ARGIA.eus

2021eko apirilaren 22a

8 milioi pertsona baino gehiago hiltzen ditu urtero erregai fosilek eragindako kutsadurak

  • 8 milioi pertsona baino gehiago hil ziren 2018an erregai fosilek eragindako kutsaduraren ondorioz, aurreko ikerketek iradoki zutena baino nabarmen gehiago. Hala erakusi du Harvardeko Unibertsitateak Birminghamgo Unibertsitatearekin, Leicesterreko Unibertsitatearekin eta University College Londonekin elkarlanean egindako ikerketa berri batek. Environmental Research aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, hilkortasun-tasarik altuenak dituzte erregai fosilengatiko airearen kutsadura handienak dituzten eskualdeek: Ipar Amerikako ekialdea, Europa eta Asiako hego-ekialdea.

ARGIA @argia
2021eko otsailaren 15a
Kutsadura Indiako Delhi hiriburuan. (Argazkia: Industan Times)

Harvardeko Unibertsitateak argitaratu berri duen azterketak izugarri handitzen ditu airearen kutsadurak eragindako hildakoen kopuruaren estimazioak. Orain arte gai honetan erreferentziatzat jo izan den aurreko "Global Burden of Disease" ikerlanak (munduko hilkortasun kausei buruzko azterketarik osoenak) kalkulatzen zuen 4,2 milioi heriotza gertatzen zirela munduan aireko kutsaduraren ondorioz, kontuan hartuta aireko partikula guztiak, baso-suteek eragindako hauts eta keak eta nekazaritzak eragindako erreketenak. Nola iritsi dira Harvardeko ikertzaileak kopuru hori bikoiztera?

Aurreko ikerketak oinarritzen ziren sateliteek Lurraren gainazaleko behaketetan, horietatik kalkulatzeko PM 2.5 partikulen urteko  batez besteko kontzentrazio globalak. Arazoa da, antza, satelite bidezko behaketok ezin dituztela bereiztu alde batetik erregai fosilen emisioen partikulak eta bestetik baso-suteen keak edo beste iturri batzuek sortutakoenak. "Sateliteetatik jasotako datuekin ez dituzu ikusten puzzlearen piezak baino", esan du Harvardeko Loretta J. Mickleyk.

Kutsadurak bereizteko erronkari erantzunez, Harvardeko Unibertsitateko John A. Paulsonen Ingeniaritza eta Zientzia Aplikatuen Eskolako ikerlariek GEOS-Chem erabili dute, atmosferako kimikarentzako 3-D eredua. GEOS-Chem ereduarekin ikertzaileek munduaren lurrazala 50 km x 60 km neurriko lauki txikietan zatitu eta bakoitzaren kutsadura maila behatu ahal izan dute. Horrela jende gehien bizi den eremuetako kutsadura zehatzago aztertu dute, inguru jendetsuoi kutsadura kopuru orokorrago bat ezartzeko ordez.

Erregai fosilen erretzeak sortutako PM 2.5 partikulak kalkulatzeko, ikertzaileek GEOS-Chem ereduaren estimazioak erabili dituzte eta meteorologiari buruzko datuak ere bai. Behin aire zabalean erregai fosilen PM 2.5 kontzentrazioa kalkulatuta, ikerlariek jakin behar zuten kutsagaiok giza osasunean nola eragiten duten. Harvardeko TH Chan Osasun Publikoko Eskolak arriskuak ebaluatzeko eredu berri bat garatu du erregai fosilek isuritako partikulen kontzentrazio-mailak gizakien osasunean dauzkan eraginak kalkulatzeko.

Hortik iritsi dira tituluan aipatu kopuru deigarrira: mundu mailan 2018an zortzi milioi pertsona hil dituela erregai fosilen kutsadurak. "Gure ikerlanak sakontzen", esan dute Harvardeko unibertsitatetik, "gero eta handiagoa den ebidentzian, alegia, erregai fosilen erreketa kaltegarria dela gizadiaren osasunarentzako. Kontzientziarik baldin badugu, ezin dugu erregai fosilen mende jarraitu, dakigunean osasunarentzako hain kaltegarriak direla eta badaudenean alternatiba bideragarriak eta garbiagoak".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kutsadura  |  Nazioartea  |  Petrolioa

Kutsadura kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude