Pobrezia energetikoa

Argindarra merkantzia huts?

  • Reusen (Katalunia) amona bat hil izanak, argiztatzeko erabiltzen zuen kandelarekin etxeak su hartu ondoren, alarma guztiak piztu ditu pobrezia energetikoaren inguruan. Euskal Herrian nola gaude? Konpainia elektrikoek udalekin eta erakundeekin hitzarmenak sinatu dituzte lehen kolpean argindarra ez mozteko, baina askorentzat ez da nahikoa, zorra kitatzen segitzen dutelako administrazio publikoaren kontura. Petatxuak baino gehiago behar da egoerari aurre egiteko.

Marijo Deogracias
2016ko abenduaren 11
Los Martes al Sol kolektiboaren “kalejira” Iruñean, eredu energetiko publiko eta soziala aldarrikatzeko. (Argazkia: Jagoba manterola / Argazki Press)
Los Martes al Sol kolektiboaren “kalejira” Iruñean, eredu energetiko publiko eta soziala aldarrikatzeko. (Argazkia: Jagoba manterola / Argazki Press)

Argiaren erreziboa ez ordaintzeagatik argi mozketatik babesten ditu Iberdrolak bere bezero ia guztiak, %99. Urriaren 20an Iberdrolak bidalitako prentsa-oharraren izenburua da. Erakunde publikoekin eta jendea artatzeaz arduratzen den 3. sektorearekin sinatutako akordioei erreferentzia eginez, Euskal Herrian nagusi den argindar konpainiak dio bermatu egiten duela egoera zaurgarrian dauden bere bezeroek argindarra izaten segitzea, “Taldearen Gizartearekiko Ardura politika orokorrarekin bat etorriz”. Baina zer gutxiago, ezta? “Kontuan izanik pribatizatutako zerbitzu publikoa kudeatzen duela” eta familiek ordaindu ezin duten dirua bestela ere jasotzen segitzen duela: aurrekontu publikoei esker. Azpimarra Los Martes al Sol Nafarroako komitekoek egin digute. Nafarroan 96.000 lagun daude pobrezia energetikoa jasateko arriskuan; EAEn, 2014an, 235.526 lagunek arazoak izan zituzten hilabete hotzetan etxea tenperatura egokian mantentzeko.

Bilboko Udalak 2015eko urrian sinatu zuen hitzarmena; Gasteizkoak, urte bereko azaroan; Donostiako Udalak aurtengo ekainean eta abuztuan, berriz, Irungoak. Hitzarmen guztien helburua da argindarra ordaintzeko zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei argia ez moztea. Nafarroan gobernuak sinatu du argindar konpainia nagusiarekin: “Bezeroak ordaintzerik ezin duenean, konpainiak zerbitzua eskaintzen segituko du, erakundeek ordaindu bako fakturen zorrak kitatzeko emergentziazko planak kudeatzen dituzten bitartean”. Energia enpresekin sinatu diren hitzarmen guztiek diote gauza bera: pobrezia energetikoari erantzun nahi diete. Soluzio egokia dirudi, lehentasunezkoa etxean bizi direnen bizi-baldintzak era duinean bermatzea baita. Baina, familien egoera ekonomiko geroz eta kaskarragoek petatxuak baino gehiago behar dituzte. “Soluzioa ezin da izan erakunde publikoek beregain hartzea jendearen zorra; energia eskubidea da”, Los Martes al Sol kolektibokoek argi daukate.

Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkideak ere ondo ezagutzen du pobrezia energetikoaren gaia: aurreko legegintzaldian 25 ekimen parlamentario aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean. Ibilian-ibilian, 2014ko osoko bilkuran adostea lortu zuten Eusko Jaurlaritzari eskatzea behar diren neurriak ezarri zitzala, “saihesteko ezein pertsonari moztu ahal izatea argiaren, uraren edo gasaren hornidura, pertsona horrek frogatzen badu fakturak ezin ordaindu ditzakeela, batez ere eskaera handia dagoen garaietan”.

Los Martes al sol kolektiboa:
“Soluzioa ezin da izan erakunde publikoek beregain hartzea jendearen zorra; energia eskubidea da”

Akordio hari esker, 2015ean 200.000 euro jarri zituen Jaurlaritzak pobrezia energetikoan zeuden pertsonei laguntzeko; 2016ko aurrekontuetan 400.000 eurora igo zuen diru-partida. “Hasieratik exijitu genuen partida hori ezin zela Larrialdietarako Gizarte Laguntzen edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren parte izan”, dio Rojok: “Argia edo ura ordaintzeko arazo ekonomikoak dituzten familia asko ez dago gizarte laguntzen sisteman sartuta; asko soldata baxua duten familiak dira eta, beraz, ez daukate laguntza sozialak jasotzeko eskubiderik, argia edo ura ordaintzeko diru nahikorik izan ez arren”. Hala, laguntza zehatz hori kudeatzeko 3. sektorera jotzea adostu zuten eta Gurutze Gorriak koordinatzen ditu: “Argi ikusi genuen udalek ezin zutela beregain hartu, bestela ere nahikoa gainezka daudelako oinarrizko gizarte laguntzaileak eta, gainera, premia hori daukaten pertsonak ez daude eurek darabilten laguntza sistemen datu basean”.

Gurutze Gorriak jarraipena egiten die laguntza-jasotzaileei eta konpromisoa sinarazten die eskatzaileei “kontsumo-ohiturak aldatzeko taldekako formakuntza saioetan parte har dezaten eta bestelako laguntza-bideak ere eskainiz”, azaldu digu Euskadiko Gurutze Gorriko koordinadore Aitor Allendek. Berak eman dizkigu EAEri dagozkion datuak: 2015ean 427 familia artatu zituzten; 2016an, dagoeneko, 1.341 familiari lagundu diete argirik gabe gera ez daitezen (Bizkaian, 599; Gipuzkoan, 395; Araban, 347). Jaurlaritzak jarritako diru-partidaren %98 erabili dute jadanik, “baina beharrezkoa bada, erakundeak aurreratuko du dirua”. Gurutze Gorriak hartzen ditu beregain Iberdrola konpainiarekin egin beharreko tramite guztiak.

Lege bat energia-eskubidea bermatzeko

Pobrezia energetikoari aurre egiteko EAEko eta Nafarroako erakundeek onartutako laguntzez gainera, Espainiako Gobernuak 2009an bono soziala deiturikoa arautu zuen. Era horretan, hiru kW-eko potentzia baino txikiagoa kontratatuta dutenek, 60 urtetik gorako pentsiodunek, familia ugariek edo kide guztiak langabezian dituzten familia-unitateek argindarraren fakturan %25eko beherapena aplikatzeko eskaria egin ahal dute. Baina, hori ere, aldi baterako soluzioa da.

Hori dela eta, lege bat beharko litzatekeela diote gaia landu duten guztiek, energia-eskubidea bermatuta egon dadin. Rojo legebiltzarkideak bezala, Israel González Los Martes al Sol kolektiboko kideak ere lege baten premia azpimarratu du. Maiatzean lege proposamena aurkeztu zioten Nafarroako Parlamentuari: “Energiara sarbidea izatea eskubidea da eta gaur egun ez dago bermatuta. Ezin dugu ahaztu egungo egoerara energiaren zerbitzu publikoen pribatizazioak ekarri gaituela. Diru asko irabazteko negozio pribatu bihurtu zituzten eta erabat blindatuta dagoen sektorea da”.

Izan ere, argi eta gas konpainiek udal eta gobernuekin akordioak sinatu dituzten arren, zorra kitatzen segitzen dute: gobernuek aurreratzen dute diru hori, bai Gurutze Gorriaren laguntzarekin, bai udalen eta bestelako erakundeenarekin. Nafarroan hitzartutakoari jarraituz, esaterako, energia konpainiak hiru hilabetean argindarra ez mozteko konpromisoa hartu du eta eskubide sozialen sailak hartu du beregain argindar gastua denbora horretan: 2016an emergentziazko planetarako bi milioi euroko aurrekontua onartu zuen Nafarroako Gobernuak; beraz, Gonzálezek azpimarratu bezala, “energia enpresek ez diote dirua irabazteari uzten”.

Arartekoak ere pobrezia energetikoari aurre egiteko neurri zehatzak bilduko dituen estrategia osatzeko gomendioa eman zuen urtarrilean. Euskadiko energia-pobretasunari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak dokumentuak, besteak beste, energia-pobretasunaren aurkako euskal estrategia finkatzea, eta Eusko Jaurlaritzari “zaurgarritzat eta energia-pobretasuna jasan dezaketen pertsonatzat jotzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona edo etxeen definizioa ezartzeko legea” osatzea aholkatu zuen.

Kanal hauetan artxibatua: Pobrezia  |  Iberdrola  |  Energiaren sektorea

Pobrezia kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-20 | Unai Brea
Pobreziaren aurkako bizikleta martxak egingo dituzte Bilbon eta Donostian

Larunbatean Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan bizikleta martxa bana eginez emango diote amaiera EAEn astebetez egindako Desparekotasun Gordinen Aurka kanpainari. Antolatzaileek salatu dute “pobrezia eta desberdintasunak gero eta larriagoak, gordinagoak eta kronikoagoak” direla.


2017-10-10 | ARGIA
Osasungintzako gastuaren lautik bat finantzazio pribaturako da EAEn

EAEko Medicusmundik desoreka sozialen eta osasunaren pribatizazioaren arteko loturak aztertzeko ikerketa egin du. Osasun arreta desegokiak desoreka sozialak handitu ditzakeela azpimarratu du.


2017-09-28 | Xalba Ramirez
Etxegabe bat hil da Barakaldon, kutxazain batean lotan zegoela

Joan den asteko ostegunean Barakaldon 35 urteko gizonezko bat hil zen, bere bikotekidearekin lotan zegoen bitartean.


2017-09-13 | Xalba Ramirez
Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euro gastatuko ditu laguntza sozialen kontrola areagotzeko

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu du “laguntzak bai kontrola ere bai” kanpaina, laguntza sozialetan jarraipen estuagoa egiteko eta baldintzak berrikusteko. 600.000 euroko aurrekontua erabiliko da “16.000 prestazio eta 350 zentro baino gehiagotan zerbitzu horiek eta euren helburuak betetzen direla egiaztatzeko”.


Kalean bizi ziren hainbat lagunek etxe hutsa okupatu dute Iruñean

Bizitoki baten beharrak elkartuta, kalean bizi ziren hainbat lagun antolatu eta “toki huts hau okupatzea erabaki dugu, bizia emateko, konpontzeko eta zaintzeko. Elkarbizitza segururako espazioa eraikitzen ari gara, non denek ahotsa dugun, jatorria, itxura, gorputzeko usaina edo klase soziala kontuan hartu gabe”. Etxebizitzaren jabeak salaketa jarri du jada.


2017-08-29 | Xalba Ramirez
Gipuzkoarren %10 aberatsenek soldaten %57 irabazten dute

Gipuzkoako langileen soldata eta laguntzen inguruko txostena osatu du Diputazioak. Azken hamar urteetan ezberdintasun sozialek gora egin dute: aberatsenek gehiago irabazten dute eta txiroenek gutxiago. 2008an irabazi handienak zituzten %10en soldatak 38,9 aldiz handiagoak ziren %10 txiroenek jasotzen zituztenak baino. 2016an aldiz, aldea 63,3koa izan da.


"Ura moztu didate 278 euro zor nituelako"

Ordainketan hiru hilabeteko atzerapena izateagatik moztu egin dio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak etxeko ur-korrontea adingabeko bi seme-alaba dituen Mariama-ri. Hiru hilabeteko atzerapena, zifretan esanda, 278,95 euro.


2017-07-05 | Uriola.eus
Bilboko Udalak Zorrotzan su hartutako eraikinaren eraiste kostuak eskatuko dizkie jabeei

Eraiste eta obra-hondakinen garbiketen kostuak erreklamatuko dizkie Udalak ugazabei. Istripua jazo zenean etxebizitzan erroldatuta zeuden hamalau lagunetatik hamaika etxebizitzen jabeak dira eta eraikinaren seirena ordaintzea egokituko litzaieke.


Pobrezia kronifikatzen ari dela dio Caritasek

2016ko memoria eman du ezagutzera Caritasek, eta EAEko hiru lurraldeetan egoera antzekoa azpimarratu dute: “2015etik 2016rako joera beheranzkoa bada ere, jende gutxiagoren oinarrizko beharrak asetzeko diru gehiago behar izan dugu”.


2017-06-14 | Estitxu Eizagirre
"Gutxiengo baten mesedetan aritzeari utzi eta herritarrak babesteko garaia da"

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformari erantzunez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta elkarretaratzeak egin dituzte Eusko Jaurlaritzako Donostiako eta Bilboko egoitzen aurrean. Erabiltzaileek hartu dute hitza.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude