Txelio Alcántara. Zaharkitzapenari adabakiak jartzen

"Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat egiteko"

  • Bilbo, 1957. Kalean etxetresna elektrikoak konpontzen hasi zen. Gaur egun ere horixe egiten du, baina Bizkaiko kooperatiba batean. “Proiektu konplikatua izan zen, inon ez dizute irakasten hau nola egin”. Edukiontzi zurietan eta Garbiguneetan bildutako tresnak berrerabili ahal izateko prestatzen  ditu. Honelaxe azaldu digu zergatik irauten duten gero eta laburrago inguratzen gaituzten hamaika gailuek.

Unai Brea @unaibrea
2016ko uztailaren 24a
“Gaur egun baimenduta dago konponbiderik ez duten edo konpontzea garestiegia den gailuak fabrikatzea. Arazoa da inolako kontrolik ez dugula”.
“Gaur egun baimenduta dago konponbiderik ez duten edo konpontzea garestiegia den gailuak fabrikatzea. Arazoa da inolako kontrolik ez dugula”.

Asko hitz egiten da zaharkitzapen programatuaz. Zuk eguneroko jardunean ikusten duzu.

Bada denbora zaharkitzapen programatuaz bideo bat zabaldu zela. Hor esaten zen bazeudela inprimagailuak, orri kopuru zehatz batera iritsita gehiago ez funtzionatzeko programatuta zeudenak. Hemen ikusten duguna ez da zaharkitzapen programatua: zaharkitzapena da, besterik gabe. “Ez dakit zenbat garbialdi egin eta gero ikuzgailua matxuratu egingo da” esatea fantasiazkoa da. Baina egia da gailu bakoitzak urte kopuru bat funtzionatzeko aurreikusita dagoela.

Zergatik?

Zuk gailu bat fabrikatzen duzunean, aurreikus dezakezu denbora batez funtzionatuko duela; erabilitako materialak eskasak badira, iraupena laburra izango da. Gaur egun kostuak merkatzea da helburua, mundu honetan gauza merkeak baitira saltzen direnak. Eta gauza merkeak labur iraungo du. Begiratu hozkailuari eta kablea laburra bada, badakizu hozkailua txarra dela.   

A, bai?

Kablean aurrezten badute, gainerakoan ere bai. Hemen esan ohi dugu pisuaren arabera jakiten dela garbigailu bat ona ala txarra den. Xaflan dirua inbertitu badute, bestean ere bai. Fabrikatzeko era da gakoa. Arazoa ez da programatutako zaharkitzapena; gauza guztiek dute zaharkitzapena. Arazoa da inolako kontrolik ez dugula.   

Zeren gainean?

Fabrikazioa, kalitatea… Kontrol hori gabe, zuk gailua erosi eta ez dakizu zenbat iraungo dizun. Inork ez dizu bermerik ematen horri buruz. Arauak ezarri beharko lirateke, “honek hainbeste iraun dezan konprometitzen naiz”. Eta bada zaharkitzapenaren beste alderdi bat, ezkutuagoa: matxurak. Konponbiderik ez dutenak, edo konpontzeko garestiegiak direnak. Baimenduta dago gailu konponezinak fabrikatzea.

Konponezinak?

Edozein etxetresna txiki konpontzeko giltza mordoa izan beharko zenuke etxean; beharko dituzun bihurkinak bilatze hutsak zoratu egingo zaitu. Eta batzuetan, kendu ezin daitekeen torlojuarekin egingo duzu topo: edo giltza berezia behar du, edo estutu daiteke baina askatu ez.

Askotan gertatzen da hori?

Bai. Etxetresna txiki batzuk ezin dira desmuntatu ere egin.

Niri horrek “programatu” adjektiboa dakarkit gogora, bada.

Ez da programatua, hitzari ematen zaion eta arestian aipatu dudan esanahi horrekin. Baina aurreikusita dago: gailuak labur iraungo du.

Txikia da konpongarritasuna, oro har?

Gero eta txikiagoa. Adibide bat: orain 20 edo 40 urteko hozkailuak atalez atal desmuntatu zitezkeen, oso-osorik. Gaur egun, berriz, gas hodia ezin da bereizi, hozkailuaren gorputzaren barruan dagoelako. Eta gas-hodiaren matxura da hozkailu batek izan dezakeen matxura larriena. Gertatuz gero, gaur egun ez dago konpontzerik.  

Asko esatea dirudi gailuak konponezinak izateko egiten dela hori...

Bada, argi dago hala dela!

Zer helbururekin?

Gehiago saltzea. Gehiago saltzeko helburua duen sistema kapitalista batean bizi gara.

Zer dio legediak?

Gaur egun efizientzia energetikoa arautzen da, hori da mezua. Efizientziak iraunkortasuna estaltzen du. Kalkulua egin genuen kide batek eta biok: energi efizientzia handieneko hozkailua erosten baduzu, hainbesteko efizientzia ez duen gailua baino 100 euro inguru gehiago ordainduko duzu. Eta urtero 10 euro aurreztuko duzu kontsumoan. Prezio diferentzia berdintzeko hamar urte iraun behar dizu hozkailuak, eta ez da hala izango.    

Berrerabilpena birziklatzearen aurretik...

Hori da zaharkitzapenaren aurka borrokatzeko modu bakarra. Ingurumenaren aldetik, asko aurrezten da berreskuratutako garbigailua erosiz, berria erostearekin alderatuta. Ez naiz gogoratzen zifra zehatzez, baina kalkulatuta dugu berreskuratutako gailu bakoitzeko CO2 kopuru esanguratsua igortzeari uzten diogula.

Nola sustatu daiteke berrerabilpena?

Espainiako Estatuan bada lege bat, baztertutako etxetresnen –ez guztien– %2 berrerabiltzeko helburua ezartzen duena 2017rako. Oso gutxi da, guk %5 eskatzen genuen, baina garrantzitsua da hastea.

Zer portzentajetan gaude orain?

Hutsaren hurrengoan. Ez baitago beharrik tresnak konponketa-gune honetara edo antzeko batera eramateko. Saltoki handiek, gailu bat saldu eta zaharra jasotzen dutenean, hona ekarri behar lukete, baina txatartegira eramaten dute. Han birrindu egiten da, eta kito. Gero, industriara joaten da txatarra hori. Zuzenean birziklatzera joaten dira, berrerabilpenetik igaro gabe.

Amaitzeko: nork esan behar du zenbat iraun behar duten gauzek?

Gauzek nahi beste iraun dezakete. Lehenbiziko garbigailu patentea orain dela 300 urte aurkeztu zuten. Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat –hain gauza sinplea!– egiteko.                                        

Erraustegia

“Bizkaiko erraustegiaren aurkako borrokak eraman ninduen Ekologistak Martxaneko kide izatera. Erandion egiteko asmoa zabaldu zutenean, elkarteko hondakinen lantaldean izena eman nuen, eta hor nabil oraindik. Garai hartan, duela hamabost urte inguru, protesta handiak egin genituen Erandion, orain Gipuzkoa Zutik-en ikusten direnen antzekoak, baina erraustegi proiektua orain dagoen lekura eraman zutenean ez ginen gai izan mobilizazioa ere lekuz aldatzeko. Oso jokaldi ona egin zuten”.   

Kanal hauetan artxibatua: Zaharkitzapen programatua  |  Kontsumismoa

Zaharkitzapen programatua kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-17 | Nerea Ibarzabal
Abisua I

Bale, lehenengo ile urdina atera zait. Tontakeria bat dirudi, baina, ez dakit, iruditu zait karga sinboliko horretatik atera daitekeela probetxuzko zerbait; gogorarazi dit, adibidez, nire gorputza onartzen –maitatzen ez beti– 23 urte pasatu eta gero, hemendik aurrera etorriko diren aldaketa fisiko guztiak ere onartzen ikasi beharko dudala. Tira, baina hori oinarrizkoa da. Uste dut ile honek nire buru barrua zeharkatuko duten bi sustrai sakon dituela batez ere: batetik, izan daiteke... [+]


2016-09-27 | Steve Cutts
Esnatzeko deia
MULTIMEDIA - film laburra

Baliabide naturalak suntsitzen duen kontsumismoaren gurpil eroaren aurkako animaziozko aldarria.


2014-10-14 | Malen Aldalur
Zaharkitzapen programatua zigortzea erabaki du Frantziak

Frantziako Diputatuen Ganberak adostu du zigor penalak jarriko dizkietela produktuak iraupen-muga jakin batekin fabrikatzen dituztenei. Zaharkitzapen programatuaren zigorra, bi urteko kartzela eta 30.000 euro arteko isuna izan daiteke Ecoportal webguneak argitaratu duenez.


2011-04-03 | Lander Arbelaitz
"Sakelakoa urtero aldatzeak ez gaitu zoriontsuago egiten"

Hiru urte egin zituen zaharkitzapen programatuari buruzko dokumentala egiten. Ikusteak derrigorrezkoa behar lukeen lan honek erakusten du zer nolako iruzurrean bizi garen. Milaka produktu egiten dira, une jakin batean huts egiteko planifikatuta. Orduan, berria erosten dugu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude