Roger Espaņol

"Gomazko balak mundu guztiari debekatzea nahi dut, ez soilik Mossoei eta Katalunian"

  • Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumean begi bateko ikusmena galdu zuenetik lehen aldiz mintzatu da publikoki Roger Español. Espainiako Polizia Nazionalak tiro egindako gomazko bala batek jota bizitza aldatu diote.

La Directa @la_directa  |  David Bou @dvdbou
2017ko abenduaren 03a
"Garbi esango dut, ni lehen ez nengoen independentziaren alde. Orain, politikoki, uste dut ezin dugula atzera egin". (Victor Serra / La Directa)

Bartzelonako Ramon Llull eskolan gertatu zen. Espainiako Poliziaren dispositibo zabal bat bozketa oztopatzeko hautestontziak eta botopaperak kentzera joan zen. Agenteen esku-hartzearen ostean, gomazko bala batek aurpegian jo eta astebetetik gora egon zen ospitaleratuta. Kataluniako Parlamentuak munizio hau debekatu egin zuen –herri presioaren ondorioz– 2014ko apirilaren 30ean, baina horrek ez zuen ekidin Espainiako Poliziak erabiltzea, betoak Esquadra Mossoei bakarrik eragiten baitie. La Directak esklusiban hitz egiteko aukera izan du berarekin.

Zerk bultzatuta joan zinen urriaren 1ean Ramon Llull eskolara?

Espainiako Gobernuak Kataluniarekiko egin duen bidea ikusi nuen, eta boto eskubidea eta biltzeko eskubidea ukaezinak direla uste nuelako bertan egon nahi izan nuen, nire presentzia baliagarria izan zitekeelako han.

Demokraziaren alde nago eta niretzat boto eta biltzeko askatasuna da demokrazia, bakoitzak pentsatzen duena modurik onenean esan dezala. Une horretan, bakoitzak uste zuena bozkatzea zen modurik onena. Batez ere boto eskubidea defendatzera joan nintzen hara. Lehentasunezkoa zen botoa eman eta erabakitzeko aukera izatea.

Zure kasu zehatzetik harago, gertatu zena gerta zitekeela uste zenuen orokorrean?

Ez nuen inondik ere pentsatu Poliziak modu horretan kargatuko zuenik, ez egon ez zen bestelako biolentzia bati erantzun gisa soilik, baizik eta botoa ematera joan nahi zuen jendearen aurkako errepresio gisa. Ez nuen uste biolentzia eta errepresioa maila horietara helduko zirenik.

Argazkia: Victor Serra.

Nola bizi izan dituzu prozesu independentistako urte hauek, nola pentsatzen zuen Rogerrek orain urte batzuk eta zer pentsatzen du egun?

Oso gazte nintzenetik, ez dut ez banderetan, ez mugetan sinetsi, baina dena aldatu egin da azken urteetan Kataluniarekin egin duten politika txarra ikusi ostean. Horrez gain, uste dut Espainian, uste dut trantsiziotik hona hartutako erabakiak nahiko mingarriak izan direla. Orain urte pare bat ez nintzen ez independentziaren aldekoa ez aurkakoa, gehienbat nire gazte garaiko eta ondorengo bizipenengatik, pentsamendu anarkistaren bueltan ibili naiz, baina denborak aurrera egin ahala, Espainiako Estatuarekin kontsentsuzko irteera logiko batera heltzeko biderik ikusten ez dudanez, politika egiteko modu honetatik burua ateratzeko aukera bakarra alde egitea dela ikusi dut, independentzia bilatzea eta beste bide batzuk probatzea.

Ez zaitu beraz Espainiako jendearen aurkakotasunak mugitzen.

Bai zera! Kontrakoa, nik daukadan aurkakotasun bakarra Espainiako Gobernuarekin daukat, jendearen eta herriaren aurka inondik ere ez. Nik asko bidaiatu izan dut, musika taldeetan jotzen dut eta Espainia osoan eta alde guztietan ibili izan gara. Kanpotik etorritako familia eduki izan dut, nire bikotearen familia osoa andaluziarra da eta maitagarriak dira, ez daukat ezer Espainiaren aurka. Gustuko dut kanpora atera eta jotzea, Madrilera joatea eta jendeak nola erreakzionatzen duen ikustea, ongi pasatzea. Hau guztia ez da Espainiako herriaren aurka, Espainiako politikaren aurka baizik.

Nolakoak izan dira gertatu zaizunarekiko erreakzioak, zerk lagundu zaitu eta indarra eman, eta zerk sentiarazi zaitu gaizki?

Nire inguruarekiko hitz onak baizik ez dauzkat. Jende guztia gainean izan dut, galdetu didate. Ni neu, estu sentitzera heldu naiz erantzuteko mezu asko nituelako, egin nahi bainuen, baina batzuetan pixka bat estresatzen nintzen. Oso ongi portatu dira nirekin, moduren batean edo bestean laguntzeko prest. Hedabideei dagokienez, berriz, bi aurpegiak ikusteko aukera izan dut: salaketarako errespetuko kazetaritza batetik, eta erabat kanibala bestetik, edozeren gainetik pasatzeko prest, soilik argazki bila, sentsazionalista. Nire bikotekideak deika izan ditu sarri. Lehen egunetan, ospitalean kazetari bat baimenik gabe sartzen saiatu zen. Horrek eragin zuen ni are gehiago bakartzea, eta eskertu nuen.

Argazkia: Victor Serra.

Babes politikorik jaso duzu? Jarri al da inor zurekin harremanetan?

Ospitalean Ada Colauren bisita jaso nuen, zer moduz nengoen galdetzera eta Bartzelonako Udala prozesu judizialean sartuko zela azaltzera etorri zen. Toni Comín kontseilaria ere etorri zen, Osasun sailetik, nire egoeraz kezkatuta eta nolabait lagundu zezakeen bere burua eskaintzera... orain, zoritxarrez, ezingo luke. ANC eta Òmnium ere jarri ziren nirekin harremanetan, baita Stop Bales de Goma eta Ester Quintana ere, bere bizipena kontatzera etorri zitzaidan. Garrantzitsua izan zen niretzat, aurrerantzean egin beharko dudan biderako prestatzen lagundu baininduen. Gertatu zena gertatu ostean zer nolako indarra duen ikusteak asko animatu ninduen.

Zer esperantza daukazu eta zer lortu nahi duzu orain hasiko den auzibidearekin?

Ahaleginduko naizen gauza nagusia, nahi eta desio dudana, mundu guztiarentzat gomazko balak debekatzea da, ez soilik Esquadra Mossoei eta Katalunian. Urriaren 1ean antolatu zuten polizia operazioa ere salatu nahi dut, Gobernu batek erabaki baitzuen hori guztia. Egin zuten makurkeria ikusarazi nahi dut, pentsa dezatela pixka bat horrelako erabakiak hartu aurretik zer mailatara heldu daitezkeen, bulego batetik egiten baitute dena oso urrun geratzen zaiela. Pertsonei min egiteko moduko mailetara heltzen dira politikariek har ditzaketen erabakiak. Han jende asko geunden, niri gertatu zitzaidana beste edonori gerta zekiokeen, gomazko bala asko egin baitzituzten tiro Ramon Llull eskolan eta hori ez da onargarria, bide honetatik ezin dugu jarraitu.

Egun horren ostean, zer aldatu da zure pentsamenduan?

Pertsonalki gauza asko aldatu zaizkit. Baliteke oraindik oso goiz izatea, dena oso beltz ikusten dut eta beste modu batean bizitzen hasi behar dut. Ziurrenik ohituko naiz horretara ere eta Ester Quintanak esan zidanez, itzuliko da dena normaltasunera. Oraingoz ez da bueltatu, eta horretan nago, baina herri honetan politika egiteko moduaz dudan ikuskera aldatu da batez ere. Ez zait batere gustatzen. Urriaren 1ean marra gorri bat gurutzatu zela uste dut eta jada ez dago atzera bueltarik. Gerora, marra gorri gehiago pasa dituzte, Jordiak eta Gobernuaren parte bat espetxeratuta. Niretzat behintzat, egun horretan marra bat igaro zuten eta argi daukat ezin dela berriz ere gertatu. Hemendik aurrera gauzak beste modu batean ikusi behar ditugu, ez dut nahi nik neuk, ez Kataluniak kaka zahar honen parte izaten jarraitzerik.

Honen atzean helburu politiko bat bazuten, zurekin behintzat ez dute lortu.

Ez, nirekin guztiz kontrakoa egin dute. Garbi esango dut, ni lehen ez nengoen independentziaren alde. Orain, politikoki, uste dut ezin dugula atzera egin.

Elkarrizketa hau La Directak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.  


Gomazko pilotak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-13 | Xalba Ramirez
Nafarroako Foruzaingoak jada ez ditu gomazko pilotak erabiliko

Foruzaingoaren jarduna eraberritu eta gomazko pilotak ez erabiltzeko erabakia bururaino eraman dute, Ertzaintzak eskainitako bi prestakuntza ikastaro jasoz eta material berria eskuratuz.


2017-05-09 | Uriola.eus
Cabacas auzia artxibatzeko Fiskaltzak egindako eskariak Iņigoren senide eta lagunen "erraiak erre" ditu

Fiskaltzak Iñigo Cabacas auziaren artxiboa eskatu du. Albisteak "erraiak erre" dizkiela aitortu dute Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek, eta "argi eta garbi" errepikatu dute "Iñigoren erailketa ezin dela artxibatu".


Gomazko pilotak tirokatuz begi bat lehertzea "baimenduta" dago Kataluniako epaitegi baten arabera

Ester Quintanaren kasuan gertatu antzera, Bartzelonako auzitegiek absolbitu egin dute Oscar Alpuente begi gabe utzi zuen Mossoa.


Manteroek horrela omendu dituzte Tarajalgo polizia-operazioan hildako 15 migratzaileak

Hiru urte dira Ceutako Tarajal hondartzara igerian iritsi nahi zuten 15 migratzailek bizitza galdu zutela, guardia zibilek gomazko balak eta gas negar-eragilea jaurtitzen zizkieten bitartean.


Esther Quintana auzia: mossoen deklarazioen sinesgarritasuna kolokan

Esther Quintanaren auzian “egia osoa” esan ez duten mossoak daudela onartu du komisario buru Josep Lluís Traperok El Matí de Catalunya Rádio saioan. Quintanak 2012ko maiatzaren 14ko greba egunean galdu zuen begia, mossoen jaurtigai baten kolpeak eraginda.


Absolbitu egin dituzte Ester Quintanaren kasuan auziperatutako bi poliziak

Bartzelonako Auzitegiak argudiatu du ezin dela frogatu Quintanaren begian jo zuen tiroa beraiek bota zutenik, LaDirecta hedabideak zabaldu duenez.


Fiskalak 2 urteko espetxe zigorra eskatu du polizientzat, Ester Quintanaren auzian

Akusazio partikularrak eskatu du bederatzi urteko kartzela zigorra ustez Ester Quintanari tiroa bota zion poliziarentzat, eta hori agindu zuenarentzat. Sententziaren zain geratu da epaiketa.


Gomazko piloten ordez bestelako jaurtigaiak erabiliko ditu Foruzaingoak

 Uda igarota hasiko dira foruzainak bestelako jaurtigailuak erabiltzen, apar biskoelastiko moldagarriz egindako kartutxoak, hain zuzen. Orotara, 35.000 euro inbertitu ditu exekutiboak, egun erabiltzen dituzten gomazko pilotak ordezkatzeko asmoz.


2016-04-12 | ARGIA
"Egoera kontrolpean" zegoela esan zuen ertzainak dio 'Ugarteko'-ren agindupean jardun zutela

3.389 zenbakidun ertzainak Iñigo Cabacasen hilketagatiko epaiketan deklaratu du "Ugarteko" ezizenez ezagun den ertzain-burua izan zela 2012ko apirilaren 5ean operatiboan nola jokatu agindu zuena. Aurrez lekuko modura agertuta zegoen 3.389 zenbakiduna epaiketan, baina Cabacasen familiaren eskariz ikertu (inputatu) modura deklaratu du oraingoan. Gogoan hartu behar da Ugarteko ez dagoela inputatuta.


2016-04-10 | Xabier Letona
Cabacas auzia, lau urte eta epaiketara ezin iritsiz

Hiltzaileak libre jarraitzen du, hori da oraingoz argi eta garbi dakigun bakarra. Hau da, Iñigo Cabacas gaztea Bilbon duela lau urte gomazko pilota batez hil zuen ertzainak libre jarraitzen duela. Oraindik ez dakiguna da erailketa edo homizidioa izan zen. Epaiketak argitu beharko du hori.

Lasai ote da hiltzailea? Egin beharrekoaren kontzientzia ote du edo estu ibiliko da Manu Cababas eta Fina Lizeranzu Iñigoren gurasoak hedabideetan ikusten dituen bakoitzean?

Irudika... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude