Zenbat organiko konpostatzera iritsi daiteke erraustu nahi duen lurraldean?

  • Hondakin organikoaren bilketa selektiboa areagotzeko eskatu die Bizkaiko Foru Aldundiak udalei. 2013ko datuak oso urrun daude herrialdeko hondakinen kudeaketa planek ezarritako helburuetatik. Oposizioaren ustez (eta hondakin kontuetan, oposizioa esatea EH Bildu esatea da), Bizkaiko hondakinen kudeaketa Zabalgarbi errauskailuaren inguruan ardaztuta egotearen ondoriozkoak dira datuak. Bizkaitarren gehiengoak, gaur-gaurkoz, ez dauka bosgarren edukiontzirik bere herrian.

Deustoko herritar bat hondakinak bosgarren edukiontzian uzten. Deustu da organikoa bereizteko aukera ematen duen Bilboko auzo bakarra gaur egun. 2013ko datuen arabera (2014koak ez dituzte zabaldu oraindik) Bizkaian oso materia organiko gutxi iristen da ko

Bizkaiko Foru Aldundiak dezenteko lana egin beharko du hondakin organikoaren bilketari dagokionez 2016rako ezarritako helburua bete nahi badu, nahiz eta, ahots kritikoen ustez, batere helburu handinahia ez den. Iazko azaroan lurraldeko udalei bidalitako eskutitzean, Aldundiak gogorarazi zuen 2016an iraungiko den Hiri Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralaren arabera urtero 24.000 tona hondakin organiko batu behar direla modu selektiboan. Bizkaitarrek sortutako hiri hondakin guztien %4, alegia.

Eskutitz berean irakur daiteke 2013an –urte hartan ipini zituzten organikorako edukiontziak lehen aldiz– 4.900 tona baino ez zirela jaso. “Asko dago egiteko”, horra Bilboko Kale Nagusitik udaletara helarazitako mezua.

Arazoari aurre egiteko proposatutako neurriak pare bat pasarte harago daude: Aldundiak diru-laguntzak emango ditu 2015ean, bai autokonpostagailuak erosteko bai –oraindik ez daukatenek– bosgarren edukiontzia jartzeko. Izan ere, gutxi gorabehera Bizkaiko herrien erdian besterik ez dago organikoa bereizita jasotzeko edukiontzia, eta horietan biltzen den batez besteko hondakin kopurua oso txikia da, Zero Zabor ingurumen babeserako elkarteak zabaldutako datuei kasu egitera: pertsonako 0,35 kilogramo hilean, gutako bakoitzak eratu ohi dituen 7-8 kiloetatik oso urrun.    

Beharrezko  ñabardura bat: hondakin organiko guzti-guztia edukiontzi “arruntera”, “betikora” –errefusa ez da oso kontzeptu zabaldua Bizkaian– botatzen duten udalen artean batzuk handi samarrak dira, baina denetan Bilbo nabarmentzen da, zalantzarik gabe. Bertako Deustu auzoan ipini zituzten Bizkaiko lehenbiziko edukiontzi marroiak, proiektu pilotu gisa, 2012an, eta hantxe daude oraindik, proiektu pilotu gisa eta hiriko gainerako auzoetara zabaldu gabe. Horrek, noski, zeharo baldintzatzen ditu herrialde osoko bilketa portzentajeak. Ez da ahaztu behar bizkaitarren %30 inguru hiriburuan bizi dela.       

EH Bildu: “Helburua oso apala da”

“Legealdiko azken hilabeteak dira eta EAJ konturatu da horrela jarraituz gero ez direla iritsiko %4ko helburura. Gu hasieran konturatu ginen”, dio Asier Vegak, EH Bilduko Bizkaiko batzarkideak. Legegintzaldi hasieran Hiri Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralaren berrikusketa egitea egokitu zen, eta eztabaida gogorra suertatu zen Vegaren esanetan. “Guk adierazi genuen ez geniola zentzurik ikusten berrikusketari, planari berari ikusten ez genion heinean, Zabalgarbin  oinarritzen delako. Etxea teilatutik egiten hasi ziren, eta orain piztiari jatekoa eman behar zaio. Zabalgarbik hondakinen kudeaketa osoa baldintzatzen du Bizkaian”.

Arazo handiena hondakin organikoen bilketa da, alde handiz hiri hondakinen frakzio mardulena horixe baita. Asier Vegaren esanetan, osoaren %42 inguru; Aldundiaren Kudeaketa Planak 2016rako aurreikusten duen portzentajea txikiagoa da, baina handia edozelan: %37.

Hartara, EH Bilduko batzarkidearen iritziz urtero 24.000 tona hondakin organiko jasotzeko helburua oso apala da –Bizkaian, 2016an, gutxienez 200.000 tona eratuko direla kalkulatu du Aldundiak–. “Bilbon organikoa ondo jasotzea eta konpostatzera eramatea nahikoa litzateke helburu hori aise gainditzeko”. Koalizio abertzaleak uste du Aldundiak konpostatzeko borondaterik ez duela, eta ondorioz bilketarako bitarteko gutxi jartzen direla.

Urrian emandako prentsaurreko batean, EH Bilduk salatu egin zuen hilabete geroago Aldundiak eskutitz bidez udalei aitortu zien gauza bera: helburutik urrun dagoela Bizkaia. Eta bilketa portzentajea handitzeko hainbat proposamen egin zituen.
 

Batetik, prestatutako janaria, ordura arte ez bezala, bosgarren edukiontzira bota ahal izatea baimentzea; Aldundiak egun berean jakinarazi zuen halaxe egingo duela (ikus hurrengo orrialdeko koadroa). EH Bilduren eskariari men eginez edo bere kasa, ez dakigu.

Bigarren eskaria izan zen bosgarren edukiontzia herri handi gehiagotara zabaltzea, eta haren erabilera sustatzea. Hirugarrenik, Bizkaian organikoaren bilketa handitzeko esperientzia pilotuak laguntzea eta bultzatzea, eta martxan daudenak eredutzat hartzeko galdegin zuen Asier Vegak. Larrabetzu, Mallabia eta Berrizko adibideak aipatu zituen Vegak. Izan ere, lehen bietako alkateak eta hirugarreneko zinegotzi bat izan zituen lagun agerraldian.

Larrabetzuko eredua

Esperientzia pilotu horien artean, 2013ko udazkenean Larrabetzun abiatutakoa da interesgarrienetakoa. Asun Gaztelu alkateak eta Isabel Etxebarria zinegotziak azaldu digutenez, ekimena ez zen sortu hondakinen erabilera hobetzeko asmoz, nekazaritza sustatzekoaz baizik, baina azkenean helburu bikoitza betetzeko balio duela ohartu dira.

Funtsean, herrian sortzen den organikoa herrian bertan konpostatu eta erabiltzeko sistema antolatu dute. Izena ematen duten herritarrei kuboa ematen zaie, eta haiek ate aurrean uzten dute egun eta ordu jakinetan, astean hiru bider. Ondoren, baserritarrak datoz organikoa biltzera, euren baserrietara eraman eta han konposta egiten dute, proiektuaren sustatzailea den Gurpide elkarteak auzolanean eraikitako konpostegian.

Oraintsu arte nekazari bakarra aritu da zeregin horretan, baina urtearekin batera bigarren bat gehitu zitzaion. Udalak bere gain hartzen du biei soldata bat ordaintzea, hondakin bilketa egitearen truke.

Bilketa sistema hori herriko erdigunean baino ez dute egiten. “400 etxebizitza inguru daude, eta momentuz 105ek parte hartzen dute esperientzian, baina 175era helduko gara. Itxaron-zerrenda daukagu, konpostegien gaitasuna mugatua delako”, azaldu digute Gazteluk eta Etxebarriak. Diotenez, herrian oso jende gutxik erabiltzen du bosgarren edukiontzia, baina Txorierriko Mankomunitatean eurek dute organiko bilketa portzentaje handiena, alde handiz.

Txorierrik 20.000 biztanle inguru ditu. “Gurea bezalako zerbait egin liteke bailara osorako, eta konposta berton gera dadila”, diosku Isabel Etxebarriak, “baina kontratua daukate Artigaseko konpostegiarekin eta hara bidaltzen dute”. Bizkaia osoko konpostegi bakarra da Artigasekoa (Bilbo), hain zuzen; izen bereko mendian dago, Ekoparkea izeneko “auzoan”. Bertan daude, konpostegiaren ondoan, orain gutxi arte Bilborena izan den eta berriki Aldundiaren eskuetara igaro den zabortegia, Zabalgarbi errauskailua eta TMB, hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako planta.

“Hondakinak baliabideak dira eta guk bota egiten ditugu”

Artigaseko konpostegia txikia da, txikiegia. Hala uste du behinik behin Txelio Alcántara Ekologistak Martxaneko kideak. Bat dator Larrabetzuko Asun Gaztelu eta Isabel Etxebarriarekin, baita Asier Vegarekin ere, Bizkaian konpostegi bakarra egoteak ez daukala zentzurik. Hondakin organikoen kudeaketa oso modu traketsean egiten ari deneko beste froga bat da hori, beraren ustez.

“Bizkaian aurrerapauso handiak egiten ari dira gaikako bilketaren arlo batzuetan, baina organikoari dagokionez, agintariak koldarkeriaz jokatzen ari dira. Bosgarren edukiontziarekin esperimentu pilotuak egiten ari dira oraindik, organikoaren kudeaketa era egokian zelan egin aspaldi ezaguna izanda”.

Hondakin oro baliabidea da, Alcántararen ustez, “eta guk bota egiten ditugu”. Hondakinak ondasuna direla garbi ez dugun bitartean, arazo bat edukiko dugu, haren hitzetan. “Guk uste dugu hondakin guztiak, edo ia, berreskuratu daitezkeela era egokian tratatuz gero, eta berreskuratu ostean balio bat eman. Izan ere, inoiz esan dugu hondakinen kudeaketak doakoa izan litekeela, zirkulua itxita gastu guztiak berdintzen direlako. Baina erakundeek ez dute hori ulertzen, eta baliorik sortzen ez duten azpiegituretan inbertitzen dute, errausketan esaterako”. Berriz erabil litekeen materia erretzea sekulako okertzat jotzen du Alcántarak.

Konposta da horren adibide. “Aldundiak esan ohi du konpostak ez duela merkaturik, baina ez da hala”. Ekologistak Martxanek, hain zuzen, bosgarren edukiontzia sustatzeko kanpainak egin izan ditu Aldundiaren izenean eta hark ordainduta; “eurek emandako konposta banatzen genuen, eta agortu egiten zitzaigun”. Besteak beste, mendi kudeaketa okerraren erruz lurzoru emankorra galtzen ari diren mendiak berreskuratzeko konpost asko beharko dela iragarri digu Alcántarak.   

Gutxi falta da 2016rako, eta ondo bidean laster jakingo da organiko bilketa hobetu ote den. Aldundiak adierazi digunez, martxoan jakinaraziko dituzte 2014ko hiri hondakinen kudeaketari buruzko zifrak. Espero dezagun Sopelakoak baino hobeak izatea. Uribe Kostako herri horretan arreta bereziz ari dira jarraitzen bosgarren edukiontziaren erabilera. Azaroan jakinarazi zutenez, bosgarren edukiontziak ez die balio izan gaikako bilketa datu orokorrak hobetzeko: 2012ko %16,48tik, 2013ko %16,85era igo dira. Bizkaiko portzentajerik baxuenetakoa. Ez da hain harritzekoa ere, organikoa besterik egon behar ez zen poltsetan, orain gutxi, botilak, alfonbrak, ontziak, plastikoa eta abar agertu direla kontuan hartuta. Artigaseko konpostegiak ez zituen sopeloztarren hondakinak onartu, bistan dena. Baina ez dira urrun joan: aldamenean dagoen Zabalgarbik irentsi ditu.

Prestatutako janaria bosgarren edukiontzira botata, noraino hobetuko dira bilketa kopuruak?

Azaroan bidalitako gutunean, Bizkaiko Foru Aldundiak udalei jakinarazi zien aurrerantzean prestatutako janaria ere jaso ahal izango zela bosgarren edukiontzian. Hasiera batean, jatorri begetaleko hondakin gordinak, kozinatu gabeak, besterik ez ziren onartzen edukiontzi marroian; izan ere hala da oraingoz, eta hala izango da udal eta mankomunitateek Aldundiaren gomendioa praktikara eramateko planak garatu bitartean.

Prestatutako janaria ontzira botatzea eragozteko, modu horretan konpostaren kalitatea asko gutxitzen dela argudiatu zuen Bizkaiko Ingurumen sailak. Iaz Basaurin egindako esperientzia pilotuaren arabera, ordea, kozinatutako hondakin organiko kantitate oso-oso txikia biltzen da, eta konposta egiteko prozesuan ia ez da igartzen. Horregatik erabaki dute onartzea. 

Hain zuzen, prestatutako janaria gainerako hondakin organikoarekin batera jaso ahal izatea izan zen EH Bilduk Aldundiari egindako eskarietako bat, bilketa kopuruak hobetze aldera. Baina Basauriko esperientziaren emaitza ikusita –“kozinatutako hondakin organiko kantitatea oso-oso txikia da”–, espero daiteke neurriak eragin handirik izatea?

Ingurumen Sailak zabaldutako informazioa ez du zehazten zenbat den “oso-oso txikia”, baina Hiri Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralak 2016rako egiten dituen aurreikuspenetan, kozinatutakoa organiko guztiaren %18,5 da. Eta besterik gabe basauritarrek erabaki badute prestatutako janaria kubo marroira ez beste edonora botatzea?
 

Atez atekoaren eztabaidari tentuz heldu nahi dio EH Bilduk Bizkaian

Salbuespenak salbuespen –berbarako, erreportaje honetan aipatu dugun Larrabetzuko organiko bilketa edo berriki Ondarroan martxan jarritakoa, biak ala biak borondatezkoak–, atez atekoaren arrastorik ez dago Bizkaian. EH Bilduk udal askotan agintea izan arren eztabaida hori hain gutxi zabaldu izanaz galdetu diogu Asier Vegari. Hona erantzuna:

“Gipuzkoa eta Bizkaia soziologikoki desberdinak dira, eta bestalde, eztabaida Gipuzkoara iritsi zenerako sistema martxan zegoen herri batzuetan, eta jendeak ezagutzen zuen. Bizkaian, aldiz, ez dago inon, eta eztabaida guztiz kakaztuta iritsi da hona. Gauzak beste era batera egin behar dira edo elkarri mokoka eta irtenbiderik gabe jarraituko dugu. Guk nahiago dugu hausnartzea zein herritan den posible atez atekoa, zintzilikarioekin edo beste sistema batekin. Gakoa da jendeari esatea derrigortasuna ez dela txarra. Agian hobe da pausoak gutxika ematea, helburua zein den ahaztu gabe, eta eraginkorragoak izatea. Hori bai, guk argi daukagu bosgarren edukiontziaren sistema ez dela hain eraginkorra”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Bizkaian
2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Bizkaiko hondakinen kudeaketa

Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaz geroztik hondakinen kudeaketan Bizkaian dauden hutsuneak nabarmendu ditu talde ekologistak txosten batean. Azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko plan berriaren zirriborroa oraindik ez da onartu eta 2016koa dago indarrean. Hondakin organiko... [+]


2022-11-23 | Uriola.eus
Artxandako zabortegiaren berrirekitzea salatu du Artxanda Parke Bai plataformak

Herritarren eta ekologisten plataformek Bilbo Handiko Metropoli parkea eskatu dute eta zabortegiaren irekitzea eta hedatzea salatu dute. Udalari, Eusko Jaurlaritzaren erabakietara “makurtu” dela egotzi diote. Aburtok, bi proiektuak bateragarriak direla adierazi du.


2022-03-02 | ARGIA
Barakaldoko hondakinen enpresa bat salatu du Ekologistak Martxanek

Barakaldoko Brutzeña auzoan hondakinekin lan egiten duen Contenedores Vascos baten aurkako salaketa jarri du Ekologistak Martxan elkarteak.


Eguneraketa berriak daude