Marta Cardenas

"Europako arteari begira bizi gara, baina adierazpide mordoa dabil munduan"

  • Erlea aldizkariaren 5. alea ilustratu zuen Marta Cardenas margolariak. Madrilen bizi den arren, Bilboraino egin zuen zenbaki haren aurkezpenaren karietara. Oholtzara igo eta euskaraz hasi zen, Bidegoiango hizkera jatorrean, beraren lanaren berri herdoilik gabe ematen.

Miel Anjel Elustondo
2012ko apirilaren 08a

Irakurri dugu Erlea aldizkarian Bernardo Atxagak egindako elkarrizketa, zure objektuen ingurukoa. Objektuez ez ezik, bizitzaz ere ari zara bertan, haurtzaroaz eta beste. Ikusiak ditugu zure margoak. Nola hasi zinen margotzen ez dakigu…

13 urte nituenean, gelako txikiena nintzen. Neska emakume egiten hasten zen garaia zen. Ni infantil xamarra nintzen, nonbait, eta mutilek gainerako neska guztiei begiratzen zieten. Niri ez. Neskak, orduan, ni baztertzen hasi ziren, mutilen gustukoa ez nintzelako. Neska haiek, gainera, nik ez bezalako interesak zituzten. Gregory Peck zuten haiek buruan, ez beste ezer, ez beste inor. Bakarrik geratu nintzen, eta hori sufrikario latza izan zen niretzat, lagunik ez izatea oso gaizki ikusia zegoen-eta. Adin horretan, neskak oso dira krudelak.

Eskolan bakardadea. Zer moduz etxean?

Etxean ondo. Begira, gure etxean arte zaletasun handia zegoen. Aitaren aldeko aitona arkitektoa zen, eta familia hartan denek marrazten zuten. Gure aitak berak, zoragarri marrazten eta margotzen zuen. Erraz egiten zuen. Hizkuntzetarako giroa zegoen, eta arte zaletasuna ere bai. Etxean ondo, eskolan gaizki! Ez nengoen gustura, eta mojak ere ez zeuden gustura nirekin. Arraroa nintzen, ez zekiten zer egin nirekin. Han, artaldekoa izan beharra zegoen. Deskuiduan komunetan erretzen bazenuen, bazekiten nola jokatu. Bazekiten zer egin mutilen atzetik zebilen neskarekin. Baina ez zekiten zer egin lagunik ez zuen neska arraro batekin, nirekin. Nik margotu egiten nuen, nota onak nituen gai guztietan, asko estudiatzen nuen… baina “espiritu txarra” nuen. Omen. Alegia, mojek kontatzen zutena ez zitzaidala axola. Hala esaten zuten mojek. Nire nota onak gorabehera, behin ere ez ninduten gelako lehena jartzen. Bigarrena beti.

Nola askatu zen korapilo hura?

Sasoi hartan, Menchu Gal etorri zitzaigun etxera, ohi zuenez. Lehenago ere erretratuak eginak zizkigun, ahizpari, niri… Etorri zen batean, margotzen hasi nintzen neu ere, eta orduantxe, ni: “Hara, margolaria naiz eta! Margolaria! Zoragarria!”. Margotzen hasten nintzen, eta atera egiten zitzaidan margolana. Zoramena izan zen. Margoa bat-batean azaldu zen nire bizitzan!

Bat-batean?

Bai, bat-batean. Eta bat-batean deskubritu nuenez, eta pentsatzeko gauza nintzen sasoian, begiek ikusten zutena paperean jartze hura sekulakoa izan zen. 1959 inguruko kontuez ari naiz… Erretratuak egitea gustatzen zitzaidan, pertsona bat, haren begiak, haren bizia, eta betiko utzi paperean. Beti zen ezberdina, beti, kasu bakoitzean diferentea, hutsetik hastea bezala, suspense eta guzti, magia zen! 15 urte nituen ordurako, Batxilergoko seigarren urtean, eta urtea neraman margotzen. Goizean goizago jaikitzen nintzen, bizpahiru urte neramatzan horretan, eta aita ondoan nuela, seietatik zazpietara margotu egiten nuen. Gero, gelan bakarrik sartuta margotzea gehiago gustatzen hasi zitzaidan, blok handi batean. Eskolara eraman, blok hari begiratu eta egundoko poza izaten nuen. Handik hilabete batzuetara, Usua Gabarain ezagutu nuen, hirugarren mailako ikaslea, eta hari ere margotzea gustatzen. Eskolara baino lehen, margotzera joaten ginen, ikasturte amaieran, goizean argia zegoenean.

Nora joaten zineten, zer margotzen zenuten?

Donostiako moila, Ulia, Igeldo, burdinazko zubia, Kontxa. Legenda bat egin zuten gure inguruan, gu margolari ginen, margotzen ibiltzen ginen, goizeko seietan jaikita! Igandetan ere horixe egiten genuen, gure koadernoetan margotu. Garai hartan bertan, idazten hasi nintzen. Asko gustatzen zitzaidan, eta gustatzen zait oraindik. Nire bizimodua kontatzen nuen, digeritzeko, nire inguruan zer pasatzen zen konturatzeko, entenditzeko, eta, behin edo behin, honetaz eta hartaz pentsatzeko. Zoriontsu baino zoriontsuago nintzen. Kezka bat besterik ez neukan, margotu ala idatzi? Berdin zion, artista izatea zen inportantea! Batxilergoa bukatu nuenean, udan, oleo kutxa eskatu nuen, eta erosi zidaten. Eta eskolak hartzen hasi nintzen Gipuzkoako Elkarte Artistikoan Jesus Gallegorekin. Oso irakasle ona. Marrazkiak hobetzen hasi nintzen, ikatza hartu eta itzalak egiten azkar-azkar, tiraderak forratzeko paper zuri handietan. Eta, batez ere, margolana borobiltzen ikasi nuen. Bagenituen modeloak ere, gazteren bat, Parte Zaharrean harrapatutako mozkorren bat… Sos batzuen truke, hantxe hura.

Usua Gabarain eta Jesus Gallego aipatu dituzu, bidean lagun…

Eta aita! Aitak hurretik segitzen zuen nire bidea, nire abenturak. Pozik zegoen, eta koadernoa hartzeko eskatzen zidan beti, edozein lekutara joateko ere. Blok gabe ez zegoen artistarik, haren iritziz. Koadernoa hartzeko eta hartzeko ari zitzaidan beti aita. Ahizpa Elenaren lehen jaunartzera, koadernoa. Erromara –kongresu bat zuen aitak–, koadernoa. Londresera, koadernoa. Diapositibak egiten zituen aitak, eta gero, etxean erakusten zizkigun. Behin, han ari zen: “Eta hau Matxakita da, Picadillyn margotzen”. Matxakita esaten zidan, Machaquito toreatzailearen izenean. Horrela aita, koadernoa hartzeko niri beti, eta horrela ni, margotzen beti. Etxean asko lagundu zidatela esan nahi dut, benetan.

San Fernandoko Eskolan ikasi zenuen Arte Ederrak, Parisen ere ikasi zenuen… Natural-natural etorri zen dena?

Bai. Margotu ala idatzi, problema horixe besterik ez neukan. Aitaren lehengusu batek konbentzitu zuen ni margotzera bultzatzeko. Lehengusu hura margolaria zen, eta Madrilen bizi zen. Nik Arte Ederrak ikasteko esan zion, eta horrela. Ingalaterran egon nintzen, barnetegian, eta handik etorrita, 17 urte nituela, Madrilera, Eskolara, ikasketak egiten hasteko nire burua prestatzera. Ikasketak egin eta beka izan nuen Parisera joateko, gehiago ikastera. Ondo nengoen han, eta hantxe geldituko nintzen. Baina handik Donostiara etorri irailean, ikasturtea hasi baino lehen, gurasoak ikustera, eta auto-stop egiten ari nintzela, Irungo irakasle batek hartu ninduen, marrazki katedraduna, lagun egin ginen, eta bertan gelditzeko konbentzitu ninduen. Eta irakasle izan nintzen institutu batean. Gero bota egin ninduten handik, garai hartako giroa horrelakoxea zen eta.

Nola etorri zen zure lehen erakusketa? 1970ean, Donostian.

Arte Ederrak ikasten hasi nintzen urtean, 18-19 urte nik, behin, zineman, Eduardo Chillida ikusi zuten gurasoek. Aitak lehendik harremana izana zuen Eduardorekin, nonbait. Eta esan zion: “Begira, hauxe da gure alaba, Marta. Arte Ederrak ikasteko hartu dute Madrilen. Margolaria da”. Eta Chillidak: “Oso ondo”. Nik esan nion gustura ikusiko nuela bere estudioa eta hau eta hura. Berak, baietz, hots egingo zidala. Baina ez zuen hots egin. Orduan, eskutitza idatzi nion, bere eskultura lanak ikusi nituela Madrilen, Biblioteka Nazionaleko erakusketa areto batean. Haizearen Orraziaren lehen eskulturak ziren, eta eskutitzean esan nion gustatu zitzaizkidala, eta zergatik. Orduan bai, kasu egin zidan. Ikusi nuen lehenengoan Rafa Ruiz Balerdirekin ikusi nuen. Nire estudiora etorriko ziren biak gero, udan. Neguan, Rafaren eskuetan jarri ninduen Eduardok. Lanik gabe geratu nintzen hartan, erakusketa egiteko amorratzen nengoela esan nion Eduardori, zenbait lekutara joan nintzela margolanak erakustera, baina inork ez zidala kasurik egiten. Orduan, Eduardok Huts galeriako arduradunarekin hitz egin zuen, ikusi zituen nire lanak eta erakusketa egin nuen. Jende asko etorri zen, eta asko saldu nuen, gustatu egin zitzaion jendeari. Eta berehalaxe, Bizente Ameztoi, Zuriarrain, Carlos Sanz… inguratu zitzaizkidan, lagun izan ginen. Taldea osatu genuen, eta zenbait lekutan erakutsi genituen gure lanak, Donostian, San Telmon; Durangoko Ezkurdia plaza inauguratu berrian; Bilbon, Grises galerian… Erakusketa bat bestearen atzetik etorri zen, ondo saltzen ziren nire lanak, eta ordu arteko eskolak eta gainerakoak utzi eta margotzen hasi nintzen, erabat.

Zer duzu, gaur egun, arkeologia zaletasuna, milaka urte dituzten marrazkiekiko afizio hori?

Saharako zibilizazioen gaineko liburua ari naiz irakurtzen oraintxe. Historiaurreko garaitik hona, Saharan zer izan den aztertzen da bertan. Arkeologia ez ezik, antropologia gustatzen zait. Edo, nahi izanez gero, munduko kulturetako artea. Duela hogei, hogeita bost urte, ekialdera jo nuen, Txinako eta Japoniako artera. Berrikitan, Indiakora. Han izan nintzen 1996an. Herri guztien artea, beraz. Afrikako arte eta mitologia. Koaderno mordoa daukat idatzia, bateko eta besteko arteaz ere hainbat ohar, munduko kultura guztiak interesatzen zaizkit, eta garai guztietakoak. Himalaia, Kaukaso…

Zer duzu erakargarri munduko kulturetan?

Europako arteari begira bizi garela uste dut, gainerakoei guztiz itxita. Europakoa besterik ez dugu ikusten, eta, bitartean, adierazpide mordoa dabil munduan, emozioak transmititzeko bide ezberdin pila, edertasuna sortzeko hainbat era. Zertan itxiko ditugu gure buruak? Ezta pentsatu ere! Ireki! Nik, nire margolan eta grabatuekin batera, Getarian hegaluzea deskargatzeari buruzko erreportaje grafikoa egina daukat, norbaitek argitaratu nahiko balu ere, zain. Itxita bizi? Ez. Ireki!

Nortasun agiria

Marta Cardenas Diaz de Espada (Donostia, 1944). Leongoa zuen aita –sendagilea–, Donostiakoa ama. Deban udan ezagutu zuten elkar, eta Donostiara ezkondu. Hantxe sortu zen Marta, zortzi senideko familian. Arte Ederrak ikasi zuen Madrilen, eta Parisen sakondu zituen ikasketak. 1970ean egin zuen lehen erakusketa, Chillidak bideraturik, Donostiako Huts galerian. Estreinako hartan izandako arrakasta lagun izan du harrezkero. Munduko kulturak maite ditu, haietan ikusten dituen bide mugarik gabeak, milaka urte dituzten aztarna biziak. Madrilen bizi da, Luis de Pablo musikagilearekin ezkondurik, eta han ikasi zuen euskaraz.

Azken Hitza
Edorta Kortadi

“Erakusketa bat egitekoa nintzen, eta sarrera hitzak eskatu nizkion Edorta Kortadiri. Edortak pinturaz hitz egiten du. Besteek, ez. Honek soziologiari buruz, hark politikaz, eta, batez ere, filosofiari buruz idazten dute. Edortak ez. Niretzat Edorta da arte kritikaririk onena”.


Azkenak
2017-05-28 | Dani Blanco
Erraustegiaren eta makro-kartzelaren aurkako martxa argazkitan

Erraustegiaren Aurkako Eguna egin dute Zubietan larunbatean. Egun osoko egitarauaren ostean, Gipuzkoa Zutik mugimenduak deituta martxa egin dute mila bat lagunek. Gipuzkoako Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen eremura sartu dira, baita ondoan zeuden makinak margotu ere.


2017-05-28 | Lander Arbelaitz
"Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon?"

"Derrigor egin beharreko galdera da: non ez da komisiorik egon? Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon? Estatuan ikusten ari gara zer gertatu den, PPren paperetan atera izan diren enpresek kontratu publikoak hartzen dituzte hemen. OHL enpresa adibidez, PPren finantzaketa ilegalaren kasuan harrapatu dutena da Nafarroako Ubidea egin duena. Galdetu behar dut: nork ziurtatzen digu hemen ez dela komisiorik egon?”. Patxi Zamora, Kontuz! elkarteko kidea oso zorrotz mintzo da... [+]


2017-05-28 | Juan Mari Arregi
Sindikalgintza abertzalearen erronka

Sindikalgintza abertzalea, hein handi batean ELA eta LABek osatua, bere iragan eta batez ere etorkizunaren inguruko hausnarketa sakonaren aurrean dago.


2017-05-28 | Estitxu Eizagirre
Salaketa jarri dute Lanbideren irizpideen kontra

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta onartzeko Lanbidek ezarritako 75 irizpideetatik 28ren aurkako salaketa jarri dute martxoan gose greba egin zuten hamabi kolektiboek.


"Txirrindulariak ez harrapatzeko gakoa kontzientziazioa da, ez isunak"

Geroz eta ugariagoak dira txirrindularien istripuak, autoek harrapatuta. Valentziako harrapaketak eta Ane Santesteban, Chris Froome edo Nicky Hayden profesionalen istripuek mahai gainean jarri dute arazoa. Zergatik harrapatzen dituzten autoek txirrindulariak?


Nola eragiten dio hezkuntza publikoaren egungo egoerak zure seme-alabari?

Kezka dute guraso batzuek: “Irakasleak berriz ere grebara doaz eta zer egingo dugu egun horretan seme-alabekin?”. Baina mobilizazio hauekin borrokatu nahi diren puntuek hain juxtu euren seme-alabei eragiten dietela erakusteko idatzia kaleratu dute:


2017-05-28 | Garazi Zabaleta
Itsasoan animaliak adina plastiko

Gure ozeanoak kutsatzen dituzten hondakin plastikoen gaia orrialde dezente ari da hartzen azkenaldian komunikabideetan. Nazio Batuen Erakundeak berak neurriak hartuko dituela adierazi du, 2020. urterako mikroplastikoak eta erabilpen bakarreko plastikoak ezabatu nahi ditu eta. Zenbaterainoko kaltea eragiten dugu hondakinokin, ordea?


2017-05-28
Ama kezkatua

“Arte Ederretatik nator eta hasita nengoen artea egunerokoan txertatzen, diseinua aldaketarako tresna gisa erabiltzen. Hala ere, nire semeen heziketagatik hasi nintzen honetan. Eskolan aspertuta zeuden, gogoa galtzen. Irakaslearekin mintzatu nintzen eta gaindituta zegoen, 30 haurrekin, aldaketarik egin ezinik. Gauza txikiekin hasi nintzen hari laguntzen eta geroztik aldaketa integralak diseinatzen aritu naiz”.


"Ongi bizitzea mundua hobetzen saiatzea da, ez tripaz goiti egotea"

Herri mugimendua du itsaso, alditan bare, alditan harro. Institutu garaia heldu zelarik murgildu zen ikasle organizazioan, eta orain, irakasle lan egina, eritua, eta lan arautua egiteko gai ez dela, herri mugimenduan segitzen du, mundu hobea egiteko ahaleginean, Baztanetik Euskal Herrira.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude