"Nire bizitzako hilabeterik txarrenak pasa nituen Opusen lanean"

  • Carmen Marin Ortega dut izena, Iruñean bizi naiz, eta duela urte batzuk langile bezala inoiz izandako esperientzia txarrena izan nuen Nafarroako Opusen. Bertako departamentu batean garbitzaile aritu nintzen, eta han bizi eta ikusitakoa ez dut inoiz ahantziko.

Eñaut Agirrebengoa

Garai hartan etxeko langile nenbilen, eta sos aldetik ez nuen beste lan baten beharrik. Halere Opusen garbitzaile hasi nintzen, ziurtatu baitzidaten bertan jardunda nire seme-alabek doan ikasi ahalko zutela.     Teorian, egoera berriak ezaugarri positibo ugari zuen: beste soldata bat, abagune paregabea seme-alabentzat… Alabaina, iritsi bezain pronto hasi nintzen hartutako erabakiaz damutzen. Lehenengo egunean bertako langileak ez agurtzeko esan zidaten, inolako ziorik eman gabe. Ez zuten garbitzaileok gure presentziaren berri ematerik nahi. Gainontzekoentzat ez ginen existitzen; ikusezinak ginen guztiz.

Gainera, lankideok ezin genuen elkar lagundu. Hori ez zidaten zuzenean agindu, baina denboraren joanean agerikoa egin zitzaidan. Kasurako, behin, nire eginbeharrak jada amaituta nituela lankide bati zoru-garbigailuaren ontzia betetzen hasi nintzaion, eta errieta egin zidaten, ezin nuelako halakorik egin.

Horretaz landa, garbiketa saileko arduradunak salatari bana zeukan talde guztietan. Arduradunak berak aitortu zidan. Garbitzaileak erabat kontrolpean geunden. Egiten genuen gauza ororen berri zuten nagusiek. Beste leku batzuetan ez dakit garbitzaileekin hala jokatzen den, baina niri behintzat beldurgarria iruditu zitzaidan salatarien sistema. Egunero urduri joaten nintzen lanera, presiopean baikeunden etengabe.

Egoera horretan oso zaila zen gainontzeko garbitzaileekin harreman ona edukitzea; lehia bizia zegoen gure artean. Kontratu mugagabea zuten garbitzaileen eta aldi baterako kontratua zutenen artean sumatzen zen bereziki. Ni bigarren multzoan nengoen, eta besteek gure kontra egiten zuten nabarmen, mehatxu gisa ikusten baikintuzten.

Nire ustez lan-giro petral horren atzean Opusen mentalitate eta lan egiteko moldea dago. Presio eta estres egoera hori beste departamentu batzuetan ere bazegoen. Esaterako, nire ezagun bat mantentze-lanetan aritu zen eta nazka-nazka eginda amaitu zuen hark ere.

Bertan emandako hilabeteak sekulako amesgaiztoa izan ziren niretzat. Azkenean lana utzi behar izan nuen. Halako sufrikariorik ez dut beste inon pairatu. Etxeko langile bezala esperientzia hagitz onak bizi izan ditut, nahiz eta sektorearen egoera oso makurra izan.

Behin garbitzaile lana utzita, kexa jarri nuen CCOO sindikatuan. Gertatu zitzaidana kontatu nien, egoerari konponbidea aurkitzeko itxaropenez. Alabaina, Opus harresi handi bat zela besterik ez zidaten esan. Aukera bakarra gelditu zitzaidan: gertaturikoa atzean utzi eta aitzinerat egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Biolentzia psikiatrikoa salatuko dute Bilbon, Espainiako Estatu osoko Harro Zoro Erradikalek

EAEk du elektroshockaren praktika tasarik altuena Espainiako Estatuan; Nafarroan berriz, pazienteen euste mekanikoa ohikoa da OPUSeko kliniketan. Psikiatrikoetako indarkeria eta gehiegizko medikazioa salatzeko, Estatuko Harro Zoro Erradikalen manifestazioa Bilbon egingo da lehen... [+]


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Mutualitateek osasuna negozio bihurtu dutela salatu dute

Gizartea kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bat abiatu dute LAB, CGT, STEILAS, ESK, CNT eta LSB-USO sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformak eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.


Eguneraketa berriak daude