Barrenak husteko idatzia, estraineko lan honekin aho bete hortz utzi du publikoa Hassan daniarrak. Errefuxiatu palestinarren semea, aita erasotzailea etxean, Mendebaldeko gizarte batean marginalitatetik gertu bizitzea zer den transmititu du raparen antz handia duten poemaz poema. Aarhus hiriko gueto musulman batean, etxean jasandakoak, eskola porrotak, arrazismoak eta txirotasunak delinkuentziara nola eraman zuten kontatu du. Aitari dion gorrotoa, egin zituen lapurretak, poliziarekin izandako arazoak, batari eta besteari sartutako ziriak eta espetxeko egonaldiak. Guztia etorkizuna oso ilun ikusten duen gazte baten bihotzetik idatzia. Guztia letra larriz, ezohiko liburua da hau. Hainbeste, Hassan bera fenomeno literario bilakatu duela bere ezusterako. 19 urterekin argitaratutako liburu gordin honen 100.000 aletik gora saldu ditu. Juan Mari Mendizabalek bikain euskaratua.
Izenbururik gabe
Egilea: Yahya Hassan
Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal
Denonartean, 2017
232 orrialde