ARGIA.eus

2021eko urtarrilaren 16a

24. Hatortxu Rock, birtuala eta "inoiz baino beharrezkoagoa"

  • COVID-19aren egoerak are gehiago okertu duelako euskal preso politikoen eta haien senideen egoera, aurtengo Hatortxu Rock "inoiz baino beharrezkoagoa" dela jakinarazi du antolakuntzak. "Eskaintza bereziarekin eta pena mereziko duen egitarau batekin" aurrera egin du beste urte batez euskal musikaren jaialdiak. 

Jone Markuleta @JMarkuleta
2020ko abenduaren 24a
Hatortxu Rock 20.edizioa, Lakuntza (Nafarroa) (Argazkia: Ekinklik)

Pandemiaren egoerara egokitu da Hatortxu Rocken 24. edizioa. Egun bizi dugun egoeran, ezin baita urtero bezela jai-giro eta aldarrikapen eremu bilakatu Atarrabia (Nafarroa). 21 urteren ostean, Hatortxu Rocken 24. edizioa egingo da, baina modu birtualean. 

Musika jaialdia aurrera eramateko arrazoia ez da solik kulturaren alde egitea. Presoekin elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela iritzirik eutsi diote jaialdiari. Hortik leloa: "Inoiz baino gehiago".

Antolakuntzak jakinarazi nahi izan du, COVID-19aren pandemiak are gehiago okertu duela euskal presoen eta haien senideen egoera. Izan ere, espetxeetako bisitak murriztu dituzte, besteak beste. Sakabanaketa pairatzen duten preso politikoen senideek, gastu ekonomikoei aurre egiteko sarrera nagusiak Hatortxu Rock bezalako ekitaldietatik lortzen dituzte, eta azken urtean ez da horrelako ekitaldi masiborik izan.

Hiru eszenografia ezberdin

Ohi bezala, larunbatean izango da Hatortxu Rock, abenduaren 26an. Antolakuntzako kide Aitor Agirrezabalek aitortu duenez "aurten zerbait ezberdina eskaintzen dugula uste dugu, mereziko du".

Ikuskizunak ordubete iraungo duela jakinarazi du antolakuntzak eta hiru atal eta eszenografia ezberdinetan banatuko da. Lehenengoan, Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek zenbait euskal talde ezagunen abestiak joko dituzte, hainbat euskal musikarirekin partekatuz oholtza: Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Alberto Sanzol, Ivan Carmona, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaia, Lide Hernando, Alex Sardui eta Hutsun taldea. Bigarrenik, Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina taldeek, azken urtean gauzatutako lan berriak aurkeztuko dituzte. Eta hirugarren zatian, Erika Olaizola aktoreak eta Lander Garro zinemagileak antzezlana eskainiko dute, espetxea eta sakabanaketa jorratuko dituena. 

Jaialdirako sarrerak www.hatortxurock.eus webgunean daude salgai, 12 euroan. Ekarpena egiteko bide nagusia hori da, baina webgune bereko dendan produktu berriak ere eskuragarri izango ditu nahi dituenak. 

Prestaketa lanak

Ohi bezala ehunka boluntarioren laguntzaz ateratzen ari dira aurrera 24. edizioa. Urteroko Hatortxu Rocken 700 pertsona boluntario zenbatu izan dira. Auzolana eta elkartasuna bait dira jaialdiaren oinarri. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hatortxu Rock kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude