udalaren kanal propioa da, aldizkari zein web euskarrietan. Udalaren komunikazioak tresna horren inguruan antolatu dugu. 2020ko martxoan ikusi genuen horrelako tresnen garrantzia, alarma egoera ezarri zenean. Testuinguru hartan ziurgabetasun, kezka eta beldur ikaragarriak zauden: gurasoak eta aitona-amonak bakartuta... Egoera hari ziurtasun elementuak ematen saiatu ginen. Bizpahiru egunero alkateak eskainitako berriak argitaratzea izan zen hartu genuen estrategia: “Bakarrik dauden pertsonei botikak eramango dizkiegu” edo “diru-laguntzak malgutu egingo ditugu, pertsona ugari egun batetik bestera beltzean kobratzetik ez kobratzera pasa direlako”. Antzeko mezuak zabaltzen genituen, eta kanala horretarako baliagarria izan zitzaigun. Urtean 40.000 eta 50.000 bisita artean dituzten komunikabideak dira, iritsiera handiarekin. Beraz, une kritikoetan apustu komunikatibo sendoak egitea ahalbidetu digute.

Geroz eta gehiago hitz egiten da datuek egungo gizartean jokatzen duten rolaz. Nola eta zertarako erabiltzen dira datuak komunikazio politikoan?

Instituzioek asko moldatzen dute euren jarduna inkestek eta beste hainbat iturritatik jasotzen dituzten datuen arabera. Herritarren asebetetzearen inguruko inkestak egiten ditugu herritarrek politiken inguruan pentsatzen dutena jakiteko, baina guk nahiko argi dugu zeintzuk diren garatu nahi ditugun politika publikoak. Beraz, ez gara datu-meatzaritzan aritzen.

Datuak prozesatzeak eta biltegiratzeak aukerarik eskaintzen al du udal gobernuentzat?

Gure data center propioa jarri baino lehen, informazio ugari, gure webguneak eta sistemak Frantziako OVH konpainiaren zerbitzarietan genituen gordeta, eta erre egin ziren. ARGIAk orduan albistea atera zuen gaiari buruz. Instituzio publiko ugari zintzilik geratu ginen. Une batetik bestera, hain oinarrizkoak zaizkigun tresna horiek erori ziren, eta gure kasuan, gainera, babeskopiak ere bertan genituen. Geuk berreskuratu behar izan genituen, lokalean genituen bertsio zaharretara jota.

Orduan, hori ondoko hausnarketa bultzatzeko detonatzailea izan zen: guretzat horren oinarrizkoa eta estrategikoa den kanal bat ezin da beste batzuen zerbitzarietan egon, ez baitugu horren gaineko inolako kontrolik. Atzera-egite bat abiatu genuen, eta gure zerbitzari propioetan hainbat datu biltzen joan gara, hala nola, gure webgune ekosistema guztia, eposta eta Internet bidezko telefonia. Horrez gain, Google zerbitzuetatik ihes egitea ere ahalbidetu digu, Google Drive albo batera utzi eta gure laino propioa sortu dugu, Nextcloud bat. Funtsean, gure informazio guztia gure zerbitzarietan biltzen joan gara.

Baina informazioa biltzeko teknika baino zerbait gehiago da, elementu sinboliko bat ere baduelako. Udala alderdi politiko batek gobernatzen du, edo gure kasuan, bi alderdi politikok. Programa batekin hauteskundeetara aurkezten zara, irabazi egiten duzu, eta hor hitzarmen demokratikoa eratzen da. Programa da kontratu hori, hurrengo lau urteetarako Udal Gobernuaren ortzimuga zehazten duena. Orduan, aurrekontuak eta koordinazio bilerak bezalako tresnak dituzu hitz emandakoa betetzen ari zarela ikuskatzeko. Agintaldi demokratikoak betetzeko horren oinarrizkoak diren tresnak Google bezalako leku batean izateak kirrinka apur bat egiten dit niri. Herri baten borondatea ezaugarritzen duena Udaleko instituzioetatik at gordeko duzu? Honetan guztian perspektiba politikoagoa dago.

Zentzu horretan, data center bat eratzeko proiektua duzue. Zer da data center bat, eta nola funtzionatzen du?

Zerbitzari batzuk dira, fisikoki ikusgarriak eta ukigarriak diren moduluak. Gauza da horiek etxetik milaka kilometrotara egon beharrean, gure udaletxean daudela instalatuta. Horrek, gure datuen kontrolaz gain, jakintza guztia udaletxean eta instituzio publikoko langileengan geratzea esan nahi du. Ahalmen handiagoa ematen du, bai kudeaketarako, bai informazioa berreskuratzeko, eta abar.

Nolako izaera eta garapena izango du zuenak?

Erabilera zabaltzeko proba bat egin nahi dugu, askotariko eragileentzat. Gizarteko eragile guztiek dute dokumentu zein mezuak partekatzeko edo laino bat izateko behar amankomun bat. Behar amankomun horiei soluzio amankomuna emateko forma ari gara pentsatzen. Hasiera batean bizpahiru eragileri proposatuko diegu, gero eredu hori udalerrira zabaltzeko aukera aztertzeko. Afera teknikoetan teknologia libreen eta ekonomia sozialaren alorrean aritzen den Teksareak lagunduko digu.

Zerbitzari propioek badute abantailarik, enpresei alokaturikoen aldean?

Aipatutako jakintza, alde batetik. Bestetik, Udalaren ikuspegitik, komunikazio-egitura propioak izatea oso oinarrizkoa da. Komunikazioan aditua den Manuel Castells soziologo eta ministro ohiak dion moduan, “komunikazio-egitura oro botere-egitura bat da”. Hori horrela izanik, instituzio publikoak boterea sortu nahi badu, bere tresnak ere izan behar ditu. Hirugarrenik, dependentziaren auzia dago: energetikoki, elikaduran, teknologian eta bestelako arloetan menpekotasuna baduzu, zein da zure herri-proiektua? Jule Goikoetxeak zioen bezala, “errealitate politiko eta soziala sortzeko gaitasuna da demokrazia”. Orduan, udalak errealitate politiko eta soziala sortzen du, eta sortu behar du. Gainera, zerga-sisteman bezalaxe, birbanatzen saiatu behar da, eta horretarako oinarrizkoak dira tresna propioak nahiz teknologia-subiranotasuna izatea ahalik eta esparru gehienetan.

Askotan, zerbitzariak enpresei alokatzeko joera automatikoa dago. Zure ustez, gizartean eta instituzioetan behar bezainbeste hausnartzen da datuak korporazioen esku uzteak epe luzean izan ditzakeen ondorioez?

Ez, noski ezetz. Eta nahiko kontraesankorra da, instituzio publikoek aholkulari juridiko ugari baitituzte euren egituretan. Hori normala da, edozein instituzio publikok ziurtasun juridiko osoarekin jokatu behar baitu. Normala ez dena da “ez zaigu artxibo mota jakin batzuk milaka kilometrotara gordetzea” bezalako ideiak aholkulari juridikoen ahotik gehiago ez entzutea. Lehenago edo geroago, hausnarketa hori iritsi beharko da.

Azpiegiturari zein finantzazioari dagokienez, zer dakar data center propioa izateak?

Diru aldetik ez da oso garestia. Eragile txiki batentzat garestiagoa eta zailagoa izan daiteke, eta ulertzekoa da zerbitzariak alokatu beharra. Baina aipatu ditudan behar amankomun horietan dago koxka: behar amankomunak dituzten ehunka eragile dauden bitartean, soluzioek partikularrak izaten jarraitu behar dute, edo, aldiz, amankomunak izan behar dira? Bizilagun guztiok behar berdina badugu, zentzua du bakoitzak bere kabuz soluzio partzialak bilatzeak? Agian interesgarria izan daiteke denen artean hausnarketa bat egin eta soluzio amankomunatua ematea. Prezioz ez da garestiagoa izango, eta abantailak, berriz, asko izango dira.

Energia-krisiaren inguruko kezka sozial handia dago. Zerbitzariok energia asko kontsumitzen dute? Bada hori kontrolatzeko modurik?

Energia kontsumitzen dute, bai. Orain, berdin-berdin kontsumitzen dute data centerra hemen edo Malasian izan. Askotan, energia berriztagarrien inguruko eztabaida mahaigaineratzen denean, nik ere ez daukat oso argi zein jarrera hartu gai jakin batzuetan. Baina behintzat ez gaitezen hipokritak izan. Nik errota eolikoak hemen nahi ez baditut, ez diet Malasiako herrixka bateko mendikatean jartzerik eskatuko.

Kontrolatzeari dagokionez, beti har daitezke neurriak ahalik eta kontsumo gutxiena izateko, edo bestela, eguzki-plakak jartzeko politika publikoekin uztartu daiteke. Duela gutxi energia-komunitate bat jarri dugu martxan Errenterian.

Azpiegitura teknologikoen arloan baliabide propioak garatzeko borondateak iniziatibak pizten ditu. Errenterian bertan hainbat bizilagunek zerbitzari propioak, irrati lotura bidezko sareak eta zuntz optikoa ere jarri dituzte Gaztaño auzoan. Udalak badu harremanik proiektuokin?

Maritxu sarea izena du, Internet-hornitzaile izateko alta eman zuten dagokion organoan, eta auzotarrei aukera hori ematen diete. Bere momentuan gure antena batean nodo bat jartzeko baimena eskatzera etorri ziren, eta termino horietan izan genuen harremana. Gainontzean,  ez dugu inolako proiekturik elkarrekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia burujabetza
Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


AntennaPod: entzun podcast guztiak aplikazio bakarrean

Martxoaren 15ean RSSak (Really Simple Syndication) 25 urte bete ditu. Gehienek ez dakite zer den eta beste batzuk hiltzat jotzen dute, baina teknologia burujabetza ikuspuntutik oso interesgarria izaten jarraitzen du eta bizi-bizirik dago. Bitartekaririk gabe gure intereseko... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude