NATOko militarrak Errusiaren atarian berotze ariketak egiten

  • Varsovian biltzar nagusia burutzeko bezperan, NATOko militarrek herrialde baltikoetan egin dituzte azken 25 urteotako maniobrarik handienak, Anakonda 16 izenekoak, Errusiako armadaren balizko inbasioari aurre egitea irudikatuz. Vladimir Putinek haserre protestatu du, Errusiari pixkanaka zintzurra estutu nahi diotelakoan. NATOko biltzarraren azken deklarazioari ere Gerra Hotzaren kutsua dario.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko uztailaren 31
Marem Dembskik Wprost webgunerako egindako argazkian, NATOko tropak Polonian eta herrialde baltikoetan egindako ‘Anakonda 16’ maniobretan: zubia osatu dute bandera alemanak daramatzaten blindatu anfibioz. Putinek ariketa militarrok alderatu ditu justu due
Marem Dembskik Wprost webgunerako egindako argazkian, NATOko tropak Polonian eta herrialde baltikoetan egindako ‘Anakonda 16’ maniobretan: zubia osatu dute bandera alemanak daramatzaten blindatu anfibioz. Putinek ariketa militarrok alderatu ditu justu duela 75 urte alemanek Sobiet Batasuna inbaditzeko antolatu zuten Barbarrosa operazioarekin. Alex Grouxko Errusiaren Bruselako enbaxadoreak esana omen da NATOren ekialderako zabaltzeak errusiarrei eragin diela “frontean bete-betean dagoen estatuaren sindromea”.

Varsovian NATOko buruzagiek uztail hasieran egin behar zuten bilkuraren ia bezperetan, ekainean, erakundeko indar militar elitekoek Anakonda 16 maniobrak burutu dituzte Polonia iparraldean: 20 herrialdetako tropak puntako teknologiazko armaz ekipaturik, Berlingo harresia eraitsi eta Gerra Hotza ofizialki amaituz geroztik NATOk egin dituen maniobra handienean.

Polonia eta herrialde baltikoetako lurretan eraso eta kontraeraso militarrak irudikatzen aritu dira 30.000 militar, horietatik 14.000 iparramerikar, berekin zeramatzatela 200 karro blindatu, 105 hegazkin eta 12 itsasontzi, gainerako artilleria, misil eta iskilu sofistikatuez gain. Gerra Hotzaren aipamena ez da debaldekoa: maniobretan NATOko tropek Europa defenditu behar zuten “Gorrien Batasun” delako baten erasotik, zeinak edukiko baitzuen “gizontxo berdeen” laguntza; disimulu handirik gabe esanda: Sobiet Batasuna izandakoaren armada eta honen aldeko komando atzerritarrak, bertako separatisten itxurak eginez.

Hilabete beranduago, uztail hasieran,  NATOko buruak bildu dira Varsovian erakundearen biltzar nagusian. Hedabideek azpimarratu dituzte NATOk gaur darabiltzan bi lerro estrategiko nagusiak: alde batetik, sendotzea NATOko armaden presentzia Afrikako Magrebean, Europan gero eta hurbilago sumatzen den islamismoaren oldarrari hesia gogortzeko; eta bestetik, aurre egitea Errusiak ekialdean sortzen duen mehatxuari.

Varsoviako gailurraren azken deklarazioa irakurtzen duenak –NATOren webgune ofizialean dago frantsesez, ingelesez eta… errusieraz!– nabarmenduko dio Errusiarekiko Gerra Hotzaren usaina. 139 ataletatik 9.a hasten da: “Azken 80 urteotan NATO saiatu da Errusiarekiko elkarlana eraikitzen, nagusiki NATO-Errusia kontseiluaren bidez. Errusiaren azken aldiko jarduera eta politikek egonkortasunari kalte egin diote, segurtasun giroa aldatu dute. NATOk nazioarteko konpromisoak errespetatzen dituen arren, Errusiak bortxatu ditu NATO-Errusia harremanaren oinarrian dauden balioak, printzipioak eta konpromisoak”.

Le Monde Diplomatiquen armaden jarraipena egiten duen Philipe Lemayrek Defense en Ligne blogean kontatu du Varsoviako gailurraren bezpera hain maniobra handiak eginez NATOk azpimarratu nahi izan duela Errusiarekiko azken urteotan daraman politika, zeinaren defendatzaile sutsuenak baitira antzina Sobiet Batasunaren bazkide edo mendeko izandako herrialdeetako agintariak.

Georgia, Krimea eta Ukrainako gatazkek gaiztoturik Europaren ekialdeko mugetako giroa, NATOko militarren presentzia handiagotuz joan da inguruotan. Berrikitan Ashton Carter AEBetako defentsa idazkariak iragarri du lautan biderkatuko duela Pentagonoak Eki Europan gastatzen duena, 3.400 milioi dolarretara igoaz, 4.000 militarreko brigada blindatua finkatzeko.

“Neurriok –idatzi du Lemayrek– kokatu behar dira NATOren ‘disuasio eta elkarrizketa’ estrategian; aldiz, Moskuren ustez horiek bortxatzen dute 1997an NATOrekin ekialderantz zabaltzeari buruz hitzartutakoa: akordio hartan ulertutzat ematen zen NATOk ez zuela base finkorik ezarriko Errusiarekin mugakide diren herrialdeetan”.

Arma berria: “Antiaccess/area denial”

Hogei urte geroago, promesa hari iskin egin dio NATOk indar armatu berri bat sortuz: ibiltaria izango omen da ekialdeko brigada blindatu berria –beraz, ez base egonkorra– herrialde baltikoetatik hasita Polonia, Errumania eta Bulgariatik pasatuz bederatzi hilabetero. Poloniako agintarien eta eki Europako beste zenbaiten ustez, Errusiak Krimea bereganatu eta Donbassen gizon txiki berdeak sartu dituenez, NATO libre da 1997ko promesa urratzeko.

Moskuk, bere aldetik, mendebaldeko auzoen politikari erasokorra eta itxia derizkio; ez alferrik Errumaniak AEBei lekua utzi die misilen kontrako base bat eraikitzeko eta Serbiatik bereizitako Montenegro bilakatzear dago NATOren 29. bazkidea, erakunde honek Errusia bakartzeko daraman estrategian urrats berria eginez.

Egia errusiarrak ere urteotan disimulu gutxirekin aritu direla mendebaldekoak probokatzen. Haien hegazkinek Frantzia, Britainia Handia eta Norvegiako aire espazioaren mugetara hurbildu dute muturra, AEBen itsasontzi eta hegazkinen inguruetan egin maniobrak, aurretik NATOkoek egindako desafioei erantzuten zietela argudiatuta. Ezin esan nork xaxatu duen nor besteak baino gehiago.

Eta pixkanaka NATOren eta Errusiaren arteko tentsio militarra berotuz joan da. Itun atlantiarrak bere posizioak ekialdera zabaldu ahala, Moskuk modernizatu ditu Kaliningradoko misil bateriak, horietan ezartzekotan da 500 kilometro arte zama atomikoa eraman dezaketen Iskander-M misil berriak… Ororen buru, hiruz biderkatu da errusiarren aurrekontu militarra, hogei urteko berrarmatze planaren barruan.

Mendebaldetik gero eta gehiago nabarmentzen da errusiarrek taktika batean bederen hartu omen dutela aurrea. Antza denez, Sirian Baxar al Assaden gobernuari laguntzen ari zaiola, Latakia hiriaren inguruan Errusiak erakutsi du gai dela ehunka kilometroko eremuan etsaien hegazkin eta misilen lana eragozteko, S-400 eta S-500 sistemen bidez halako babes-burbuilak sortuz.

Babes-burbuilok antolatzen dituzte radar finko eta mugikor sare batez frekuentzia apaleko gortina antzekoa zabalduz, hurbiltzen den edozein arma aurrez detektatuz edo horiei aurre egiteko misilak gidatuz. Ingelesez “antiaccess/area denial” deitzen denaz Latakiaren 400 kilometroko inguruan arerioen hegazkin eta misil guztien gidatze sistemak blokatu izan dituzte, frekuentzia apaleko uhinez saturatuz ingurua.

Defentsa eta estrategia militarrei buruzko TTU Très Très Urgent buletinak esan du martxoan NATOko indarrak, eta zehazki AEBetakoak, beren lana egin ezinean aurkitu direla Sirian, errusiarrek sortutako burbuilak medio beren hegazkinek ezin zutelako ez eraso, eta ez babesik eman lurrean ari ziren aliatuei. “Gerra Hotza –dio TTUk– amaitu zenez geroztik, NATO inoiz ezin zen aurkitu antiaccess/area denial arazoen aurrean”, alegia, nonbait muturra sartu nahi eta bere komunikazioak arras blokaturik.

Orain mendebaldetik neutralizatu behar da arerioen abantaila. TTUk aipatu du, esaterako, AEBek prest dituztela errusiarren burbuila berriak zulatzeko hegazkinak, baina armak saltzen dituzten frantsesek oraindik ez. Fabrikanteak presaka armen ahalmenak hobetzeko lehian. Eta denen artean XXI. mendeko Gerra Hotza berotzen.

Kanal hauetan artxibatua: NATO  |  Alemania  |  Polonia  |  NATO  |  Errusia  |  Ukraina

NATO kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-05 | ARGIA
Espainiar armadako jenerala hizlari EHUko Udako Ikastaroetan

Zeresan ugari eragin du EHUko Udako Ikastaroen barruan irailaren 4 eta 5ean egindako Europaren segurtasuna eta defentsa saioak. Gutxienez Espainiako ejertzitoko bost militarrek hartu dute parte horretan. Lehenbiziko hizlaria Juan Antonio Moliner Lurreko Armadako jenerala izan zen, astelehen goizean.


2017-06-13 | Xalba Ramirez
Europak batasun militarra indartu nahi du

AEBen eta NATOren aurrean, Europak "segurtasun eta defentsa gaitasunak" indartu behar dituela adierazi du Junckerrek.


2017-05-25 | ARGIA
NATOren goi bilera salatzeko ekintza antimilitarista egin dute Bilbon

Ekintza zuzen ez-biolentoa egin dute Bilboko KEM-MOC talde antimilitaristako kideek asteazken arratsaldean, Bruselan NATOren goi-bilera egiten ari direla salatzeko.


Zer ari dira prestatzen Bardeetan?

Beste behin ere, herri borondatearen aurka, NATO praktika militarrak egiten ari da Bardeako tiro poligonoan. Zortzi egunez ariko dira gerra hegazkinak bonbak jaurtitzen, martxoaren 3ra arte, hain zuzen. Tamalez, egun hauetakoak ez dira aurtengo bakarrak izan. Iaz, gainera, II. Mundu Gerratik izandako maniobrarik bortitzenak ezagutu zituen gure lurrak, guztion lurrak, Francok Estatu Batuei eta NATOri eman zizkionak.


2017-01-01 | Asier Blas
Manipulazio festa Ekialde Hurbilean

Mendebaldeko botere finantzarioa eta bere esanetara dauzkan hedabide eta intelektual globalizazio zaleak urduri daude. 1990eko hamarkada amaieratik botere politikoa, ekonomikoa, kulturala eta militarra galtzen ari dira. 2005. urtean Triadako herrialdeek (Kanada-AEB, Europa eta Hego Korea-Japonia) munduko populazioaren %14rekin, BPGren %74,2 zuten beraien esku. BRICS herrialdeek aldiz (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika), planetako biztanleen erdia izanik BPGren %13 ordezkatzen zuten... [+]


Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohiaren hitzaldia moztu dute Bilbon

Elkarretaratze eta protestak egin dituzte Bilbon Javier Solanaren bisita salatzeko.


2016-11-08 | Lander Arbelaitz
Javier Solana Bilbora gonbidatu izana salatuko dute Alondegiaren aurrean

NATOko idazkari nagusi ohi Javier Solana Bilbora doala eta kontzentrazioa deitu dute hainbat eragile antimilitaristek, Alondegiaren aurrean. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eta Globernance institutuak gonbidatuta, 'Europa kosmopolita: erronka komunak demokratizatuz' izenburupean hitzaldia eskainiko du.


2016-10-24 | Lander Arbelaitz
NATOko Idazkari Nagusi ohi Javier Solana Bilbon izango da gaur

Bilbao European Encounters 2016 jardunaldietan parte hartzen NATOko Idazkari Nagusi ohi Javier Solana Bilbon izango da. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eta Globernance institutuak gonbidatuta, ‘Europa kosmopolita, guztien erronkak demokratizatzen’ hitzaldia emango du azaroaren 8an Azkuna Zentroan 19:00etan.


2016-08-19 | ARGIA
Harresirik Gabe egitasmoa: Lampedusa ezagutzetik, Europa eraldatzera

Abuztuaren 22an Errenteria-Oreretako Mikelazulo elkarteko 14 lagun Lampedusa uhartera joango dira. Bidaiaren helburua irlako egoera zuzenean ezagutzea da, elkartasun loturak indartzearekin batera.


2016-03-20 | Ińigo Azkona
“Gastu militarra behar sozialetarako”

1986an Euskal Herriak, Kataluniak eta Kanariar Irlek ezetz esan zioten NATOren parte izateari; militarismo eta inperialismoaren aurkako jarrerek gurean zuten indarra agerian utziz. 30 urteren ostean, ordea, militarismoak gora egin du.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude