Merkataritzaren Munduko Erakundea eta Elikadura Burujabetza kontzeptu antagonikoak dira. Lehenbizikoaren helburua da urratsez urrats mundu osoan merkatu “libre” bat eraikitzea, baita nekazaritzan ere, ekoizpena oztoporik gabe eramateko munduko leku batetik bestera, produkzio-kostu txikienak dituen tokian kokatuz. Horren ondorioz, munduko eskualde bakoitza espezializatu egiten da bere testuinguruan merkeena den ekoizpena egiten. Lehiaketa horretan, ikuspegi sozialak, lokalak,... [+]
Eduki hauek interesatzen zaizkizu? Kanal honen RSS jariora harpidetu zaitezke.
La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren egitarau osagarriaren barruan, nekazarien eskubideen urraketari buruzko txostena aurkeztu zuten asteazkenean. EAEri dagokion atalaren egileak, Leticia Urretabizkaia EHUko ikerlari eta hezitzaileak, gurekin hitz egin zuen aurkezpena egin baino lehentxoago.
“Elkarte txikia gara eta guretzat erronka handia da nazioarteko konferentzia hau antolatzea, baina gure errealitatea ikusarazteko aukera bikaina ere bada”, esan digu Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia sindikatuko kideak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra inauguratu eta ordu gutxira. “Elikadura osasungarria denon eskubidea da”, azaldu du Intxauspek, “eta herri bakoitzak zer elikadura nahi duen erabakitzeko eskubidearen jabe izan behar du”.
Jendez mukuru izan da Derioko apaiztegi zaharreko eliza zena, Biltzarraren inaugurazio ekitaldian. Dantzak, kantuak eta musikak hartu dute lehenbiziko ordua, mezu politikoek bigarrena. Amaieran, azken urteetan La Via Campesinarekin bat egindako elkarte berrien aurkezpena egin da. Gogorarazi dutenez, 200 milioi laborari baino gehiago ordezkatzen ditu antolakundeak dagoeneko, 70 herrialde baino gehiagotan. Aritz Loiolaren argazkiak segidan.
Pertsonak elikatzeko nekazarien beharra du munduak. Eta modu egoki eta jasangarrian egiteko, edozein ereduk ez du balio. Hala aldarrikatu du Miguel Blancok, Espainiako Estatuko nekazari elkarteen COAG federazioko idazkari nagusi eta hizlari kementsuak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarrari hasiera ofiziala emateko egindako ekitaldiaren amaieran. Datozen egunetan eredu horren aldeko estrategiak finkatzen saiatuko dira mundu osotik Euskal Herrira etorritako ehunka ordezkariak.
Javier Guzman VSF (Elikadura Justizia Globala) elkarteko zuzendaria da. Derion izan da, La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren ekimen osagarrietako batean. Hain zuzen, bere elkartea Espainiako Estatuan egiten ari den Dame veneno (Emadazu pozoia) kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu.
Derion egin berri den La Via Campesinako V. Emakumeen Biltzarra historikotzat jo du Sandra Moreno Cadena antolatzaileetako batek. Moreno kolonbiarra da jatorriz, baina Espainian bizi da. Andaluziako Langileen Sindikatuko kidea da, eta zehazkiago Landa-eremuko Langileen Sindikatukoa. Haren ahotik jaso dugu Emakumeen Biltzarrak emandakoaren berri.
Nekazari gazteen nazioarteko laugarren asanblada izan da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarraren lehen urratsa. Egun eta erdiko bilkurak emandakoa azaldu digu Paula Gioiak, La Via Campesinaren koordinazio batzordean Europak dituen ordezkarietako batek.
Arafat Jaradat, Palestinako UAWC nekazari-antolakundeko kidea, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarrean parte hartzen ari den 500 inguru pertsonetako bat da. Hebronen bizi da, Zisjordanian. Israelen erasoak direla-eta palestinar nekazariek eguneroko lana egiteko dituzten zailtasun izugarrien berri eman nahi du Jaradatek Derion.
La Via Campesina nekazarien nazioarteko mugimendua Euskal Herrian egiten ari da VII. Nazioarteko Biltzarra, uztailaren 16tik 24ra bitartean. ARGIAk egunero emango du haren berri.
Gaur, hilak 16, "Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!" goiburu duen Bergara-Derio martxaren hirugarren eta azken etapa burutu da, Larrabetzu eta Derio artean.