Amaiera masiboa eman diote grebari arratsaldeko manifestazioek

Zuzeneko jarraipena
  • Azaroaren 30ean ARGIAk greba egingo du, gizarte mailan zaintza krisi gordina bizi dugula ikusten dugulako eta bat egiten dugulako zaintza publiko eta komunitarioaren defentsan mugimendu feministak eta hainbat gizarte eragilek planteatu dituzten helburu zehatzekin. Atari honetan egingo dugu grebaren jarraipena.

     


2023ko azaroaren 30ean - 06:00
Azken eguneraketa: 2025-10-01 21:30
Gakoak
Donostian, errepideak moztuta

Ibaetan, Donostiako sarrera-irteeran, errepidea moztu dute grebalariek. Horrez gain, beste gune batzuetan ere egon dira mozketak, besteak beste, Egia auzoan.

Argazkia: Dani Blanco CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco CC BY-SA

 

Arrotxapeako piketea osasun zentroan

Iruñerrian piketeak goizean goizetik hasi dira lanean. Arrotxapeakoa auzoko osasun zentrora heldu da, Osasunak ez du itxoiten, bizitzak erdigunean leloarekin.

Ahotsaren bideoa:

Gasteizen, grebalariak Eusko Jaurlaritzaren hesira igo dira

Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean batu dira Mercedes eta Michelin lantegietatik irtendako piketeak. Grebalari feministak hesira igo dira eta pankarta bat zabaldu dute, zaintzen pribatizazioa salatuz. Polizia grebalarien aurka oldartu da eta tentsio momentuak izan dira.

Durangaldean 500 lagun baino gehiagok Iurretatik Bilboranzko errepidea oztopatu dute

Iurretatik Bilbora doan N-634 errepidea ere moztu dute piketeek. 100 pertsona espero zituzten antolatzaileek, eta kopurua bikoiztu dute: 500 lagun baino gehiagoko zutabe luzea osatu dute industriguneko trafikoa oztopatzen.

Greba orokorra dela oroitarazten duten aldarriak egiten ari dira errepidean, txistu eta bozgorailu bidez eta zaintza sistema publiko komunitarioa eskatzen dabiltza. Goizean goizetik indartsu elkartu dira Durangaldeko grebalariak, Durango, Iurreta, Izurtza eta Mañariatik etorritakoak.

Orain industriaguneko merkatalgunera doaz, supermerkatuetan (Lidl, Aldi, Mercadona...) piketeak egitera.

Iruñeko garraio publikoaren kotxeretan piketea

Iruñeko garraio publikoko kotxeretan piketea. Ekinklik-ek atera dituen argazkietako batzuk jarraian. Guztiak hemen ikusgai.

 

 

Zumaia eta Zestoa arteko A8 autopistako sarrera-irteerak blokeatu dituzte

Zumaia eta Zestoa arteko peajean batu dira 40 bat lagun, errepidea mozteko. 07:00ak aldera elkartu eta ordutxo batez eutsi diote piketeari eta autopistan zein inguruko errepideetan auto-ilara handiak eragin dituzte.

 

 

Hernanin industrialdeetarako sarbideak moztu dituzte dozenaka grebalarik

Hernaniko Zikuñaga auzoan, industriagune nagusietara sarbidea ematen duen errotonda handian dozenaka grebalarik trafikoa eten dute ordu erdi baino gehiagoz, goizeko 06:00etatik aurrera.

Horren aurretik, kate luze batekin eta greba feministaren aldarria zeraman pankarta batekin moztu dute Goizuetara doan bidea, paper lantegiaren parean eta hor ere berehala hasi dira auto pilaketak.

Errotondan, grebalari taldeak multzoka antolatu dira sarrera eta irteera guztietan jartzeko eta kamioi eta autoak mugitu ezinik geratu dira orduan. "Gaur greba eguna da!" eta "Zaintza duina denontzat!" bezalako aldarriekin aritu dira denbora luzez. Auto ilarak bigarren saihesbideraino iritsi dira eta ertzainen patruilak trafikoa desbideratzen aritu dira.

Ekintza hasteko unean tentsio momentu batzuk izan dira, kamioi batek aurrera egin duenean grebalarientzako arrisku uneak sortuta. Ekintzaileek aurre egin diote kamioilariari eta horretan geratu da guztia.

Horrez gain, lanera zihoazen edo lanetik zetozen hainbat herritar ere joan zatzaizkie grebalariei kontuak eskatzera, baina hauek tinko eutsi diote mobilizazioari eta ekintzaren nondik norakoak eta greba egunaren zergatia azaltzen saiatu dira.

Amaieran, manifestazio inprobisatu batekin hurbildu dira Zikuñaga auzoko kaleetara.

Bi atxiloketa egon dira Gasteizko Michelineko piketeetan

Gasteizen, Michelin eta Mercedes lantegietako piketeekin eman zaio hasiera Euskal Herriko Greba Feminista Orokorrari. Michelin lantegiaren sarreran, ertzaintza grebalarien aurka oldartu da eta tentsio momentuak bizi izan dira. Bi emakume grebalari atxilotu dituzte. Mugimendu feministak konfirmatu duenez, polizia etxera eraman dituzte dagoeneko. Bi blokeak 05:00etan abiatu dira eta inguruko lantegi eta erresidentzietatik igaro dira; Eusko Jaurlaritzan izango dute elkargunea 08:00etan.

Goizean goiz, Gasteizko Michelin fabrikan.

Michelinetik abiatu den piketeak Tuvisa zein EtxekoBeroa erresidentzietako langileekin bat egin du. Amerika Latina biribilgunetik pasatzean errepide moztu dute. Merecedesetik hasi dena, adiz, Aiara Erresidentzia zein Txagorritxu Ospitaletik igaro da.

(Bideoa LAB sindikatuarena)

 

Martxan dira pikete feministak, goizean goizetik

Hasi da eguna, hasi da greba feminista orokorra. Emakumeak lehen lerroan, piketeak egiten dabiltza dozenaka grebalari, errepideak moztuz eta enpresen sarrerak oztopatuz. Une honetan tentsio uneak daude tarteka, demagun Michelin enpresaren sarreran, Ertzaintza oldartu zaielako grebalariei.

Gasteizko Mercedes enpresako piketea, bideoan:

 

ARGIAk greba egingo du

Azaroaren 30ean ARGIAk greba egingo du, gizarte mailan zaintza krisi gordina bizi dugula ikusten dugulako eta bat egiten dugulako zaintza publiko eta komunitarioaren defentsan mugimendu feministak eta hainbat gizarte eragilek planteatu dituzten helburu zehatzekin.

Hemen informazio gehiago.

<< <
1 2
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Greba orokor feminista
2023ko abenduaren 1
Analisia
'Grebondoa'

Eguneraketa berriak daude