"Kanpamendu baketsu batean parte hartzeagatik kondenatu naute bizi osoko kartzelara"

  • Hassanna Aalia sahararrak bizi osoko kartzela zigorra darama gainean, 25 urterekin. 2010ean Maroko aztoratu zuen Gdeim Izik sahararrek antolatutako “kanpamendu askean” ibiltzeagatik jaso du kondena. Euskal Herrian tokatu zen, tribunal militar batek 2011n auzia argitaratu zuenean, eta hemen dabil sahararren askapen borrokan.

"Txikitatik hartzen dugu okupazio baten pean bizi garenaren kontzientzia. Eskolatik hasten da bereizketa. Ez digute gure hizkuntzan hitz egiten uzten".Itsaso Zubiria Etxeberria

Zer izan zen Gdeim Izik kanpamendua?

“Duintasunaren kanpamendua” deitua, sahararrok 1975etik egin dugun manifestaziorik handiena izan zen. 1975era arte Espainiaren kolonia izandakoa da Sahara, eta orduz geroztik Marokoren eskuetan dagoen herria. Erregimen gogor baten menpe, gure askapen borrokan jarraitzen dugu. Bostehundik gora desagertu dauzkagu, hainbat eta hainbat preso, gure lurretan dagoen natur aberastasuna nola lapurtzen diguten testigu gara. 2010ean Noam Chomsky-k udaberri arabiarraren hasieratzat hartutako aldarrikapena sortu genuen: Gdeim Izik kanpamendua.
2010eko urriaren 10ean hasi ginen kanpalekua eraikitzen. 20.000 sahararretik gora gerturatu ziren lurralde okupatuko kapital Aaiun-etik kilometro batzuetara sortu genuen “gune askera”. Hogeita zortzi egun iraun zituen zutik kanpalekuak. Hiri bat eraiki genuen egun horietan; gure lurraldean gure bizimodua litzatekeena eraiki genuen, gure jaimetan, aske, marokoar kolonorik gabe, polizia marokoarra urruti.

Nola bizi izan zenuten sahararrek “Duintasunaren kanpalekua”? Zer sentitzen zen?

Aske izatea zer den sentitu ahal izan genuen. Sahararren duintasuna ikusten zen, eta egunerokoan bizi ohi dugun zapalkuntza utzi genuen alde batera.

Nolakoa da sahararren eguneroko hori?

Txikitatik hartzen dugu okupazio baten pean bizi garenaren kontzientzia. Eskolatik hasten da bereizketa. Klaseetan bi ilara egiten dituzte. Batean marokoarrak jartzen dituzte eta bestean sahararrak. Ez digute gure hizkuntzan hitz egiten uzten, notak jartzerako orduan ere desberdintasunak daude… Gure hizkuntza, Hassania, eskolan sekula ikasi ez badugu ere, etxe guztietan hitz egiten da, eta eskerrak horri! Kalean jipoia jasotzeko arriskua daukagu. Desagertzeak ere egoten dira, emakumeen bortxaketak… Gure borrokan emakumea eragile aktiboa da. 1970eko hamarkadan zonalde okupatutik alde egindako jendeak Aljerian eraiki zituen errefuxiatu asentamenduak, eta emakumeak horretan parte-hartze handia izan zuen. Gaur kanpamendu horietan emazteak dira kargurik garrantzitsuenak dauzkatenak. Konparatuz mundu arabiarreko beste herrialde batzuekin, emakume sahararrak gauza asko lortu ditu.
Gazteen kasua da gai larrienetako bat. Gazte ikasiek ez dute bizirauteko modurik ikusten beren herrian, eta barkuetan alde egiten dute erbestera.

Nolako bukaera izan zuen Gdeim Izikek?

Azaroaren 8an heldu zen azken erasoa. Goizeko 06:30ean, sartu ziren kanpamenduan, manera oso bortitzean. Helikoptero, kamioi… mota guztietako militarrak sartu ziren, mota guztietako armekin. Ikusi genuen jendea garrasika, nora jo ez zekiela, haurrek ezin zuten arnasarik hartu gas negar-eragilearen ondorioz, zaharrak lurrean… Ezin da hitzez kontatu han ikusitakoa. Gure erantzuna, baina, indartsua izan zen. Jendea Aaiunera gerturatu zen, eta ordu luzez protestak burutu ziren hirian. Bestalde, militarrek kolono marokoarrei dei egin zieten kalera ateratzeko sahararroi aurre egitera. Hilabete gogorrak bizi izan genituen ondoren: berrehundik gora atxilotu, bortxaketak, torturak…

Atxilotuetako bat izan zinen zu.

Bi hilabetez egon nintzen ezkutuan. Baina ateratzea erabaki nuen egunean bertan atxilotu ninduten. Hiru egun pasa nituen poliziaren esku. Torturatu egin ninduten, beste guztiak bezalaxe, eta Gdeim Izik kanpamenduaren antolatzaileetako bat izatea egotzi zidaten. Ondoren egindako epaiketan, baina, libre utzi ninduten. Geroztik, behin baino gehiagotan atera nintzen herrialdetik arazorik gabe, baina 2011ko urrian Euskal Herrian hiru hilabeterako gaztelania ikasteko kurtso bat egiten ari nintzela jaso nuen tribunal militarrak sumarioa ireki zuenaren berria. Ni aurkitu eta harrapatzeko deia egin zuten.
Orduz geroztik nago Euskal Herrian. 2013ko otsailean izan zen epaiketa militarra, eta bizi osoko kartzelara kondenatu ninduten, beste hogeita lau kiderekin. Kanpoan nagoen bitartean gure historia ahal dudan gehien zabaltzea da nire helburua.

Zure kasua ezberdina da, ezta?

Bigarren aldiz epaitu naute gauza beragatik, eta hori ez da legezkoa. Horrez gain, tribunal militar batek ezin ditu zibilak auziperatu, gure kasuan gertatu bezala. Hamaika polizia hil eta 20.000 pertsona bahitzeagatik epaitu eta zigortu gaituzte, baina bederatzi egun iraun zituen epaiketan, ez zuten froga txukun bakar bat ere aurkeztu. Odolik ere ez zeukan sukaldeko labana bat erakutsi zuten, besterik ez. Saharar herriari mezu garbia bidaltzeko prestatutako antzerkia izan da. Zona okupatuan daudenei erakutsi nahi izan zaie borrokan jarraituz gero zer gertatuko zaien.

Espainiari asilo politikoa eskatua diozu.

Asilo politikoa 2012ko urtarrilean eskatu nuen, eta oraindik tramitetan dabiltza. Aurki daukat bilkura Barne Ministerioarekin. Espainiak harreman eta interes ekonomiko handiak ditu Marokorekin. Ikusi beharko da ze postura hartzen duen oraingoan.

Eta nola dago estradizio aukera?

Marokok eta Espainiak estradizio akordioa daukate, eta edozein egunetan Marokora bidali nazakete. Niri ez zait inporta, Euskal Herrian eta Espainian gure egoera zein den azaltzeko aukera izan baitut. Espainiak estraditatzen banau, oso agerian geratuko da Saharan Marokok darabilen okupazio politika babesten duela. Nahiko zail ikusten dut hori gertatzea, baina posibilitatea hor dago. Kartzelara joango naiz, baina Espainiak indar okupatzaileari oraindik ere ematen dion babesa agerian geratuko da eta hori ona litzateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude