300 atxilotu baino gehiago Frantzian, erretreten erreformaren aurkako protestan

  • Emmanuel Macron presidentearen gobernuak onartutako pentsioen erreformaren aurkako protesta egin dute sindikatuek. Frantziako hiri askotan mobilizazio jendetsuak eta blokeoak egin dituzte. Hurrengo orduetan, oposizioak bi zentsura mozio aurkeztuko ditu gutxienez Elisabeth Borne lehen ministroaren gobernuaren aurka.


2023ko martxoaren 17an - 13:08
Manifestazioa Parisen Frantziako Gobernuaren errefromaren aurka. Argazkia: AFP.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Sindikatuek, ostiralean, blokeoak antolatu dituzte Parisen eta Frantziako beste hiri askotan erretreten erreformaren aurka eta istiluak izan dira, Emmanuel Macron presidentearen gobernuak diputatuen botorik gabe erreforma dekretua onartu ondoren. Grebalariek Pariserako AHTa blokeatu dute Hendaiako geltokian.

Milaka lagunek banderatxoekin eta CGT sindikatuaren bereizgarriekin Parisko kaleak hartu dituzte, 7:00etatik aurrera. Gérald Damin Barne ministroak esan du Poliziak 310 manifestari atxilotu dituela hainbat hiritan, horeitatik 258 Parisen.

Frantziako hiriburuan barrikadak eta suteak ikusi dira, hiriko barrutien erdiguneetan pilatu diren zabor mendiekin, zabor biltzaileak hamar egun daramatzatelako greban.

Mobilizazioak hurrengo egunetan mantenduko dira; izan ere, sindikatuek, erreformaren aurkako oposizioan elkartuta jarraitzen dutenez, grebei eta manifestazio nazionalei buruzko jardunaldia antolatu dute datorren ostegunerako, martxoaren 23rako.

Ostegunean Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko bozeramailea elkarrizketatu dute Hamaika Telebistan, eta mobilizatzen jarraituko dutela berretsi du: "Ez dugu amore emango. Prest gara mobilizatzeko erretreten erreforma kendu arte".

Bestalde, erreformak dakarrenaren inguruan ere mintzatu da: "Horrelako erreformek lanean hiltzera kondenatzen gaituzte asko. Ondasuna ez banatzea ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko".

Zentsura mozioa

Gobernuak Konstituzioaren 49.3 artikulura jotzeko erabakia hartu du, Behe Ganberako erreformari buruzko bozketa saihesteko, eta horrek zentsura-mozioei ere atea ireki die.

Hurrengo orduetan, oposizioak zentsurako bi mozio aurkeztuko ditu gutxienez, lehen ministro Elisabeth Borneren gobernuaren aurka. Horietako batek legebiltzarrean gehiengoa lortuko balu, Frantziako Gobernua eroriko litzateke eta hauteskundeen deialdia aurreratzea ekarriko luke.

Naizek jakitera eman duenez, France Info irratiak LFIko lider Jean-Luc Mélenchoni egindako elkarrizketa batean, iragarri du bere alderdiak zentsura mozioari uko egingo diola eta LIOT (Askatasuna, Independenteak, Ultramar eta Lurraldeak) oposizioko talde zentristaren alde egingo duela. Mélenchonek estrategia hori defendatu du Elisabeth Borneren gobernuarekin bukatzeko, eta azpimarratu du azken helburua pentsioen erreforma "bertan behera" uztea dela.

Bestalde, eskuin muturreko buruzagi Marine Le Penek iragarri du bere alderdiak, Elkarte Nazionalak (RN), zentsura mozio propioa aurkeztuko duela, baina baita beste edozein mozio babestuko duela ere. RN alderdiko presidentea Jordan Bardellak beste zentsura mozio batzuk babestuko dituela esan du, hala nola LIOT ena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023ko azaroaren 16
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!