Iritzi publikoaren izar anonimoak

  • Inork ez ditu ezagutzen eta halere, famatuak dira. Benetako izen-abizenak dituzten profil publiko askok baino jarraitzaile gehiago dituzte. Zirikatzaileak, sarkastikoak, gupidagabeak: trollak dira. Interneteko fenomeno marjinala ziren, anonimotasuna asmo suntsitzailez erabiltzen zuten pertsonaia gogaikarriak. Baina sare sozialen erabilera zabaltzearekin batera, maskara digitala asmo eraldatzailez erabiltzen duen belaunaldi berri batek protagonismoa hartu du. Troll politikoen fenomenoa aztertzera gonbidatu nahi zaituztegu hilabete honetan. Iritzi publikoan eragingo duen fenomeno berri baten aurrean ote gaude?

Atzamarra zure begian sartzea beste zereginik ez duen tximinoa bezain gorrotagarriak izan daitezke: noizbait haietako batekin eztabaidatzeko “zortea” izan baduzu konturatuko zinen. Foroetan eta sare sozialetan elkarrizketak lehertzeko asmo hutsez jarduten dutenei deitu izan zaie troll historikoki. Anonimotasuna baliatzen dute eta gainontzeko erabiltzaileen artean ohiko parametroen arabera gertatzen ari den elkarrizketa hankaz gora jartzea dute helburu. Tematuko dira erabili dituzun argudioen zatirik ahulenekin, kontraesanak bilatuko dizkizute, gaur mahai gaineratu duzun ideiarekin bat egiten ez duen zure iruzkin zahar bat bilatu eta harekin egingo dizute eraso eta, nazkatu eta haiei ez erantzutea erabaki duzunean ere, ez pentsa isilik geratuko direnik. “Eztabaida saihesten ari zara”, “ez al daukazu ezer esateko egin dizudan azken galderaz?”, “kaixoooo, hor al zaude oraindik? Zerbait galdetu dizut eta ez didazu erantzun”.

Sistema eragileak kutsatzen dituzten birusen moduan funtzionatzen dute troll klasikoek pertsonen arteko harreman digitaletan: kolokan jartzen dute ordena, beren legeak ezartzen saiatzen dira, aurreikusten zailak diren eztabaida-mekanismoak erabiltzen dituzte. Urtetan fenomeno marjinala izan dena, Interneten ordu asko pasatzen zituztenen artean aipatzen zen zerbait, bestelako dimentsioa hartu du Internet uneoro eskura daukagun tresna izatera pasa den honetan. Eta trollak ere askoz urrunago iritsi dira.

Goazen iazko udazkenera. Suedian gaude, Stockholm kanpoaldeko auzo batean. Robert Aschberg kazetaria hizketan ari da beisboleko txapela zikin xamar bat jantzita daukan 30 urte inguruko tipo batekin. Mutil argal eta lasaia, inolako arriskurik inspiratzen ez duena. Aschbergek zuzentzen duen Troll ehiztaria telebista saioko ikertzaileek badakite ordea, galdera deserosoei erantzun beharrarekin urduri jartzen hasia den pertsona hori espezierik txarreneko troll bat dela. Eskumotz jaio zen neska gazte bat obsesiboki jazarri zuen Instagramen eta Facebooken, etengabe bere gorputz-atalari buruzko irainak idatziz. Eta ez zen asteburu bateko kontua izan, hilabeteak pasa zituen geroz eta mezu itsusiagoak bidaltzen. Baina orain, telebistako ekipoak ehizatu duenean, dena ukatu du. 10 minutuz aritu da Aschberg galdera-erantzunekin aitortza lortu nahian, baina emaitzarik ez.

Troll ehiztaria telebista programa suediarrak sareko erabiltzaile anonimoak identifikatu eta etxeko atariraino eramaten dizkie kamerak.

“Gezurti patologikoa da”, esan du kazetariak kamerak itzali eta autoan igo direnean, MIT Technology Review aldizkarian jaso dutenez. Programaren helburua ez da troll guztiei banan-banan maskara kentzea, sareko “gorrotoa” zenbaterainoko problema izan daitekeen erakustea baizik. Anonimotasuna baliatuz klasekideen kontrako gezurrak argitaratzen dituzten nerabeak, ordu libreetan webgune arrazista bat kudeatzen duen politikari profesionala, Zuzenbide ikasle bat, emakume baten sareko profila erabiliz gizon bat bikote harreman batean endredatu nahi duena… Mota askotako troll kasuak pilatzen dira telebista saioaren karpetetan. Eta mundu osoko hedabideetan bihurtu da hizketarako gai, fenomenoa –eta telebista saioa bera– interesa sortzen ari den seinale.

Troll guztiak dira gaiztoak (baina gaizto guztiak ez dira berdinak)

Troll txintxorik ezagutzen du inork? Guk ez. Interneteko pertsonaia hauen ezaugarri nagusia beraien izaera disruptiboa da. Bestela esateko, ganberrismoaren marratik harago daude troll hitzarekin definitu ditzakegun praktika gehienak. Baina horrek ez du esan nahi orain arte aipatutako kasuak direnik trollek esfera publikoan parte hartzeko izan ditzaketen modu bakarrak. “Troll politikoak” titulua jarri diogu Larrun honi, izan ere, azkenaldian indarra hartzen ari dira programa politiko eraldatzaileek begi hobez ikusiko dituzten trollak. Bizpahiru ezagutu nahi?

Bangladesh, 2013. urtea. Ehungintzan lan egiten zuten 1.000 lagun baino gehiago hil dira Dacca hiritik gertu dagoen fabrikan gertatutako istripuan. Herrialdeak inoiz ezagutu duen tragedia industrial handienetakoak agerian utzi du zein baldintza txarretan lan egiten duten Europar Batasuneko marka handien beharginek. Esklaboen pare, ia.

Marka horietako bat Espainiako El Corte Inglés da eta, gertakariek eragin duten eztabaidaren erdian, Twitter kontu bat agertu da, enpresa espainiarraren profil ofizialaren itxura berdin-berdinekoa. “Ya es primavera en Bangladesh” (Udaberria da Bangladeshen) idatzi dute, saltoki handiaren eslogana (“Ya es primavera en el Corte Inglés”, alegia, “udaberria da Corte Inglésen”) moldatuz. Sare sozialaren arduradunek kontua ezabatu baino lehen, beste zenbait mezu ere jaurtiko ditu txiosferara, besteak beste: “Preziorik onenak, kosta ahala kosta” eta “erabat penagarriak diren arren, 1.000 hildakok ezin dute hondatu milioika bezero zoriontsuren poza”. Komunikazio anti-korporatiboa egiten duten trollak? Bai, gertatzen ari da.

Eta egunero gertatzen dira oso ezagunak diren politikariak, enpresariak eta… beno, jainkoa bera ordezkatzen dituzten troll kontuak ere. Batzuk parodia nabarmenak dira, haien jarraitzaileek imitazio umoretsu batek eskain dezakeena bilatzen dute –tira, hori uste dugu: Kristoren odol gehiegi edanda baten bat akaso iritsiko zen pentsatzera jainko kristauaren rola jokatzen duten Twitter kontuak benetakoak direla–, baina beste batzuk lortu dute benetako pertsona ordezkatzea, informatiboetako lehengai bihurtzeraino.

PSOEko Elena Valencianori gertatu zitzaion: 2012an, Kataluniako prozesu independentistaren eraginez bere alderdian federatuta dagoen PSC erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera agertzen hasi zenean, Valencianoren erabiltzaile-izen bera zeukan kontu bat mezu bitxiak idazten hasi zen. Tonua alderdi handi bateko lehen lerroan dagoen pertsona batena zen, eta edukia… “Argi utzi nahi dut nire erabateko errespetua PSCk hartzen dituen erabakiekin. Hartu duen deriba nazionalistarekin bakarrik nago desados”.

Irakurri esaldia berriz: ez al da nahiko sinesgarria? Profil publikoak ordezkatzea ez da hain konplikatua gaur egun eta, kargu garrantzitsuak dauzkaten pertsonen sareetako mezuek hartu duten dimentsio informatiboa kontuan izanda, oposizio politiko trollaren ateak parez pare zabalik daude.

Nola funtzionatzen dute trollek?

Bolada batez zarata egin ondoren desagertzen diren animaliak baino gehiago dira: anonimoak izan arren milaka jarraitzaile dituzten kontu ugari ari dira eguneroko albisteei buruzko iritzi, nola esan, diferenteak ematen. Maiz haien umorea aipatzen da, egunero janzten duten sarkasmo-trajea; baita diskurtso ofizialak barregarri uzteko konparazio exageratuak erabiltzeko joera ere.

Identitate digitalaren erabilera ezohikoak egiten ditu gainontzekoen aldean desberdin. Kontzeptu horretaz ari garenean, hitz egiten dugu teknologia digitala erabiliz gure buruaz egiten dugun errepresentazioaz. Facebooken, Twitterren edo bihar goizean asmatuko den sare sozialean gure xedea, itxuraz behintzat, komunikatzea da: zerbait esan nahi diogu gure zirkuluan dagoen jendeari.

Baina mezu horiek metatuz identitate digitala sortzen da, nahiko koherentea izan daitekeen gure buruari buruzko diskurtso bat. Sareetan modu batekoak gara: idazkera jakin bat daukagu, erreferentzia sorta bat erabiltzen dugu, lagun batzuk, harremanetan jartzeko estilo bat... Gure izateko moduaren errepresentazio bat eraikitzen dugu. Bizitzaren beste esparruetan ere errepresentazioaren kontu hau ez da gauza berria –berdin hitz egiten al duzue lagunekin eta poliziarekin?–, baina identitate pertsonalek mugak dauzkaten lekuetan, digitalek VIP pase batekin egin dezakete aurrera, sareetan zure benetako izena ematea ez baita derrigorrezkoa –trafiko isunak ordaintzerakoan berriz, snif, bai–. Pertsonaia bat zerotik asmatzeko aukera baliatzen dute trollek sare sozialetan. Eta hezur haragizko pertsonek ez bezala, kritikarako askatasun handiagoa dute, fikziozko pertsonaiek ez baitute kontuak ematen ibili beharrik.

Anonimo izate hutsagatik troll ote zaren? Tira, gure asmoa ez da fenomenoaren definizio zurrunik ematea, beraz, auskalo. Ausartuko gara esatera, dena den, badela beste ezaugarri bat troll politikoen jardunean maiz agertzen dena eta esparru politikoan eragiten dutenen kasuan oso eraginkorra dena: détournement delakoaz ari gara –“hizkuntzaren desbideratzea” nolabait–, Internazional Situazionistako kideek proposatutako teknika.

Guy Debord, Internazional Situazionistako ideologo nagusienetako bat. Troll digital batzuek bere egin dituzte situazionisten zenbait kontzeptu, hizkera modu subertsiboan desbideratzea xede.

1950eko hamarkadan sortua, mugimendu situazionistak eragin handia izan zuen 1968ko maiatzeko gertakarietan. Giro iraultzaile hartako esaldi famatu asko ezin dira ulertu détournementak zertan datzan konprenitu gabe. Ea esplika dezakegun: indarrean dagoen sistemari aurre egiteko, ohiko mezu militanteak erabili beharrean, diskurtso nagusiaren testuaz birjabetzea proposatu zuten situazionistek, jatorrizko esanahia eraldatuz. Utikan kausa baten alde dauden testuak, testua bera da kausa; mundu guztiak ezagutzen dituen esaldi, eslogan eta mantren itxura-aldatzeek bat-bateko eragina lortzen dute.

Adibide praktiko batekin esplikatzen badugu hobe agian, ezta? Demagun banku batek bere kanpainako eslogan gisa honako esaldia erabiltzen duela: “Zure bankua gara. Eta geroz eta jende gehiagorena”. Finantza erakunde hori kritikatu nahi duenak mila arrazoi jarri ditzake mahai gainean, baina lubakien gerra batean ariko da ur pistola batekin.

Zergatik ez erabili publizitate eslogana bera salaketa tresna gisa? Etxetik bota dutelako kaleko banku batean lo egin behar duen norbaiten argazkiarekin batera sarean partekatuz gero, mezu berdina goitik behera aldatzen da. “Banku” hitzaren esanahiarekin jolaste hutsa aski da gauzak ezin garbiago ulertarazteko: zure bankua kaleko hori da, bizimodu horretara kondenatu nahi zaitu banketxe honek, eta abar.

Eguneroko zarata mediatikoari aurre egiteko teknika erraz eta baliagarria delako, troll politiko askok erabiltzen dute birjabetze hori. Lerro hauek idatzi bitartean ikusitako bi adibide: “Falciani zerrenda” argitaratu da, zergak ez pagatzeko mundu guztiko aberatsek dirua Suitzara nola eramaten duten erakusten du. “Norbaitek bere dirua Suitzan ez edukitzea ETA da” txiokatu du @masaenfurecida-k, Espainiako establishmentaren diskurtsoa bihurritzen duen trollak, gertatzen den guztia ETArekin estaltzeko alderdi politiko espainiarrek daukaten joera mezu labur bakarrean hankaz gora jarriz.

Charlie Hebdoren aurkako atentatuen ostean, ekintza terroristetan inplikatutakoek nazionalitate frantziarra gal dezaketela? “DEIALDIA: Ekintza terrorista bat egin nahi duzu baina iritziz aldatu duzu nazionalitatea galtzeko beldurrez? Deituiguzu”, idatzi du @humourdedroite-k, Frantziako eskuinaz trufatzen den troll ezagunak, kartel publizitarioetako hizkera imitatzen duen estiloan.

Bai, baliteke txisteak besterik ez izatea. Baina txisteek ere karga ideologikoa daukate eta, eguneroko albiste kontsumitzaileak bere sareetan ikusi ditugunak bezalakoak ikusten baldin baditu, eraginen bat izan dezakete.

Gure baserriko produktuak: zertan dira euskal trollak?

Ez baikara mundutik aparte bizi, Euskal Herrian ere troll kontu hauek izan dute agerpen ikusgarririk. Ondorengo orrialdeetan gurekin hitz egin duten @diariofatxo eta @aranagoiri Twitter profilak dira ezagunenak. El Diario Vascoren ildo editoriala egunero auzitan jartzen duen egunkari-parodia lehenbizikoa, EAJren fundatzailea gaur egungo gaiei buruz hizketan jartzen duena bigarrena.

Baina hizkuntzaren gaiak kezkatzen gaitu: bi troll horiek, eta Euskal Herriko gaiei buruz diharduten beste hainbat, erdaraz ari dira nagusiki. Euskaraz egindako saiakera batzuek lortu zuten publikotxoa, @Euskaltroll izenekoak adibidez, baina azkenaldian ez dago oso aktibo.

Artikulu hau idazteko landa-lan gisa, kazetariak zenbait trolleatze saiakera egin ditu, bai bere kontu pertsonala baliatuz –politikariren bat eztabaida gogaikarri samar batera behartzea lortu zuen, baina ez zen askoz urrunago iritsi–, baita anonimoki ere: hedabide euskaldun digital batean utzitako iruzkin bakarrarekin jabetu zen zein erraza den izenik eman nahi ez duen erabiltzaileari maskara kentzea euskaraz arituz gero. Komunitate txikiegia ote gara mota honetako praktikek arrakasta izan dezaten? Denok gutxi gorabehera elkar ezagutzen dugun herrian, izen-abizenez trolleatzea ote da aukera bakarra? Erantzunak ez dabiltza haizean, Dylanek kantatuko lukeenez, eguneroko testu jario digitalean baizik.

Informazio gehiago:

Sabino Arana kontuko kideekin elkarrizketa: "Zuzentasun politikoan gehiegi sinesten ez dudala agerikoa da"

Diario Fatxo ekimeneko kideekin elkarrizketa: "Jende batek Diario Vasco irakurtzeari utzi eta gu jarraitzen gaitu orain"


LARRUN
2015eko otsailaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezkerreko pentsamendua
Eskuinaren berrindartzea Latinoamerikan

Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]


Lenin gogoan

Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]


Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]


Eguneraketa berriak daude