Homosexualak detektatzeko makina

Kanadarren homosexualitate detektagailu guztiak suntsitu zituzten 1967an, programa bertan behera utzi zutenean. Baina beste herrialde batzuek gailu soilagoak erabili zituzten. Irudian, AEBetako ejertzitoak erabilitako
Kanadarren homosexualitate detektagailu guztiak suntsitu zituzten 1967an, programa bertan behera utzi zutenean. Baina beste herrialde batzuek gailu soilagoak erabili zituzten. Irudian, AEBetako ejertzitoak erabilitako "elektropsikometroa".Ottawako Gerra Museoa

Kanada, 1950. Gobernuak Zaldizko Polizian unitate berri bat sortzea erabaki zuen funtzionarioen artean gay zirenak detektatzeko: A-3 saila. Gerra Hotz betean, AEBetako eta Britainia Handiko gobernuko hainbat funtzionario SESBentzat espioi lanetan harrapatu berri zituzten eta horietako bi gay ziren. Kopuru hori nahikoa iruditu zitzaien, nonbait, zera ondorioztatzeko: homosexualek aberriari traizioa egiteko joera handiagoa zuten. Gay gehienak ezkonduta zeuden beren joera sexuala ezkutatzeko eta horregatik etsaiek xantaia errazago egiten zieten. Horixe zen behintzat Kanadako Gobernuak A-3 sailaren jarduera zuritzeko erabili zuen argudioa.

Poliziaren unitate hark funtzionario guztiak, poliziak berak eta armadako kideak barne, ikertuko zituen, homosexualak berehala kaleratzeko eta, hala, espioitzaren mamua uxatzeko. A-3ko kideak funtzionarioak esesten eta gay klubetan nortasuna ezkutatuta infiltratzen hasi ziren. Baina hura metodo mantsoa eta garestia zen. Horregatik Carletongo Unibertsitateko psikologia irakasle Frank Robert Wakerengana jo zuten konponbide eraginkorrago baten bila.

Wakek homosexualak detektatzeko makina prestatu zuen. Batere graziarik gabeko kontuari umore ukitua eman nahian-edo, Fruit Machine esan zioten tramankuluari; fruituen irudiak izan ohi dituzten txanpon makinei fruit machine esaten zaie ingelesez, eta fruit homosexualak izendatzeko esapide gutxiesgarri ugarietako bat da hizkuntza horretan. Funtzionario ikertuek dentisten aulki moduko batean eseri behar zuten. Parean eduki sexualeko irudiak erakusten zizkieten, heterosexualak nahiz homosexualak. Eta hainbat sentsoreren bitartez haien erreakzioa jasotzen zuten: bihotzeko erritmoa, eskuetako izerdia eta begi niniaren dilatazioa. Wakeren ustez, azken adierazle hura zen fidagarriena, aurrez saltoki gune batean jakiekin antzeko ikerlan bat egin zuelako eta emaitzak oso zehatzak izan omen zirelako. Baina homosexualitate test horretako irudi guztiek ez zuten argitasun bera. Horregatik, begi niniek argitasun mailari erantzuten zioten, ez soilik kitzikapenari. Eta azterketa hark Kinseyk osatu berri zuen eskalari ere ez zion jaramonik egiten. Ez zegoen grisik, zuria ala beltza soilik izan zitekeen emaitza; erabat heterosexuala ala erabat homosexuala; abertzale zintzoa ala ahalezko traidorea.

1959an John Wendell Holmes Kanadako diplomazialari bikainenetakoak makinaren argi gorria piztu zuen eta, ondorioz, lana galdu zuen. 1967ra arte ez zioten Torontoko Unibertsitatean lan egiteko baimenik eman.

Urte hartan erabaki zuen gobernuak programa bertan behera uztea. Wakeren makina guztiak suntsitu zituzten, baita programaren inguruko dokumentazioa ere. Testa gainditu ez eta lana galdu zutenen kopurua jakitea zaila da, besteak beste, makinaren biktimak bidegabekeria salatzeko prest ez zeudelako. Gutxienez 400 kasu inguru baieztatuta daude, baina hainbat iturrik diote 9.000 izan zitezkeela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eguneraketa berriak daude