Urban legend

Badakit, I know, abertzaleak ez direla azkar Frantziako bozketan –bereziki, ezen bere garaian Polpot odoltsua hagitz miretsi zutelako– sozialistak pasarazteko eta beti nahiagoko dutela eskuineko hautagai bat ezarri herriak kudeatzeko giderren jabe. Borroka ala departamendua sustengatzen duten ber eskuin-muturrekoak berdin onartuko lituzketela (gaizki) pentsatzera makurtzen naiz, 1940ko hamarkadan, antzeko aitzakiengatik, euskaltzale andanak Vichy nazizalearen lerroetan sartu zirenean bezala.

Badakit, I know, sozialistak ez direla perfektoak, ezker muturrekoak zein ekologistak aurka dituztelako, abertzale sutsuez gain. Hargatik Baionako hauteskundeetan, abertzaleak behintzat, egiazki dioten bezain ezkerrekoak izan balira Etxetoren alde bilduko ziren eskuineko Jean René Etxegarai jaunari –estimagarria eta planttakoa alaina– bidea mozteko. Hogeita sei boz eskas izan zituen Etxetok eta biharamunean, kafearen tenorean, baionar askok hiri politikaz, irudiz eta giroz aldatzeko aukera handia galdu zela murdukatzen zuen.

Badakit, I know, besterik ere kontatzen dela bazterretan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude