Argantzon Ikastola ez da ohiko ikastola

  • Ekainaren 17an izango da “Irrikitan” izenburupean Araba Euskaraz Trebiñu barrendegian. Hirugarren aldiz antolatuko du Argantzon Ikastolak Araba Euskaraz. Adabakia deitzen diote trebiñuar askok beren konderriari, administratiboki Burgos baita, eta geografikoki Araban dago. Horregatik, Argantzon Ikastola ez da ohikoa.

"Irrikitan" 2018ko Araba Euskarazen zain ikastolako haur, irakasle eta gurasoak. Argazkia Argantzon Ikastolak utzia da.

Asko ez dira ohartuko N1 errepidean Araban barrena gidatzean zazpi minutuko tartean Araba-Burgos-Araba egingo dutela. Trebiñu barrendegia da, batzuen ustez Arabako zortzigarren kuadrilla. Lurraldearen azaleraren %7 da, eta Argantzon eta Trebiñu udalerrien parte diren 51 herri txikik osatzen dute.

ARGIAk, 17. Korrika Trebiñutik abiatu zenean, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain trebiñuarra elkarrizketatu zuen. Haren esanetan, euskara XVIII. mende amaieran desagertu zen Trebiñun, Araban behetik gora gertatu zen hizkuntza galera zabal baten baitan. Hala ere, euskaltzainak zioen, barrendegian egin zen inkesta soziolinguistikoak datu argigarri eta itxaropentsuak eman zituela: euskaldunak %13 ziren. 2012an beste neurketa bat egin zen eta euskaldunak urte horretarako %22 ziren (elebidun hartzaileekin %39). Gorakada garrantzitsua izateaz gain, inguruko eskualdeetako datu soziolinguistikoen oso antzekoak dira Trebiñukoak. Egoera zailean hainbat arrazoiri esker erdietsitako lorpena da.

Argazkia: Argantzon Ikastola.

Egoera politikoa ezagutzeko Pablo Ortiz de Latierrorekin hitz egin dugu. Argantzon udalerrian EH Bilduko zinegotzia da eta Trebiñu Araba Da mugimenduko kidea, mugimendua azken boladan geldirik dagoen arren. Saiakera ugari egin dira azken hamarkadatan Trebiñu Arabari batzeko, eta 1998ko erreferendumean biztanleek nahi hori adierazi zuten. Udalerrian alderdi denak agertu dira integrazioaren alde, baina PPk eta PSOEk ikuspuntu ezberdinak dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainian. Duela lau urte, Eusko Legebiltzarrak Trebiñuren integrazioa Espainiako Kongresura eraman zuen, Kongresuak duelako eskumena integrazioa baimentzeko. Erantzuna, ordea, argia izan zen. Ortiz de Latierrok dio konfrontazioa eta herritarren aktibazioa behar direla urte luzez eskatu dena eskuratzeko, baina alderdi eta erakunde guztiak ez daude horretarako prest.

Barrendegian bizi duten egoera administratiboa kontuan izanda, Arabako Foru Aldundiak eta Burgosko Diputazioak hitzarmena sinatua dute barrendegiko herritarrek Arabako zerbitzuak erabili ditzaten. Auzia da osasuna eta hezkuntza erkidego mailako eskumenak direla (kasu honetan EAE eta Gaztela eta Leon), eta sinatutako hitzarmena probintzia mailakoa dela. Zuzeneko diru-laguntzak ere ezin ditu eman Arabako Foru Aldundiak. Horrenbestez, hitzarmen horrek ez ditu bere gain hartzen trebiñuarren bizitzako esparru guztiak.

Gutxisolo Euskara Elkartea eta barrendegiko euskara teknikaria

Euskararen alde egin duen eragile garrantzitsuenetakoa izan da Gutxisolo Euskara Elkartea eta bertako Pilutxi Ansotegirekin bildu gara. Trebiñu herrian euskara eskolak antolatu ziren duela 20 urte eta talde horretako ikasle batzuen artean sortu zuten elkartea. Ansotegik gogoratu du hasieran oso diru gutxi zeukatela, baina gogoz ekin ziotela ibilbideari. “Euskara kalera eramateko” asmoz denetariko ekintzak antolatu zituzten, batik bat gazte eta umeentzako. Hamar kide inguru izan ditu elkarteak, nahiz eta lanean modu aktiboan bost izan diren. Harreman estua izan dute ikastolakoekin, eta hain zuzen, bi eragile horiek izan dira barrendegiko ‘euskalgintza’. Adibidez, Ansotegiren semea Argantzon Ikastolako lehenengo belaunaldikoa izan da, nahiz eta eskola publiko euskaldunaren aldekoa izan. Baina hori ezin liteke Gaztela eta Leonen parte izanda. “Erakundeak Trebiñun beti adabakiak jartzen dabiltza”, gaineratu du.

Argazkia: Argantzon Ikastola.

Erakunde batzuetatik jaso duten mezua ez da beti adeitsua izan, Gutxisolokoei eskatzen baitzitzaien Euskal Herrian antolatzen diren ekitaldiak antolatzea, kontuan hartu gabe Trebiñuko errealitate eta erritmoa. Udaletan ere Gutxisoloren lana ez da egoki ulertu eta bultzatu, hala dio Ansotegik: “Ito egin gaituzte”. Esan daiteke Gutxisolo elkarteko orain arteko kideen jarduna amaitu dela, baina badirudi gazte batzuk elkartea biziberritzeko asmotan dabiltzala. Ez da kasu isolatua, inguruan dagoen Añanako euskara elkarteak ere utzi egin behar izan baitu. Haiek ere ito egin dira.

Erakunde batzuetatik jaso duten mezua izan da ez dutela egingo salbuespenik Trebiñurekin. Eta trebiñarren erantzuna: “Baina Trebiñu salbuespena da!”. Horrela, Arabako hizkuntza politika antolatzeko egin zen bilera batean Gutxisolo elkarteak Trebiñuko barrendegiko euskararen egoera salatu zuen. Protesta horren ondoren, Arabako Foru Aldundiak bere euskara teknikarien sarean jardungo zuen langile bat kontratatu zuen barrendegirako eta gaur egungo teknikaria da Beñat Goitia. Ansotegiren esanetan, Goitia zen hasiera-hasieratik Gutxisolo elkarteak behar zuena, “baina beranduegi etorri da”.

Lanaldi erdiz ari da barrendegiko euskara teknikaria eta bi udalerrietan euskararen biziberritzea sustatzeko ekintzak antolatzea du helburu, beti ere Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzen bitartez. Bi udalerrietako eta barrendegiko eragileekin (Gutxisolo bera eta Txingoka elkartea) euskararen aldeko jarrera bultzatu nahi du. Adibidez, zinegotzi batzuekin batera ordenantza bat bultzatu zuen, eta ondorioz, Argantzoneko udal-gobernuak neurri batzuk hartu zituen, besteak beste udal bandoak ele biz egitea. Goitiak dio Trebiñuren integrazioa gauza ideologikoa baino, logikoa dela. Adibidez, Trebiñuko eskola publikoan 60 ume daude eta euskaraz ikasterik ez dagoenez, hala nahi duten trebiñarrek Gasteiz eta Langraitzera joan behar dute, Trebiñu eta Argantzon herrietan euskarazko haurtzaindegia badagoen arren. Udalaren ekimenez, eskola publikoan euskara eskolak daude astean behin bazkalorduan, baina ezin gehiago egin Gaztela eta Leongo administraziopean, Estatutuan galiziera eta asturleonera baino ez baitira aipatzen. Dena dela, Goitiak uste du ofizialtasunik ez izanda ere, gauzak egin daitezkeela.

Argazkia: Argantzon Ikastola.
Haur Hezkuntza Argantzonen, Lehen Hezkuntza Manzanosen

2001ean  Argantzoneko A ereduko eskola publikoa itxi zutenean, Argantzoneko Udalak Arabako Ikastolen Elkartearekin batera egindako ikerketan ondorioztatu zuen Argantzonen ikastola sortzeko aukera eta nahia bazegoela. 25 urteko eta ilusioz betetako gazte bat kontratatu zuten etxez etxe ikastolarako umeak lortu eta hutsetik hasteko. Ekaitz Lotina zen gazte hura, gaur egungo zuzendaria, eta 2003ko maiatza zen. Urriaren 27an hasi zuten ikasturtea, oraindik eraikinak pintura usaina zuela.

Hamaika haur eta bi irakaslerekin hasi ziren arren, azken urteetan 40-50 haur izan dituzte, zazpi irakaslerekin. Egoitzaz aldatzen joan dira etengabe, “lehengo ikastoletan bezala”. Ez da ibilbide erraza izan, arazo ekonomikoak izan dituzte urtero eta irakasleen lan-baldintzak ez dira onak izan. Udalari, gurasoen kuotari eta Ikastolen Elkarteko elkartasun kutxari esker biziraun dute, baina egiturazko gabezia sakonak hor dirau: ikastolaren erabateko egonkortasun falta.

Borondatea eta militantzia dira Ekaitz Lotinak etengabe azpimarratu dituen hitzak. Argantzon Ikastolak jauzi bat emango duela aipatu digu, Haur Hezkuntzaz gain Lehen Hezkuntza ere eskainiko baitute aurrerantzean. Itxaropentsu daude, uste baitute eskaintzaren ondorioz ikasle kopurua bikoiztuko dutela. Hala ere, Lehen Hezkuntzako eskola Trebiñutik kanpo egingo dute, 5 kilometora dagoen Manzanos herrian. Lotinaren esanetan, “hau ez da Argantzon Ikastolaren garaipena, baizik eta onartzea egoerak behartuta eta ikastolaren hobebeharrez barrendegitik kanpo irten beharko garela”. Izan ere, Trebiñun hamabost urtez lan egin ostean, ondorioztatu dute oraingoz ezinezkoa dela bertan egitasmoa garatzen jarraitzea.

2018ko Araba Euskaraz beraiek antolatuko dute. Helburua Argantzon Ikastolaren proiektua, egoera eta Trebiñu ezagutaraztea dira. Lotinaren ustez, hitz batekin definitzekotan “penagarria” da ikastolaren egoera eta “bateren bat lotsatu beharko litzateke”. “Eskale kronikoak” direla ere pentsatu izan dute ikastolakoek: “Gu irakasleak gara, baina egonkortasuna lortu ahal izateko ordu eta energia asko kentzen duten kontuetan ari gara”. Ikastolatik kanpo jasotzen duten erantzuna: “Animoak, txaloak, hitz onak eta batzuetan dirua (lehen gehiago)”. Eusko Jaurlaritzaren bidez Udalak euskara sustatzeagatik jasotzen duen dirua galtzekotan egon ziren. Hala ere, Lotinak dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean gidaritza berria abiatu denetik harremanak askoz hobeak direla. Ikastola ofizialki arautua dago, baina EAEn alta emanda ez dagoenez, Hezkuntza Sailak ezin du zuzenean esku hartu eta EAEko Kultura Sailetik kudeatzen da egoera.

Argazkia: Argantzon Ikastola.

Udalerrian, ikastolak duen sostenguarekin ere gustura dago, bere garaian EAJko udal-gobernuak bultzatu zuen proiektua geroztik udaletxean dauden Independienteek ere sostengatu dutelako. Herrian ere pozik daude, eta egitasmoaren aldeko familia guztiak ikastolara joaten ez diren arren, Argantzonentzat garrantzitsua da herrian bertan eskola izatea. Zailtasunak zailtasun, ikastolaren egitasmoa sendotu eta eraberritu da. Adibidez, Gasteiztik ere badoa jendea ikastolara, izan ere, konfiantzaren pedagogia, umeen zirkulazio librea, adin nahasketa, eta gertuko tratua ildo metodologikoak erabiltzen dituzte, eta gurasoei erakargarri egiten zaie.

Ekainaren 17an egingo den Araba Euskaraz aukera paregabea da Gasteiztik 20 minutura dagoen “adabakira” hurbildu eta ikastolaren egoera ezagutzeko. Trebiñu oraindik ez da Araba eta Argantzon Ikastola ez da ohiko eskola. Trebiñuarren borondatearekin eta lan eskergarekin aurrera atera den proiektua da, egonkortasuna eta biziraupena egunero kolokan dituena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Araba Euskaraz
2022-06-14 | ARGIA
"Trebiñu Araba da, Trebiñu euskara da"

Lehenengo Araba Euskaraz egin zenetik 40 urte bete diren honetan, Trebiñuko Argantzun ikastola izango du ardatz aurtengo jaialdiak, ekainaren 19an. “Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egingo dugu, Argantzun ikastolaren... [+]


2021-06-21 | Aiaraldea
Jai-eredu berrien esperimentazio eguna izan da Araba Euskaraz

Aiaraldea.eus-ek ekainaren 21ean Laudion egindako Araba Euskarazen kronika jaso du. Horrez gain eguna argazkitan eta bideoan jaso du.

 


Araba Euskaraz 2020 gosez, sortzaileak eta herritarrak asez

Urriaren 17an eta 18an Amurrio Antzokian botako du Aresketa Ikastolak aurtengo Araba Euskarazeko azken traka. Ahotsenea eta tokiko sortzaileen eskutik, kontzertu eskaintza zabala prestatu dute.


2020-09-10 | Aiaraldea
Durangoko Azokatik Amurriora mugituko da Ahotsenea

Kultur sortzaileak Durangoko Azokatik Euskal Herriko plazetara gerturatuko ditu Ahotseneak, Amurriora tartean. Urriaren 18an izango da eskualdeko emanaldia, Aresketa Ikastolak antolatutako Araba Euskaraz ekimenaren baitan.


2020-05-20 | ARGIA
Ikastolen lau jai udazkenean izango dira eta Nafarroa Oinez ez da egingo

Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]


Eguneraketa berriak daude