Sarah Jane Turtle

"Euskal Herria herrialde zoragarria izango litzateke independentea balitz"

  • Xingola bat du liburuak: “Euskadi Saria 2013, Euskarazko literatura itzulpena”. Mark Twainen Tom Sawyer-en abenturak da liburua. Itzultzaileak, berriz, Iñaki Mendiguren eta Sarah Jane Turtle senar-emazteak. Ezkio-Itsasora hurreratu gara emakume ingelesari galdezka.

Miel Anjel Elustondo
2014ko uztailaren 06a
"Testua itzultzen nuen. Ondoren, Iñakik gainbegiratu egiten zuen, testua behar bezala ulertu ote nuen egiaztatzeko. Jarraian, berriz lantzen nuen, ingelesez hobetzeko asmotan".Zaldi Ero

Zertan etorri naizen, diozu?

Bai, ez dut nire burua pertsona interesgarritzat jotzen, guztiz arrunta naiz.

Euskadi Itzulpen Saria irabazia zara…

Iñakiri [Mendiguren Bereziartu] lagundu besterik ez nuen egin. Harry Potter-en liburuak itzultzen lagundu nion modu berean, alegia. Ingelesak dituen zenbait korapilo bihurri askatzen lagundu nion. Tom Sawyer-en lanari dagokionez, horrexek irabazi baitzuen azkeneko Euskadi Saria, enkarguzko lana izan zen. Ingalaterran geundela jaso genuen mezua, Eguberri jaietan, nebarenean. Lehenengo gauza, herriko liburu-dendara joan eta liburua erosi genuen. Irakurri gabea nintzen. Txikitan, ikusia nuen Tom Sawyer-en istorioa filmetan, entzuna nuen, ezaguna zitzaidan, baina liburua osorik irakurri gabea nintzen. Guk Charles Dickens irakurtzen genuen, besteak beste. Eskolan Dickens irakurri behar izaten genuen. Hortaz, Tom Sawyer hartu, lehenengo atala irakurri, eta nahiko zaila iruditu zitzaidan.

Nahiko zaila…

Gogoan hartu behar duzu 1876an idatzi zuela Mark Twainek, AEBetako inguru hartako dialektoan, halako mundu ikuskera jakina ageri dela liburuan, eta hau eta hura. Lehenengo atala irakurri, ordea, irakurtzen segi, eta gozatzen hasi nintzen, benetan gozatzen. Izan ere, ez baita, bakarrik, gazteentzako liburua. Gustatu egin zitzaidan. Lehenengo atala irakurri eta ez nion Iñakiri esan zail xamarra iruditu zitzaidala. Beraz, baietz esan zezan animatu nuen. Horrelaxe onartu genuen Galtzagorri Elkartearen enkargua. Oso istorio ederra da, azalean ez ezik, sakonean dagoena ere zeharo interesgarria da. Nik irakurri eta gero hasi zen Iñaki liburua irakurtzen, eta, laster, itzultzen. Kapitulu bat itzuli ondoren, bata bestearen ondoan jarri eta itzulitakoa aztertzen genuen, eta korapilo bihurriak askatzen genituen. Edo internetera jo eta ikerketan hasten nintzen…

Tom Sawyer-en abenturak baino lehen, Harry Potter ere itzuli zenuten. Bi lan zinez diferente.

Esan beharrik ez duzu. Harry Potter gaur egungo istorioa da. Haren zailtasuna, hiztegi oparoa da, lokuzio mordoa… Ingeles maila jasoa behar zen hura itzultzeko. Iñaki hura itzultzeko gai izan zen, berak egin zuen lanik handiena, baina, beti, elkartu –igandez, gehienbat–, eta korapiloak askatu behar izaten genituen, aditz esaldiak eta beste. Dena dela, zure galderari helduz, bi lan ezberdin dituzu Tom Sawyer eta Harry Potter, ez dago konparatzerik. Harry Potter fantasiaz betea da, magiaz… Tom Sawyerrek, aldiz, garaiko gizarte hura du oinarri, eguneroko bizitza… Batean eta bestean, eskolak esanahi diferenteak ditu, elizaren garrantzia, haurrak tratatzen zituzten modua…

Euskadi Literatura saridunetan, ingelesdun bakarra zara.

Ez diot horri begiratu, benetan. “Bakarra”… esan dezagun, lehenengoa naizela. Bilbon ezagutu nuen Iñaki, nik unibertsitate ikasketak bukatu baino lehen. Unibertsitateak Aceros de Llodiora bidalia ninduen gaztelania ikastera, baina Bilbon bizi nintzen eta Bilboko eliza protestante batean ezagutu nuen Iñaki. Azken azterketa egin eta Bilbon lana inguratzeko zoria izan nuen; hain zuzen, han bizi baitzen Iñaki, Deustuko unibertsitatean historia ikasten. Laster sartu zitzaidan buruan euskaraz ikasiko nuela. Bilbon ez nuen euskararik behar jendearekin komunikatzeko, baina gogo horixe nuen. Hasteko, Iñaki euskalduna zelako, eta haren familia osoa, eta, bestalde, gaztelania ez zegoelako desagertzeko arriskuan, pentsatu ere ez. Aldiz, ez zegoen euskaraz hitz egiten zuen hainbeste jende, eta nik euskara hiztun bat gehiago izan nahi nuen.

1975ean heldu zinen Bilbora, urte seinalatua. Francoren heriotza.

Unibertsitate ikasketak bukatu eta etorri nintzen. Hemen naiz harrezkero. Oso garai interesgarria zen, nahi baduzu. Gorabehera handikoa. Aldaketak bata bestearen ondoren etorri ziren, oso arin ere. Manifestazioak, berriz, egunero. Kontuz ibili behar zinen. Hura ez zen Ingalaterra. Hego-ekialdetik etorri nintzen, landa eremu zoragarria, Londres kanpoaldean… Bilbo zeharo diferentea zen, egokitu nintzen, baina zailtasunak ere izan nituen: Espainiako Estatua ez zegoen Europar Batasunaren barruan, eta lan eta erresidentzia baimenak eskatu behar izan nituen, eta ia ezinezkoa zen haiek lortzea. Betikoa: “Hemengoren batek ere egin lezake zure lana”. Itzulpen-lan handia egiten ari nintzen, harreman-lana, lan-agentzia batean. Gehienbat Euskal Herriko eta Galiziako marinelak kontratatzen zituen Liberiako banderadun ontzietan lan egiteko. Komunikazio osoa ingelesez zen eta, beraz, ingeles maila ona zuen norbait behar zuten, idatzizko harremanetarako, batik bat. Hala ere, urtebetean egingo nuela lan esan zidaten, bertako norbaiti erakutsi behar ziotela lan hura egiten. Alde batetik, ulergarri ere bada, baina egokiera horretan, ezkontzea erabaki genuen! Kar, kar…

Kar, kar…

Baina horrek ere ez zuen askorik lagundu. Poliziarenera joaten segitu behar izan nuen, agiriak betetzen eta gainerako joan-etorriak egiten. Dena dela, 1976an ezkondu egin ginen. Bost urtez egin nuen lan bulego hartan eta, ondoren, Arrasatera joan ginen bizitzera, Iñaki han hasi baitzen irakasle. Ordurako, ingeles eskolak emanda nengoen, gustatu ere bai, eta horrela, 1980an, ingeles irakasle hasi nintzen erabat. Eta irakasle izan nintzen hogeita bi urtez, Arrasaten.

Ingalaterran jaioa, Bilbora etorri zinen. Arrasatera jo zenuen gero, Ezkio-Itsason zara aspaldi… Bada mugimendua!

Jakina, hemen ez zarete askorik mugitzen. Ni berriz, beti ibili naiz horrela, halako gaitasuna dugu. Baditut lehengusu-lehengusina zenbait, urtetan eta urtetan ikusi ez ditudanak, beti hara eta hona dabil-eta jendea. Iloba bat badut Australian bizi dena, hango batekin ezkondua. Urteak dira ikusi ez dudana, eta batek daki inoiz berriz ikusiko ote dudan! Arestian esan dudanez, Ingalaterrako hego-ekialdean jaio nintzen. Unibertsitatera, berriz, iparraldera joan nintzen, Itzulpen eta Interpretaritzan oinarritutako Filologia ikasketak egitera Bradford-eko unibertsitatean. Beraz, eguneroko ogia zen batera eta bestera joatea. Nire kasuan, hizkuntzak izan dira tarteko, itzultzaile eta irakasle jardun dut, Bilbon nahiz Arrasaten. Duela hamabi urte, berriz, irakasteari uztea erabaki nuen, gure etxetik Arrasatera joan eta etorri ez ibiltzearren –errepideak ere ez zuen laguntzen–, eta Iñakik ere horixe esaten zidan: “Utzi ezazu, emakumea. Hasi berriz itzultzen, etxean”. Ez nuen bi aldiz pentsatu. Erabakia hartu eta hemen naiz harrezkero, etxean itzultzen, pozik.

Hizkuntzen artean igeri…

Beti hizkuntzen artean igeri... Ondo hitz egiten dudan hizkuntza bakarra ingelesa da. Gainerakoan, nire euskara hobetzen saiatzen naiz. Ahoskera ez dut oso ona. Jende artean euskaraz, eta lore exotiko bat banintz bezala sentitzen naiz. Bai, begiratzen didate, aditzen didate, badakite ez naizela hemengoa, nongoa naizen galdetzen didate: “Ingalaterrakoa”, eta harritu egiten dira, beste planeta batetik etorri naizela iruditzen zaie. Aldi berean, errazago onartzen nau hemengo jendeak. Batik bat, euskaraz hitz egiten dudalako. Zalantzarik ez horretan: sekulako abantaila da. “Euskaraz hitz egiten ikasteko ahalegina egin du emakume honek”, diote, edo pentsatzen dute. Bestalde, ikusten dute jende askok, bertako askok, ez duela horrelako ahaleginik egin. Nik, aldiz, bai. Horixe dut alde. Hizkuntzak ikasteko erraztasuna ere badut. Beti jardun dut horretan. Eskolan frantsesa, latina eta alemana ikasi nituen, eta gero, unibertsitatean, filologiako hizkuntzak alemana eta espainiera izan ziren. Euskarari dagokionez, etxean bertan izan dut irakaslea. Sei hilabetean besterik ez naiz euskaraz ikastera joan, Arrasaten nintzen garaian. Hiztegia ikasi behar nuen, gramatika landu… Ingeles irakasteko agiria eskuratzeko asmoa hartu nuen halako batean, eta urte sabatikoa hartu eta Londresera joan nintzen. Urte hartan, agiri hura lortzeaz gain, euskarazko eskoletara ere joan nintzen Arrasaten. Primeran! Gainerakoan, ia konturatu gabe ikasi dut euskaraz. Elkar ezagutu genuenean gaztelaniaz hitz egiten genuen Iñakik eta biok. Poliki-poliki, euskarazko hitzak eta esaldiak ikasi ahala, erabiltzen hasi nintzen. Euskaraz esan ahal nituen gauza errazak euskaraz esaten hasi nintzen. Besteak, gaztelaniaz edota ingelesez. Eta, konturatzeke, Iñaki eta biok gero eta gaztelania gutxiago erabiltzen ari ginen, eta gero eta euskara gehiago. Garai batean guztiz normala zen gure artean gaztelaniaz hitz egitea. Gaur egun, normalagoa dugu ingelesez hitz egitea, gaztelaniaz hitz egitea baino. Dena dela, euskaraz hitz egiten dugu guk. Alde horretatik, zori handia izan dut.

Euskara erraza, euskara zaila… Zer diozu zuk?

Zaila. Gramatika ikastea zaila da, oso. Ingelesaren kasuan, hiztegia eta ahoskera dituzu zailtasunak. Euskararen egitura osoa, berriz, zeharo bestelakoa da. Ez du beste baten antzik. Alemana eta gaztelania zailtasun handiegirik gabe ikasi nituen. Baina, euskara? Inoiz gertatu zaidan hizkuntzarik zailena da. Euskalki ezberdinak ulertzea ere kostatzen zait, nahiz eta hori praktika kontua den, jendearekin hitz egitea… Bestalde, duela urte batzuk, irakaskuntza utzi eta berriz itzultzen hasi nintzenean, euskaratik ingelesera itzultzeko aukera izan nuen, Euskaldunon Egunkariarentzat. Zori handia izan zen. Irakasteari utzi, eta egunkariaren lan hura azaldu zitzaigun. Bikaina! Jakina, zenbait proba egin genituen, Martxelorekin [Otamendi] hitz egin… Egunero, hiru albiste itzultzen genituen euskaratik ingelesera, Egunkariaren interneteko ediziorako. Baina zoritxarrez, itxi egin zuten. Hala ere, gero Berrian jarraitu nuen hainbat urtez, arrazoi ekonomikoengatik hura ere bertan behera geratu zen arte.

Bi buru zineten itzultzen.

Testua itzultzen nuen. Ondoren, Iñakik gainbegiratu egiten zuen, testua behar bezala ulertu ote nuen egiaztatzeko. Jarraian, berriz lantzen nuen, ingelesez hobetzeko asmotan. Izan ere, irakurtzen duzunean, ez du itzulpena eman behar, horrelaxe sortu dela eman behar du, originala. Horixe erakutsi zidaten unibertsitatean, horixe lortzen saiatu behar duzu, testua albait naturalena izatea. Eskarmentua behar da horretarako. Orain, itzuli behar dudanean, testua irakurri eta ideia nagusia neureganatzen dut. Ziur izan behar naiz ez dudala ezer oker ulertu. Testuari heltzen diodanean, albait naturalena izaten saiatzen naiz. Alegia, esaldi motzak egiten ditut, ordena aldatzen dut… Burura etortzen zaidan edozer gauza. Naturaltasuna da helburua, beti ez da erraza baina!

Euskaldunon Egunkariarik ez dago aspaldi…

Ez dago, ez. Itxi zuten. Itxuragabekeria izan zen. Egunkari bat horrela ixtea! Arrazoirik ez zen horretarako. Bertako jendea preso hartu zuten! Frogarik ba al zen, bada? Asmatu egin zituztela ematen zuen. Haserretu egin nintzen. “Zer da hau, ordea? Ez dut hemen egon nahi, beldurgarria da!”.

Horrelakorik gerta ote zitekeen Ingalaterran?

Egunkari bat itxi? Ez, ez, ez… Iaz, Edward Snowden-ek NSA Segurtasun Nazionaleko Agentziari buruz emandako zenbait informazio argitaratu zuen The Guardian kazetak. Horrek burukomin bat baino gehiago ekarri zion egunkariari, zuzendaria parlamentura deitu zuten deklaratzera eta hau eta hura, baina egunkaria itxi? Pentsatu ere ez.

Zer irudi duzu Euskal Herriaz? Zer iruditzen zaizu herri hau?

Hau Euskal Herria da, horrela pentsatu izan dut beti. Duela urtebete, baten batek gaztelaniaz hitz egiteko esan zidan: “Espainian bizi zara!”… [Harridurazko keinua egin du] Ez, hau ezberdina da. Adibidez, galestarrari, edo eskoziarrari, ezin diozu esan ingelesa dela, Ingalaterran bizi dela. “Erresuma Batua” erabili beharra duzu. Lagun bat dut galestarra. Ez du galeserarik hitz egiten, baina galestarra da, eta britainiarra. Ni, aldiz, ingelesa naiz, eta britainiarra. Euskal Herriaz galdetu didazu eta, iruditzen zait herri honen historiaren zati handi bat oso tristea dela. Batez ere, Espainiako Gerra Zibilaren ondoko garaia. Tragedia handia iruditzen zait. Gerra garaian ere, arrantzarako ontziak egokitu behar izan zituzten gerrakoak izateko! Oso tristea. Lehendakariak erbestera joan beharra, Francoren erregimena… Deabruaren erregimena! Uste dut herrialde zoragarria izango litzatekeela independentea balitz. Beharbada.

Hori da eta!

Horra Islandia, herrialde txikia, independentea, eta ez dabiltza gaizki. Edo Eskozia, eskura dute independentzia. Erreferendumean baiezkoak irabazten badu ere, monarkiari eutsiko diote, eta liberari, inork ez du-eta euroa nahi. Uste dut, oraintxe, eskoziarren %46 independentziaren alde dagoela. Emozionalki, alde daude. Praktikoki, ez dakit, ez naiz ziur. Harrigarri izango zait baiezkoak irabaztea, baina irabazten badu, primeran, aurrera!

Nortasun agiria

Sarah Jane Turtle (1952, Croydon, Ingalaterra). Aleman eta Espainierazko Filologia ditu unibertsitate ikasketak. 1975ean heldu zen Euskal Herrira. Bilbon ezagutu zuen gaur egun senar duen Iñaki Mendiguren Bereziartu itzultzaile zaildua. Adrian Zelaiak ezkondu zituen, zibiletik, 1976ko urriaren 30ean. Biharamunean, elizaz ezkondu ziren eliza protestante batean, erreforma protestantearen egunean. Bilbon eta Arrasaten bizi izan ziren, Ezkio-Itsason baino lehen. Ingeles irakasle jardun zuen hainbat urtez, baina itzultzaile ari da aspaldi. Senarrak itzuliak dituen Harry Potterren liburuen atzean da Turtle, eta haren ondo-ondoan, berriz, Tom Sawyer-en abenturak lan sarituan. Itzultzaile da, baina auzoko zenbait gazteri ingelesa ikasten laguntzen ere ari da, urririk.

Euskara

“Pena da hainbeste jendek euskaraz ez hitz egitea. Gazte askok hitz egin dezake, baina ez dute egiten. Lan handia egin da hezkuntza sistemaren bidez. Baina… Jendea hasten denean esaten: ‘Ezin duzu inor behartu euskaraz hitz egitera’. Tira, eta non hitz egin behar du, bada, Euskal Herrian ez bada? Non erabili behar du? Jendea bultzatu behar da, hitz egin dezan, erabil dezan. Ez dakit, hala ere, etorkizuna distiratsu datorren. Nik, ahal dudan guztietan hitz egiten dut euskaraz”.

AZKEN HITZA
Gurasoak

“Hor ikusten ditut gurasoak, estresatuta, umeek ingelesa ikas dezaten. Lasaitu egin beharko lukete, presarik ez izan. Garaia heltzen denean, ikasiko dute, ikasi behar baldin badute: joango dira ingelesez hitz egiten den herrialde batera, edo igaroko dute ikasturtea atzerrian”.

Ingelesa

“Hemen, ikasleak, Haur Hezkuntzan bertan hasten dira ingelesa ikasten. Lehen Hezkuntzara heldu eta ez dakite askorik. Ahoskera on xamarra dute, baina ez dira esaldi bat osatzeko gai. Bigarren Hezkuntzara heldu eta bestelako koxka bat dute: gramatika ikasi behar dute, hizkuntza bera. Beste maila bat da hori. Orduan, ahal duenak eskolaz kanpo ere ikasi behar izaten du ingelesa. Eskolan ikasten dutena ez da nahikoa eskolako planak eskatzen duena betetzeko ere! Nola moldatu behar dute?”.

Kanal honetan artxibatua: Itzulpengintza

Itzulpengintza kanaletik interesatuko zaizu...
"Itzultzaileak bere hizkuntza eduki behar du zabal, malgu eta presente"

“Godoten esperoan gaudek”, esan zion Vladimirrek Estragoni; “Izan ala ez izan: horra hor auzia”, Hamletek bere buruari, eta “Aukeran nahiago ez”, Bartleby izkribatzaileak nagusiari, izenik ezagutzen ez diogun abokatuari. Hiru idazle kanoniko, hiru garai, hiru lekukotza ezinago ezagun: euskarara, ordea, Juan Garziak ekarri ditu denak.


2017-07-16 | Reyes Ilintxeta
"Japonian bakardadea arazo nazionala dela esango nuke"

Burua makurtuz agurtu gaitu Iker Alvarez itzultzaile Japonia zaleak. Elkarrizketak aurrera egin ahala gero eta urratuagoak ditu begiak edo nire irudipena izan ote da?


Euskarazko itzulpengintza automatiko neuronalari buruzko jardunaldiak EHUn

Itzulpengintza automatikoan pauso garrantzitsuak eman dituzte azken urteetan. Hainbat erakunde berrikuntza horiek euskarazko itzulpengintzan txertatzen ari dira, Modela proiektuaren bitartez. Orain arte izandako lorpenak aurkezteko jardunaldia egingo dute maiatzaren 29an.


Galizia underground

1959an publikatu zen literatura galiziarra astindu zuen nobela hau, baina duela gutxi arte ez dugu euskaraz irakurtzerik izan, Ramon Etxezarretaren itzulpena 2015ean argitaratu baitu Igelak.


2017-02-23 | ARGIA
Bizkaiera lehenesteko erabakia bertan behera uzteko eskatu die EIZIEk Bizkaiko Batzar Nagusiei

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) ohar baten bidez adierazi du elkarteko bazkideen artean “ezin ulertua” eragin duela Bizkaiko Batzar Nagusiek bizkaiera lehenesteko hartutako erabakiak.


2016-10-30 | Imanol Alvarez
Zuzentzaileak

Zuzentzailea oso figura ezaguna zen komunikabideetan, erdarazkoetan bezala baita euskarazkoetan ere. Ez naiz ari zuzentzaile informatiko horietaz, haragi-hezurrezko gizakiez baizik. “Zen” esan dut, ez baitakit gaur egun ere dirauen. Ez du ematen, izugarriak baitira ia egunero irakurtzen eta entzuten ditudan akats potoloak medioetan. Agian krisialdia dela-eta, kostuetan aurreztearren desagertu egin dira zuzentzaileak lantaldeetatik.

Lehengo astean EITBren newsletter-ean titular... [+]

2016-03-21 | ARGIA
Lorde, Gonzalez eta Celanen itzulpenak aurkeztuz ospatu du Susak poesiaren nazioarteko eguna

Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celan idazleen Munduko Poesia Kaierak aurkeztu ditu Susa argitaletxeak.


Aldibereko itzulpen estrategiak euskarari eusteko

Batzuentzat bi erdaldun eta 20 euskaldun dauden bilera ez da erdaraz egiteko arrazoia. Bergarako Aranzadi Ikastolan adibidez, Udalak utzitako aldibereko itzulpengintza tresneria erabiltzen dute, irakasleak beraiek dira itzultzaileak. Fracking Ez mugimenduak antolatutako kanpaldian FM bidezko sistema erabili zuten itzulpenak egiteko. Irati Majuelo itzultzailea da eta behin baino gehiagotan deitu diote zurrumurru bidez aldibereko itzulpenak egiteko.


2015-11-20 | Hedoi Etxarte
Michel Houellebecq-en 'Sumisioa': dekadentzia gaur da

François Bayrou, Tariq Ramadan, Jean-François Copé, Marine Le Pen, Florian Philippot, Jules Ferry, François Hollande, Barbier, Onfray eta ez dakit zenbat izen ezagun baino gehiago dauzkan liburu bat da hau. Baina ez da saiakera. Ez da azken hamarkadetan gainbeheran dagoen Frantziako beste best-seller hura ere –Eric Zemmour-en Le suicide français–. Nahiz eta bataren eta bestearen argitalpenen artean bi hilabeteko tartea soilik igaro zen. Michel... [+]


Walter Benjaminen artikulu nagusiak euskaraz argitaratu dituzte

Sans Soleil argitaletxean Iraitz Urkulok gidatzen duen Txinpartak sailaren eskutik plazaratu dira XX. mendeko pentsalari europar garrantzitsuenetarikoaren testuak bi antologiatan, estreinakoz euskaraz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude