Absolbitu egin dute David Suarez umoregilea: ez da gorroto delitua, “gustu txarreko txistea” baizik

  • Down sindromea duten emakumeei buruz idatzitako txio batengatik kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak. Auziak piztu egin du umorearen, gorroto delituaren eta adierazpen askatasunaren arteko mugaren inguruko eztabaida zaharra.


2021eko abenduaren 24an - 11:12
Azken eguneraketa: 12:14
Madrilgo Probintzia Auzitegiak absolbitu egin du Suarez. / Argazkia: @DavidSuarez_V
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Madrilgo Probintzia Auzitegiak absolbitu egin du David Suarez umoregilea. Fiskaltzak Down sindromea duten pertsonen aurkako gorroto delitua leporatu eta kartzela zigorra eskatu zuen, 2019an bidalitako txio honengatik. Auzitegiak ebatzi du saihestu zitekeen mina eragin duela txisteak, baina ez dela gorroto delitua: “Bereizten jakin behar da gustu txarrekoa denaren eta delitua denaren artean”. Epaiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera dago oraindik, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian.

Suarezek Publico komunikabideari esan zionez, helburua ez zen inor iraintzea: "Nire lanaren parte da gai polemikoetan sartzea, baina ez inor iraintzeko xedearekin. Umorea egin behar da inork hitz egin nahi ez duen gaiei buruz ere".

Adierazpen askatasunaren muga lausoa

Umoregileak ondorengoa adierazi du sare sozialen bidez: “Espainian txiste bat kontatzea ez da delitua”. Hain zuzen, Suarezen kasuak berriro ireki du adierazpen askatasunaren eta gorroto delituaren arteko muga lausoaren eztabaida. Madrilgo Auzitegiak gogorarazi duenez, Espainiako Estatuan ez dago argi zehaztuta non dagoen bien arteko muga Zigor Kodean. “Autore batzuek galdegiten dute, gorrotatzea delitua ez bada, zergatik den delitua gorrotora bultzatzea”, dio sententziak.

Eldiario.es agerkariak azaldu duenez, aipagarria da Suarezen kasua Madrilgo Probintzia Auzitegiaren eskariz ireki zela, 2020ko apirilean, eta hain justu hilabete batzuk lehenago epaitegi berak erabaki zuela Voxek kanpainan erabilitako kartel arrazista ez zela gorroto delitua. Kartel horietan helduen laguntzarik gabe iritsitako adin txikikoen kontrako mezua zabaldu zuten, datu faltsuekin. Bi kasuetan, hiru epailetik bi berberak ziren. Voxena ez zitzaien delitua iruditu; Suarezena, bai.

Espainiako Justiziak behin baino gehiagotan erabili izan du gorroto delitua adierazpen askatasunaren eskubidea urratzeko, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak horrexegatik zigortu izan du Estatua. Eldiario.es-ek hainbat adibide jaso ditu. Besteak beste, erregearen argazkia erretzea adierazpen askatasuna dela ebatzi zuen Estrasburgok. Halaber, 2016an Auzitegi Konstituzionalak Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea zigortu zuen “terrorismoa goraipatzea” leporatuta. Geroago, Estrasburgok Espainia zigortu zuen, Erkiziaren oinarrizko eskubideak urratu zirela iritzita.


Adierazpen askatasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...