14 sexu eraso eta 9 lan jazarpen salatu dira EHUn

  • Pikara Magazine aldizkariak Espainiako Estatuko unibertsitate publikoetan erregistratu diren erasoen gaineko ikerketa egin du. Argitaratutako datuek eraso gehien erregistratu dituen unibertsitateen podiumean kokatzen dute EHU.


2018ko azaroaren 30an - 09:52
(Ilustrazioa: Emma Gascó)

Apirilean publiko egin zuen Pikara Magazinek Yuly Jara eta Miguel Egea kazetariei eskatutako ikerketaren lehen bertsioa, urtarrila eta apirila artean batutako datuetan oinarritzen zena eta 236 eraso zenbatzen zituena. Datuok ezagutzera eman ostean, aurretik informaziorik luzatu ez zuten beste unibertsitate batzuek gardentasunaren bidea hartu eta kasu gehiagoren berri eman zuten, urriaren 8an aurkeztutako ikerketaren luzapenean 275 eraso zenbatzera helduz. Horietatik 73 laneko jazarpen kasuak dira eta 102 sexu erasoak. Gainontzeko 100 kasuak zeri dagozkion ez dute zehaztu iturriek.

Jasotako informazioa biltzen duen datu basean erreparatu daitekeenez, Espainiako Estatuko datuek barnebiltzen dituzten unibertsitateen artetik nabarmendu egiten da EHU: Granadako Unibertsitatearen atzetik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin batera, eraso gehien erregistratu dituen bigarren unibertsitatea da. Hamalau sexu eraso eta bederatzi lan jazarpen erregistratu dira EHUn, guztira hogeita hiru kasu. Sexu eraso kasuei dagokionez: zazpitan, gizonak emakumearen* kontrako indarkeria erabili du, eta kasuotan erasotzailea ikaslea edo unibertsitate kanpoko norbait izan da; hirutan gizonak emakumea psikologikoki erasotu du, eta ez da zehaztu erasotzaileak ikasleak, irakasleak edo unibertsitatetik kanpoko norbanakoak izan diren; gainontzeko lau kasuetatik bitan erasotzailea irakaslea izan da, eta ikaslea beste bitan. Lan jazarpenari lotutako kasuei dagokionez, kasuetatik zortzi irakasle eta administratzaileen artean eman dira, eta kasu bakarra administrazio eta zerbitzuetako langileen artean.

Izebergaren punta
Unibertsitateko emakume ikasleen %24ak unibertsitate eremuan sexu erasoak pairatu izana ziurtatzen du

Aipatu datuek izebergaren puntako panorama besterik ez dutela bistaratzen ohartarazi dute ikerlariek, Noelia Igareda eta Encarna Bodelónek 2014an publiko egindako ikerketak jasotako datua mahaigaineratuz: unibertsitateko emakume ikasleen %24ak unibertsitate eremuan sexu erasoak pairatu izana ziurtatzen du, nahiz eta erasootatik gutxi batzuek besterik ez hartu salaketa forma, erasotua izan den oro ez baita ausartzen salaketa jartzera.

Unibertsitatean gertatzen diren sexu indarkeria kasuak jorratzeko gida lantzen aritu diren Marta Luxan eta Jokin Azpiazu soziologoek Berriari egindako adierazpenen arabera, indarkeriok isilpean mantentzen laguntzen duten erakundearen zenbait ezaugarri antzeman dituzte, hierarkia eta botere harremanak kasu. “Eremu oso bertikala da unibertsitatea, eta eraso asko hierarkian gainean daudenek egindakoak dira: tesi zuzendariak, laborategi arduradunak...”, azaltzen du Azpiazuk Maite Asensiok landutako erreportajean. Luxanek, bere aldetik, botere harremanetan erreparatu eta pribatizazioak hauek nola indartzen dituen nabarmentzen du: “Ez da gauza bera erasotzailea hirugarren mailako ikasle bat izatea, edo unibertsitatera diru asko ekartzen duen katedradun bat izatea. Botere posizio oso desberdina da, eta unibertsitatea ez da gai izango biei gauza bera eskatzeko. Hor arazo potolo bat daukagu, are gehiago unibertsitatean gero eta garrantzitsuagoa denean kanpoko finantzaketa. Unibertsitateen pribatizazioak botere desoreka handiak ekarri du: une batean errektoreak baino botere handiagoa izan dezake ikerketa proiektu oso handi bat zuzentzen duen katedradun batek”.

Indarkeria matxista egiturazko arazoa izanik, aldaketa egituran eman behar dela uste dute Luxan eta Azpiazuk, hala egin ezean protokoloen baliagarritasuna antzua izan daitekeela nabarmenduz: “Gehienek unibertsitateko egiturak ukitu gabe konpondu nahi dute arazoa, baina irteerarik gabeko kale itsu batera doaz: protokoloa dagoenez, gero eta salaketa gehiago egongo dira, eta arazoa gero eta presenteago egongo da, baina bere horretan iraungo du, arazoa sortzen duen egitura ez delako aldatu”.

Hainka taldeak salatutako kasua

Egituran aldaketak egin ezean indarkeria matxistaren aurkako protokoloen eta Berdintasun Sailen antzutasuna azpimarratzera dator denboran gertu EHUko Leioako Campuseko Hainka Ikasle Feminista Taldeak egindako salaketa publikoa.

Martxoaren 8an, greba feministako egitarauan parte hartzen ari ziren emakumezko bi ikaslek gizonezko irakasle baten partetik erasoa pairatu zutela eta honen aurrean unibertsitateak jarrera pasiboa erakutsi duela salatu zuen Hainka taldeak, azaroaren 8an egindako prentsaurreko bidez. Adierazitakoaren arabera, martxoaren 8an bi ikasle kolpatzeaz gaindi, irakasle honek hainbat urtetan kolektibo gutxietsien aurkako jarrera zapaltzailea izan du, hainbat irakasle, langile eta ikaslek salatu dutenez.

Hainka: "Estrukturalak diren arazoak ez dira zigor puntualekin konpontzen

Hainkako kideen arabera, unibertsitatean bertan zein beste instituzio batzuetan kargu garrantzitsuak eta kontaktu sare zabala izateagatik, erasotzailea “ez da edozein irakasle”. Adierazpenok Luxan eta Azpiazuk unibertsitatearen baitan antzemandako hierarkia seinalatzera datoz, erasoak egin dituen irakasleak hierarkikoa den egituran betetzen duen tokiak esleitzen dion inpunitatea darabilela adierazten baitute.

EHUko Errektoretzaren Berdintasun Sailera jo izanak unibertsitatearen babesa izateko balio izan ez diela jakinarazi dute Hainkako kideek, eta EHUk biktimak babestetik urruti erasotzailearekiko konplizitatea erakutsi duela salatu: “Kanpora begira eta paperaren gainean, EHUk bere burua instituzio progresista eta feminista gisa aurkezten du (…) Prozesu honekin erakutsi du bere benetako izaera: honelako erasoen aurrean, erasotzailearen anonimotasuna eta pribilegioa babestu dituen instituzio bat, biktimak alde batera utzi dituena”.

Salaketa publikoaren ostean, EHUk erasoa burutu zuen irakaslea hilabetez kargutik kendu du. Horren aurrean argi mintzo da Hainka: “ Irakaslearen helegiteen gainetik, EHUren erabakiak zutik jarraitzen badu, hilabete ondoren itzuliko da irakaslea campusera.Estrukturalak diren arazoak ez dira zigor puntualekin konpontzen, are gutxiago horrelako zigor arinekin. Horregatik exijitzen diogu EHUri arazo hori eskuartean hartu eta, daukan erantzukizuna bere gain hartuz, ikasleak babestu eta gatazkari konponbide eraginkor bat emango dioten neurri zorrotzak hartzea”.

*’Emakume’ izendapenak genero sistema bitarraz gaindiko gorputz eta identitate askotarikoak barne hartzeko orduan mugak jartzen dituen arren, artikulu honetan aniztasun hori barne hartzen du

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexismoa
Zuen etxean ere emakumeak arduratzen al dira opariak erosteaz?

Opariak erosteaz batik bat emakumeak arduratzen direla diote azterketek. Durangoko Azokan murgilduta eta Gabonak gertu, gai aproposa dirudi inkestek erakusten duten errealitateaz, gizonek jartzen dituzten aitzakiez eta emakumeek duten "zama mental ikusezina"... [+]


Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?

Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur... [+]


Zumaiako festetan gutxienez hiru eraso salatu dituzte

Zumaiako Mugimendu Feministak jakin duenez, txosnagunean bi eraso sexista izan dira, eta taberna batean eraso homofoboa. Elkarretaratzea egingo dute asteartean, 19:00etan.


Haurrei zuzenduta dauden iragarkietako genero estereotipo errepikatuenak

Jostailuen interneteko iragarkiek genero rol eta estereotipo gehiago erreproduzitzen dituzte, telebistako iragarkiek baino. Hori da Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egin duen txostenaren ondorioetako bat. Hamar estereotipo errepikatuenak zerrendatu dituzte, horien... [+]


2021-10-17 | June Fernández
Kamera aurrean
Gaztea, argala eta liraina izan behar duzu... emakumezkoa bazara

Naiara Vink EHUko ikerlariaren doktoretza tesiak agerian utzi du Espainiako Estatuko emakumezko berriemaile eta aurkezleek bizi duten presio estetiko sexista. Zein da egoera Euskal Telebistan eta nola irauli daiteke? Sei euskal kazetariri bota diegu galdera.


Eguneraketa berriak daude