Assa ikastola

Elkarkidetza, denon artean ikasiz

  • Aurtengo Araba Euskaraz antolatzeaz arduratu den Assa ikastolan (Lapuebla de Labarca), duela hiru urte hasi ziren elkarkidetza lantzen. Helburua da haurrek elkarrekin ikastea eta ikasgaiak, arauak, autonomia, ebaluazioa… elkarrekin lantzea.

Ruben Sanchez Bakaikoa @arlotea
2014ko ekainaren 08a
Irudian, Kultur Astearen baitan herriko plazan egindako dantza entsegua. Ikastolaren hurrengo erronka: elkarkidetza egunerokoan txertatzea, proiektu edo egun berezietara lotuta izan beharrik gabe.
Irudian, Kultur Astearen baitan herriko plazan egindako dantza entsegua. Ikastolaren hurrengo erronka: elkarkidetza egunerokoan txertatzea, proiektu edo egun berezietara lotuta izan beharrik gabe.

Assara gerturatu garen egunean, Kultur Astean murgilduta daude ikastolan. Jolastordua une batez eten eta futbol zelaiko buelta osoa hartuz, dantzan aritu dira, 3 urteko txikienetatik 17 urteko gazteetara, baita irakasleak ere. Herriarekin bilatzen duten etengabeko harremanean, entsegu batzuk herriko plazan eginak dituzte, baita Kultur Asteko pregoia ere –Argitxok irakurria–. Helduenek gaztetxoenei irakatsi diete dantzan, eta antolatu dituzten beste hainbat ekintza ere elkarkidetzan egin dituzte: pintxo lehiaketa eta dastatzea, ikasleen dohain erakusketa, patata-tortilla lehiaketa, edalontzi bidezko musika emanaldia, ikasleen kontzertuak… Modu berean lantzen dituzte urtean zehar dauden gainerako egun bereziak: Euskararen Eguna, Olentzero edo inauteriak kasu. Eta nola ez, aurtengo Araba Euskaraz: ostegunero biltzen dira ikasle, irakasle eta gurasoak.

Irakurketa da elkarkidetzan oinarritzen duten beste esperientzia interesgarri bat: Lehen Hezkuntzan, bikoteka lantzen dute, 2. eta 4. mailako ikasleak nahastuta. Horretarako, aurretik prestakuntza jaso dute ikastetxeko hainbat irakaslek.

Formakuntza

Erkide kooperatiba elkartetik luzatu zuten eskaintza, eta guztira hamabi irakasle (klaustroaren herena) aritu ziren HUHEZIn 40 orduko formakuntza jasotzen, 2010-2011 ikasturtean. Oraindik ere tutore bat daukate bidelagun. Assa ikastolan 370 bat ikasle daude, eta Idurre Arrieta irakasleak azaldu digunez, oso ezberdina da Lehen Hezkuntzako irakasleek pedagogiaren gainean duten formakuntza eta DBH edo Batxilergoko irakasleek dutena. Azken horiek ez daude hain trebatuta pedagogia arloan. Edonola ere, begi onez hartu zuten denek ikastaroa, eta elkarkidetza lantzen hasi zirenetik, urterik urte ildo hau hobetzen eta garatzen joan dira.

Hurrengo erronka argi du Arrietak: elkarkidetza egunerokoan txertatzea, proiektu edo egun berezietara lotuta joan beharrik gabe. Ikasleak gai izan daitezela, euren gaitasunen arabera, eguneroko ikasgaietan talde lanean aritzeko, banaka lan egin eta ondoren elkartu ordez. Horretarako, ohiko materialen lanketa aldatzen ari dira, apurka.

Lehen Hezkuntzan, esaterako, Txanela-ko materialak erabiltzen dituzte gehienbat. Ikasleek horko gaiak hartu eta taldean aurkezten dituzte. Batxilergoan berdin, gaitegiko tema bat hartu eta landu eta aurkeztu behar izaten dute. Aurrena taldeak osatzeko teknika ezberdinak erabiltzen dituzte, jardunaren arabera: izan daiteke aleatorioa, izan daiteke “adituen” inguruan (gai jakin baten gainean kideek dituzten ezagutzen arabera), garatu beharreko azpi-gai eta azpi-lanen arabera… Aurre-lanketa oso garrantzitsua da, taldeak ahalik eta ondoen orekatzeko.

Adibidez, Batxilergoko gela batek osasun gida bat egin du triptiko batean, Lehen Hezkuntzakoei aurkezteko. Aurre-lanketa oso inportantea izan da eta azpi-gaiak jorratu dituzte: kirola, emozioak, osasuna… Hortik, aditu taldeak osatu eta triptikoan zer sartu eta zer ez eztabaidatu dute, talde dinamikak osatuz eta argudio eta errespetuan oinarrituta adostasuna bilatuz.

Elkarkidetzaren filosofian, ebaluazioa ere ikasleen esku dago, egunero ebaluatzen dute, bakoitzaren lana taldean, eta berdin talde osoarena. Bukaerako nota ikasleek ipintzen dute, eta nahiz eta maiz aurreiritziek dioten ikasleek beren burua ebaluatuko balute beti “10” jarriko luketela, Arrietak azaldu digu zintzoak eta zorrotzak direla, protagonismoa ematen zaienean.

Zalantzak

Hezkuntzarekin motibatuta daudenen artean, kezketako bat proiektismoa izaten da, hots proiektu batetik bestera jauzika ibiltzearen sentsazioa. Gainera, “lehenago egindako guztiak ez al zuen ezertarako balio?” moduko galderek eszeptizismora bultza lezakete hezitzailea. Idurre Arrietak dio jarrera eta pentsamoldea aldatu behar direla: gai hau nola eramango dut gelara? nola enfokatuko? Irakasleak onartu behar du bera ez dela jaun eta jabe ikasgelan, batzuetan laguntzaile baino ez duela izan behar.

Izan badira zalantza gehiago: klaustrora gaiak nola eraman, gurasoei nola azaldu, lanketa bakoitzean sortzen direnak… Baina lehenago aipatu dugunez, tutore bat dute bidelagun, zalantzak elkarrekin argitzeko.

Horri guztiari esker, hiru urteotan garapena izan du egitasmoak, arlo ugaritan: ikasleen inplikazioa areagotzeko, ebaluazioa hobetzeko, edota behar bereziak dituzten ikasleak txertatzeko.

Ikastola, sendoago

Duela zenbait urte, errioxar gazte ugarik ez zuen ikasteko premia handirik ikusten, mahastien inguruan bazen lana eta bizimodua aurrera ateratzeko aukera. Gaur egun, aldatu egin da egoera: noranahi zabaldu den krisia, gazte batzuei mahastia lehen beste ez gustatzea edo espezializazioa tarteko (mahasti bat kudeatzeko gaur egun hainbat arlotan trebatu beharra dago). Ezin alde batera utzi, ikastolak berak familiak eta gazteak kontzientziatzeko egin duen lana. Gainera, Arrietaren hitzetan, ikasleak ikastolan pozik badaude, ikasiko dute, inplikatuta badaude, ikasiko dute. Urte hauetan guztietan ikastolak Lapueblan bertan eta inguruko herrietan irabazi duen erreferentzialtasuna nabarmena da.

Elkarkidetzaren proiektuak eta Assa ikastolak oro har, ederki islatzen dute aurtengo Araba Euskarazen deia: ilusioa. Lapueblan 1994an lehen Araba Euskaraz egin zenean Non eta mugan! izan zen leloa, periferia aldarri, ondoren Alez ale, uztaz uzta iritsi zen 1999an, aleka eta uztaka lanean ari ziren seinale. Oraingoan, Mugan bizi, bizi da mezua: aldarriaren eta uzten ostean, gaur egun Arabako Errioxan Assa ikastola eta euskara bizi-bizi daudelako.

Ekainaren 15ari begira, arreta berezia jarri dute eskualdea astintzen: Assa ikastolara 27 herrietako ikasleak joaten dira eta herri horietan etengabe egiten dituzte ekintzak: hala nola, txaranga, bira akustikoa, diaporamak, bertso-bazkaria, rock kontzertuak, olio dastatzea... Ikastolaren eta inguruaren artean elkarkidetza sustatzeko.

Kanal honetan artxibatua: Araba Euskaraz

Araba Euskaraz kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-18 | Nahia Ibarzabal
Araba Euskaraz jendetsua Argantzonen

Araba Euskaraz jaialdiaren 38. edizioa antolatzearen arduraduna Argantzon ikastola da eta Irrikitan  izan da aurtengo leloa. Garrantzi berezia eman diote Trebiñun euskara ikasteari.


2018-06-10 | Be˝at Garaio
Argantzon Ikastola ez da ohiko ikastola

Ekainaren 17an izango da “Irrikitan” izenburupean Araba Euskaraz Trebiñu barrendegian. Hirugarren aldiz antolatuko du Argantzon Ikastolak Araba Euskaraz. Adabakia deitzen diote trebiñuar askok beren konderriari, administratiboki Burgos baita, eta geografikoki Araban dago. Horregatik, Argantzon Ikastola ez da ohikoa.


2017-11-29 | Arabako Alea
Araba Euskaraz baliatuko dute Argantzun Ikastolan lehen hezkuntza bultzatzeko

Ekainaren 17an ospatuko dute Araba Euskaraz Argantzunen. Bertako ikastolak Manzanosen duen Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko baliatuko dute jaia.


2017-06-19 | Arabako Alea
Araba Euskarazek milaka lagun elkartu ditu Bastidan

Bero handiarekin, baina giro apartan, ospatu dute Arabako ikastolen jaia, Bastidan. 30 gradutik gorako tenperaturak ez dira oztopo izan, eta  milaka lagun hurbildu dira gaurkoan Bastidara, Arabako ikastolen jaia ospatzeko.


"Erabilera da erronka, ezagutza eta motibazioa ahaztu gabe"

Bereziki ezagutza altua den taldeetan erabilera indartzea da helburu nagusia, Leire Sueskun Arabako Errioxako euskara teknikariaren arabera; esparru desberdinetara heltzeko, "baliabide gehiago" eskatu ditu.


Araba Euskaraz Bastidan
1978 hartan, apaizaren babesean, ikastola abiatzeko ume bila

Wow!, lelopean, Bastidan dugu aurten Araba Euskaraz, ekainaren 18an. Bastidan, beste behin, lehen ere lau aldiz hartu baitu herriak Arabako ikastolen jai nagusia. Hamar gela, hamahiru irakasle eta 165 ikasle dira gaur egunean Bastida Ikastolan eta, beharbada, errealitate hauxe zuten amets 1979an ikastolaren asmoari ekin zioten aitzindariek. Gela bat, andereño bat eta zazpi ikasle izan ziren orduan. Eragilea, berriz, Bastidaz kanpotik etorri zen Ikastolen Federazioaren izenean: Jose Mari... [+]


2017ko Araba Euskarazen bideoklipa
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalbak eta Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok jarri diote ahotsa aurtengo kantari, Bastida ikastolako haurrekin batera. Ekainaren 18an Bastidan ospatuko da Arabako ikastolen jaia.


Geroari begira - Araba Euskaraz 2016
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Ekainaren 19an egingo dute Arabako ikastolen aldeko festa. Aurtengoa Agurainen izango da Lautada Ikastolaren eskutik.


2015-06-07 | Amaia Ugalde
San Bizente ikastola
Irakasle eta ikasleak notarik gabe elkarrekin ebaluatzen

Ohiko azterketen eta noten ordez, irakasle eta ikasleak elkarrekin ebaluatzen ikasten ari dira San Bizenten, aurtengo Araba Euskaraz antolatu duen Oiongo ikastolan. Ikasleak ardurak hartzen ari dira ikaskuntza prozesuan, eta irakasleek norabide berean egiten dute arraun.


2014-06-16 | ARGIA
Euskal hezkuntzaren alde elkarrekin lan egiteko eskatu du Urkulluk Araba Euskarazen

Milaka lagun gerturatu ziren igandean Lapuebla de Labarcara, Assa ikastolak antolaturiko Araba Euskaraz jaian parte hartzera. Arabako Errioxako ikastola honek euskararen alde egindako lana goraipatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude