Abstentzioa dugu 2020ko herriko etxeetako bozketetako garaile handia

  • %55eko abstentzio tasarekin Frantziako Estatuan, sekulan baino parte hartzea apalagoa izan da herrietako hauteskundeen lehen itzulian. Ipar Euskal Herrian ere tendentzia bera sentitu da, besteak beste Baionako hirian %61,2 ez dira joan bozkatzera. Koronabirusaren epidemiak ondorioztatu du parte hartze ahul hori. Dena dela, bozkatzera joan direnen hautuei begiratuz gero, argi gelditzen da eskuinaren parean, abertzaleez ere osaturiko ezkerreko zerrendak direla benetako alternatiba eta aldaketa bezala ikusiak.


2020ko martxoaren 16an - 09:58
Koronabirusaren epidemiaren testuinguruan burutu da hauteskundeen lehen itzulia

Koronabirusaren kontrako neurri sanitarioek –metro bateko distantzia hautesleen artean, bozkatu aitzineko eta ondoko esku garbiketak, etxetik ekarritako boto papera– ez dituzte bozkatzaleak konbentzitu. Anitzek egin dute etxean geratzeko hautua, sekulan ikusi gabeko abstentzio tasa eraginez: %55 Frantziako Estatu mailan. Erran behar da bezperan agindu zuela “lehentasunezkoak ez diren leku publiko guziak ixtea” Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. 2014ko hauteskundeei alderatuz, partehartze apalagoa izan da Ipar Euskal Herriko udal guztietan. Batzuk aipatzearren, Baionan %61,2koa izan da abstentzioa, Miarritzen %59,4 eta Hendaian %55koa. Herriz herri begiratuz gero ohartzen gara Lapurdiko hirietan dela batez ere egon %50az goragoko abstentzio heina eta barne aldeko herrietan ez dela hain azkarra izan –hori erranda ere, tendentzia bera sentitu da, 10 puntu inguruz apaldu delako parte hartzea barne aldean ere.

Abertzaleak dira eskuinaren arerio nagusi

Garaiak aldatu direla baieztatu du herrietako hauteskundeetako lehen itzuliak: ezkerreko alderdi historikoak erabat ahuldurik direlarik –Alderdi Sozialistak azken urteetan eta Alderdi Komunistak 80. eta 90. hamarkadetatik geroztik–, argi gelditzen ari da abertzaleek ere osatuko ezkerreko zerrendak direla eskuinaren parean benetako alternatiba eta aldaketa gisa ikusiak. Hori horrela, eskuinaren arerio nagusi bilakatu dira, benetako mehatxu baita, garaile ere izanez herri batzuetan.

Horren isla dira martxoaren 15eko hainbat sorpresa, Ziburu, Biriatu, Donapaleu eta Urruñako izanki deigarrienak. Ziburun botoen %44,7 bildu ditu Eneko Aldana Douat Ziburu Bizi 2020 zerrendaren buruak, beste lau hautagaiak atzetik urrun utziz (bigarren atera da Ziburu Zuekin eskuineko zerrenda, %17,2 lorturik). Emaitza bertsuak lortu ditu Filipe Aramendi abertzalearen zerrendak, %40,8 lorturik lehen indarra bilakatuz lehen aldikotz. Botoen %29,4 bildu dituen Sebastian Etxebarneren sostengua jasoz gero bigarren itzulirako –arras posible dena, jakinik hainbat punturi dagokionez ados daudela–, baliteke bigarren itzulian auzapezaren aulkia ezkerreko abertzaleari joatea.

Aldaketa baino gehiago lurrikara bizitu dute Donapaleun, uhinak Amikuze eskualde osoan sentiaraziz. Zerrendaren erdia abertzaleez osatua daukan Charles Massondo izanen da bertako auzapez berria, botoen %63,3 lorturik. Bere atzetik urrun uzten du, beraz, Barthelemy Aguerre politikari eskuindiar antieuskalduna eta enpresaburu ospetsua. Urte luzeetan eskuinak kudeaturiko herri horretan benetako aldaketa gertatu da. Gisa berean, Biriatun ere 1989az geroztik auzapez izandako Mixel Hiriarteri hartu dio aulkia Solange Demarcq-Egigurenek. Herri tipi batzuetan ere nagusitu dira abertzaleak, artetan lurrikara eraginez. Bat aipatzekotan, Ortzaize.

Salbuespenak salbuespen, nahikoa izan ez badute ere, beste herri askotan sentitu dute haien hautesleriaren emendioa ezkerreko abertzaleek: Donibane Garazi (%33,3tik %44,8ra), Biarritze (%5,2tik %12,3ra), Maule (%10,9tik %28,9ra), Kanbo (%27,7tik %44ra). Baitezpada abertzale ez direnekin zerrenda ezkertiar eta ekologistak osatzeak bere fruituak ekarri ditu. Emaitzak analisatzeko orduan, urtez urte eramandako lanaren eta elkarlanaren emaitza dela diote abertzale askok. EH Bai koalizioak ere irakurketa bera egin du, ondokoa gehituz gainera: “Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartzen doaz lehen mailako indar politiko gisa kokatuz”

Hala eta guztiz ere, eskuinak segitzen du boterean herri potolo anitzetan. Besteak beste, Donibane Garazin, dinastia boteretsuarekin errimatzen duen Intxauspe familiako Laurentek lortu du auzapezaren aulkia, orain artean bezala eskuina atxikiz boterean. Miarritzen ere eskuineko Maider Arosteguy atera da garaile lehen itzulian eta gisa berean Baionan ere, Jean-Rene Etxegarai atera da lehen indarra.

Emaitzak balio gabetuak izan daiteke

Surrealista badirudi ere, ez-jakintasuna da nagusi bozka biharamunean: emaitza horiek kontutan hartuko diren ez dakigu. Zergatik? Koronabirusaren epidemia mugatzeko neurrien artean baliteke hauteskundeen bigarren itzulia ezeztatzea eta horrek ekarriko luke lehen itzuliaren baliogabetzea. Hauteskundeen Legediako L.56 artikuluari segi, "hauteskundeen bi itzuliak konektatuak izan behar" direlako. Hala ere, bakarra eta zaila bada ere, lehen itzuliko emaitzak kontutan hartzeko bidea gelditzen da: hori bideratzeko lege berri bat bozkatzea aste honetan Frantziako Parlamentuak.

Lehen itzulia mantendu izana askok “arduragabetzat” jo bazuten ere –tartean osasun arloko adituek–, ez ulertze are handiagoa ekarri du hori jakiteak. Nola da posible toki publikoetan egotea debekatu eta hauteskundeak atxikitzea, jakinik gainera bigarren itzulia ezeztatuz gero lehenak balioa galduko lukeela? "Amaturkeria" hitzarekin kalifikatu dute askok Frantziako Gobernuaren jarrera. Asteartean jakinen da bigarren itzulia mantentzen den ala ez. Dena dela, azkarki hedatuz doan koronabirusaren epidemia mugatzeko asmoz, Emmanuel Macronek etxean geratzea behartu behar luke ondoko egunetan. Hori horrela, bigarren itzulia matentzeak ez luke zentzurik.

Testuinguru berezi horretan hasi dituzte, beraz, bi itzulien arteko elkarrizketak %10aren ozka gainditu duten zerrendek –baita %5az gora gelditu direnek ere, hori lorturik lotzen ahal direlako lehian dagoen beste bati–. Erran gabe doa, ezkerreko aliantza edota bateratzeei dagokionez, abertzaleak indartsu direla negoziaketak egiteko orduan. Ondoko ordu zein egunetan jakinen dira herriz herri harturiko erabakiak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2020
2021-08-04 | Euskal Irratiak
Bokaldarrek berriz bozkatu beharko dute, iazko herriko bozetan iruzur elektoralak izan zirela erabaki baitu auzitegiak

Hauteskunde egunean, oposizioak ohartarazi bi akats nagusi onartu ditu epaileak.


2021-07-19 | ARGIA
Marie-José Mialocq Arbonako alkate berrautatu dute

Marie-José Mialocq-ek Arbonako hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ditu. 2020ko martxoko bozketan Beñat Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen eta auzitegiak onartu. Uztailaren 18an egin dituzte hauteskundeak bigarren aldiz.


2020-07-12 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Barne kolonialismoa

Aktualitatea ez zait batere interesatzen –zutabe hauetarako, bistan da; bestela aktualitatearen kontsumitzaile ohikoa naiz, are garaiaren arabera tiraniaren menpekoa–; baina batzuetan iruditzen zait azkar asko ahaztuko dugun txikikeriaren batek erakuts dezakeela... [+]


Herri bozak 2020: bigarren itzulia
Xinaurri lanaren uzta

Bigarren itzuli honetan ere urtetako lanaren emaitza lortu dute abertzale ezkertiarrek: Ziburun, Urruñan eta Itsasun auzapez izango dira. Bozketen lehen itzulian Biriatun eta Donapaleun irabazirik, Uztaritzen eta Baigorrin 2014ko garaipen historikoa berriz ere... [+]


Joseba Erremundegi, Etxegaraien zerrendako abertzale ezkertiarra
"Masa euskalduna iratzartzea lortu behar dugu"

Jean-Rene Etxegaraien zerrendan aurkezteko hautua egin zuen Joseba Erremundegi abertzale eta euskaltzaleak. Justuki abertzale eta euskaltzale den horri luzatu dizkiogu bizpahiru galdera, hautatu duen zerrenda ez delako abertzalea eta eskuinekoak ere dituelako bere taldean.


Eguneraketa berriak daude