Ataño: Pasatako Denak Gogoan


1983ko uztailaren 10ean
Salbador Zapirain "Ataño" idazleari elkarrizketa
Ataño: Pasatako Denak Gogoan
Salbador Zapirain. Ataño. Bordaxar baserrian jaioa. Kaputxinoa. Idazlea. 70 urte...
Eta pixkor pixkor aurkitu dugu Hondarribiko komentuan. «Hementxe itxita bizi gara gu».
Pozik agurtu gaitu. Txikia da. Langilea. (Baratzatik etorri da).
Hamaika gauza ikusitakoa. Hor dauka guztia gorderik. Hor, betazulo hondorik gabeko horietan. Horiekin mintzo da hitzaz lagundurik. Badu zer esana. Gauza tristeak batzuk, oso tristeak. Gogorrak asko. Alaiak besteak... badu. Eta hor saiatzen da neguko ordu ilun eta luzeetan guzti horiek paperean jartzen. Dakien modura. Bizi bezala.
«Galderak ekarrita egokiago iruditzen zait» esan dit. Nik ordea hasi eta aterako zirela. Eta atera dira.
Liburuak
A: «Txantxangorri kantaria» 1980.urtean, eta «Txori» l98l.ean...
S: Lehenbizikoa da onena. Lehenbizikoak gai ona du. Banekien gainera nik eta.
A: Horregatik al da hobeagoa?
S: Neretzat bai.
A: «Txori» etxean aditutakoa duzu ba.
S: Beste hori sutondoan kontatutakoa. Lau hitzetan kontatutakoa eta gero nik luzatutakoa.
A: ...
S: Bestea hobea da. Bestean nik bainekien dena. Gure etxeko martxa guzti guztia eta gero gainera gaia ere ona du. Batzuk esan zidaten, gerrako hori kendu egin behar zenuke, eta gerrakoa kentzez gero, ez du balio liburu honek!
Aspaldi egina da. Francoren denboran atera nahi zuten, eta, «ez dago ateratzerik» esan nien nik. Eta gerrako honi kentzen badiozue hark ez du ezer ere. Gerrakoak ematen dio hari bere meritoa. Gure aita zenak ze ixtilu ibili zituen...
A: Denbora ere hartuko duzu ba eskribitzeko?
S: Neguan. Negua etortzen da eta bestetarako iluna duzu. Eta eguna negu erdian euria, elurra edo, eta gainera kanpoan ere askoz ere lan gutxiago.
A: Eta zertan ari zara?
S: Baditut hiru edo lau zera eginak, kontuak, etxean entzunak eta nobela bezala eginak. Eta ez dakit balioko duten edota ez duten balioko.
A: Ateratzeko asmotan edo...
S: Ez dakit bada, hori zerak esan behar du, zerak, Zabalak. Hark.
A: Lan galanta egin du gizen horrek...
S: Bai, oraindik ere ari da. Zoritxarrez berandu hasi. Gerra aurretik hasi izan baziren... Ez dakit zenbat bertso, galdu direnak, horiek salbatuko ziren. Nik, nik etxean ikusten nituen. Ez dakit noizko bertso zaharrak kantatzen zituzten haiek.
A: Eginak dauzkazun liburu horiek, zertaz dira?
S: Bat gerrakoa. Badakizu ni nola ibili nintzen. Kartzelatik kartzelara. Baina neri iruditzen zait horren denbora joana dela. Orain berriz ere gerra kontuekin ez dakit. Horrek atera behar zuen Franco hil eta berehala.
Baina piska bat aldatzea nahi nuke. -Hogeitamar urte baino gehio da hura ere egin nuela.
Idatzi eta hautsi, idatzi eta hautsi, honez gero, segituz gero hau dena betea behar nuen. Aita zenak halaxe esan zuen hark bertsorik ez kantatzean lehertu egingo zela.
A: Eta zergatik ez du bada liburu hori ateratzen?
S: Naparran kontra ematen du, eta aita Zabalak berriz ez du hori nahi, eta hura kentzen badiozu berriz, hark ez dauka zerarik. Haiek sartu ziren gurean eta. Haiek egin zituzten gure etxeko eta Ondarretako zerrikeria guziak.
Oraindik gogoan daukat, etxea beterik, «todos habéis de morir» esan zidan batek–hala hitzegiten baitute han–«Hais de morir», Tudela alde horretan eta.
Alegia min ematen diela eta... mina... guri ere hala eman zigun.
Reketeak ez ziren hain gaizki portatu. Orain beste erdi-falange goardia-zibil, horiek ez zuten ezta...
Donostian –gogoan daukat–kontsejo de gerra egiteko han geunden lau anaia, eta beste lau han bueltak ematen. Gu euskaraz ari ginen. Gu euskaraz ari ginen eta sartu zitzaigun hura fusila hola jarrita (aurrez aurre alegia. adierazi du egindako keinuaz). «perros más que perros, callaros! No habléis en esa...». Bi goarda zibil, gu zaintzen, eta katalanak ziren, eta «Y qué?, Si no saben otra cosa?» Haiek jatorrak ziren.
Etxea. Bertso Giroa
A: Sagardotegia zen zuen etxea, ez?
S: Garai batean bai. Txirrita eta denak hor ibiltzen ziren. Bainan hori, gu txikiak ginela, behin ama hil zenean, gure etxean ez zen sagardotegirik. Ez zen izaterik ere, ez zegoen emakumerik eta! Aita bakarrik geratu zen, seme zaharrenak hamalau urte, gazteenak berrogeita bost egun... Hark hala ere aurrera. Ikaragarri izan huen. Ez zen gizon handia, bai langilea!
Hark ez zion bertsoari utzi. Hark bertsoak... joaten zen lekura joaten zela beti bertsotan.
Ona zen. Hura hasten zenean xaxtaka-xaxtaka-xaxtaka. Bainan aboz txikia zuen, aboz txikia.
A: Eta hark esandakoak zuk pasatzen zenituen paperera...
S: Bai. Ni joan nintzenean, zerak egiten zituen, Aitzondoko neska batek. Orain Amezketan dago artzain batekin ezkondua, Pilar. Nere erre zen anaiaren andregaia.
Hala egiten genuen. Harek bertsoak esaten zituen eta gero nik jartzen nizkion paperean. Aita Zabalak atera zuen liburu bat aita eta osaba, biak batera, bien artean.
A: Beste behin zenion zure aitak eta erdarakada piloa sartzen zituztela bertsoak egiterakoan...
S: Nazkatzerainokoak, eta ez zuten haiek hala hitzegiten. Nere aita zenak «quieto», noiz esaten zuen bada hark kieto? Eta nere osabak ere «nere esposa maitia». Nere emazte maitia, edo nere andre maitia. Baina nonbait uste zuten horrekin grazia ematen ziotela. Eta ya esta!
Hori. nik horretan uste dut zerarik gehiena zerak izan zutela: apaizek. Apaizek pulpitotik Jainkoak daki nola hitzegingo zuten. Bestea behartzen zuten. Xenpelarrek jarritako «Azken juizio»ko bertsoak ere hark handik hartuko zituen. Apaizaren hitzalditik. Eta... edozein gauza hartu.
Nik badakit, guk ikasi genuen dotrinan, «Nor da Jangoikoa?», «Da gauza bat exzelentiagoa, admirabiliagoa eta...». Gero: «Lujuriaren kontra, tenplanza», eta gero, «Soberbiaren kontra humildadia», eta halaxe. Eta gero guk atera genuen dotrina, Gasteizen geundela, hango seminaristak. Garbia eta ona.
A: Bertsolari kabi zenuten beraz etxea. Errenderi aldekoa, ez?
S.:Errenteriko azkeneko baserria. Gure terrenoan dago mugarria: Alza, Astigarraga eta Errenteri.
Gure alde honetan garai hartan ba ziren hamabi-hamalau bertsolari. eta onak. Orain ez da bat bakarrik ere egongo.
Orduan baziren, Gaztelumen bizi zen Txirrita, horren kuñadua, Saturno, bertsolaria zen, gure etxean aita, gero Arranobin osaba, Telletxikikoa, ona hura ere Sabino. bestea Lujanbio, gero Errenterin bertan Zabaleta anaiak, bestea Txintxua...
A: Txirritari labanazoa eman ziotela eta...
S: Bai, San Markon sartu zion. Orduan San Markos egiten ari ziren eta. Orduan ari ziren obra egiten.
Eta nik uste, ez zuen berak sekulan esan, ezer esan. Hemen gure etxean apopilo zegoenak eman zion. Berez, iparraldekoa zen, euskaldun garbia. Hargin egon omen zen. Eta ez dakit gero, harekin hargin pioitzan zela edo, haserretu edo, jokoan aritzen ziren behinipehin; hark eman zion labanazoa. Gero zerak, tabernako nagusia erdi mozkorra, haretxek salbatu zuen. Donostiara eramanez gero bidean hilgo zen.
Zelebrea zen hura. Hamaika bider joan zerara, gure alboan daukate muga, etorriko zen, eta han eserita ariko zen. Kukuarekin kantari edo ariko zen. Gure etxera sagardoa edatera etorri ziren eta: «Ze zokin zokora jo al dezu?». Ta, «desapio pranko egin ziot baina eztik jo, ez».
Donostian ere bai, orduan badakizu bertsolariak bere kapel luzearekin ateratzen ziren bertsotara. Hari ere eman zioten eta, etorri zen noski nagusia Diputazioko buru egiten zuena eta, hark xapela zeran utzi, sillaren gainean eta, konturatu gabe gainean eseri da eta, hantxe. Gero esan zioten, «modakua daukazu txapela, modakua», eta, «bai, besteak bezela zun honek ere gobernua». Eta gero, «gaitako al gaude, gaitako?», eta, «Bai, hobia badaukat gordia jaitako». Ikaragarria zen.
Ehiza
Hamar hamaika ateratzen ginen gu. Orduan, orain baino gehio zen orduan ehiza ere, xoxo eta bibiarroak eta. Sasizuloak hartzen genituen erdian eta handik ateratzen zenari, aise hiltzen genituen guziak. Hamalau hamabost tiro bai. Tipiti tapa ta, hil ta behera zihoala ere tiroka egiten genion. Oraindikan ere inguruko xarrak gogoan dute hori.
Orain gero eta gutxio. Gainera hemen etxeak eta egiten ari dira eta. Hementxe orain, goardazibil hauetan (komentuaren gainean, goragoxeago goardazibilen koartela jarri dute: Hondarribiako koartela) uste dut geratu direla xoxo eta bibiarro batzuk... Hor seguru daude!
Orain ere lanean ari naizela, beti haurra balute bezala metraileta hartu besoan eta beti begira, beti begira.
Hor dago sekulako zera, komentua zen. Agustinoak zeuden.
Lehenbizi esan ziguten hoteletako erosi zutela. Gero berriz Gobierno Vascok erosi zuela. Gutxienez zeozer. Baina Gobierno Vasco ta zera, Roson ta hauek erosi!
Bi bider kargu hartu didate neri horiek gure terrenuan. Frontoia dago bada. Frontoira etortzen dira eta zerak baldin badira edo behinipehin miatzen dituzte baztar guziak, eta «qué pasa ahí?». «Nada. Hemos venido a jugar a la pelota». «De quién es el fronton?». «¡­Nuestro!». Ja etsi dute.
Beldurra, badakizu, zer ikusi ote datozen edo... Zaila da. Hor atentadua egiten zaila da. Kaskoan dago eta, buelta guzian hola jarrita daude eta. Egingo balute ere lehiotatik eta goitik behera tira eta... Zaila da.
Gerra Denboran
Baten batek esan zuen behin gizonak bere barnean daramana esango balu mundua lehertuko litzatekeela. Atañok esan digu bera lehertuko litzatekeela baldin eta idatziko ez balu. «Esan egiten dira baina, ez dira pasatzeko ederrak hauek!». Gerra garaiaz ari da. Iruiñeako San Kristobalen preso. Donostiako Ondarretan pena de muerte buru gainean eta zain.
Gu berriz han geunden, Iruiñean, San Kristobalen.
Berrehun eta hogeitamar hil ziren. Eta beste hamalau gero fusilatu egin zituzten. Zortzirehun bat atera ziren. Lau milatik gora geunden han. Etzateko lekurikan ere...
Asturiasko maisua zen nola egin erakutsi ziena. Gero bilbotar bat, Picola, ona mutila!, jakina ez zen zera, baina oso mutil gozoa zen. Harek beste seirekin edo barruko guardian guzik harrapatu zituen. Kanpuan konpainia osoa desarmatu eta,–hura lotsagarrikeria gertatu zena militarrentzat–. Hura han nola dagoen ikusten duena harrituta geratuko da nola bururatu leiken. Patio handi bat, hamar hamabi metroko hormak bai, ez zuen ate bat bakarra. Cuerpo servicios, han zeuden goardianak harrapatu zituzten, gero joan ziren gora eta esan zien gure goardianak erdi mozkorrak zeudela eta tiroka hasteko zorian zeudela. Eta etorri zen alfereza, kapitana falta zen. Eta etorri zen alfereza pakeak egiteko asmoz bi soldaduekin eta harrapatu zuten bera. Eta hura aurretik zutela konpania desarmatu zuten.
Nik ez dut uste inor pasa zenik. Handikan urruti dago muga. Berrogei kilometro egongo dira fronterara. Eta San Kristobaldik beheruntz berehala bidea. Gero ibaia. Handik nora joan behra duzu? Eta ordu erdi baino lehenago bazekiten, kornetak ihes egin zuen eta.
Denak bertan harrapatu zituzten baina harek ihes egin zuen. Hura ordu erdi inguruan Iruiñean zegoen. San Kristobalen jendea mugitzerako dena inguratuta.
Eta hantxe ikusi ere egin nuen sozialista hori, zera, Juanito Iglesias. Besoa moztu zioten izan ere «por tonto», esan omen zion reketeak. Harrapatu zituzten eta, alto!, esan zioten. Ez hiltzeko asmoan, haiek ez zuten inor hiltzen, soldaduak, reketeak bai baten batzuk, baina haiek ez. Gehienak salbatu egin zituzten. Eta hura berriz ihesi hasi zanean, ttapa tira, eta besoan jo, «tonto, eso por tonto».
Beste bat, bizkaitarra, Zornotzakoa, bai, Arrieta. Zera zeukan hark, zura almazena. Hura ere atera zen eta harrapatu egin zuten. Eta bere lagun guziak hil eta bera hiltzera zihoazela esan omen zien, bueno, pues, ni hiltzen banazute esaiozue holako eta holakori nere emaztea abisatzeko nere gorputza eraman dezan. Eta harek esan zituen holako eta holako Iruiñean ziren gizonik handienetakoak ziren. Harek bazuen haiekin hartuemana. Eta: «zuk ze ezagutzen dituzu horiek?». Eta, «ni horien laguna naiz». Halaxe salbatu zen hura.
Eta Picolo harek ere zihoala harri gainetik erori eta hanka hautsi omen zuen. Eta orduan bere burua hil. Hari galdetu nion nik. Jende dena kanpora aterea zegoen, oraindikan ere zeratik ez, zubitik pasa gabeak. Oraindik ez ziren atera eta nik esan nion ea esperantzarik bazegoen ihes egiteko. Eta, ninguna, esan zidan. Zer bada? Eta. batek ihes egin ziguk. Zuek zer egin behar duzue? Eta, guk ahal dugunera, jo! Eta guk? «Hobe duzue geratu» hala esan zidan. Ni sartzen eta ihesi maisua. Maisua gurekin gaizki geratu zen eta ihes egin zutenekin ere bai. Eta harrapatu eta hura ere hil egin zuten.
Esan Egiten Dira Baina, Ez Dira Pasatzeko Ederrak Hauek!
Hala ere Donostian okerrena. Donostian gauero, (Ondarretako gartzelan). iluntzean han egoten ginen gu, eta gauero hamaikaterdiak inguruan etorri eta «está usted liberado. Prepárese». Atera etorriko ziren. Lotu. Bota kamioira eta... Gauero gauero. Dena ikusten genuen guk.
Nik garbi garbi nenkien gauean eramaten zituzten denak hiltzera eramaten zituztela. Eta gu pena de muertekin geunden. Hiru hilabete hantxe pasa genituen.
Gero tortura esango dute. Hori baino tortura handiagorik zer dago bada!
Apaizak, Arrasatekoak, hiru apaiz. Hirurak batera ekarri zituzten eta handik hamabost egunetara bat atera eta hil zuten. Eta handik beste hamabost egunetara bat atera eta hil zuten. Eta han geratzen zena badakizu nola egongo zen? Hil behar badira eraman itzak hirurak batera eta kitto!
A: Orain ere Puerto eta...
S: Diferentzia handia dago. Orain ez dago orduan bezalako arriskurik.
Orduan nahikoa zenuen hitz-erdi bat esatea, hurrengo goizean faltako zinen. Orduan huelga de hambre? Je, je. Egiten genuen, bai, ez genuen jaten eta! San Kristobalen nik hilabeteko bazkaria, garbantzuak, mila berrehun eta hirurogeitamabi kontatu nituen, eta kitto. Gure bazkaria. Berrogeiren bat garbantzu tokatzen baziren eguneko. Gero etxetikan zeozer bidaltzen ziguten eta harekin, bestela...
Hauek ere, zera hauek atera izan baziren, Armada eta hauek okerragoak izango ziren. Militarrekin ez. dago jolasik! Horretarako ikasten dute eta!
Euskara Etorkizuna
A: Non dago esperantza?
S: Hitzegitean. Hitzegin egin behar du. Oker edo zuzen, Azpirozeraino, zera, hitzegin. Hor duzu latina. Latina milakak eta milakak munduan jakin dute. Baina hila dago, ez da hitzegiten eta! Hitzegin egin behar du, ahal den lekuan ahal dela. Ahal den bezala: hitzegin! Bizia horretan dago. Ez idaztean eta irakurtzean: hitzegitean.
A: Euskararen buelta gerra garai horretan izan zen beraz...
S: Bertako jende asko bidali zen, eta kanpotik sartu. Pentsa ezazu, berrogeita hamarrean, mila ta bederatzirehun ta berrogeita hamarrean, Errenterian oraindik dena euskaraz hitzegiten zen... Nola dagoen...
Kanpotik sartu baita jendea. Kanpotik ez balitz sartu jendea Errenterin oraindik euskaraz hitzegingo zen. Erdaraz ikasi zuten... eta kitto! Gero, bilinguismo eta... Hemen ez da bilinguismorik. Euskaldunak nahi ta nahi ez egin behar dugu bilinguismoa, erdaldunak ez dute egiten! Guk erdaraz ikasi behar badugu haiek ere bai euskaraz!
Bentaja guziak beraiek dauzkate!
Buelta, buelta, gutxi oraindik.
A: Ikusten al diozu bueltarik?
S: Buelta–arnasa hartuz, gero ozen–ez ote da hasi ere! Ez ote da hasi ere buelta.
Buelta, nik ikusten diodana, abertzale asko dagoela, eta, horiek ez dituztela menderatuko! Alperrik ekarriko dituzte munduan diren polizi guzik eta. Horrek azkenean indartu egingo du. Eta horrekin hasten badira hemen euskara soil soila jarriko da. Ni horretan nago. Alper alperrik ibiliko dira jo ta jo ta jo ta jo, herriak horretan segitzen badu hori ze menderatuko da! Eta ez badute menderatzen azkenean bera geldituko da.
Horretan. Baina euskarak eskubide gehio behar ditu. Euskarak berak behar du eskubide guzi guzia eta besteak behar luke nahi duenak ikasi. Erdara baino milaka urtez lehenago da euskara!
A: Segitzen al duzu ARGIA? Nolako errebista ateratzen dugu?
S: Zera batzuk, batzuren euskara ez zait gustatzen, besteena bai. Euskaraz dago behinipehin, eta aurrera! Horixe bakarrik izango da euskaraz ateratzen dena. Eta dena dela goitik edo behetik, azpitik, edo, euskara. Horrek salbatuko du, bestela ez.
A: Zer iruditzen zaizu bada «batzu»i horien euskara?
S: Begira, hor gauza bat dago. Erdaraz ikasi dute ondo, eta euskaraz ez dute ikasi ondo. Orain behinipehin ikasi dute. Eta idazterakoan erdaraz pentsatzen dute. Eta badakizu, haren gurpila, hiperbaton, beti aldrebesa da. Nik hiperbaton horri gurpila esaten diot. Horrek egiten du guzia.
Eta guk berriz, jaio eta ,orain arte dena euskaraz hitzegin dugu ahal dugun tokitan. Idatzi eta irakurri ere bai, eta guk euskaraz pentsatzen dugu. Hor dago dena.
A: Eta orain segitzen al duzu oraingo gazte jendeak zer estribitzen duen edo?
S: Ez. Hementxe itxita bizi gara gu. Pake pakean. Beste gainerakoan zer egingo dugu ba!, lan puskat egin!
Gureak egin du. Hemendik aurrera besteek egin behar dute... Zuek zuek egin behar duzue. Zuen ordua da.
Iñaki URIA
29-33

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakATAÑO1
PertsonaiazATAÑO1
EgileezURIA3Kultura

Azkenak
Egoi Irisarri: “Grande Marlaskari torturak kontatzen nizkionean, primeran gogoratzen dut nola irribarre batekin entzuten zituen”

Beste 20 pertsonarekin batera, Guardia Zibilaren esku zegoenean pairatu zituen torturak aitortu dizkio Nafarroako Gobernuak. Urrats honetara heltzeko Torturatuen Saretik egindako lan kolektiboa azpimarratu du Euskalerria Irratian. Ziklo baten itxieratzat hartu du aitortza... [+]


2025-06-11 | Euskal Irratiak
“Mendialdeko herriak hiltzen ari gara, eta hori gizarte osoaren kalterako da”

Jando Idiart Larraineko auzapeza eta Jone Alastuei Uztarrozekoa, Buruz-Buru emankizunean juntatu ditugu, Pirinioetako herrien egoeraz solastatzera. Auzo herriak dira Larraine (Zuberoa) eta Uztarroze (Nafarroa), eta Larraineko bortuaren bi aldeetan kokatzen dira. Ekonomia,... [+]


Zinegoak jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu

Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.


Ikastetxeek sukalde propioa izatetik harago, funtsa eskola-jantokien kudeaketa eredua dela adierazi du EHIGEk

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]


Patxi Apalategi itzultzailea hil da, 80 urterekin

Itzultzailea zen Apalategi. Gaztelaniatik eta nagusiki frantsesetik ekarri ditu lanak euskarara. 


Gure Esku: “Euskal gizarteak urratsak egin nahi ditu Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean”

Larunbateko manifestazio jendetsuaren ondoren, erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku mugimenduko bozeramaile Josu Etxaburuk eta June Romatetek agerraldia egin dute Donostian. "Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak" lortzeko,... [+]


Gutxienez hamar hildako Austriako eskola batean izandako tiroketan

Graz hiriko eskola batean gertatu da tiroketa, Austria hegoaldean. Hiriko alkate Elke Kahrren arabera, hildako gehienak ikasleak dira. Gutxienez 30 lagun eraman dituzte ospitalera, eta horietatik lau egoera larrian daude.


Manuel Lezertuak Ararteko kargua utzi du

Lezertua Arartekoa izan da 2015eko ekainetik, eta astearte honetan, hamar urte geroago, kargua utzi du. Titular berria hautatzeko prozedura ireki da. 


Urdulizen hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, irailaren 28an; eta Bilboko Casillan amaitu

Hamahiru urtean lehen aldiz, finalaren kokagunea aldatu du txapelketak, arrazoi koiunturalak medio: Bilbao Arenatik Casillara. Azken bi txapelketetako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartuko aurtengo edizioan.


Trumpek 700 marine bidaliko ditu Los Angelesera, Kaliforniako Gobernuarekin tentsio betean

Igandean Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu mobilizatu ondoren, AEBetako armadak jakinarazi du beste 2.000 soldadu eta 700 marine bidaliko dituela Los Angelesera, etorkinen aurkako sarekaden harira piztutako protestak oztopatzera. Bitartean, Etxe Zuriaren eta Kaliforniako... [+]


BSHko langileek protestak egin dituzte lantegi sarreran enpresaren itxieraren aurka

BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".

 


Euskararen alorrean “jauzi kualitatiboa” agindu du Pradales lehendakariak, “kontsentsua oinarri”

Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra iragarri dute 2027rako. Irail honetan hasiko dute bidea. Hainbat arlotako 270 lagun bildu dira ekitaldian, eta herritar guztiei luzatu die gonbita Imanol Pradales lehendakariak: "Asmoa da bi urteko epean lanketa zabala eta... [+]


Giza Liburutegiak LGTBI+ pertsonen testigantzak ekarriko ditu Nafarroako sei herritara

Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]


Eguneraketa berriak daude