Jaialdi 2015

Boiseko egunak

  • Euskal diasporak zita bat dauka Idahoko hiriburuan: bost urtean behin egiten den Jaialdin 45.000 lagunetik gora bilduko dira berriz, dantza eta herri kiroletik harago, komunitate izaera sendotzeko asmoz. Autoafirmazio ariketa erraldoi hori, euskaldunek AEBetan duten erakusleiho ikusgarriena bilakatu da edizioz edizio, eta itsasoz alde honetako agenda kultural eta politikoan ere hasi da eragiten.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2015eko uztailaren 26a
Emozio askotako atmosfera sortu ohi da Boiseko kaleetan Jaialdi ospatzen den bakoitzean
Emozio askotako atmosfera sortu ohi da Boiseko kaleetan Jaialdi ospatzen den bakoitzeanLocalWiki / G. Oakley

Mendebalde Urruneko bihotzean, basamortu eta mendien artean, kokatzen da Boise, 200.000 biztanleko hiria. Euskaldunak behinola artzain ibilitako lurralde hori AEBetako euskal komunitatearen gune nagusietakoa da gaur egun. Ez kasualitatez bertan egiten da diasporako festarik handiena, Jaialdi. 1987an sortua, edizioz edizio herritarren parte-hartzea handituz joan da; 2010ean errekor guztiak gainditu zituzten: antolatzaileen estimazioen arabera 45.000 lagun inguru elkartu ziren munduan ezagunak diren hainbat euskal kultur espresioren bueltan egindako ospakizunetara.

Jaialdi antolatzeaz arduratzen den Boiseko Euzkaldunak euskal etxeak jadanik prest dauka aurtengo egitaraua, uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 2ra arte luzatuko den festarako. Estadio eta aretoetan egingo diren dantza eta herri kirol emankizunetarako tiketak urtarriletik daude salgai interneten; aurtengo nobedade izan den Bilboko Athletic eta Mexikoko Tijuanaren lagun arteko futbol partidarako sarrerak ere sarean jarri zituzten salgai, 85 dolarren truke. Norgehiagoka uztailaren 18an jokatu zen eta Albertsons Stadiumeko zelai artifizial urdin kolorekoa belar naturalez aldatu behar izan zuten horretarako.

Euskal Herriko lau talde aukeratu dituzte egitarau ofizialean parte hartzeko: Iruñeko Ortzadar dantza taldea, Durangoko Luhartz eta Soraluzeko The Crazy Wheels Band musika taldeak, eta Orioko Irrintzi erraldoi konpartsa. Xabi Paya eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak ere ariko dira, baita herri kiroletako makina bat lagun ere. Baina Boiseko Basque Block delakoa –euskal jatetxe, museo eta zentroak biltzen dituen gunea– AEBetako euskal etxe ugaritako dantza taldeen eta Euskal Herritik euren kasa joandako beste talde askoren jai giroz bustiko da baita ere.

Tour operadoreak jo eta su ari dira Jaialdi dela-eta pakete turistiko bereziak eskaintzen: urliak New York eta Las Vegas bisitatzeko aukera ematen du, sandiak ikuskizunetarako sarrerak prezioaren barne daudela dio, berendiak aurkezle ezagun baten konpainia jarriko dizu... Ehunka boluntarioaren itzalpeko lanean oinarrituagatik, egiaz, festa komertziala ere bada hau: marka babesleen zerrendan Coca-cola edota Keybank daude esaterako, eta kamisetak ez ezik zerbeza jarrak eta biserak ere eros daitezke Jaialdiren logoarekin. Baina ez dugu zertan kapitalismoaren bihotzeraino jo behar halakoak ikusteko, gertuago ere ohituta gauzkate. 

CNNren faboritoen artean

Hedabide esanguratsu zenbaitek arreta jarri dute Boisen egingo den festibalean. CNNk, adibidez, aurten AEBetan bisitatu beharreko 15 toki “bitxien” artean jarri du Idahoko hiriburua, Jaialdi eta euskal komunitatea aipatuz: “Dantza eta jokoak, jai alai barne, euskaldunentzat ezinbestekoak dira –dio telebista kateak–. Eta jaialdian egoterik ez baduzu, beste edozein momentutan joan zaitezke, jan, edan eta euskal kultura zer den ikastera”. 

Jaialdi aukera ekonomiko itzela da Idahoko enpresa esanguratsuak eta multinazional garrantzitsuak biltzen dituen Boiserentzako. Bertako eta kanpoko euskaldunak ez ezik, beste komunitateetako jendeak ere erakarri ditu: “Zeinek ez luke nahi halako herri zirraragarri baten parte izan?”, dio irlandar-eskoziar jatorria duen Boiseko Patti Murphy idazleak, Idaho Statesman egunkariari erantzunez. Murphy duela urte batzuk hasi zen Biotzetik abesbatzan kantatzen “kultur-familia baten partaide” zela sentiarazten ziolako.

Komunitate baten partaide izateko sentimenduak bultzatuta jotzen dute Amerikako euskal kolektibitateek gurean errazegi folklore hutsera bazterturiko espresio bideetara. Ezaugarri propioak dituen iruditeria eraiki dute diasporan, eta Jaialdi moduko ospakizunak euskal kontzientzia hori transmititzeko tresnak dira. 

Hau ez da, ordea, bost urtean behin loratzen den baratza. AEBetako euskal etxeetako jarduna egunero ongarritu behar da, eta Jaialdi finantzabide baliotsua izan ohi da horretarako, baita euskara sustatzea helburu duten proiektuentzat ere, Boiseko Ikastola kasu. Hain justu, duela hilabete eskas egoitzaz aldatu du AEBetako ikastola bakarrak, hiriaren erdigunean dagoen Broadway kalera, eta orain ikasle gehiago hartzeko eta zerbitzu hobeak eskaintzeko aukera dauka: “Ikusgarritasunean ere irabaziko dugu”, azaldu dio Euskalkultura.com atariari Oihana Andion irakasleak.

Astiro-astiro hizkuntza tokia hartzen ari da euskal diasporako nortasunaren abaraskan. Iparraldeko Amerikako zenbait euskal etxetan euskarazko eskolak ematen dituzte aspaldiko urteotan, Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundearekin sinaturiko hitzarmenari esker –150 lagun baino gehiago ari dira euskara ikasten–; Boisen berrikitan topaketa egin dute Euskara Munduan programaren barruan ari diren dozena bat euskara irakaslek.

Politikarien agendan

Jaialdik hartu duen garrantzia eremu politikora ere iritsi da eta Euskal Herriko zenbait instituzioren agendan eragitea lortu du. Duela bost urte ikusmina sortu zuen orduan lehendakari zen Patxi Lopezen bisitak; lehen aldia zen Euskadiko sozialisten buruak izaera horretako bidaia egiten zuena diasporara. Bestalde, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbao ere Jaialdi’10-en izan zen eta horrek nolabaiteko eztabaida ekarri zuen protokoloari zegokionez.

Aurten Iñigo Urkulluk iragarri du Jaialdin izango dela, eta ospakizunetan parte hartzeaz gain, besteak beste Idahoko Gobernadorearekin eta Boiseko alkatearekin ere batzartuko da. Era berean, Boise State Universityrekin elkarlanerako hitzarmena sinatuko du. 

Urkullu New Yorkeko euskal etxearekin duela bi urte izandako polemika sonatuaren ondoren itzuliko da AEBetara –mendeurrena ospatzeko ekitaldian desadotasunak izan zituzten euskal etxeak Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren bideo bat erakutsi nahi izan zuenean–. Dena den, badirudi urak bere onera etorri direla eta EAJren Jaurlaritzak diasporarekiko harreman oso estua mantentzen duela, historikoki izan den moduan.

Harreman horiek are gehiago sendotu eta datozen urteetan izango duen atzerri politika azaltzeko beste geltoki bat Gasteiz izango da, lau urtean behin egiten den Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarra ospatuko baita bertan urriaren 7an. Eusko Jaurlaritzak atzerrian Basque Country marka indartzeko ekimena jarri du abian, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkariaren ustez enpresak munduan lehiatzen diren bezala lehiatu behar dira herrialdeak “inbertsioak, turismoa eta talentua” erakartzeko.

Urkulluk euskal kolektibitateei aurten bidalitako gabon-mezuan “Euskadi nazioartekotzeko estrategia” hori aipatu du: “Gure herria nazioartera eramateko plan horretan zuek ere atxikita zaudete”, esan die euskal etxeei. Zerumuga ere jarri du lehendakariak: 2020 urterako nahi ei ditu ekonomia bizkortuta, bakea sendotuta eta estatus politiko berria.

Ikusiko da zein rol jokatzeko gai den euskal diaspora bide horretan. Oraingoz behintzat, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak Jaialdiren erakusleihoa baliatuko du horretaz hausnartzeko. Gure Esku Dagok, Agirre Lehendakaria Centerrek eta New Yorkeko Columbia Unibertsitateak antolatuta hitzaldi zikloa izango da uztailaren 30ean Boiseko Grove hotelean. Bertan parte hartuko dute Gure Esku Dagoko Jon Camiok, Joshua Fisher Columbiako Unibertsitateko irakasleak eta Ibarretxe lehendakari ohiak. Toghether or nothing at all da Ibarretxeren mintzaldiaren izenburua: edo elkarrekin edo ezer ere ez. 

‘Amerikanuak’ 40 urte

1975ean  Jon Bilbao historialariak eta William A. Douglass antropologoak Amerikanuak. Basques in the new world liburua kaleratu zuten. Argitalpenak itu bat suposatu zuen, ordura arte euskal emigrazioaren historiaz ezer gutxi baitzegoen idatzita.

Urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi eta konferentzia antolatu ditu Renoko Center for Basque Studiesek. Tartean, Boise State unibertsitatean Joan-etorri sinposiuma izango da uztailaren 29an, Jaialdirekin bat eginez. Ez da kasualitatea: duela 40 urte ere, unibertsitate horretako ikasleak Oñatira bidaiatzen hasi ziren programa bati esker. 

Sinposiumean makina bat gairi buruz hitz egingo dute eta Amerikanuak-en publikaziotik lau hamarkada igaro direnean, munduko euskal ikasketak zertan diren hausnartuko dute adituek. 

Douglassek jadanik lanari buruzko hainbat iritzi plazaratuak ditu Mr. Basque autobiografian: “Liburuak trantsizio momentu bat jaso zuen, horren jabe ez baginen ere. Garai baten amaieran geunden, artzaintzak bereak egin zituen, emigrazioak ere bai, eta euskal erakunde ugari sortzen ari zen, North American Basque Organization (NABO) kasu. (...) Jon eta biok liburua euskal diasporaren historiarako sarrera gisa ulertu genuen, lana ez da behar bezain beste kritikatu”. 

Douglassen ustez, liburua oso deskriptiboa da eta jadanik oso gutxi lantzen den enpirismoan oinarrituta dago: “Amerikanuak, euskal artzaina bezala, historiara igaro da”, dio antropologoak. 

40 urteotan ez dira gutxi izan euskal emigrazioaz eta diasporaz publikatu diren liburuak, tesiak eta baita dokumentalak ere. Ikerkuntzan asko aurreratu da eta teoria atabikoak gaindituta daude. Egungo joera, testigantza eta lekukotasunen bidez euskal jatorriko amerikarren errealitate anitzak islatzea da. 

Hain justu, Jon Bilbaoren jaiotzaren mendeurrenean Etxepare Institutuak eta Nevadako Unibertsitateak sortutako katedrari esker, Pedro J. Oiarzabal Deustuko unibertsitateko ikerlariak Ipar Amerikako euskaldunen ahozko historia jasoko du Memoria Bizia proiektuarekin.

Kanal honetan artxibatua: Euskal diaspora

Euskal diaspora kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-05 | Euskal Irratiak
Ameriketako euskaldun batzuen soinu hunkigarriak

Francis Bidart kronikalariak soinu esklusibo eta bereziak ekarri ditu irratira. Skype eta telefonorik gabeko garai batean, Ameriketan bizi ziren euskaldunek, haien herrietara bidaltzen zituzten soinuak, mezuak laguneri ala familiari, entzutekoa.


2017-03-22 | Izar Mendiguren
"Zirrara sortzen du Korrika Parisen egiteak"

Igandean egin zuten Korrika Parisen. Lorea Ibañez (Amurrio, 1987) izan zen antolatzaileetako bat. Frantziako poliziek seinaka eta espaloitik joateko baimena soilik eman zieten, baina giro eta umore onean egin zuten korrika.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak, hausnarketak, kritikak eta laudorioak.
    Lan kontuak tarteko, 1996an gurutzatu zuen itsasoa Ormazabalek Brasila ailegatzeko. Lehendik Ingalaterran, Suitzan, Alemanian, Italian eta Irlandan ibilia zen... [+]


"Mexikon oso esker oneko jendea izan dut inguruan beti"

Amezketarra Mexiko DF-n euskara irakasle, unibertsitateetan eta euskal etxean. Baina ez da ikasle gaztearen urtebeteko pasadizoa, bertan errotu den emakumearen ibilia baizik.


"Caracasen aditutako historiak kontatu eta negarra etortzen zait"

Diasporaren alaba dela dio, baina hurrik eman ere ez  ‘ni ez naiz hemengoa’ esaterik. Hemengoak bezain hemengo da Caracasen jaiotakoa. Donostiako abertzaletasun zaharraren eragileak ageri dira beraren familian, eta sentimendu horrixe helduta bizi da Miren, diasporaren alaba euskalduna.


2016-08-31 | Erran .eus
Artzain Amerikanoen Egunaren X.urteurrena ospatuko dute larunbatean Izaban

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak egitarau zabala prestatu du aurten ere. Irailaren 3an ospatuko da, Izaban (Erronkari), Urrinean Biltruk goiburupean. Erronkarieraz, Urrunean bilduak erran nahi du  eta hain ezberdinak diren bi lurraldetan, bizitza eta lana egiteko modu berdina egin ahal izana goraipatu nahi du. Tiketak ohiko lekuetan daude salgai. 


2016-07-29 | Natxo Escobar
Centennial
MULTIMEDIA - dokumentala

New Yorkeko Euskal Etxearen 100. urteurrena ospatzeko egindako lana.

Zuzendaria: Natxo Escobar
Ekoizpena: Koldo San Sebastian, Ander San Sebastian
Errealizazioa: Iker Treviño


"Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek irabazia zuela borroka"

Txiletik datorrela esan digute, Kuban hazia dela Salvador Allende hilez geroko garaian, mediku dela, hainbat aldaketa iraultzaile eginak dituela zuzentzen duen ospitalean… Hariari jarraiki gatzaizkio, galdezka, putzu sakonean sartu garen arte.


Euskararen Eguna 2015 Valentzian
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

2015eko Euskararen nazioarteko egunean Valentziako Euskal Etxeko lagunek egin zuten ekimenaren bideoa.


"Euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela iruditzen zaigu"

“Argentinarra naiz eta, Euskadi dut maite…” kantu zaharraren bertsio berria litzateke, Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko lehendakari andrea kantari.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude