Aulesti, antzerkia lotsarik gabe

  • Hamabigarrenez segidan, Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) gauzatu da Aulestin: antzerkilarien sare, zubi eta harrobi. Segidan datorren kronika, aurten ikasle aritu den baten bizipen pertsonala da.

Astebetez antzerki-giroa izan da nagusi Aulestin. Argazkian, Ander Lipus antzezlan baten aurkezpena egiten (argazkia: Dani Blanco).
Astebetez antzerki-giroa izan da nagusi Aulestin. Argazkian, Ander Lipus antzezlan baten aurkezpena egiten (argazkia: Dani Blanco).

Lotsatuta iritsi nintzen Aulestiko lehen afarira, apirilaren 16ko iluntzean, aterpetxeko lagunarte berrira. Ez nuen inor ezagutzen, ezta inork ni ere. Lotsatuta nengoen, batetik, antzerkian erabat hasiberria naizelako, esperientziarik gabea ia. Eta bestetik, ikaskideei ez nielako hasieratik esan nahi kronika hau idatziko nuela, ADEL barrutik kontatuz ARGIArako. Ni, izatez, ez nindoan kazetari lana egitera, antzerkian murgiltzera baizik; gogotik saiatzera. Ohitura ezak ematen zidan lotsa. Hortaz, arituz baino ezin nuen hura hautsi.

Hamalau laguneko taldean hasi genuen astea, animalia lotsatien pare, Unai eta Garazi Lopez de Armentia anai-arreben eskola-ordu paregabeekin. Haiekin batera eman dugu aste osoan denbora gehien, gorputza esnatuz eta landuz –horrekin hasten eta amaitzen baita antzezlearen lana–. Arnasaren, zentzumenen eta erritmoaren bidez, bat egiten hasi gara apurka, norbera bere gorputzarekin, eta inguruaz jabetzen pixkanaka, taldekideen gorputzez, elkarrekin eragiten ditugun indarrez. Jolasean aritu gara, umeak aritzen diren seriotasunez. Yoga eta dantza pauso batzuk egin ditugu, edo gogotik saiatu bederen; hala, nekearekin batera sendotzen joan da, oharkabean, taldearen batasuna.

Egun osoan ia etenik gabe aritu dira ikasleak antzerkiaren alor desberdinak lantzen (argazkia: Ainhoa Resano).
Ikaskideen artean, egundoko talentua: ADELek argi uzten du hemengo teatroaren potentziala

Goizeko eskolak amaitu eta segidan zetorren bazkalordua; bazkaldu, arnasa hartu eta ia segidan hurrengo eskola. Lau eta lau, egunero zortzi ordu inguru, sei egunez, egin kontu... Edonola, gustuz aritu garenez, ordutegi estuan atseginez estutu gara denok, norbera bere pausoan. Aritzearen poderioz, neurria ere hartu diogu erritmo bizi horri, Aulestiko kale bakarrean gora eta behera, atzera eta aurrera, lanetik atsedenera eta alderantziz. Baina, lehenengo egunean, ohiturarik gabe, ezustean harrapatu ninduen bazkalosteko eskolak: “Barregarri izateaz gozatu”.

Pablo Ibarluzea clown eta pedagogoa zen irakaslea. Haren egiteko erak aztoratu nau, goitik behera astindu, barrenak mugiarazi eta pentsamendua irauli. Eta, aurreko hori esanda gezurra badirudi ere, izugarri gozatu dut. Ariketa praktikoen bidez, komentario zorrotzak eginez, ezin argiago erakutsi digu ideia bat: porrotari ez zaiola beldurrik izan behar eta, are gutxiago, barregarri geratzeari. Denok dugula ergel bat maskarapean –baita zuk ere, irakurle–, nolabait ezkutatzen saiatzen garen clown bat. Behin hura aurkituta, ikas dezakegula ergel horretaz harro egoten eta hura erabiltzen jendeari barre eginarazteko, hau da, plazer emateko. Izan ere, gauza zoragarria da erridikulua, beste batek egiten duenean.

Formazioa eskaintzeaz gain egunero antzezlanak antolatu dituzte Aulestin (argazkia: Dani Blanco).

Zubi eta harrobi

Zur eta lur utzi nau irakasleen jakintza mailak, baita haien lanerako gaitasunak ere. Denek ikasi eta lan egin izan dute Euskal Herritik kanpo, eta luxua da esperientzia horren fruituak euskaraz jaso ahal izatea herrian bertan. Esaterako, izan genuen azken irakaslea, Amancay Gaztañaga, benetan argigarria eta lagungarria izan zen. Ariketa zehatzen bidez, pentsamenduaren trabak topatu, eta haiek gaindituz testua nola gorputzeratu ikasten hasi ginen, hartara keinu espresiboaz jabetzen hasteko.

Iñigo Ibarra (Ander Lipus) lanean ikustean aiseago ulertzen da inguruan arnasten den
antzerki-giro hau

Maisu-maistra horiez gain, Iñigo Ibarra markinarra ere ezagutzen hasteko aukera izan genuen eskola orduetan, otorduetan eta abarretan. Iñigo da, hain zuzen, Ander Lipus aktoreari eta bere pertsonaiei bizitza ematen dien pertsona. Hura lanean ikustean, berarekin lanean aritzean, aiseago ulertzen dira hainbat gauza: besteak beste, zergatik arnasten den halako antzerki-giroa inguruan, eta zein lan funtsezkoa betetzen duen berak: lotura eraginkorra izatea, sareak jostea.

Ikaskideen artean egundoko talentua eta gogoa nabaritu dut. ADELek argi erakutsi dit zera: antzerkirik onena egin dezakegula, batere lotsarik gabe, gauden lekutik, garen moduan. Norbera beretik, taldean nahiz bakarka, nolabaiteko sare askean betiere. Egin daitekeela antzerkia herrian, herriarekin eta euskaraz. Neronek gehien baloratu dudana, sakon-sakonean, azken horixe da: antzerki arteetan egindako murgilaldi osoa, hasi eta buka, euskara hutsean izan dela.

Aulestikoa sare bat da, ikasle, antzezle, ikusle, antolatzaile eta laguntzailez osatua (argazkia: Dani Blanco).

Kalean sarea

Sarearen irudia izan dut kaskoan bueltaka aste osoan –zibernetikoa ez, bestea–. Aulestin denok izan gara bat, sare berean. Herritar gazteenetik zaharrenera, izan inguruko nahiz urruneko bisitari, askotariko langile, laguntzaile, antolatzaile... jakina, baita ikasleok ere. Sarean lotura guztiek betetzen dute, funtsean, funtzio bera: elkar jostea. Baina loturek ez dute zertan izan zurrunak eta giltzapekoak; izan daitezke lotura askeak ere, demagun, elkar ematen eta askatzen duten bi eskuren antzera.

Jakina denez, Aulestik kale bakarra du, baina ehunka bidek bat egiten dute bertan –metaforaz bada ere–. Zenbat eta bide gehiagok egin bat kalean, bistan da, sendoagoa da sarea. Honezkero sumatzen da urteetako lan metatuaren indarra: herrian erabat errotuta dagoenez, bertako antzerki giroari distira berezia dario. Aulesti ezagutzen ez zuen honek ere, ADEL zer zen zehatz-mehatz ez zekienak, berehala sumatu du hori. Nire ezjakintasunean, ideia orokor batekin ailegatu nintzen, intuizio apur batekin... baina jo eta aurreikuspen oro txiki-txiki utzi du bertan ikusi, entzun, eta bizi izan dudanak.

Eta den-dena euskaraz: antzerki murgilaldi honetan hori ere baloratzekoa da

Eskola orduak amaituta, afaldu ondoren, iluntzero izan dugu euskarazko antzezlan bana –batzuetan bina– gozatzeko aukera. Ikasleontzat zinez interesgarria izan da gure irakasle eta bidaide izan direnek zuzendutako edo antzeztutako lanak oholtzan eta kalean ikustea. Ez nuen espero halako ilararik iluntzero, antzerki emanaldiak jendez beteta, gehienetan gainezka. Zenbait kasutan, eserleku berriak inprobisatu behar izan dira, ikuslego osoa aretoan sar zedin. Gainera, herriko Gazte Asanbladakoek egitarau alternatiboz osatu digute antzerki plana, emanaldi eta kontzertuak antolatuz gaztetxean eta plazan.

Jende asko erakarri dute egunero ADELen aurtengo edizioko antzerki-emanaldiek (argazkia: Dani Blanco).

Antzezlan guztien kalitatea aipagarria da, baita proposamenen aniztasuna ere. Baina beharbada harrigarriena, zera: benetan ohartzen hastea euskal antzerkiak dituen aukera ugariez eta potentzial ikaragarriez. Egun, itzelezko maila egon badago, eta sekulakoa dator. Sasi guztien gainetik etorriko da betiere, euskaldunon diru publikoa kudeatzen dutenen interes faltari aurre eginez. Orain arte, tiriki-tauki, hutsari kolpeka, titiriteroek eurek atera izan dituzte aurrera harrobi txiki eta oparoak. Aulestiko honek, esaterako, honezkero eman du fruitu ugari, eta oraindik ezin igarri daiteke zenbat emango duen etorkizunean.

Bat (eta huts)

Astebetez bat izan naiz ADELeko talde osoarekin: elkar ezagutu dugu lanean eta aisian, nekean eta atsedenean, pozean eta desatseginean. Bat egin dugu, beti bat etorri ez bagara ere. Elkar lotuz eta elkar askatuz, esku askeen antzera, elkarren gogoa elikatuz eta edanez, arnasa hartuz eta elkarri emanez. Antzerki betekada galanta hartu dut egunotan, eta orain, hustasun sentipen berri batek hartu du nire gorputza.

Apirilaren 23a da gaur. Une honetan, astea amaituta, Aulestiko kale bakarra bakarrik zeharkatzen ari naizelarik, barrutik harro sentitzen naiz; lasai, azkenean. Lotsa hautsi dudalako astebetez, zubia zeharkatu, harrobian aritu, ohituraz ohitu. Gorputzean bilduta daramadan bizipen segida honek kemena ematen dit antzerkiaren bideetan ibiltzen segitzeko. Hemen ezagutu baitut herri ederra lanean, antzerkian ari dena lotsarik gabe. Ez dakit badakizun, irakurle, zertaz ari naizen. Jakin nahi baduzu, badakizu zer egin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude