KULTURA MURRIZTUEN BILTZARRA UZTARITZEN


1974ko abuztuaren 04an
Kultura murriztuen biltzarra Uztaritzen izango dela eta, IKAS batasuneko idazkaria den Manex Goyhenetxeri elkarrizketa.
KULTURA MURRIZTUEN BILTZARRA UZTARITZEN
Manex Goyhenetxe mintzo
ZERUKO ARGIA honetan garai onez jakinarazi zenez, datorren astean A.I.D.L.C.M. delako elkartearen biltzarra eratzeko da Uztaritzen.
Biltzar horretan Euskal Herriak ere hitza izanen duenez gero, huntaz eta hartaz berri zehatzik jakin asmoz, Manex Goyhenetxe jaunari galdera andana bat egin diogu, haren erantzunak euskaldun guztioi interesgarri izanen zaizkigulakoan.
Manex Goyhenetxek -IKAS batasuneko idazkari, eta Ipar Euskal Herriko kultur mugimenduan barrena buru-belarri murgildua izaki- zuzenki erantzun digu, azalezko hitzetan irakurleari amore handiri eman gabe.
Manex, zer dugu A.I.D.L.C.M. delako hori?
Zera duzu frantsesez, "Association Internacionale pour la Défense des Langues et Cultures Menacées". Euskaraz, "Hizkuntza eta Kultura Murriztuen aldeko Nazioarteko Elkartea" erran genezakeena.
Noiz sortua?
Baldin oker ez banaiz, 1964 urtean sortua, duela hamar urte hain zuzen.
Zertarako sortua?
Izenak berak dioenez, A.I.D.L.C.M. delakoa Europa guziko herrialde zapalduen kultur talde bat da. Bere helburua, Europan dauden kultura eta hizkuntzen alde jokatzea da.
Nork hartzen du parte kultur elkarte horretan?
Alde batetik, 27 kultur taldek. Beste aldetik, 68 jendek: irakasle, idazle etab.
Zuzendaritza eta ordezkariak nola hautatzen dira?
Hiru urtetatik behin Biltzar Nagusia egiten da, eta denek parte hartzen dute. Zuzendaritza, kultur taldeetako ordezkariek osatzen dute. Biltzar Ttikiak, aldiz (buruzagia, idazkaria, diruzaina eta hiru ordezko), zuzendaritzak hartu erabakiak finkatzen ditu.
Non da Bulego Nagusia?
Bulego Nagusia Frantziako Okzitanian dago. Huna zuzenbidea: G.Costa. 22, rue Greuze, 66 - Perpignan.
Zer egin behar da elkarte horretan bazkide izateko?
Gauza erraza, harpidetu eta kuota ordaindu...
Aldizkariren bat ere argitara ematen ote duen entzuna dugu...
Ez, elkarteak berak ez du inolazko aldizkaririk, baina, noitenko ageriak bidaltzen dizkie kazetariei.
Aurtengo Biltzar Nagusia Lapurdiko Uztaritzen eginen ahal da?
Bai, lehen erran dudanez, Biltzar Nagusia hiru urtetarik behin eratzen da, eta aurtengoa Uztaritzen eginen da, abuztuaren 9tik 11ra arteko hiru egunetan.
Zer dela eta aurtengo biltzarra Uztaritzen, Euskal Herrian alegia?
Ba... toki eskasagorik bada hauzi hauk aztertzeko...
Zer da ba aztertu beharrezko?
Anitz gauza. Herri bakoitzean nola doan kultur egoera, zoin diren beharrak, non diren kultur eskubideak ukatuak etab...
Europako kultura zapalduen egoera bakarrik aztertuko ahal da?
Funtsean bai, hala ere, Afrikako minorien egoeraz ere zerbait ahal izanen da.
Nork eratzen du hau guzti hau?
Uztaritzeko Biltzar Nagusia Baionako IKAS taldeak du eratzen, zeren eta IKAS barna bait da arazo guzi hau.
Ipar Euskal Herrian sumatzen ahal da biltzar honi buruzko girorik?
Egia erran, ez du behar bada hedadura handiegirik izan. Dakidanez, hego aldean are gutiago. Hala ere, jende multzo batek jakin du, eta harrera ezin hobea eman dio.
Zer onik erakar diezaioke Uztaritzeko biltzar honek Euskal Herriari?
Anitz gauza erakar lezake. Uztaritzera etorriko dira jendeak Europa guzitik. Karia hortara, IKAS euskaldunen izenean mintzatuko da, bai Hego aldeaz, bai Ipar aldeaz, eta horrela denek jakinen dute zoin diren euskal kulturaren nekeziak.
Galderarik aski da. Hitzak sobera!
KOLDO OLAZABAL
7

GaiezKulturaKulturgintz
GaiezKulturaKultur ErakIkas
PertsonaiazGOIHENETXE1
EgileezOLAZABAL1Kultura

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okzitania
2023-11-06 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Okzitania (I): kantuak eta bertso arinak

Okzitania, Europa modernoaren sorrera garaian, zulo beltz baten gisakoa iruditzen zait. Eta zalantzan izaten naiz ea ez ote garen zulo beltz horretan behera oraindik ere erortzen eta erortzen ari. Joxe Azurmendik duela gutxi argitaratu duen Europa bezain zaharra liburuan atal... [+]


Lehen arkitekturari ez ikusiarena egin zioten

Borniquel (Okzitania), duela 176.000 urte. Kobazulo batean, 336 metro sakon, neandertalek eraztun formako egitura bikoitza egin zuten estalagmitak baliatuz. Milaka urte horietan guztietan egitura ezkutuan egon zen, 1990ean aurkitu zuten arte. Eta, ondoren, beste 24 urtez,... [+]


Suteak landetan
Gizakiak eraldatutako ekosistema bat, berotze globalaren atakan

Aunitz euskal herritarrentzat, oporretara joateko tokia dira Gaskoiniako Landak (Okzitania). Duna luzez osatutako hondartzak, pinudi amaigabeak barnealderantz, eta herriak baino kanping gehiago ia. Hegoaldean Aturriko itsasadarrak markatzen du Lapurdirekiko muga. Iparralderantz... [+]


2022-08-18 | Peru Iparragirre
Pirinioetako basoak ustiatu nahi zituen zerrategi industriala ez dute eraikiko

Lannemezanen (Okzitania) eraikitzekoa zen zerrategi erraldoiaren proiektua bertan behera utzi du Florian italiar multinazionalak. Urtean 1.200 futbol-zelai adina pagadi moztu asmo zuten.


Eguneraketa berriak daude