"Amnistia eskatzeak bake prozesua kaltetzen du"

  • Donostia, 1955. Donostiako alkate hogei urtez izana. PSE-EEko kidea. Espainiako Kongresuan diputatu berria Gipuzkoatik: “Ez dut ‘klase politiko’ barruan nire burua kokatzen. Espainiako Gorteek diputatuei ematen dieten pentsio-osagarri pribatuari uko egin diot” esan digu.

Dani Blanco

“Nicolas Redondo Terreros idazkaria zen garaian PSE-EEn sekulako batailak izan genituen, alderdiak euskal errealitate nazionala bere egin zezan. Egun, barne joeren arteko bataila hori gaindituta dago hein batean. Ni, noski, euskal sentsibilitate handia dutenen aldean nago. Sozialista naiz, sentimendu autonomista sendo batez herri honi lotua” esan digu Espainiako Kongresuko diputatu berriak.

Zer iritzi duzu PSEko presidente Jesus Egigurenek azken urteotan hartu duen jarrera politikoaz?

Egiguren gure alderdiaren intelektuala da, herri honek dituen arazoei buruzko ideia oso argiak ditu, arazoen soluzioak ikusten ditu. ETAren amaiera lortzeko apustu serioena PSEn berak egin du. Loiolako elkarrizketen saioan bere parte-hartze zuzenak izugarri markatu zuen, bakea lortzeko lanak antsia moduko bat sorrarazi zion, izan ere, saiakera hark ez baitzuen emaitzarik ekarri. Iaz, berriz, Egigurenek Otegiren eskutik –ETAren erabakia barne– heldu zen saioaren berri eman zien PSOEko zein PSEko zuzendaritzei, baina ez zioten aintzat hartu, edo ez behar bezain. Horrek, berriz ere, molestatu du eta deseroso utzi. Hau da, alderdi sozialistak ez du jakin modu egokiagoz jokatzen bizi ditugun gertakari historikoen aurrean.

Presidente izanez, bere jarrerek eragin gehiago izan beharko lukete alderdian, zure ustez?

Egigurenek ez du boterea erabiltzen alderdian: gogoeta, debatea eta jarrerak batzen dituen pertsona da. Nik ontzat jotzen dut bere funtzioa. Baina, egiari zor, Egigurenek egin zituen zenbait adierazpen desegokiak izan ziren. Gero zuzendu zituen, baina adierazpenek iritzi publiko eta PSEko sektore batzuen aurrean egoera zailean utzi dute.

Eusko Jaurlaritza hizpide, Lopez lehendakariaren ibilbidea amaitu al da?

Ez. Komeni da gogoratzea PSEk zergatik sinatu zuen ituna PPrekin eta da: Euskal Legebiltzarreko inbestidura saioa aurrera ateratzeko eta politikaren egonkortasun mesedean. PSEk deabruaren aritmetika egin behar izan zuen. Artean, Ibarretxe lehendakariaren subiranotasun bidea zabalik eta indarrean zegoen. Inork ez zeukan –ezta EAJk ere– lehendakaria izendatzeko indarrik. PP eta PSEren arteko ituna arraroa da, baina aldaketa beharrezkoa izan zen.

Denbora pasa da eta egoera aldatu. Zer egin behar du PSEk orain?

Lehenik, ez dezagun Ibarretxeren estrategia jokoz kanpo utzi izanaren lorpena ahaztu, ezta ETA jarduera terrorista uztera behartu dugula. Horiek horrela, PP eta PSEren arteko ekintza politikorako batasunaren beharraren justifikazioa eta edukia gutxitzen ari dela esango nuke. Antonio Basagoiti eta Patxi Lopezen posizioak aldentzen ari dira, arrazoiak begi-bistakoak dira: Espainiako politika orokorra eta bake prozesua bideratzeko modu desberdinak ditugu. PSE neurri batean hipotekatu duen egoera aldatzen ari da eta pozten naiz. Ni eta beste batzuk oso deseroso sentitu gara PPren itunarekin.

Hauteskunde autonomikoak udazkenera aurreratzea ongi legoke, beraz?

Aurreratzea edo ez, ekonomiaren egoerak baldintzatzen du. Espero dezagun hobetzea, eta desenpleguari dagokionez, Estatuan daukagun diferentzialari eustea. Espero dezagun halaber, borroka handiak ez izatea Euskal Legebiltzarrean Jaurlaritzaren ahultasuna ez nabarmentzeko. Legebiltzarrean orain arteko politika transbertsala egiten segitzen bada, lehendakariari akordioak lortzen uzten badiote, Jaurlaritzak lanean segi dezake datorren urteko otsailera arte duintasunez.

Nola ikusten duzu bake prozesua presoen aldeko Bilboko manifestazioaren ostean?

Bada, ez dut egoki ikusten manifestazioaren inguruan izandako amnistiaren aldarrikapena. Eskaerak ez dauka oinarri legalik. Hori badakite Otegi jaunak nahiz ETAk. Horretaz gain, eskaera inmorala da. Oraindik ere hilketak epaitzen ari dira, hildakoak bero-beroan daudenean eskaerak ez du prozesua aurrera eramaten laguntzen. Amnistia eskatzeak kaltea ekartzen du, anabasa eta tentsioa sortzen ditu, Espainian, eta bereziki PPren eta honen inguruko biktimen elkarteen inguruan.

Zer egin behar da orduan, aurrerapausoak emateko?

Presoak hurbiltzea, legezkoa da, beharrezkoa eta egokia. Lehenbailehen eman beharreko urratsa da, bestelako kontuen zain egon gabe. Hori da politika egokiena. Hori da ETAri –bere azken agiriaren ondoren– eman behar zaion erantzuna. ETA desegin dadin –eta prozesua ez zapuzteko– neurri-neurriko pausoa da hori. Gainera, azken batean presoen hurbilketa izango da, PP kontzientea da horretaz. Atzeratzea Amaiur eta ETArentzat garaipen modukoa da. Kalekoen garaipena eta ez garaian garaiko politikaren erabaki logikoa. Ezker abertzaleari ez zaio biktimismoaren aitzakian indartzen utzi behar.

EPPKren eskaeraz zer deritzozu?

ETAko presoek kolektibo moduan jarduteari utzi egin beharko liokete, ETAko presoak dira, baina ez lukete ETAren kontsignen arabera jardun behar. Nork bere erabakiak hartu behar ditu, eta espetxe politikak eskaintzen dituen onurak baliatu. Baldintza horiek betez gero, hobekuntzak eta dagozkien askatasuna jaso litzateke.

Espainiako auzitegiek ere jarrera egokiagoa hartzeak lagunduko luke.

Noski, gai honetan zuhurrak izan behar dugu. Konstituzio Auzitegia Parot doktrinari buruz hartuko duen erabakia garrantzizkoa da. Erabaki hori funtsezkoa da, eta PPren eta PSOEren nahi politikotik at egon behar du, justiziaren ebazpen horiek jurisprudentzia markatu izan dute eta markatuko dute. Eta lehenbailehen egitea hobe, baina egin ditzagun gauzak ikuspuntu legal eta demokratiko batetik, bake prozesuan aurrera egiteko. Ez ditzala inork elkarbizitza hondoratu dezaketen tentsioak sortu.

“Dena ETA da” baiezpenak ekarri duen egoera gainditzea ere hobe.

Noski, nik Auzitegi Gorenak Otegi jauna eta auzian daudenen askatasunaren alde ebaztea nahi dut.

Klase politikoarentzat komenigarria delako, oposizioan daudenentzat...

Ez. Neronek daukadan iritzia da, nire konbikzio politiko demokratikoetan funtsatua. Nik ez ditut kalkulu interesatuak egiten. Bake prozesuari buruzko nire jarrerak ezagunak dira. Zentzu horretan, Sortu legalizatzeko Konstituzio Auzitegiak hartu behar duen erabakia funtsezkoa da normalizazio bidean. Hori ere lehenbailehen ebaztea nahi dut, ez hamaika eskaera egin ondoren, Bilduren edo Amaiurren biktimismoa elikatzen den bitartean.

Auzitegi Gorenaren nahiz Konstituzionalaren erabakiak aldatuko dira PP boterean dagoenez gero.

Gorenak eta Konstituzionalak ebazpen horiek ematea espero dut, eta beren konfigurazioan inolako aldaketarik izan gabe. Areago, PPk urteetan uko egin dio aldaketa horiek egiteari, eta espero dezagun, urtetan azterketa serio egin duten epaileek ebaztea, ez daitezen berriz ere hutsetik hasi lanean. Izan ere, Rajoy inbestidura saioan preso ikusi nuen nolabait, alderdiaren sektore inmobilistak lotua, bake prozesua onartzen ez duten kolektiboek presionatua. Hauek eta PPren kaberna mediatikoa hipoteka izugarriak dira Rajoyrentzat. Antza, Rajoyk ez du iniziatiba hartuko bake eta normalizazioan aurrera egiteko epe laburrean, areago, ez du aurrera egingo ETA guztiz desegin arte.

Zein dira ETAren –behin betiko jarduera armatua utzi duenetik desegitera bitartean– betebeharrekoak?

ETAk barkamena eskatu behar die biktimei. Egindako minen eta kalteen ezagutza onartu. Armak uztearen keinu sinbolikoa egin behar du. Horiek jarraibide batzuk dira ETAren aldetik, bake prozesua bideratu ahal izateko. Terrorismoa utzi du, baina hori hastapena da. Egonkortasuna eta elkarbizitza lortzeko pauso horiek eman behar ditu, gerora, herritarren konkordia zibikoa eman dadin. Gorrotoa, beldurra eta agrabioak gaindi ditzagun, prozesuak gauza asko behar du: presoen hurbilketa eta indar politikoen arteko normalizazioa, betiere, estrategia frentista saihestuz. Nicolas Redondo eta Mayor Oreja besarkatu zireneko garai haietatik gaur arte funtsezko pausoak eman ditugu. Ni frentismoaren aurka nago, espainola nahiz abertzalea denean. Horiek saihestu ondoren heziketan eta komunikazioan lan handia egin behar dugu. Errelato konpartitua osatu behar dugu. Hori guztia lor dezakegu, baina horretarako jarrera inmobilistak gainditu behar dira. Nire beldurra PP inmobilista batekin politika egin behar izatea da.

“Finantza sistemak belauniko jarri ditu estatuak”

Zergatik ezkerra ez da gauza eskuinaren menpekotasunez harago joan, eta berezko politika egiteko?

Hau da, zergatik galdu du PSOEk ezkerreko izaera Gobernuan izan denean? Zergatik ez zuen jakin aurreikusten AEBetatik etorritako krisi globala? Europar Batasuna (EB) prestatu gabe harrapatu zuena. Bada, Europan gaudelako eta, besteak beste, ezkerrak ezkerreko politikak ezartzeko ahalmenik ez duelako, ez ongi-izate estatuari eusteko ezta Greziak eta gainerakoek zor publikoari ezin eutsiz behera etorri direnean laguntzeko ere. Krisia heldu zen, baina Europako Bankuak neurriak berandu hartu zituen. Halere, PSOEren Gobernuak ez zuen jakin garaiz jarduten, ez Europako beste alderdi sozialistekin koordinatzen. Europako politikak Merkel eta Sarkozyk ezarritakoak dira. Espainia G20an dago, baina ez dio onurarik ekartzen gure ekonomiari. Egoera aldatzeko ezkerraren baloreak eta borrokarako grina batu behar ditugu berriz ere.

Espainiako demokraziak bipartidismoan oinarrituta segitu behar al du? Ez dago beste modurik?

Alderdi sozialistak Espainian gobernatu nahi badu bipartidismoaren alde egin behar du, baina bipartidismo demokratikoago bat landuz. Demokrazian sakondu behar du, erreforma elektoralak proposatuz: M15 mugimenduak eskatu zituenak. Bipartidismo berriak ezker anitza behar du, ezkerreko indarren kolaborazio hobeagoa, bereziki IUrekin. Adibidez, ez dadin Extremaduran gertatua errepikatu, PSOEk PPko Gobernua “onartu” baitu. Ez dadin hori Andaluzian gertatu ere. Hori horrela, eta Europan gaudela ahaztu gabe. Krisi ekonomikoaren soluzioa emango bada Europa osoan emango da, Europako alderdi sozialisten arteko kolaborazioaren bitartez, bestela ez da krisia gaindituko. Edo ez dugu eraiki genuen estatuaren ongi-izatearen eredua berreskuratuko, horiek gainbehera doaz. Herritarren parte handienak funtsezko zerbitzu publikoak galtzen baditu, pribatutasuna gailenduko da Europan.

Zein dira bide horretatik ateratzeko urratsak?

Sistema ekonomikoa eraldatzea: merkatu espekulatibo finantzarioak eta paradisu fiskalak kontrolatu behar dira, herrialdeen arteko fiskalitatea homogenizatzen eta koordinatzen. Porrotera garamatzan sistema kapitalista eraldatzeko modu bakarra da. Aldaketak kimera ematen du, baina ezin diogu uko egin. Sistema finantzarioak estatuak belauniko jarri ditu. Hasteko, lehen neurriak Europako Parlamentuak hartu behar ditu. Neurri konplexuak, baina ezkerraren bidean baino garatuko ez direnak.

Herritarrak jabetzen dira horretaz?

Nik EBko Gobernua herritarrek bozketa zuzenaren bidez aukeratzea nahi nuke. EBko Gobernuaren instantziak demokratizatu behar dira, nahas-mahas handia dago han eta herritarren ezagutzatik urrun daude. Bruselako botere organoak demokratizatu behar dira eta horien segimendua egin, baita hedabideetatik ere. Talde bakoitzak zer bozkatzen duen jakin behar dugu. Orain arte bigarren mailako parlamentutzat jo izan da, baina orain herritarrak jabetzen ari dira han oso gauza inportanteak ebazten direla. Euskadin autonomia eta fiskalitate ona ditugu, baina kontuz, EBko Gobernuak zalantzen jartzen baditu...

"AHTko obrak ez gelditzea da nire xedea, beren erritmoan jarraitzea"

Zer egin dezake Odon Elorzak gipuzkoarrentzat Diputatuen Kongresuan?

Nire xedeak, batetik, AHTko obrak ez gelditzea da, beren erritmoan jarraitzea. Euskal hirien komunikazioa hobetzeko, Euskal Hiria delakoa gauzatzeko eta Bartzelona eta Madrilekiko komunikazioa hobetzeko. Hitz batez, inbertsioa ez dadin gelditu lan egitea. Bestetik, aurreko Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza ministro Cristina Garmendia eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanei esker indarrean dauden akordioak eta programak indarrean segi dezaten ahaleginduko naiz, laguntza ekonomiko inportante horiek mantentzea, I + D + I politikak segi dezan Euskadin eta Gipuzkoan bereziki.

Bestalde, eta halaber, nire ustez, Pasaiako kanpo portuaren operazioak ez du lehentasunik (ikuspuntu ekonomikotik oso da eztabaidagarria, eta bistan da, ingurumenari eragingo lizkiokeen kalte nabarmenak ez ditut ongi ikusten), aldiz, barne aldeko portuaren birsortzearen aldekoa naiz. Atal hauei gagozkiola, Euskadirentzat transferentzia sorta bat dago oraindik ere gauzatzeko, EAJk, Eusko Jaurlaritzak eta Zapateroren azken Gobernuaren akordioaz lortua. Azkenik, eta berebiziko gaia izaki, bake prozesuan argitzeko eta aurreratzeko hartu behar diren erabakiak eta ebazpenetan –Kongresutik pasatzen diren neurriak– nire laguntza eta parte-hartzea ekarri nahi nuke.

Zer egin behar du alderdi sozialistak azken hauteskundeetan galdu duen sostengua berreskuratzeko?

Azken hauteskundeetako emaitzak PSOEren historiako txarrenak dira [analisia luzea eta sakona egin digu horren arrazoiez]. Alabaina, koiuntura horren arabera, Gipuzkoako emaitzei gagozkiela gure irakurketa egin dugu, hauxe gure ondorioa: Kongresurako emaitzak eta azken udal hauteskundeetakoak alderatuz gero, duela lau urteko hauteskunde orokorrekikoak baina boto gehiago lortu dugu. Edonola ere, orduan ez zegoen ezker abertzalearen marka, beraz, ezin da alderatu ordukoekin.

Bien bitartean izandako gertakari politikoak kontuan hartuta –Aieteko Adierazpena, ETAren amaiera posiblea–, Bilduk lehen aldiz parte hartu zuen hauteskundeen emaitzen aldean PSEk 77.000 boto galdu zituen Euskadin. Gipuzkoan eta Donostian, aldiz, Bildurekiko 2.500 boto gutxiago atera genuen, Bilduren eta Aralarren botoak gehituta. Donostian, azken hauteskunde orokorretan 2.500 boto negatibotik 250 boto negatibotara pasa gara, beraz 2.250 berreskuratu dugu, bada zerbait. Gipuzkoan egin dugun politika da PSEk landu behar duen bidea.
 

"Espainian kultura demokratiko eskasa dago"

Zein da PSOEren idazkari berria izateko zure gogoko hautagaia: Alfredo Perez Rubalcaba edo Carme Chacón?

Ez daukat lehentasunik edo nahikaririk. Inportanteena orain bakoitzak zer proposatzen duen ezagutzea eta eztabaidatzea da, hautagai bakoitzaren proposamena. Ez daukat apriorismorik, kontua ez da norekiko dudan atxikimendu edo harreman hobeagoa, edo nor ikusten dudan Espainian proiekzio eta ahalmen gehiagorekin, baizik eta PSOE berrindartzeko behar diren proiektuak eta ideiak sustatzeko zer eskaintzen duten, demokraziatik betiere. Izan ere, Espainian demokrazia errealagoa lantzeko, gizartearekin eta kalearekin errotuagoa egon behar baita. Badago zer landua, eta da: barne demokrazia eta hautatzeko modua benetan parte-hartzaile izan dadin alderdiaren barne prozedura zehaztu behar dugu, kasuan kasu, gidarien edo politikarien jardueran, bai militante eta bai jarraitzaileekin parte-hartzearekin. Hori guztia nola egin behar den ikusteko dago, hori ikusita nire aukera egingo dut.

Baina, zerbait hobetsiko zenuke hori posible izan dadin?

Bai, baina Espainian gaur gaurkoz ez da posible. Nik PSOEko hautagaien arteko eztabaida egitea nahi nuke telebistan. Oraingoz Rubalcaba eta Chaconekin, eta hautagai gehiago balira hobe. Ahalik eta hautagai gehien, denak batera, beren proiektuak aurkeztu eta debatitu ditzaten. Hartara, euren ezaugarriak eta diferentziak zein diren jabetu gaitezen, guk militanteok eta hiritarrek orobat. Frantzian hori egin da: Presidentziarako hautagai aukeratzeko eztabaida luzea eman dute, zirraragarria. [François Hollande da PSko hautagaia]. Espainian ez dut posible hori ikusten, kultura demokratikoa eskasa delako. Eztabaida bitarteko kultura demokratikoa gauzatzeko gabezia handia dago. Rajoy eta Rubalcabaren artekoa izan zen, baina murritza izan zen, ez nahikoa.
 

"PSEk Aralar eta Alternatibarekin gobernatu du, hori iraultza izan da alderdi sozialistan"

Nola ikusten duzu ezker abertzalea, gaur egungo bere aukerak? Dela Bildu dela Amaiurren bidez.

Bilduz baino ezin dut hitz egin, Gipuzkoan gobernatzen ari baita. Amaiur beste gauza da oraingoz. Bildu oraindik ere gordin dago, proiektu garbirik gabe, ez Gipuzkoarentzat ez Donostiarentzat. Bildu amalgama bat da, bistan da, talde eta pertsona politikoek osatua baina esperientziarik gabe gobernu handien kudeaketan. Gipuzkoako edo Donostiako politikan inprobisatzen ari dira. Esan behar da, noski, krisi ekonomiko garaian gobernatzea egokitu zaiela, baliabide eskasekin, eta hori zailtasun gehigarri bat da. Niri ere hasi nintzenean halaxe tokatu zitzaidan, eta badakit zein zaila den horrela aritzea.

Bildu minorian ari da gobernatzen, minoria-minorian, nahiz eta beste indarrek baino zinegotzi eta diputatu lortu zuten, ez dute osatu gehiengo osoko gobernurik, eta hori politikan lortzea oso garrantzizkoa da. Nik hobekien gobernatu izan nuen garaia –azkeneko lau urteetakoa, ondoren ostikada galanta jaso nuen arren– gobernu transbertsalaren bidez izandakoa izan zen. Aralar eta Alternatibarekin gobernatu nuen –oso ekimen deigarria dena, jendeak ahantzi duena– leialtasunez, kohesio sendoz. PSEk Aralar eta Alternatibarekin gobernatu du orain gutxi, erraz esaten da orain, baina duela lau urte iraultza izan zen etxe honetan [Donostiako PSE-EEko egoitzan gaude], ezin duzu imajinatu.

Minorian gobernatzea oso zaila da ordea, batez ere, oposizioan dagoen gehiengoak esaten badizu: atera aurrera zaborraren proiektu integrala, atera Autobus Geltokirako gunea. Nik Bildu galdua ikusten dut, esperientzia politikoa eskasa tarteko eta heldutasuna ere falta duelako, heldutasun demokratiko eskasez. Horrek denborak eta konbikzioek ematen dute.

Etorkizunari begira –demagun EAEko hauteskundeen ondorengo garaia–, norekin ikusten duzu bide politikoa jorratzeko aukera? EAJrekin? Ezker abertzalearekin?

EAJ estrategia arazoekin ikusten dut Gipuzkoan, lideratzeko eta gidatzeko arazoekin, politika zuzentzeko politika propioekin. Bizkaiko EAJrekiko lehian bereziki. Hor badaukate borroka bat, gauzatzeko argitzeko beharra. Agian, beren politika argitzeko Donostia hiriaren gobernagarritasuna planteatu beharko lukete. Izan ere, uneon Donostiako egoera zaila da oso, minoria ari den gobernu honekin datozen hiru urte luzeetan politika bide urria dago. Noski, EAJk Gipuzkoako udalerriekiko eta Foru Aldundiarekiko politikarako erabakia hartu zuenean, fabore moduko aurreratze bat prestatzen ari zen Bildurekin –edo Amaiurrekin– datozen hauteskunde autonomikoei begira. Izan ere, EAJk Gipuzkoako Diputazioan hartu zuen erabakia, oso erabaki zaila izan zen, indar bozkatuena errespetatu zuen, Bildu. Baina hori ez da nahikoa, gero gehitzeko politika egiten jakin behar baita, gobernagarritasuna lantzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko politika. Noski, gero beti dago aurrekontuak batekin adostea, erreforma fiskal besteekin, eta agian, hau ere ekiteko lerro interesgarria da.
Kontua da alabaina, duela zortzi hilabeteko udal hauteskundeetako EAJk egindako kontuek gaur egun ez dutela balio. Litekeena baita Amaiur indar bozkatuena izatea –hau da, autonomikoetan legebiltzarkide gehien ateratzea– eta ez EAJ. EAJ aukeratu beharrean dago, aukera konplikatua du, bere estrategia politikoa zehaztu behar du, baita argitu ere itunak edota aliantzak norekin egin nahi dituen.

Odon Elorzak zein aldera joko luke?

Uneon ezin dut aukeratu, denbora pasatzen utzi behar da, nik ez diot muzin egiten EAJren eta PSEren arteko hurbiltze moduko bat egiteko, izan ere, iraganeko egoerak gure arteko harremanak hautsi ditu, harreman pertsonalak ere, duela hamar urte zegoen kolaboratzeko espiritua. Noski, hona litzateke herri honentzat, Euskadirentzat, denontzat (ez naiz ari koalizioan gobernatzeaz, ez planteatzeaz ere) urak bere ildora itzultzea eta EAJk eta PSEk kolaborazio aberatsagoa izatea.

Gasteizko gobernua izan liteke kolaborazio horren ondorioa?

Horri ezin diot erantzun titular erraz bat egiteko.

Ezker abertzalearekin orduan...

Berdin, berdin... Noski badaude kolaboratzeko uneak eta moduak, hori ukaezina da. Baina ezker abertzaleak oraindik ere bide egin behar du, bere prozesuan aurrera egin behar du, hau da, bere barne prozesu demokratikoan aurrera egin garaiak eskatzen duen politika modu berria sendotzeko. Kasuan kasu, politika transbertsalak lantzeko. Honezkero tokian toki ari dira politika transbertsalak lantzen, halabeharrez. Euskadin ez dago beste biderik aurrera egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude