Bigarren itzuli honetan ere urtetako lanaren emaitza lortu dute abertzale ezkertiarrek: Ziburun, Urruñan eta Itsasun auzapez izango dira. Bozketen lehen itzulian Biriatun eta Donapaleun irabazirik, Uztaritzen eta Baigorrin 2014ko garaipen historikoa berriz ere errepikaturik, luzatuz doa abertzale eta ezkertiarrek kudeatu herri ertain-handien zerrenda. 1960. hamarkadan sorturiko mugimendu abertzaleak bide handia egin du denbora laburrean: aurkariek baztertu eta gogorki trataturiko Enbata zikina izatetik, politika jokalekuko eragile nagusi izatera heldu dira. Lehenik herri ttipietan, baserri munduan eta geroz eta gehiago hirietan ere. Agintaldiz agintaldi, oposiziotik eta lurretik egin xinaurri lanaren emaitza dute ziburutar, urruñar zein itsasuarrek, duda gabe. Poz handiz garaipena ospaturik, kanpainan plazaratu alternatibaren mezua gauzatzeko lanari lotu beharko dira gaurdanik, hots, xinaurri lanarekin segitu beharko dute. Tartean, nola ez, etxebizitzaren arazoari begira jarriz –batez ere bigarren etxebizitzen gaia Urruñan eta Ziburun eta hirigintzak dakarren laborantza lurren desagerpena Itsasun–, herriko etxeen politika norabidez aldatzeko betebeharra dute. Beste zerrenda bati juntaturik, gehiengoan kokatzea lortu dute Hendaian eta Senperen. Eta oposizioan gelditzen badira ere, emaitza hobeak lortu dituzte Maulen, Miarritzen eta Azkainen.
Ekainaren 28ko bozketen beste elementu inportantea izan da Baionakoa, orain arteko auzapez Jean-Rene Etxegaraik lortu garaipen argia. Botoen %46,19 lorturik, bigarren gelditu da Henri Etxeto ezkertiarra. Honek duen jarrera antieuskaldun eta jakobinoak eragin du parte handi batean, BBE Baiona Berde eta Elkarkidea bigarren itzulian hari juntatu ahal ez izana eta abertzale ezkertiar guttik beretzat bozkatu izana. Azken aldietan “zerrenda abertzaleak” baino “kide abertzaleak dituzten zerrenda irekiak” osatu dituzte eta elkarlan horren fruitua da auzapez abertzaleen zerrendaren luzatzea. Baina Baionak argi utzi du guztiak ezkerrekoak izanda ere elkarlana eta errespetua bi aldeetarik behar direla, aliantzak posible bilakarazteko. Lehen itzulian botoen %13,12 egin zuen BBEk bigarren itzulian bakarrik ez aurkeztea erabakirik, hautetsi abertzale eta ezkertiarrik ez da egonen ondoko sei urteetan Lapurdiko hiriburuan. Aipatzekoa da Zuberoako hiriburua ezkerrera berriz itzuli dela. Botoen %38,24 bildurik, auzapezaren aulkia galdu du Mixel Etxebestek eta Louis Labadot komunista jakobinoak izanen du ardura %40,34 lorturik –Beñat Elkegarai abertzale ezkertiarrak bozen %21,41 eskuratu du, 2014ko emaitza hobetuta, herriko kontseiluan aulki batetarik bitara pasaz eta beraz, xinaurri lanean segitzeko indar gehiago bilduz–. Azken elementu bat emaitzak analizatzeko: Maulen izan ezik, abstentzioa handia izan da berriro ere hauteskunde hauetan.
Herriko etxeen osaketak argiturik, orain Euskal Hirigune Elkargokoarena dator. Uztailaren 17an aukeratuko dute lehendakaria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2020
2021-08-04 | Euskal Irratiak
Bokaldarrek berriz bozkatu beharko dute, iazko herriko bozetan iruzur elektoralak izan zirela erabaki baitu auzitegiak

Hauteskunde egunean, oposizioak ohartarazi bi akats nagusi onartu ditu epaileak.


2021-07-19 | ARGIA
Marie-José Mialocq Arbonako alkate berrautatu dute

Marie-José Mialocq-ek Arbonako hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ditu. 2020ko martxoko bozketan Beñat Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen eta auzitegiak onartu. Uztailaren 18an egin dituzte hauteskundeak bigarren aldiz.


2020-07-07 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Barne kolonialismoa

Aktualitatea ez zait batere interesatzen –zutabe hauetarako, bistan da; bestela aktualitatearen kontsumitzaile ohikoa naiz, are garaiaren arabera tiraniaren menpekoa–; baina batzuetan iruditzen zait azkar asko ahaztuko dugun txikikeriaren batek erakuts dezakeela... [+]


Joseba Erremundegi, Etxegaraien zerrendako abertzale ezkertiarra
"Masa euskalduna iratzartzea lortu behar dugu"

Jean-Rene Etxegaraien zerrendan aurkezteko hautua egin zuen Joseba Erremundegi abertzale eta euskaltzaleak. Justuki abertzale eta euskaltzale den horri luzatu dizkiogu bizpahiru galdera, hautatu duen zerrenda ez delako abertzalea eta eskuinekoak ere dituelako bere taldean.


Analisia
Xinaurri lanaren uzta

Bigarren itzuli honetan ere urtetako lanaren emaitza lortu dute abertzale ezkertiarrek: Ziburun, Urruñan eta Itsasun auzapez izango dira. Bozketen lehen itzulian Biriatun eta Donapaleun irabazirik, Uztaritzen eta Baigorrin 2014ko garaipen historikoa berriz ere... [+]


Eguneraketa berriak daude